Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2017ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
885

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Colegio Oficial de Psicología de Bizkaia – Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Ikusi eta aztertu da Colegio Oficial de Psicología de Bizkaia – Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean (gaur egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu saila) Colegio Oficial de Psicología de Bizkaia – Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Bigarrena.– Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2016ko uztailaren 28ko idazki baten bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak (gaur egun Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) Elkargoari eskatu zion aurkitutako akatsak zuzentzeko. 2017ko urtarrilaren 20an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten,

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2014 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta lehenengo xedapen iragankorran xedatuarekin lotuta.

Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. Artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38.eta 39. Artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.

Oinarria: Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Colegio Oficial de Psicología de Bizkaia – Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 25a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

LEHENENGO ATALBURUA
BIZKAIKO PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN IZAERA, HELBURUAK ETA FUNTZIOAK

1. artikulua.– Izaera.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofiziala, Zuzenbide Publikoko Erakundea da, Legearen babespean eratua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aintzatetsia. Elkargoak berezko nortasun juridikoa du, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa dauka.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofiziala Estatutu hauetan jarritakoaren arabera arautuko da, lanbidearen jarduera arautzen duten legeei kalterik egin gabe, baita onartu daitezkeen Barne Araudien arabera. Azken horiek ezin izango dira Estatutu hauetan azaldutakoaren aurkakoak izan.

2. artikulua.– Sorrerako printzipioak, lurralde eremua eta ikurra.

Elkargoaren egitura eta funtzionamendua osatzen duten printzipioak honako hauek dira: kideen berdintasuna Elkargoetako araudien aurrean, Elkargoko kargu guztiak aukeratu ahal izatea, adostasunetara gehiengoen bidez heltzea eta askatasunez jardun ahal izatea, Legeen barruan.

Lurralde eremua Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokio. Elkargoaren egoitza Bilbon dago, honako helbide honetan: Rodriguez Arias kalea 5, 2.a.

Gobernu Batzordea Elkargoko Egoitza aldatzeko gaitua izango da, Elkargoaren funtzionamendu egoerak hala eskatzen duenean. Horretarako, Batzar Nagusiaren berrespena behar izango da.

Elkargoaren ikurra «psi» letra grekoan oinarritutako irudi batek osatuko du.

3. artikulua.– Oinarrizko helburuak.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna ditu. Honako hauek dira Elkargoaren oinarrizko helburuak, bere lurralde eremuari dagokionez:

a) Jarduera profesionala antolatzea, modu eta espezialitate guztietan, deontologia, eraginkortasuna, independentzia eta erantzukizun printzipioetan oinarrituta.

b) Psikologoen Lanbidea esklusiboki ordezkatzea, betiere, psikologo gisa jarduteko derrigorrez Elkargoko kide izatea beharrezkoa denean.

c) Psikologiari dagozkion funtzio sozialak betetzea eta jarduera profesionalarekin lotutako interes orokorrez arduratzea.

d) Elkargokideen interes profesionalak defendatzea.

e) Elkargokideen prestazio profesionalen etengabeko hobekuntza sustatzea, etengabeko prestakuntzaren eta horren hobekuntzaren bidez.

f) Lanbidea betetzeko beharrezkoa den titulazioa eskuratzeko egin beharreko ikasketen hobekuntzaren inguruko proposamenak egitea, besteak beste, Graduondokoari buruz.

g) Administrazio Publikoekin elkarlanean aritzea, Legeen arabera Elkargoari dagozkion eskumenak erabiliz.

h) Herritarren osasun, ongizate psikologiko eta bizi kalitatea babesten laguntzea.

i) Elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea.

j) Bitartekaritza bultzatu eta garatzea, zerbitzu hori izateko eta kudeatzeko eta bitartekariak izendatzeko laguntza emanez.

k) Legeak araututakoaren arabera arbitraje funtzioak gauzatzea.

4. artikulua.– Funtzioak.

Bere helburuak betetzeko, Elkargoak, EAEk azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. eta 25. artikuluetan emandako funtzio hauek landuko ditu. Bere funtziorik garrantzitsuenak honako hauek izango dira:

a) Psikologoaren jarduera profesionala antolatzea modu eta espezialitate guztietan, dagozkion legeen arabera eta bere eskumenen esparruan, zerbitzatzen duen gizartearen eta berezkoak dituen interes orokorren onurarako.

b) Jarduera profesionala zaintzea, psikologo lanbideari eragin diezaioketen lege xedapenak betez eta horien ezagutza erraztuz. Horrez gain, psikologoaren etika profesionalak eta arau deontologikoak beteko direla ziurtatuko da, baita elkargokideen prestazio profesionalen kalitatearen maila egokia izango dela ere. Horretarako, horien prestakuntza eta hobekuntza sustatuko dira.

c) Elkargokideei jarduera profesionala garatzen laguntzea, elkargokideen enplegu maila handiagoa lortzen saiatuta eta elkargokideen etengabeko hobekuntza profesionala eskainita. Eta Administrazio Publikoekin zein ekimen pribatuekin elkarlanean aritzea, behar den guztietan.

d) Administrazioaren, Erakundeen, Auzitegien, Entitateen eta partikularren aurrean lanbidearen ordezkaritza eta defentsa eramatea. Hori, interes profesionalei eragiten dieten auzien parte izateko dagokion legitimazioarekin. Eskaera eskubidea erabili ahal izango da, Legean jasotakoaren arabera, baita lanbidearen defentsarako beharrezkoak izan daitezkeen legegintza erreformak egiteko proposamenak ere.

e) Jarduera profesionala bere eskumenen esparruan antolatzea. Hala, psikologo lana irizpide deontologikoen arabera burutzen dela eta herritarren eskubideak errespetatuta garatzen dela zainduko du. Horretarako, lanbidean eta elkargoan diziplina ezartzeko ahalmena erabiliko du.

f) Elkargoaren antolakuntza egokia bermatzea. Horretarako, atalen edo batzorde espezializatuen lana sustatu eta elkargorako eta profesionalentzako interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzuak bultzatuko ditu, hala nola prestakuntza arloan, kultur arloan zein laguntza eta aurreikuspen arloetan ere. Horretarako beste Elkargo edo Entitate batzuekin elkarlanean aritu ahal izango da.

g) Elkargokideak babestea, haien jarduera profesionala garatzeagatik edo horiekin lotutakoengatik dagozkien eskubideen arabera.

h) Elkargokideen artean harmonia eta elkarlana egon daitezen sustatzea. Horretarako, Legeen arabera, haien arteko konpetentzia desleiala eragotzi egingo da. Edo arrazoi profesionalengandik elkargokideen artean sor litezkeen auzietan adiskidetze edo arbitrajearen bidez esku hartuko du. Edo jarduera profesionala garatzean sortzen diren betebeharren inguruan sor litezkeen auziak laudoaren bidez ebatziko ditu, interesatuek hala eskatuz gero.

i) Lan intrusismoa saihesteko behar diren neurriak hartzea. Horretarako Gobernu Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioaren eta Justizia Auzitegien aurrean salatuko ditu eta jarraipena egingo die.

j) Legeek araututakoaren arabera edo erabiltzaileek hala eskatutako lan profesionalei bisa jartzea. Bisa jartzeak honako hauek kreditatutako ditu: lana nork egin duen eta egile horren titulua, gaitasunak eta eskumena, baita kreditatutako horren eduki formala ere. Lan profesionalari bisa jartzean nabarmendu behar izan ziren eta kalteak sortarazi dituzten gauzengatik erantzungo du Elkargoak sorospidez, baldin eta, lan zehatz horretan bisa jaso duten elementuekin zuzenean lotuta baldin badaude. Bisa jartzearen prezioa ezaguna eta emandako zerbitzuaren araberakoa izango da.

k) Elkargoko ekonomia kudeatzea. Horretarako dirua jaso eta kudeatuko du eta gastuak behar bezala banatuko egingo ditu, kuotak eta ekarpenak finkatuz.

l) Jarduera profesionalarekin, behar den titulazioarekin edo beste lanbideekiko bateraezinarekin zerikusia duten Foru Arauen proiektuen edo beste mailatako bestelako arauen berri ematea, aplikatu daitezkeen xedapenen arabera. Horrez gain, Administrazioak eman liezazkiokeen funtzioak betetzea eta berarekin eta beste entitateekin elkarlanean aritzea honakoen bidez: azterketak egitea, txostenak burutzea, estatistikak egitea eta bestelako jarduerak, Elkargoari eskatutakoak zein Elkargoak berak egindakoak.

m) Administrazio Publikoetako kontseilu eta aholku erakundeetan parte hartzea eskumen profesionalari dagokionez, lege edo arauzko xedapenetan arautua dagoenean. Elkargoari laguntza eskatzen zaionean, ikasketa planak egin eta jakinaraztea, eta hala badagokio, psikologo moduan jarduteko beharrezkoa den titulua ematen duten unibertsitateetako antolakuntza arauak ere ematea. Bestalde, psikologoei lan mundura sartzeko informazio lagungarria prestatzea.

n) Auzitegiei elkargokideen zerrenda ematea, auzietan peritu gisa parte hartzeko prest daudenei deitzeko zein Epaitegiak zuzenean izendatzeko, hala badagokio.

ñ) Bizkaiko Lurralde Historikoko eremuko ordezkaritza izatea, EAEko, Estatuko eta Nazioarteko eremuetako organoetako lanbidearen ordezkaritzarekin batera parte hartuz.

o) Lanbideari lotutako arau orokor eta bereziak eta honako Estatutu Profesional hauek betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoen ahalmenen arabera hartutako arau eta erabakiak ere.

p) Material eta froga psikologikoen erabilera eta hedapen egokiaz arduratzea.

q) Lege-xedapenei dagozkien hainbat funtzio edo elkargokideen zein lanbidearen interes profesionalen onerako diren funtzioak.

BIGARREN ATALBURUA
ELKARGOKIDE IZAERA HARTZEA, UKATZEA, BATERAEZINA IZATEA ETA GALTZEA

5. artikulua.– Derrigorrez kidea izatea.

1.– Bizkaiko Lurralde Historikoaren lurralde eremuaren barruan, edozein modalitatetan Psikologo gisa jarduteko, ezinbestekoa da Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren kidea izatea, psikologoak bere helbide profesional bakar edo nagusia lurralde eremu horretan izan beharko luke, «elkargo bakarraren kidea izatearen» printzipioa gorabehera; betiere, psikologo gisa jarduteko elkargokidea izatea derrigorrezkoa baldin bada.

2.– Psikologo atzerritarrek edo Europako Batasunaren Estatu kideetako herritarrak direnek profesional gisa jarduteko edo elkargokidea izateko kualifikazioak aitortzeari buruzko Zuzenbide Komunitarioa ezartzeko indarreko araudian ezarritakoa beteko da. Eta Europako Espazio Bateratuaren kideak ez diren profesionalei dagokienez, albo biko edo nazioarteko hitzarmenek, horrelakorik egonez gero, xedatutakoa jarraituko da.

3.– Psikologo gisa jardutea Estatutuen 13. artikuluan aipatutako jarduerak egitean datza, betiere legearen arabera horiek burutzeko aukera eskaintzen duten titulu akademikoen eremuan egiten badira.

4.– Martxoaren 15eko 2/2007 Legea bete behar duten sozietate profesionalek, psikologoaren lanbidea soilik edo bateraezina ez den bestelako jarduerekin batera gauzatzeko xedea badute, derrigorrez sartuko dira Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialean, haien helbide soziala edo jarduera bakar edo nagusia, Psikologoaren lanbideari dagozkion ekintzetan, Bizkaiko Lurralde Historikoaren barruan baldin badago. Horretarako, Sozietate Profesionalen Erregistroaren bidez, aipatutako Legean eta Estatutu hauetan aurreikusitako moduan egingo dute.

6. artikulua.– Kidea izateko baldintzak.

1.– Bizkaiko Elkargo Ofizialean sartzeko eskubidea dute legearen arabera Psikologo gisa jarduteko aukera eskaintzen duten titulu akademikoak dauzkatenek. Bestetik, titulu akademikoaren homologazioa lortu dutenak Elkargoaren kideak izan daitezke, legez ezarritako irakaskuntzako tituluen aitortzarako sistema orokorrarekin bat etorrita.

2.– Kideak izateko baldintza nagusiak:

a) Espainiako herritartasuna edo Europako Batasunaren kidea den Estatuetako batena nahiz nazioarteko hitzarmen zein itunen arabera horretarako aukera eskaintzen duten estatuetakoa batena edukitzea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Legearen arabera psikologo gisa jarduteko aukera eskaintzen duten titulu akademikoa edukitzea. Atzerriko titulua izanez gero, dagokion agintaritzak emandako homologazioarekin batera aurkeztu behar da.

d) Ezgaitua izateko auzien barruan ez egotea.

e) Jarduera profesionalerako inhabilitaziorik ez edukitzea.

f) Sarrera kuota ordaintzea.

g) Legeek ezarritako baterazintasunak edo debekua, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 5.1 artikuluaren arabera.

3.– Elkargokidea izateko, eskabidearekin batera, titulu ofizialaren jatorrizko agiria edo hari buruzko notarioaren lekukotza edo, horrelakorik egon ezean, egindako ikasgaiak, ikasketen amaiera eta dagokion titulua jaulkitzeko tasen ordainketaren beren beregiko aipamena dakartzan ziurtagiri akademikoa ekarri behar dira.

4.– Eskatzailea Psikologiako beste Elkargo Ofizial batetik baldin badator, gainera, bera datorren Elkargoak jaulkitako ziurtagiria aurkeztu behar izango du. Horretan, bera Psikologoa dela, ordaindu beharrekoak bete dituela eta lanbidean jarduteko behin-behineko edo behin betiko inhabilitaziorik ez duela zehaztuko da.

5.– Elkargoko Gobernu Batzordeak hilabeteko epean kidea izateko eskabideari buruz ebatziko du. Epe horretan, egoki deritzen eginbideak burutu eta txostenak eskatu ahal izango ditu. Kide gisa onartu den ala ez ebatziko dute, eta ezezkoan, arrazoia azaldu behar izango da.

Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkorrari egotzi ahal izango dio kide berriak hartzeari buruzko eskaeretarako erantzuna.

6.– Beste Elkargo bateko kideak diren Psikologoek Bizkaiko Lurralde Historikoan jardun ahal izango dute haien lanbidean, Estatutu hauetan bere elkargokideei eskatzen zaizkien baldintza beretan.

6 bis artikulua 1.– Elkargokide motak.

1.– Jardunean dauden elkargokideak.

Jardunean dauden elkargokideak beharrezko baldintzak biltzeaz gain, Estatutu hauetan aurreikusitako eran lanbidean jarduteko, Elkargoari kidea izatea eskatu eta lortu dutenak dira.

2.– Jardunean ez dauden elkargokideak.

Jardunean ez dauden elkargokideak Psikologiako Doktore titulua eduki baina, legearen arabera, Psikologo gisa jarduteko beharrezko titulazio akademikoa ez daukatenak dira.

Elkargokidea izateko, eskatutako titulua edukitzeaz gain, Gobernu Batzordeari kidea izatea eskatu eta dagozkion kuotak ordaindu behar izango dira.

Jardunean ez dauden elkargokideek Batzar Nagusietan hautatu eta ahoz nahiz botoz parte hartu ahal dute.

3.– Erretirodun elkargokideak.

Erretirodun elkargokideak izan ahal izango dira lanbidean jarduteari utzi diotenak eta kategoria horretan sartzeko eskabidea egin dutenak. Horretarako, Elkargokideak izan behar dute eskaera egin aurreko bost urteetan jarraian, edo hamar urtez etengabe elkargokideak izan behar izan dute eta kopuru horretatik, urte bi gutxienez, eskaera egin aurreko azkenak izan behar dira.

Erretirodun elkargokideek ezin dute hautatuak izan ezta hautatu ere, eta ez dute Batzar Nagusietan botoa emateko aukerarik izango. Elkargoaren zerbitzu guztiez baliatzeko aukera izango dute, Batzar Nagusian zehaztutako kuota bat ordainduta. Kuota hori jardunean dauden elkargokideena baino txikiagoa izango da.

4.– Psikologo elkartuak.

Espainiako beste Psikologia Elkargo Ofizial bateko kidea den Psikologiako edozein profesional izan ahal izango da Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren kidea, Psikologo elkartu gisa. Horretarako, Estatutu hauetan titulazioari dagokionez eskatutako baldintzak bete behar izango ditu.

Beste Lurraldeetako Elkargoen Psikologo elkartuek, Bizkaiko LHan lanbide honetan jarduteko Bizkaiko Elkargoaren eremuan lanbidean jarduteko ezarri beharreko arauen pean jardungo dute.

Psikologo elkartuek ezin dute hautatuak izan ezta hautatu ere, eta ez dute Batzar Nagusietan botoa emateko aukerarik izango. Elkargoak jardunean dauden bere kideentzat ezarrita dituen zerbitzuak jasotzeko eskubidea izango dute. Gainera, Batzar Nagusiak zehaztutako kuota ordaindu ere egin behar izango dute, baina jardunean dauden elkargokideena baino txikiagoa izango da.

5.– Sozietate Profesionalak.

Martxoaren 15eko 2/2007 Legea bete behar duten sozietate profesionalak, psikologoaren lanbidea soilik edo bateraezina ez den bestelako jarduerekin batera elkarrekin gauzatzeko xedea badute, derrigorrez sartuko dira Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialean, Psikologoaren lanbideari dagozkion ekintzetan haien helbide soziala edo jarduera bakar edo nagusia Bizkaiko Lurralde Historikoaren barruan baldin badago.

Sozietate Profesionalek Batzar Nagusiaren kide gisa elkargoan parte hartzeko eskubidea dute, botoa emateko eta hautatua izateko eskubidea izan ez arren. Horrek ez du inolaz ere baztertzen Elkargoan izena emandako profesionalek eskubide propioa edukitzea.

6 bis artikulua 2.– Sozietate Profesionalen izen-ematea.

1.– Sozietate Profesionalek Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren izena eman behar izango dute haien helbide soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan dutenean edo haien jardueraren helbide bakar edo nagusia eremu horretan dagoenean.

2.– Sozietate Profesionalek Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialean izena ematea beharrezkoa izango da Bizkaian Psikologiari lotutako sozietatearen jarduerak burutzeko, horiek jarduera bakarra edo nagusia direnean. Izen-emate hori sozietate horien araudiarekin bat etorrita egiaztatuko da, hau da, martxoaren 15eko 2/2007 Legeari eta hura garatzen duten arauei jarraikiz.

3.– Legerian eta araudietan ezarritako moduan, Sozietate Profesionalen Erregistroan Sozietate Profesional gisa izena emateko betekizuna azken honen ordezkaritza duenari dagokio.

4.– Sozietate Profesionalaren izena Erregistroan ematen denetik, pertsona fisikoak diren elkargokideei lotuta dituen eskumen berak dauzka Elkargoak Sozietate Profesionalen gainean. Zehatz-mehatz, diziplina-erregimenari, erregimen deontologikoari eta bateraezintasunei nahiz inhabilitazioei dagozkienak dira. Horrek ez du baztertzen jarduneko profesionalen diziplinazko erantzukizuna egotea, Sozietate Profesionalak berak daukanarekin batera egongo delako.

5.– Sozietatearen Erregistroan izena emateak ez ditu sozietate horien Psikologo elkargokideak aske uzten elkargokidea izateko betekizunetik, jarduera burutu ahal izateko.

6.– Gobernu Batzordeari dagokio Sozietate Profesionalen Erregistroari buruzko arauen erregulazio eta interpretazioa 2/2007 Legean ezarritakoaren arabera; halaber, hala dagokionean, Sozietate Profesionalen Erregistroko izena emateko eta mantentzeko tasa eta kuotak ipini ahal ditu bertan inskribatzen diren Sozietateentzat, izena emateari buruzko ekintzak edo ziurtagiriak eskatzen dituztenean.

Erregistroan sartu beharreko datuak, 2/2007 Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, hurrengo hauek dira:

a) Sozietatearen izena eta helbide Sozietatearen helbidea.

b) Eratze aktaren eskritura identifikatzeko data eta aipamena. Halaber, Sozietatearen denbora tarte jakin baterako irauteko sortu bazen, haren iraupena.

c) Enpresaren helbururako egingo diren jarduera profesionalak.

d) Bazkide profesionalak eta ez-profesionalak identifikatzea, eta lehenengoei dagokienez, Elkargokide zenbakia eta kidetuta dagoen Elkargo Profesionala.

e) Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen direnak identifikatzea, horietako bakoitza bazkide profesionala den ala ez adierazita.

Bazkide Profesionalen Erregistroan inskribatu behar da bazkide eta administratzaileen nahiz sozietate-kontratuaren edozein aldaketa.

Diziplina askotako Sozietate Profesionalak izanez gero, Sozietate Profesionala bere xedea osatzen duten lanbideetako bakoitzaren Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatuta egongo da.

Elkargoak Merkataritzako Erregistroari jakinaraziko dio Sozietate Profesionala eratu ostean ematen den edozein gorabehera, horrek bazkide elkargokideetako edozeinen jarduera profesionalerako muga osatzen duenean.

Elkargoaren Erregistroa publikoa izango da. Erregistroaren Orriko Edukiaren publizitatea Erregistroan Sozietate Profesional bakoitzari irekitako euskarri informatikoan egingo da. Horretarako, Justizia Ministerioari hilean behin bidaliko zaizkio inskripzioak, Interneteko doako atari publiko eta iraunkor baten bitartez. Atari hori kudeatzeko era Ministerioak ezarriko du. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak ezarriko duena kontuan hartuko da.

7. artikulua.– Ukoaren arrazoiak.

1.– Elkargoaren kidea izatea ukatzeko arrazoiak honako hauek dira:

a) Beharrezko titulazioa ez edukitzea.

b) Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa guztiz osatu gabe egotea edo haren zilegitasunaz zein zinezkotasunaz zalantzak edukitzea eta hori konpontzeko emandako hamar eguneko epean ez osatzea edo okerra konpontzea.

c) Lehen egondako Elkargoan ordaindu beharrekoak ordaindu ez izana.

d) Eskaera egiten duenean, jarduera profesionalerako inhabilitazioko diziplinazko zigorra edo zehapena betetzen egotea.

e) Psikologiako beste Elkargo batetik kanporatua izana, berriro bertan sartzea lortu barik.

2.– Errehabilitazioa lortuta, zigorrak edo zehapenak beteta eta bertan sartzeko ukoa eragin duten mugetakorik jadanik ez badago, Elkargoak, egiaztatzeko bestelako tramiterik egin gabe, izena ematea onartuko du.

Elkargokidea izatea ukatzeko erabakia behar den eran arrazoituta jakinarazi behar zaio eskatzaileari. Horrek ez du bide administratiboa agortzen.

8. artikulua.– Elkargokidea izateari uztea.

Elkargokidea izateari utziko zaio hurrengoetan:

a) Norberak eskatuta. Horrek ez ditu baztertzen norberak bete beharreko obligazio profesional edo korporatiboak.

b) Epailearen ebazpen irmoaren bitartez jarduera profesionala burutzeko ezarritako inhabilitazioa.

c) Elkargoko kuota bi gutxienez edo Elkargoak ezarritako beste ekarpen batzuk hiru hilabete baino gehiagoko epe batez ordaindu ez izana. Elkargoak aldez aurretik interesatuaren entzunaldia eta ordaintzeko jakinarazpen egiaztatua egin behar du, ordainketa hori egiteko gehienez hilabete bateko epea eskainita.

d) Ezarritako diziplinazko zehapena betetzea, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

Gobernu Batzordeak elkargokide izaera behin-behinekoz eten ahal izango du, elkargokide bati inhabilitazio profesionalaren zigorra ekar dezakeen delitu batengatik ahozko epaiketa edo prozesamendua ezarri zaiola modu sinesgarrian jakin badu. Erabaki hori ebazpen arrazoituaren bitartez hartu behar da, interesatuaren entzunaldia eta dagokion izapidearen instrukzioa egin ostean.

9. artikulua.– Berriz ere elkargokidea izatea.

Berriz ere elkargokidea izateko, Elkargoan sartzeko dauden arau berak erabiliko dira. Hala dagokionean, eskatzaileak zigorra edo zehapena bete duela egiaztatu behar izango du, horrek baja eragin duenean.

Arrazoia kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan denean, eskatzaileak zor duena gehi eskatu zenetik sortutako interes legalak ordaindu behar izango ditu.

10. artikulua.– Ohorezko kideak.

Gobernu Batzordeak Elkargoaren Ohorezko Kide izendatu ahal izango ditu merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik Psikologiaren edo Psikologo lanbidearen garapena sustatu dutenak, haien tituluak edozein izanda ere. Izendapen hori ohorezkoa baino ez da izango. Hala ere, horrek ez du baztertuko elkargokidea izateak elkargoan parte hartzeko eta haren zerbitzuak erabiltzeko aukera eskaintzea, araudian ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN ATALBURUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

11. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

a) Honako hauek dira jarduera profesionala duten elkargokideen eskubideak:

1) Psikologo moduan Estatuko lurralde osoan aritzea.

2) Elkargoaren laguntza, aholkularitza eta babesa izatea, honek dituen baliabideak erabilita eta araudiari jarraiki ezarritako baldintzen baitan, jarduera profesionalari lotutako kontuei dagokienez.

3) Elkargoaren Gobernu Batzordeak ordezkatzea, elkargokideek hala eskatzen dutenean, jarduera profesionalaren ondorioz egindako edonolako erreklamazioetan.

4) Elkargoaren zerbitzu eta baliabideak erabiltzea araudiaren arabera ezarritako baldintzen baitan.

5) Elkargoan deitutako hauteskunde guztiei dagokienez, hautesle eta hautagai gisa parte hartzea; Elkargoan modu aktiboan esku hartzea; guztiaren berri izatea; eta Batzar Nagusietan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

6) Ezarri litezkeen Batzorde edo Atalen kidea izatea.

7) Batzorde Nagusiari iradokizunak, eskaerak eta kexak idatziz aurkeztea.

8) Elkargoaren jarduerari eta lanbideari buruzko informazioa aldizka jasotzea, Informazio Buletinak, Gutunak eta horretarako egoki deritzeten baliabideak erabilita.

9) Aurreikuspenaren arloan ezarritako erakundeetan sartzea, araudiari jarraiki finkatutako baldintzen baitan.

b) Honako hauek dira jarduera profesionalik ez duten elkargokideen eskubideak:

1) Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, araudiari jarraiki finkatutako baldintzen baitan.

2) Elkargoan deitutako hauteskunde guztiei dagokienez, hautesle gisa parte hartzea; Elkargoan modu aktiboan esku hartzea; guztiaren berri izatea; eta Batzar Nagusietan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

3) Ezarritako Batzorde edo Atalen kidea izateko aukera izatea, Batzorde Deontologikoarena izan ezik.

4) Aurreikuspenaren arloan ezarritako erakundeetan sartzea, araudiari jarraiki finkatutako baldintzen baitan.

5) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkezteko aukera izatea.

6) Elkargoaren jarduerari eta lanbideari buruzko informazioa aldizka jasotzea, Informazio Buletinak, Gutunak eta horretarako egoki deritzeten baliabideak erabilita.

12. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

a) Honako hauek dira jarduera profesionala duten elkargokideen betebeharrak:

1) Lanbidean modu etikoan aritzea eta, bereziki, Psikologoaren Kode Deontologikoan ezarritako arau deontologikoei dagokienez, Psikologoen Elkargo Ofizialak aldarrikatutakoa.

2) Elkargoaren arauak eta haren Gobernu organoek erabakitakoa betetzea.

3) Estatutuen edo Araudien xedapenei jarraiki eskatuko zaizkien lanbide arloko aitorpenak, kontratuak eta gainerako dokumentuak Elkargoari aurkeztea.

4) Bizitoki edo helbide aldaketa hogeita hamar eguneko epearen barruan Elkargoari jakinaraztea.

5) Ezarritako kuotak eta ekarpenak hala dagokionean ordaintzea.

6) Elkargoaren zereginetan modu aktiboan parte hartzea, Batzar Nagusietan eta kide bakoitzaren espezialitatearen arabera deitutako Batzordeetan edo Ataletan agertzearen bidez.

7) Esleitu zaizkion karguak arduraz burutzea, bai eta Elkargoko Gobernu organoek esleitu ahal dizkiotenak betetzea ere.

8) Lanbideari edo Elkargoari dagokienez, beste elkargokideen eskubideak ez kaltetzea.

9) Elkargoaren interesekoak diren gaiei dagokienez, Gobernu Batzordeari laguntza ematea eta, zehatz-mehatz, horien inguruko aitorpenak egitea eta informazioa ematea, hala eskatzen diotenean, betiere sekretu profesionala zainduta.

10) Gobernu Batzordeari intrusismoari lotutako ekintza guztien edo arauz kanpoko beste jarduera profesional batzuen berri ematea.

11) Dagokion aseguruaren bidez eta legeriak hala eskatzen duenean, erantzukizun zibilari dagokionez, lanbidea burutzeagatik sortu daitezkeen arriskuak estaltzea. Ez diote beharkizun hori betetzea eskatuko hirugarren batzuen eskubideak bermatuta badaude, dagokion jarduerari ezarri behar zaizkion beste lege batzuen edo helburu berarekin orokorrean ezarritako hitzarmenen arabera.

b) Honako hauek dira jarduera profesionalik ez duten elkargokideen betebeharrak:

1) Elkargoaren arauak eta haren Gobernu organoek erabakitakoa betetzea.

2) Bizitoki edo helbide aldaketa hogeita hamar eguneko epearen barruan Elkargoari jakinaraztea.

3) Ezarritako kuotak eta ekarpenak hala dagokionean ordaintzea.

4) Elkargoaren zereginetan modu aktiboan parte hartzea, Batzar Nagusietan eta kide bakoitzaren espezialitatearen arabera deitutako Batzordeetan edo Ataletan agertzearen bidez.

5) Elkargoko Gobernu organoek esleitu ahal dizkioten zereginak betetzea.

6) Lanbideari edo Elkargoari dagokienez, beste elkargokideen eskubideak ez kaltetzea.

7) Elkargoaren interesekoak diren gaiei dagokienez, Gobernu Batzordeari laguntza ematea eta, zehatz-mehatz, horien inguruko aitorpenak egitea eta informazioa ematea, hala eskatzen diotenean, betiere sekretu profesionala zainduta.

12 bis artikulua.– Galarazpenak.

1.– Honako jarduera hauek dituzte galarazita psikologo elkargokideek:

a) Lehia Desleialari eta Lehiaren Babesari buruzko Legeek eta -oro har- Publizitatearen nahiz -bereziki-Osasunaren inguruko Publizitatearen arloko arauetan xedatutakoa hausten duen jarduera profesionala.

b) Beharrezkoa den titulaziorik gabe edo elkargokidea izan gabe Psikologian jarduten duena nolabait estaltzea nahiz babestea.

2.– Elkargokideen arteko aldeak.

Lanbidearen barruan elkargokideen artean sortu litezkeen desadostasunak bideratzeko, eta interesatuek hala eskatzen badute, Elkargoa eta Bitartekaritza Batzordea bitartekari gisa arituko dira. Batzorde hori Dekanordeak eta Batzorde Deontologikoaren Buruak osatuko dute.

LAUGARREN ATALBURUA
JARDUERA PROFESIONALA ARAUTZEKO OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

13. artikulua.– Psikologoaren jardueraren definizioa.

Estatutu profesionalak eta hura garatzeko arauek ezarritako erreferentzia esparrua baztertu gabe, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak Lanaren Nazioarteko Erakundeak ezarritakoa bere gain hartu du eta, horren ondorioz, hurrengo hauek izango dira Psikologoaren eginkizunak:

Psikologoek gizakien prozesu mentalak eta jarrerak ikertzen eta aztertzen dituzte, banan-banan zein taldeka edo gizartean. Halaber, ezagutza horiei buruz aholkatzen dute edo horiek ezartzen dituzte pertsonen egokitzapena eta garapena sustatzeko asmoz, banakako gisa zein gizarteari, hezkuntzari eta lanbideari dagokienez.

Euren zereginak hurrengoak dira:

a) Entsegu psikologikoak pentsatzea, antolatzea eta gauzatzea pertsonen ezaugarriak zehazteko, haien alderdi mental, fisiko eta bestelakoei dagokienez, esate baterako: adimena, ahalmenak, jarrerak eta aldarteak, emaitzak interpretatzea eta balioztatzea eta, horiei dagokienez, aholkularitza eskaintzea.

b) Herentziak, gizarteak, lanbideak eta bestelako faktoreek pertsona bakoitzaren pentsamoldean eta jokabidean duten eragina aztertzea.

c) Terapiari eta aholkularitzari lotutako elkarrizketak egitea eta laguntzarako edo orientabiderako zerbitzuak eskaintzea.

d) Familietako kideekin, agintariekin, irakasleekin edo enplegatzaileekin beharrezko bilerak izatea eta arazoak lantzeko edo konpontzeko aukerak gomendatzea.

e) Gaixotasun mentalen eta emozioei edo nortasunari lotutako nahasmenduen diagnostiko, tratamendu eta prebentzioan egon daitezkeen eragile psikologikoak aztertzea. Horrez gain, aurrekoarekin lotura duten adarretako adituei galdetzea.

f) Hitzaldi eta txosten akademiko zein zientifikoak prestatzea.

g) Antzeko zereginak burutzea.

h) Beste langile batzuk gainbegiratzea.

14. artikulua.– Jarduera profesionala.

Jarduera profesionalak Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren Kode Deontologikoak onartutako arau deontologikoekin bat egin beharko du. Hortaz, arau horietan ezin dira gainditu lehia libreko erregimenari dagokionez Legean aurreikusitako mugak.

15. artikulua.– Jarduera profesionalaren oinarriak.

Jarduera profesionalak honako oinarriak ditu: irizpide profesionala psikologoek beren kabuz erabiltzea, bezeroari arreta egokia eskaintzea eta komunitateari zerbitzua ematea. Psikologoak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea eta betebeharra dauka.

16. artikulua.– Etengabeko prestakuntza.

Psikologoak etengabeko prestakuntza zientifikoa eta teknikoa jaso behar izango du, ahalik eta trebakuntza profesionalik onena izateko. Bere lan, txosten eta diagnostikoetan, arreta handiz bereizi behar izango ditu hipotesi gisa aurkeztutakoa eta behar bezala oinarritutako ondoriotzat jo daitekeena.

17. artikulua.– Autonomia profesionala.

Psikologoak ez du onartuko bere autonomia profesionala kaltetuko duen lan bat edo arazoak sortu ditzaketen lanak eta Psikologiak gaur egun bere gain hartu ezin dituenak.

18. artikulua.– Publizitatea eta lehia desleiala.

Psikologoa lehia librearen erregimenaren baitan arituko da eta zerbitzu eskaintzari eta ordainsaria finkatzeari dagokienez, lehiaren babesari, lehia desleialari eta publizitateari buruzko legeria bete beharko du.

Psikologoak, erabilera zientifikoaren arabera, komunitate profesionalari bere jakintzaren inguruan berri eman beharko dio.

19. artikulua.– Bezero edota erabiltzaileen eskubideak.

Bezeroek, eta hala badagokio haien ordezkari legalek, ezagutu beharko dituzte zeintzuk diren helburuak eta egingo den edozein prozesuk edo tratamenduk ekarri ditzaketen ondorioak.

Edonola ere, psikologoek bezero edota erabiltzailearen autonomia, erabakitzeko askatasuna eta duintasuna errespetatu beharko dituzte. Bat ez datozen interes pertsonal edo instituzionalen aurrean, Psikologoek lanean ahalik eta inpartzialkien jokatuko dute. Psikologoek erakunde batean zerbitzuak eskaintzen dituztenean, ezin dituzte baztertu erakunde horrekiko istilua eduki lezaketen pertsonak eta aintzat hartu, errespetatu eta lagunduko dituzte. Kasu horretan, psikologoek haien lana behar den moduan egiten dutenean, agintaritzako erakundeen aurrean haien lanaren baliagarritasuna defendatuko dute.

20. artikulua.– Idatzitako lanak.

Dokumentuen bidez eman beharreko lan profesional guztiak, besteak beste, txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzekoak adituak sinatu beharko ditu, elkargokide zenbakia adierazi eta dokumentu horien edukien eta egokitasunaren erantzukizuna bere gain hartuko du.

BOSGARREN ATALBURUA
ELKARGOAREN ANTOLAKUNTZA

21. artikulua.– Barneko antolakuntza.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak barneko antolakuntza, batzorde, atal edo bestelako sistema bat bere gain hartuko du funtzionamenduari dagozkion beharrak ahalik eta hobekien kudeatzeko.

1.– Gutxienez, honako batzorde hauek egongo dira:

a) Aholkularitza Batzordeak, bereziki, honako funtzioak dauzka: elkargokideek aurkeztutako kexei edo erreklamazioei arreta zerbitzua ematea, elkargokideek eskaintzen duten Psikologia zerbitzuen erabiltzaileak edo bezeroak artatzea eta hala badagokio, 12. artikuluaren 25/2009 Legearen arabera, kexa edo erreklamazioei irtenbidea aurkitzea. Zerbitzu hori arautu ahal izateko, Aholkularitza Batzordea araudi espezifiko batez baliatuko da. Horrek kexak eta erreklamazioak aurkeztea ahalbidetzen duen sistema bat aintzat hartuko du, bai eta horiei arreta emateko eta irtenbidea aurkitzeko prozedurak ere.

b) Batzorde Deontologikoa bakoiti kide kopuru batez osatuta dago. Horietatik bost gutxienez Batzar Nagusiak izendatu ditu, Gobernu Batzordeak hala eskatuta. Azken horrek ekitaldi profesionalen diziplina kalifikazioari dagozkion txostenak eta proposamenak igorriko ditu. Horrez gain, arrazoi deontologikoak direla eta, baloratuko ditu eta Estatutuetan aurreikusi den moduan prozedurak zehazteaz arduratuko da.

c) Hauteskunde Batzordearen xedea eta funtzionamendua Estatutu hauetan jasota daude.

2.– Batzorde horien erregimen funtzionamendua bakoitzari dagokion Araudi baten bidez ezarriko da, hain zuzen, Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzar Nagusiak onartuko duena.

3.– Batzorde bakoitzaren azterketak, proposamenak eta ondorioak Gobernu Batzordeari bidaliko zaizkio eta honek erabakiko du horien azken hartzaileak nortzuk diren.

4.– Gobernu Batzordea, Dekanoak hala eskatuta, aurreko Batzordeez gain, beste batzuk izendatzeko gai izango da, hala dagokionean, eta beharrezkoa den izaera emango die.

21 bis artikulua.– Lanbide atalak. Izaera eta helburuak.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak duen oinarrizko estruktura unitatea atala da. Horri esker, hainbat diziplina esparrutan eta esku hartze psikologikoaren eremutan burututako ataletako jarduera antolatzen da. Atal horiek barneko laguntza eta elkargokideak parte hartzeko organo moduan arituko dira. Horretarako, Elkargoaren Gobernu Organoak hirugarrenentzako ordezkaritza bakarra izango dira, hain zuzen ere Bizkaiko Psikologia esparruaren espezialitate edo jardun bakoitzarena.

Dena den, Elkargoaren Gobernu organoak kasu bakoitzean Ataleko Gobernu Batzordearen Koordinatzailearen esku utzi ahal izango dituzte beharrezkoak izango diren kontu eta kudeaketak eta atal horri dagozkionak.

Atalen kidekoak honako hauek izango dira:

a) Garapen zientifikoa, teknikoa eta profesionala indartzea Ataleko diziplina esparruan.

b) Lankidetza eta informazio trukaketa bultzatu ez ezik, esperientzia profesionala ere bultzatzea Ataleko kideen artean.

c) Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean erakundeen presentzia eta estatuko eta nazioarteko elkarteekiko lankidetza sustatzea, diziplina esparru berekoak zein antzekoak.

d) Ataleko esparruan ikerketa, prestakuntza eta lanbidearen sustapenari indarra ematea.

e) Elkargoko Gobernu organoei aholkatzea esparru zientifiko profesionalari dagozkion kontu guztietan, Psikologia modu eraginkorrean aritzeko asmoz, Psikologoaren Kode Deontologikoaren arabera, eta hala badagokio, jardun profesional egokirako ezarri daitezkeen kualifikazio irizpide edo baldintza gomendatuko dira.

f) Dagokion esparruan lanbidearen jardun egokia sustatzea.

Gobernu Batzordeak onartu duen moduan, atalen funtzionamendua dagokion Araudiaren arabera garatuko da. Bertan elkargokideen sartzeko prozesua arautzeaz gain, Zuzendaritza postuen izendapena (beti demokratikoki hautatuak) horiek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak izango diren gainerako kontuak ere arautuko dira.

22. artikulua.– Bestelako erakundeetan parte hartzea.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak Euskadiko Psikologoen Elkargoen Kontseiluaren xede eta ekarpenetan esku hartuko du, sortu, aurrera eraman eta garatuko dituelako. Bestalde, Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian ez ezik, estatu mailan eta nazioartean sortuko direnetan ere parte hartuko du.

SEIGARREN ATALBURUA
ZUZENDARITZA ORGANOAK, ERAKETA, FUNTZIONAMENDUA ETA LEHIA ARAUAK

23. artikulua.– Ordezkaritza eta Zuzendaritza organoak.

Elkargoaren Ordezkaritza, Zuzendaritza eta Administrazio organoak honakoak dira: Batzar Nagusia, Gobernu Batzordea eta Dekanoa.

Batzar Nagusia erabakiak hartzeko Elkargoak duen organo gorena da, bertako bestelako organoei esleitu zaizkien ahalmenei kalterik egin gabe. Gobernu Batzordeak bere jardueraren berri eman beharko dio Batzar Nagusiari. Batzar Nagusian hartutako hitzarmenak elkargokide guztientzat lotesleak izango dira, Estatutuetan ezarritako baliabideei kalterik egin gabe.

Gobernu Batzordea Elkargoko organo betearazlea eta ordezkaritzakoa da.

24. artikulua.– Batzorde Nagusia. Batzarrak egiteko arauak.

Batzar Nagusiak ohiko edo ez ohiko batzarrak izango ditu eta Dekanoak aldez aurretik deialdia egingo du.

Ohiko batzarra gutxienez urtean behin egingo da.

Ez ohiko batzarrak Gobernu Batzordeak edo, gutxienez, elkargokideen % 20k hala eskatuta egingo dira. Eskaera hori Dekanoari egingo zaio eta berak adieraziko ditu eztabaidatu beharreko gaiak.

25. artikulua.– Eraketa eta funtzionamendua.

1.– Batzar Nagusia elkargokide kopuru osoak eratuko du.

Hitzarekin eta botoarekin bertaratzeko gai izango dira jardunean zein jardunean ez dauden elkargokideak.

2.– Batzar Nagusiaren ohiko deialdiak Dekanoak egingo ditu, nahitaez urtean behin, egon daitezkeen ez ohiko deialdiei kalterik egin gabe. Ez ohiko deialdi horiek egingo dira, eztabaidatu beharreko gaiak pisu handikoak badira edo boto eskubidea duten elkargokideen % 20k ahal eskatzen badu aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen.

3.– Gai zerrenda Gobernu Batzordeak finkatuko du eta Elkargoko iragarki tauletan jarriko da. Horrez gain, elkargokideei gutxienez hilabete bat lehenago deialdien berri emango zaie.

4.– Deialdian jakinaraziko da, hala badagokio, bigarren deialdia noiz egingo den, eta lehenengo eta bigarren deialdien artean, gutxienez, hogeita hamar minutuko aldea egongo da.

5.– Batzar Nagusia egoki eratu dela ontzat emango da lehenengo deialdian, elkargokideen erdia gehi bat bertaratzen bada. Bigarren deialdian behar bezala eratu dela ontzat emango da, elkargokide kopurua edozein izanda ere.

6.– Hitzarmenak ezkutuko bozketen bidez hartuko dira, bertaratuen elkargokideen % 25ek eskatuz gero. Dena den, ezkutukoak izango dira, eztabaidatutako gaiek elkargokide bati kalte egiten badiote.

Ezin izango da erabaki edo adostu zerrendaren baitan ez dagoen ezein kontu. Hala ere, elkargokide guztiak bertaratu badira eta bozketa baten bidez gehiengoak premiazko kontua dela aitortzen badu, horri buruz eztabaidatuko da.

26. artikulua.– Koordinazioa, aktak eta hitzarmenak.

Batzar Nagusiaren batzarretan Dekanoa buru izango da Gobernu Batzordearen gainerako kideekin batera. Dekanoa batzarren moderatzaile eta koordinatzaile gisa arituko da. Bertan, hitza eman eta kentzeaz gain, eztabaidak eta bozketak antolatuko ditu.

Gobernu Batzordearen Idazkariak Batzar Nagusian ere funtzio bera izango du eta, Dekanoaren onespenarekin, batzarraren akta egingo du.

Hitzarmenak emandako botoen gehiengo sinplearen arabera hartuko dira. Dena den, emandako botoen bi hereneko gehiengoa eskatuko da honako kasu hauetan: oraingo aurrekontuan aurreikusi ez diren aparteko diru-kopuruak ordaintzea adostu ahal izateko; Gobernu Batzordearen edo organo haren edozein kideren aurkako gaitzespen botoa adosteko; Estatutuak aldatzeko; eta Batzorde Deontologikoaren kideak izendatzeko nahiz horren kide izateari uzteko.

26 bis artikulua.– Bileren antolaketa.

1.– Urte bakoitzeko lehenengo lauhilekoan Ohiko Batzar Nagusia egingo da, baina ez egutegiko hasierako hirurogei egunak baino lehen. Haren gai zerrendan, behinik behin, honako puntuak barne hartuko dira:

a) Aurreko saioko akta irakurtzea.

b) Bertan, Idazkariak aurreko urteko memoria aipatzea.

c) Aurreko urteko diru sarrera eta gastuetako kontuaren, egoera balantzearen eta galdu irabazien kontuaren likidazioa irakurtzea, eztabaidatzea eta adostea, hala badagokio; halaber, Gobernu Batzordeak hurrengo urteko ekitaldi ekonomikorako onartutako diru sarreren eta gastuen aurrekontua irakurtzea, eztabaidatzea eta adostea.

d) Deialdian adierazten diren irizpen eta proposamenak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

e) Galde eskeak.

2.– Urtarrilaren hogeita hamarra baino lehen, Batzarrean eztabaidatzeko eta adosteko diren proposamenak egin ditzakete elkargokideek. Horiek guztiak Dekanoak gai zerrendan sartuko ditu, bakoitzari dagokion atalean. Proposamen horiek aurreko urteko abenduaren 31n botoa emateko eskubidea duten elkargokide guztien % 6k gutxienez berretsiko ditu.

27. artikulua.– Eskumenak.

Batzar Nagusiaren eskumenak honako hauek dira:

a) Aurreko batzarraren akta onartzea, hala badagokio.

b) Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa, hurrengoaren aurrekontua eta aurreko urteko Gobernu Batzordearen memoria ezagutu, eztabaidatu eta onartzea, hala badagokio.

c) Elkargoaren eskumena diren gaiei dagokienez jarraitu beharreko arau orokorrak onartzea.

d) Honako estatutu hauek onartzea eta aldatzea, ondoren, Administrazioaren aurrean tramitatzeko.

e) Elkargoaren ondasunen inbertsioaren inguruan erabakitzea.

f) Kode Deontologiko Profesionala onartzea.

g) Aparteko zerbitzuen sortzapena onartzea.

h) Gobernu Batzordearen eta haren kideen aurkako gaitzespen mozioak onartzea.

i) Gobernu Batzordeak ebazteko emandako edo Estatutu hauek esleitutako gainerako kontuei buruz eztabaidatzea eta adostea.

j) Estatutu hauek interpretatzea.

k) Atal Profesionalak sortzea eta horien Araudi orokorra onartzea. Aldez aurretik Gobernu Batzordeak horren inguruko txostena egin behar du.

l) Estatutu hauetan aurreikusi ez denaren inguruan Hauteskunde Araudia onartzea eta, hala badagokio, horri dagozkion aldaketak egitea.

m) Gobernu Batzordeak aurkeztutako proposamenak onartzea. Horiek, behinik behin, Batzorde Deontologikoaren agintaldi berri bakoitzaren hasieran eta bere osaerari dagozkion izendapenak egitean edo kide izateari uztean egingo dira. Era berean, Batzorde horretako Araudia onartu behar izango du.

n) Gobernu Batzordearen kontra jarritako errekurtso arruntak ebaztea, Estatutu hauen 45. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Gobernu Batzordearen eskumenak Psikologoen Elkargo Ofizialen Euskal Kontseiluak edo Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak esleituta dituztenak baztertu gabe erabiliko dira.

27 bis artikulua.– Ezohiko Batzar Nagusia.

a) Noiz egingo den.

1.– Ezohiko Batzar Nagusiak egitea Elkargoko Dekanoak edo Gobernu Batzordeak eskatu behar izango dute edota boto eskubidea duten elkargokideen % 20ak, gutxienez, idatziz eskatu behar izango dute, bertan eztabaidatu beharreko gaiak zehazki adierazita.

2.– Deialdia, dagokion gai zerrendarekin batera, Batzarra egin baino egutegiko 30 egun lehenago gutxienez jakinaraziko zaie elkargokideei. Bestalde, Elkargoko iragarki taulan jarriko da eta e-postaren bidez elkargokideei eta Elkargoak dituen hedabide orokorrei ere helaraziko zaie.

3.– Ezohiko Batzar Nagusiak egiteko helburua Gobernu Batzordearen edo haren kideren baten aurkako gaitzespen botoa aurkeztea bada, batzarra egin ahal izateko, aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen boto eskubidea duten elkargokideen % 20ak gutxienez berretsi behar izango du eskaera eta horretan batzarra egiteko arrazoiak argi zehaztu beharko dira.

4.– Ezohiko Batzar Nagusia, Dekanoak edo Gobernu Batzordeak egitea erabakitzen dutenetik edota elkargokideek eskaera aurkezten dutenetik egutegiko 60 eguneko epearen baitan egingo da. Deialdian jasota dauden gaiak baino ezin izango dira eztabaidatu.

5.– Ezohiko Batzar Nagusia egiteari uko egin ahal izango diote soilik arrazoitutako ebazpenaren bidez eta proposamenak Estatutu hauen baldintzak betetzen ez baditu edo Elkargoaren helburuetatik kanpo badago. Horren aurrean, legozkion errekurtsoak aurkeztu daitezke.

6.– Zenbait gai eztabaidatzeko premia egonez gero, Ezohiko Batzar Nagusi horren deialdia egutegiko 15 egun lehenago jakinaraziko da. Deialdiak Ezohiko Batzarretarako ezarri diren gainerako baldintza formalak bete behar izango ditu. Kasu bakoitzean, Gobernu Batzordeak baloratuko du ea batzarra egiteko premiarik dagoen.

b) Ezohiko Batzar Nagusiaren eskumenak.

Ezohiko Batzar Nagusiak Elkargoko Estatutuak onartu edo aldatzeko eta Gobernu Batzordearen edo haren kideren baten jarduerak onartu edo gaitzesteko eskumena izango du. Halaber, bestelako konturen baten interes edo izaerarengatik batzarra egin ahal izango du.

c) Hitzarmenak.

Hitzarmenak isilpeko bozketa baten bidez hartuko dira, batzarrera bertaratu diren elkargokideen % 25ek hala eskatzen badu. Dena den, isilpekoa izango da, eztabaidatutako gaiek elkargokideren bati kalte egiten badiote.

d) Gaitzespen mozioa.

1.– Gaitzespen mozioa horretarako beren beregi deitutako Ezohiko Batzar Nagusi batean baino ezin izango da aurkeztu, betiere 27 bis artikuluan zehaztutako baldintzak beteta. Egoki eratuta egongo da boto eskubidea duten elkargokideen % 5a bertaratzen bada.

2.– Quorum hori dagoela kontuan hartuta, ekimen hori aurrera eramateko, emandako botoen bi herenak aldekoak, zuzenak eta pertsonalak izan behar dira.

3.– Batzar hauetan, ez da onartuko ordezkatutako botorik, ezta postaren bidezkorik ere.

28. artikulua.– Gobernu Batzordearen Osaera.

Gobernu Batzordea hurrengo hauek osatuko dute:

a) Dekano bat.

b) Dekanorde bat.

c) Idazkari bat.

d) Idazkariorde bat.

e) Diruzain bat.

f) Gutxienez hiru eta gehienez zortzi batzordekide.

Gobernu Batzordeko kideak Estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez hautatuak izango dira, lau urteko agintaldi baterako eta berriro ere hautatuak izateko aukera dute. Hautagaitza bakoitzean aukeratutako batzordekide kopurua bere horretan mantenduko da haien agintaldi osoan.

Gobernu Batzordeko kidea izateari uztea.

1.– Hurrengoak izango dira Gobernu Batzordeko kidea izateari uzteko arrazoiak:

a) Kargua gauzatu ahal izateko Estatutuen araberako baldintzak ez betetzea.

b) Kargua gauzatzeko epea amaitzea.

c) Kideak berak kargua uztea.

d) Urte batean Gobernu Batzordeko ondoz ondoko bi batzarretara edo, orokorrean, hiru batzarretara justifikatu barik ez joatea. Horretarako, Gobernu Batzordeak kideak esan nahi duena entzun behar du.

e) Gaitzespen mozioa onartzea.

f) Administrazio Publikoren batean kargu politiko baterako izendatua izatea edo hori batzordekidea izatearekin bateraezina izatea.

g) Epai irmo baten ondorioz, kargu publikoa gauzatzeko desgaitzen duen zigorra ezartzea.

h) Diziplinazko zehapena Estatutuetan ezarritako arau hauste larri eta oso larriengatik. Elkargoan baja ematea.

i) Elkargokide baja.

2.– Gobernu Batzordeko kideren batek baja emanez gero, hutsik dauden leku horiek Estatutuetan zehazten den moduan berehala beteko dira. Estatutuetan aurreikusi ezean eta lehen hauteskundeak egin arte, Idazkariaren funtzioak Idazkariordeak bere gain hartuko ditu eta Diruzainarenak, aldiz, elkargokide zenbaki zaharrena duen Kideak.

3.– Idazkariordearen kargua hutsik gelditu bezain laster, elkargokide zenbaki zaharrena duen Gobernu Batzordeko kideak bereganatuko du.

4.– Gobernu Batzordean hutsik dauden lekuek kide kopuruaren erdia gaindituz gero, Batzordeak berak hauteskundeak deituko ditu Gobernu Batzordeko kargu guztiak betetzeko, azken leku hori hutsik geratu denetik egutegiko 30 eguneko epearen barruan.

5.– Aurrean aipatutakoa ematen bada eta Gobernu Batzordeko ezegonkortasuna kontuan izanda, haren erabakimena tramite administratiboa betetzera mugatuko da, bai eta premiazkoak diren erabakiak hartzera ere, garrantzia politikoa edo ekonomikoa duten erabakiak hartzeko aukera izan gabe.

6.– Gobernu Batzordeak ezin badu gobernatu gaitzespen mozio batengatik, boto zuzenen bidez hautatutako kideen erdiak baino gehiagok kide izateari uzteagatik edo Dekanoak karguari uko egiteagatik, Batzar Nagusiak hiru kide dituen Behin-behineko Batzordea izendatuko du. Horrek Elkargoko Administrazioa zuzenduko du, hauteskundeen bidez, bi hileko epean gehienez Gobernu Batzorde berria eratu arte.

7.– Boto zuzenen bidez Gobernu Batzordeko kidea izateko hautatutako kideen erdiak baino gutxiagok kargua uzten badute, Dekanoak, salbuespen gisa, Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiaren aurrean leku horiek betetzeko hautagaiak proposatuko ditu eta azken honek horiek onartzeko eskumena izango du. Batzar Nagusiak berretsitako hautagaiak Gobernu Batzordearen kide bilakatuko dira eta euren karguei dagozkien betebeharrak eta eskubideak izango dituzte.

29. artikulua.– Gobernu Batzordearen karguen funtzioak.

Dekanoari dagokio, beste instantzia batzuen artean, Elkargoaren ordezkapena eramatea, elkargoko legeetan, araudietan eta arauetan azaldutako eskubide eta esleipen guztiekin; deialdia egitea eta moderatzea, aktak sinatzea edota ezarritako batzordeak koordinatzea.

Horrez gain, honako hauek ere egingo ditu:

1.– Gobernu Batzordeko buru izatea.

2.– Gai judizialetarako ahalmena izatea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalbidetzen badio.

3.– Elkargoaren kontu korronteak zabaltzeko ahalmena izatea, bankuetan zein aurrezki kutxetan. Gobernu Batzordeak, hain zuzen, emandako ahalmena.

4.– Diruzainaren proposamenekin bat datozen fondoetako mugimenduak baimentzea.

5.– Mota guztietako finantza eta gordailuak eratzeko eta ezeztatzeko ahalmenak izatea (Gobernu Batzordeak emandakoak).

6.– Gobernu Batzordeak Dekanoaren esku utzitako bestelako ahalmenak.

Dekanordeak Dekanoa ordezkatuko du bera faltatzean, Dekanorik ez izatean edo hori gaixorik egotean. Horrek Dekanoak agindutako funtzio guztiak beteko ditu.

Idazkariak honako funtzioak beteko ditu:

1.– Batzorde Orokorraren eta Gobernu Batzordearen ohiko eta ez ohiko batzarren aktak idatzi eta ziurtatzea.

2.– Elkargoaren dokumentazioa eta Elkargokideen espedienteak zaintzea.

3.– Ofizioz edo interesatuak eskatuta ziurtagiriak egitea, Dekanoaren oniritziarekin.

4.– Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari adieraziz, komunikazioak eta dokumentuak egitea, bai eta tramiteak ere.

5.– Langile administratiboen eta elkargoko funtzioak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuen buru izatea, baita zerbitzu administratiboak guztiz prestatzea ere.

6.– Batzar Orokorrean onartzeko, urteko kudeaketa memoria idaztea.

7.– Dekanoari bere eginbeharrean laguntzea eta hartu beharreko ordena teknikoen eta kide profesionalen ekimenak bideratzea.

8.– Idazkari izateagatik berez dituen bestelako funtzioak.

Idazkariordeak idazkaria ordezkatuko du bera faltatzean, idazkaririk ez izatean edo hori gaixorik egotean. Idazkaria eta idazkariordea faltatzean, ez izatean edo gaixorik egotean, idazkariak berak aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek ordezkatuko du. Horri Gobernu Batzordeak esleituko dizkio funtzioak eta horiek bere karguarekin lotura zuzena izango dute.

Diruzainak egiten dituen kudeaketa-lanak azaldu beharko ditu ohiko liburuetan. Bertan, legalki eta behar bezala itzulita aurkeztuko dira eta fondoen zaintzaren ardura onartuko du. Elkargoko aurrekontuak egiteaz, ordainketez eta kontabilitate orokorraz arduratzeaz gain, Gobernu Batzordeari aldizka horien garapenaren berri emango dio.

Batzordekideek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Batzorde Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo Dekanoak emandakoak.

b) Gobernu Batzordearen gainerako karguen titularrekin elkarlanean aritu eta horiek ordezkatu falta badira, kargu horretan langilerik ez badago edo gaixorik baldin badaude, Estatutuetan adierazten den bezala.

c) Gobernu Batzordeak emandako bestelako ahalmenak.

30. artikulua.– Gobernu Batzordea, batzarrak eta deialdiak.

a) Batzarrak eta deialdiak.

Gobernu Batzordea honako hauetan batzartuko da: Dekanoak deitutako guztietan, ekimen propioz, edo bere kideen ehuneko hogeik hala eskatuz gero. Edozein kasutan, gutxienez urtean lau aldiz batzartuko da.

Deialdiak idatziz adieraziko zaizkie batzordeko kide guztiei, gutxienez, hamar egun aurretik eta gai zerrenda azalduz.

Gobernu Batzordea egoki eratu dela ontzat emango da, lehenengo deialdian kideen bi heren aurkezten badira. Bigarren deialdian, aldiz, batzorde hori onartzeko bertaratutakoen kopurua ez da aintzat hartuko. Deialdi bakoitzaren artean, gutxienez, hogeita hamar minutu igaro beharko dira.

Gai zerrendan azaltzen ez den gairen bat ezin izango da eztabaidatu edo onartu. Dena den, hori egin ahal izateko, hurrengo hauek bete beharko dira: Gobernu Batzordeko kide guztiak egotea, gai hori larrialdikotzat hartzea eta gehiengoak aldeko botoa ematea.

Idazkariak jasoko du batzarren akta, Dekanoaren oniritziarekin.

b) Koordinazioa, aktak eta hitzarmenak.

Gobernu Batzordearen batzarretan, Dekanoa buru izango da eta batzarrak moderatu eta koordinatuko ditu.

Idazkariak jasoko du batzarren akta, Dekanoaren oniritziarekin.

Hitzarmenak botoen gehiengoaren arabera hartuko dira. Hala ere, kideen bi heren baino gehiagoren botoak behar izango dira Gobernu Batzordea eskuordetu ezin dituen eskumenen inguruko erabakiak hartzeko.

31. artikulua.– Gobernu Batzordearen funtzioak.

Honako funtzio hauek dagozkio Elkargoaren Gobernu Batzordeari:

1.– Estatuko edo Erkidegoko lege xedapenek emandako horiek, Elkargo Profesionalen arloan idatzitakoak edo idatziko direnak.

2.– Batzordeak berak jarritako eta lanbiderako interesgarriak eta beharrezkoak izan daitezkeen gai horiek elkargokideen erabakiaren esku uztea, elkargokideen parte hartzea areagotzeko.

3.– Ordezkatzen dituen elkargokideen eskubideak eta prestigioa defendatzea, elkargokidea edozein izanda ere, lanbide arloan isekak, gutxiespenak, begirunerik eza edo ezjakintasunengatiko mesprezuak pairatuko balitu.

4.– Batzar Nagusiari elkargokideek ordaindu beharreko ohiko eta sartze kuotak proposatzea, horiekin elkargoko kargak eta zerbitzuak mantentzeko.

5.– Batzar Nagusiari elkargokideek ordaindu beharreko aparteko kuotak onartzea proposatzea, helburu zehatzez eta ezohikoez arduratzeko.

6.– Kuoten zenbatekoa batzea Elkargoaren mantentzeaz arduratzeko, baita Estatutuetan adierazitako Elkargoko bestelako baliabide ekonomikoez ere.

7.– Legearen araberako profesionalen erroldaz eta erregistroaz arduratzea. Horretarako, beharrezkoak izan daitezkeen datu guztiak erabiliko dira, informazio egokia eskuratu ahal izateko.

8.– Beharrezkoak diren estatistikak egitea Psikologiarekin lotutako ikasketa, proiektu eta proposamen hobeak egiteko.

9.– Psikologoengan eta elkargokideengan diziplina gaitasuna gauzatzea elkargo ordenan zein ordena profesionalean, Estatutu hauetan azaldutako terminoetan.

10.– Elkargoaren Estatutuak idaztea, horietan aldaketak egitea eta Batzar Nagusiaren onarpenaren esku uztea.

11.– Elkargoaren funtzionamendua eta Barne Erregimeneko arauak egiteaz gain, Batzar Nagusiak onartu beharreko Arau Deontologikoak idaztea, baita Deontologia Batzordearen kideen izendapenak eta kargu uzteak proposatzea ere.

12.– Elkargokideek lege, estatutu eta araudi xedapenak betetzea eta betearaztea, baita Batzordeak berak eta Batzar Nagusiak hartutako adostasunak ere. Era berean, dauden edozein hutsune edo urritasun aldi baterako ordezkatu edo interpretatuko dituzte.

13.– Elkargokideek eskatuta, emandako zerbitzu, proiektu, txosten, eta abarrengatik ordainsariak kobratzeko ahalmena izatea.

14.– Sarrera eta Gastuen urteko aurrekontua egitea eta horien proiektuak onartzea, ondoren, Batzar Nagusiak onesteko.

15.– Urteko kontuak eta jardun bakoitzaren likidazioen aurrekontuak egitea eta horien proiektuak onartzea, ondoren, Batzar Nagusiak onesteko.

16.– Elkargokideen onarpenari buruz ebaztea.

17.– Hauteskundeak deitzea Gobernu Batzordeko karguetarako, horiek aukeratuak izateko behar den guztia izanda.

18.– Ohiko eta Ez ohiko Batzar Nagusiak deitu eta honako Estatutu hauetan adierazitako aurreikuspenen arabera gai zerrenda zehaztu.

19.– Elkargoko fondoak kudeatzea. Premiazko jarduera edo gastuei buruzko erabakiak hartzea. Horiek beharrezkoak izan beharko dute eta ez dute aurrekonturik izango. Horiei buruz hurrengo Batzar Nagusian hitz egingo da. Ekonomia arloko funtzio guztiak betetzea eta Elkargoko ondareari dagokionez, diru mugimenduak egin eta zergak ordaintzea. Aurretiaz, Batzar Nagusiaren baimena beharrezkoa izango da, aurrekontuaren % 10 gaindituz gero, Estatutu hauetan adierazten den bezala, eta aplikagarriak diren legeek eskatzen dituzten ahalmenekin.

20.– Helburu profesionala, zientifikoa edo kulturala duten hezkuntza programak egitea eta burutzea.

21.– Psikologia arlorako eta Psikologoentzako interesgarriak diren jarduera eta zerbitzu orokorrak egitea.

22.– Euskal Autonomia Erkidegoko, Bizkaiko eta Tokiko Administrazio Publikoekin elkarlanean aritzea, asistentzia psikologikoaren politikak diseinatzeko eta alderdi biek hitzartutako lankidetza edo kudeaketa proiektuak antolatzeko eta garatzeko.

23.– Asistentzia eta aurreikuspen arloetako jarduerak zein zerbitzuak antolatzea eta garatzea.

24.– Lanbiderako interesgarria izan daitekeen edozein gairen ikerketarako edo kudeaketarako Batzorde Delegatuak izendatzea.

25.– Elkargokideen artean sortu daitezkeen arazo profesionaletan bitartekari moduan aritzea, aldez aurretik interesatuek hala eskatuta. Bestalde, egokitu zaizkion gaietan arbitraje funtzioak burutzea, betiere arbitraje araudi orokorraren arabera.

26.– Elkargokideentzat interesgarriak izan daitezkeen eta kalteak eragin diezazkioketen honako kontuak jakinaraztea: elkargo, lanbide, kultur kontuak eta abar.

27.– Elkargokideak defendatzea lanbidean jardutean eta elkargoko babesa ematea bidezkoa eta egokia denean.

28.– Lanerako edo zerbitzuen errentamendurako Elkargoko langileak eta bertan laguntzen ari diren pertsonak kontratatzea. Elkargokideen borondatezko prestazioak onartzea.

29.– Diru-laguntza publikoak edo pribatuak eskatzea eta eskuratzea, horien fondoak eskaini diren helburuetarako erabil daitezen.

30.– Justizia Administrazioan esku hartu dezaketen Psikologo perituen zerrendak prestatzea.

32. artikulua.– Gobernu Batzordeak eskuordetu ezin dituen eskumenak.

Honako hauek dira Gobernu Batzordeak eskuordetu ezin dituen eskumenak:

a) Elkargoan sartzeko ukapenaren aurka berriz jarriko diren baliabideak ebaztea.

b) Hala badagokio, Psikologoen Elkargo Ofizialeko organoen ekintza edo adostasunen aurkako baliabideak ebaztea.

c) Ataleko Zuzendaritza Batzordeak proposatutako atal bakoitzeko Araudiak eta horien aldaketak onartzea.

d) Batzar Nagusiaren ez ohiko batzarren deialdia adostea.

e) Gobernu Batzordearen karguetarako hauteskundeak deitzea, hala badagokio.

f) Estatutu hauetako diziplina araubidean aurreikusitako zigorrak adostea.

g) Estatutuen onartze prozesua eta erreforma bultzatzea.

33. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Gobernu Batzordea Batzorde Iraunkorrean arituko da, hain zuzen Dekanoak, Dekanordeak, Idazkariak, Idazkariordeak eta Diruzainak osatuko dutena.

Batzorde Iraunkorra, gutxienez, bi hilean behin elkartuko da, Elkargoa oporraldiagatik itxita dagoen hilabeteetan izan ezik. Ondo osatuta egoteko, gutxienez, hiru kide bertaratzea beharrezkoa izango da.

Erabakiak gehiengoaren arabera hartuko dira. Botoetan berdinketa egonez gero, Dekanoaren botoak erabakiko du.

Honako hauek dira Batzorde Iraunkorraren funtzioak:

a) Gobernu Batzordearen batzarren gai zerrenda prestatzea.

b) Elkargoaren jardueren jarraipena egitea.

c) Gobernu Batzordeari beharrezkoak zaizkion txosten, irizpen edo proposamenak helaraztea.

d) 3.000 eurotik beherako gastuak onestea, ondoren, Gobernu Batzordearen hurrengo batzarrean berriro ere berretsiko direnak.

e) Gobernu Batzordeak esleitutako eskumen guztiak bereganatzea, eskuordetu ezin direnak izan ezik.

f) Gobernu Batzordeak ordezkatuta, Elkargora sartzeko eskaerak ebaztea.

Batzarrera, Batzorde Iraunkorreko titularrez gain, bertan proposamen bat egin nahi duen edozein elkargokide bertaratu daiteke, proposamen hori Batzordearen erabakiaren esku uzteko. Horretarako, aurretiaz idazkariari jakinarazi behar zaio.

34. artikulua.– Aholku Batzordeak, Lan Batzordeak, Deontologia Batzordeak eta Lanbide Atalak eratzea.

Gobernu Batzordeak honako hauek eratu ahal izango ditu: Aholku Batzordeak eta Lanbide Atalak. Edozein kasutan, Deontologia Batzordea osatuko da. Horrek izaera loteslea duten txostenak plazaratuko ditu; arrazoi deontologikoengatik baloratuko diren lan jardueren diziplina kalifikazioaren ingurukoak. Araudi Deontologiko profesionalari dagozkion gaiei buruz jakinarazteko, ordea, aholku txostenak plazaratuko ditu.

Honako hauek ere osatuko dira edozein kasutan: Hauteskunde Batzordea, Estatutuetan adierazten den bezala, eta Aholku Batzordea, elkargokideei edo erabiltzaileei arreta zerbitzua eskaintzeko 25/2009 Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat egingo da. Hori bere araudiaren arabera araupetuko da, aurretiaz Gobernu Batzordeak onartuko duena.

Batzar Nagusiak araupetutakoaren arabera osatutako Lanbide Atalak bere araudiaren arabera araupetuko dira. Horren bidez, bere ordezkaritzarako organoak aukeratzeko aukeraketa demokratikoa izatea ahalbidetuko zaie. Horretarako, Gobernu Batzordeak bere oniritzia eman beharko du.

ZAZPIGARREN ATALBURUA
ELKARGOKIDEEK GOBERNU ETA HAUTESKUNDE ORGANOETAN PARTE HARTZEA

35. artikulua.– Karguak hautatzean elkargokideek dituzten eskubideak.

Hauteskundeak egin baino 25 egun lehenago elkargokide jardule moduan zehazten direnek aukera dute hautesle eta hautagarri moduan parte hartzeko Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan.

Hauteskundeak egin baino 25 egun lehenago, elkargokide ez jardule moduan zehazten direnek aukera daukate hautesle moduan parte hartzeko Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan. Honako hauek ez dute hautesle izateko eskubiderik izango: hauteskundeak egin baino 25 egun lehenago, euren elkargoko eskubideak eten egin dituen zigor bat betetzen daudenek eta euren kuotak ordaindu ez dituztenek. Honako hauek ez dute hautagai izateko eskubiderik izango: hauteskundeak egin baino 25 egun lehenago, euren elkargoko eskubideak eten egin dituen zigor bat betetzen daudenek eta euren kuotak ordaindu ez dituztenek.

36. artikulua.– Hauteskundeen deialdiaren epea.

4 urterik behin Gobernu Batzordeak ohiko hauteskundeetarako deialdia egingo du, Gobernu Batzordeko postu guztiak betetzeko.

Hauteskundeetarako deialdia, gutxienez hauteskunde eguna baino hiru hilabete lehenago egingo da. Horrez gain, hauteskunde egutegia eta botoa emateko prozedura, boto-kontaketa eta hautagaitzen jakinarazpena zehaztuko dira, bai eta Estatuaren arabera dagozkion errekurtsoak ere.

Estatutu honen 28.artikuluan zehaztutakoaren arabera, ez ohiko hauteskundeetarako deia egitea beharrezko denean, baita beste edozein ez ohiko gertaeragatik ere egin behar denean, hauteskundeetarako deia aurreko paragrafoan zehaztutako aurrerapenarekin egingo da, eta Zazpigarren Atalburu honetako arauak kontuan hartuko dira.

37. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea eta behar bezala aurkeztu direnak jakinaraztea.

Hautagaitza osoak eta itxiak aurkeztu beharko dira, kargu bakoitzerako proposatzen den pertsonaren izenarekin, eta deialdia egin osteko hurrengo bi hilabetetan, Hauteskunde Batzordeari zuzendutako idatzi baten bitartez eta 55 elkargokideen sinaduren bermearekin.

Aurkeztutako hautagaitzek elkargokideei dagokionez, egitura orekatua izan beharko dute. Horrela, zerrenda osoan sexu bakoitzeko gutxienez ehuneko berrogei izango dira.

Hauteskunde Batzordeak modu egokian aurkeztutako hautagaitzak hauteskundeak egin baino 25 egun lehenago jakinaraziko ditu, elkargokide guztiei jakinarazpen bat bidaliko die, eta bertan postaz botoa nola eman azalduko du, baita hori egin ahal izateko txartelak ere eskainiko ditu. Hauteskunde Batzordeak, Elkargoak dituen baliabideen arabera, hautagaitzen propaganda orekatua ahalbidetuko du.

Hiru eguneko epearekin, edozein elkargokidek hautagaien jakinarazpenaren aurka Hauteskunde Batzordean erreklamazioa aurkeztu ahal izango du, beste hiru egunen buruan Hauteskunde Batzordeak ebatziko duena.

Hautagaitza bakarra badago, berau bozketa egunean jakinaraziko da, bozketa egin barik.

37 bis artikulua – Hauteskunde Batzordea.

Egutegiko 15 eguneko epearekin, hauteskundeen deialdia egiten den egunetik hasita, Gobernu Batzordeak 3 kidez osatutako Hauteskunde Batzorde bat izendatuko du. Horretarako, bozketa bat egingo da gutxienez Elkargoan 5 urteko antzinatasuna eta Legeak bateraezinak izateko aurreikusitako arrazoirik ez daukaten elkargokideen artean. Lehenengo Lehendakari lanak egingo dituen Hauteskunde Batzordeko kidea hautatuko da; bigarrenik, idazkari lanak egingo dituena; eta hirugarrenik, bozeramaile bat hautatuko da. Aldi berean, zozketa bidez Hauteskunde Batzordeko kide bakoitzarentzat ordezko bat hautatuko da.

Hauteskunde Batzordeko kideen eta euren ordezkoen izena jakinaraziko da: elkargokideek elkargoko egoitzan dagoen iragarki taulan ipiniz eta elkargoak dituen komunikazio hedabideetan aipatuz.

Hauteskunde Batzordeak Elkargoko egoitzatik beteko ditu bere funtzioak.

Hauteskunde Batzordeko erabakietan bertako kideen gehiengoa kontuan hartuko da.

Hauteskunde Batzordeak hurrengo funtzioak izango ditu:

a) Ontzat emandako hautagaitzen jakinarazpena eta jakinarazpen horren aurka aurkeztu daitezkeen erreklamazioen ebazpena.

b) Elkargoko egoitzara heltzen diren posta bidezko botoen zaintza, hauteskunde mahaiko Lehendakariari eman arte.

c) Hauteskunde mahaiko kideak aukeratzea.

d) Emaitzen aurka aurkeztu daitezkeen erreklamazioen ebazpena.

e) Behin betiko jakinarazpenaren aurka aurkeztu daitezkeen erreklamazioen ebazpena.

f) Hauteskunde prozesu osoa hasieratik bultzatzea, garatzea eta zaintzea, dagozkion erabakiak hartuz.

38. artikulua.– Hauteskunde mahaia.

Hauteskundeak egin baino 5 egun lehenago, BPEOak Bilbon daukan egoitzan, hauteskunde mahaia eratuko da. Mahaiak Lehendakari bat, Idazkari bat eta bi Bozeramaile izango ditu, guztiak elkargokide guztien artean egindako zozketa baten bidez izendatuko dira.

Hautagaiak direnek ezin izango dute mahaian parte hartu. Datorren artikuluan zehazten diren terminoen arabera, pertsona esku hartzaile bat izendatzeko duen eskubideari kalte egin gabe.

38 bis artikulua. – Pertsona esku hartzaileak.

Hautagaitzek hauteskunde mahai bakoitzeko hautagaia ez den esku hartzaile bat izendatu ahal izango dute. Izendatze epea: hauteskundeak egin baino 24 ordu lehenago. Pertsona esku hartzailea bozketa eta zenbaketa prozesu osoan egon ahal izango da.

39. artikulua.– Bozketa.

Gobernu Batzordeko kideak sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bitartez hautatuko dira.

Elkargokideek duten boto eskubidea Gobernu Batzordeak baimendutako txartel ofizialetan gauzatuko dute. Elkargokideak identifikatuko dira botoa ematean; Elkargokidea izatearen agiriarekin, NAN-arekin, gidabaimenarekin edo indarrean dagoen araudiak onartutako beste dokumentu batekin, eta bere botoa kutxa zigilatu batean utziko dute. Mahaiko idazkariak botoa eman duen elkargokidearen izena apuntatuko du.

40. artikulua.– Posta bidezko botoa.

Elkargokideek posta bidez eman ahal izango dute botoa, Hauteskunde Mahaiko Lehendakariari, boto txartela gutunazal itxi baten barruan eta berau beste gutunazal baten barnean. Bertan, Elkargokide izatearen Txartelaren, NAN-aren, Gidabaimenaren edo legeak baimendutako beste edozeinen fotokopia gehituko da. Kanpoko gutunazalean, botoa ematen duen elkargokidearen izena eta zenbakia argi idatzita egon beharko dira.

Posta bidezko botoak Hauteskunde Batzordeak hauteskundeak amaitzeko zehaztuta dagoen ordua baino lehenago bilduko ditu. Itxiera ordua heltzen denean, Hauteskunde Batzordeak posta bidez jasotako botoak Hauteskunde Mahaiko Lehendakariari emango dizkio. Berak boto horiek botoa emateko eskubidea daukaten elkargokideenak direla eta pertsonalki erabili ez dutela konprobatuko du. Kasu honetan, Mahaiko Idazkariak posta bidez botoa eman duten elkargokideen izenak zerrendan markatzen dituenean, Mahaiko Lehendakariak kanpoko gutunazalak zabalduko ditu, botoak kutxan sartuz.

Posta bidezko boto moduan kontuan hartuko dira, hain zuzen, boto mota hauentzat ezarritako jarraipenak bete ostean, bozketa amaitu baino lehenago hauteskunde egoitzara heltzen direnak.

Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du posta bidezko botoak erregistratzeko jarraitu beharreko prozedura eta eurak zaintzeko prozedura, betiere Elkargoaren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak aintzat hartzen badira.

41. artikulua.– Bozketa akta eta zenbaketa prozesua.

Hauteskunde mahaiko Idazkariak bozketa akta eta bertako gorabeherak altxatuko ditu, mahaiko kide guztiek sinatu beharko dute eta bertan badaude, pertsona esku hartzaileek ere. Azken hauek euren kexak adierazi beharko dituzte. Sinadura sinatzaileak ikusten dituen eragozpen guztiekin jar daiteke, azken hauek idatziz.

Bozketa amaitu ondoren, boto zenbaketa publikoki egingo da eta aktan emaitzak jarriko dira.

Saioa itxi eta 24 orduko epean Idazkariak Hauteskunde Batzordeari bozketa aktak eta boto emaileen zerrendak helaraziko dizkio. Hauteskunde Batzordeak esku hartzaileen erreklamazioak eta gainerako intzidentziak aztertuko ditu.

42. artikulua.– Boto zenbaketarako prozedura.

Boto zenbaketarako prozedura hurrengoa izango da:

a) Hautagaitza osoek lortutako botoak zenbatuko dira.

b) Boto gehien lortu duen zerrenda hautatuko da. Berdinketa egonez gero, bozketa errepikatuko da.

Hauteskunde mahaiak baliogabe utziko ditu zirriborroak, zuzenketak edo akats bat egitera bidera dezaketen alterazioak dauzkaten txartelak. Baliogabeak ere izango dira txartel bat baino gehiago duten posta bidezko botoak, txartelak hautagaitza berdinekoak badira izan ezik.

Kasu honetan, txartel bat zenbatuko da.

43. artikulua.– Hautaketaren emaitza jakinaraztea.

Esku hartzaileen erreklamazioen eta gainerako intzidentzien arabera, Hauteskunde Batzordeak bozketa baliogabetzeko akatsik ez badu antzematen, 10 eguneko epean bozketaren emaitzak jakinaraziko ditu. Jakinarazpena egin eta 48 ordura elkargokide guztiei emaitzen berri emango zaizkie, Elkargoko Idazkaritzan egindako publikazio baten bitartez eta erreklamazioak egiteko, bost eguneko epea irekiko da.

Behin erreklamazio epea amaituta, Hauteskunde Batzordeak 10 eguneko epean erreklamazioak ebatziko ditu. Hauteskundeak baliogabetzeko arrazoirik ez dagoela uste badu, behin betiko Elkargoko Gobernu Batzordea Estatutu honetan zehaztutako zenbaketa sistemaren arabera zehazten dena izango da. Horretarako, elkargokide guztiei emaitza jakinaraziko die Elkargoko Idazkaritzan egindako publikazio baten bitartez.

Hautatutako Gobernu Batzordea jakinarazpen egunetik hasita, gehienez hilabete bateko epean, dagokion karguaz arduratuko da.

44. artikulua.– Hautaketa baliogabetzea.

Emandako intzidentzia edo kexen arabera, Hauteskunde Batzordeak hautaketa baliogabetzea erabakitzen duenean, Gobernu Batzordeak Hauteskunde Batzordeak egindako txostena aztertu ostean, hautaketa berri baterako deia zabalduko du. Hautaketa berria gehienez bi hilabeteko epean burutu beharko da, eta horrela, bertan behera utziko da amaierako emaitzen jakinarazpena.

45. artikulua.– Hauteskunde arloko errekurtsoak.

Hauteskunde Batzordeak hauteskunde arloan egindako ebazpenen kontra, edozein elkargokidek Estatutu hauetan aurreikusitako errekurtsoak ipini ahal izango ditu, legeetan aurreikusitakoen aurreiritzirik gabe.

ZORTZIGARREN ATALBURUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

46. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Elkargoaren ondarea.

Elkargoak helburuak betetzeko beharrezko baliabideak izan beharko ditu eta elkargokideek arauen arabera finantziazioa ziurtatuko dute.

47. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomiko motak.

1.– Honakoak dira Elkargoaren ohiko baliabideak:

a) Elkargoan sartzeko Kuotak.

b) Batzar Nagusiak adostutako ohiko eta ezohiko Kuotak.

c) Elkargoak zerbitzuak emateagatiko kontribuzioak.

d) Txostenak, irizpenak, ebazpenak edo kontsultak igortzeagatiko eskubideak, hain zuzen, Gobernu Batzordeak edozein arlori buruz bideratutakoak. Diru sarrera horiek ezin izango dira etorri Elkargoak emandako psikologia zerbitzu batetik.

e) Ziurtagiriak egiteagatiko eskubideak Gobernu Batzordeak finkatuko ditu.

f) Inprimaki ofizialak eta baimendutako zigiluak erostetik eta bestelako zerbitzuak ematetik datozenak.

g) Elkargoaren ondarea osatutako jarduerak, zerbitzuak edo eskubideak sortzen dituzten edozein errendimendu, bai eta euren banku kontuetan sartutako fondoen errendimenduak ere.

2.– Honakoak dira Elkargoaren ezohiko baliabideak:

a) Estatuak, Autonomia Erkidegoak edo erakunde ofizialek, erakundeek edo partikularrek Elkargoari emandako dirulaguntzak edo diru ekarpenak.

b) Edozein izaeratako ogasun eta eskubideak herentziaren bidez edo bestelako titulu baten bidez ondarearen parte izatera igarotzen direnak.

c) Bestelako arrazoi batengatik Elkargoari dagozkion zenbatekoak. Bai kudeaketa lanak egitean, bai aldi baterako edo betiko enkargu bat betetzean, kultura zein ongintzakoa, hain zuzen, ondasunak edo errentak zehaztuta izango dituena.

d) Arauen arabera dagokion beste edozein zenbateko.

48. artikulua.– Baliabideak biltzea.

1.– Sarrera kuotak.

Elkargokideek Elkargoan izena ematean, sarrera Kuota bat emango dute. Gobernu Batzordeak hala eskatuz gero, Batzar Nagusiak kuota horren zenbatekoa finkatu eta aldatzeko aukera izango du.

Bai izena emateko kuotak, bai ohikoak eta ezohikoak, 6 Bis-2 artikuluan elkargokide mota ezberdinei buruz adostutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.– Ohiko kuotak.

1) Ohiko Kuotak dira Elkargoaren biziraupena eta funtzionamendua ahalbidetzen dutenak.

2) Elkargokideek Elkargoak ezarritako kuotak ordaindu beharko dituzte, finkatutako epeetan. Horien zenbatekoa Batzar Nagusiak zehaztuko du, Gobernu Batzordeak urteko aurrekontuetan hala eskatuta.

3) Elkargoaren kuotak sei hilean behin ordainduko dira, dagokion seihileko lehen hilean.

4) Elkargokide batek ordaindu ezean, 11. artikuluaren 2. atalaren arabera, Elkargoak elkargokideentzat ezarritako zerbitzuak ezin izango ditu jaso. Dena den, horiek jasotzeko aukera berriro ere izango du zorra eta Estatutuaren arabera dagozkion errekarguak ordaintzean.

5) Ordaintzeko eskaera egin eta bi hilabete igaro ondoren, Gobernu Batzordeak elkargokideari jakinaraziko dio ezin izango duela psikologo moduan lan egin. Kasu horietan, elkargokideek berriro ere euren eskubideak izateko aukera izango dute, egokia dena eta erreziboak bueltatzeagatik eragindako bankuko gastuak ordaintzen badituzte.

3.– Ezohiko kuotak.

Zordunketei edo ezohiko ordainketei dagokienez, Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak hala eskatuta, ezohiko kuotak ezartzeko eskumena izango du, elkargokide guztiek nahitaez ordainduko dituztenak.

48 bis artikulua.– Zaintza, inbertsioa eta administrazioa.

1.– Zaintza eta inbertsioa.

1) Elkargoaren kapitala, batez ere, berme osoa duten baloreetan inbertituko da.

2) Balore horiek Gobernu Batzordeak adostutako bankuan sartuko dira eta gordailuen gordekinak Elkargoko kutxan gordeko dira. Diruzainak, hain zuzen, horren erantzukizuna bere gain hartuko du.

3) Elkargoak ezingo du Diruzaina ez den beste baten esku utzi diru iturrien kudeaketa lanak.

4) Jarduera ekonomikoak superavitarekin amaituz gero, superavit horren % 0.7 Irabazi Asmorik Gabeko Erakunde batera bideratu daiteke. Erakunde hori Batzar Nagusian hautatua izango da Gobernu Batzordeak hala eskatuta.

2.– Elkargoaren ondarea kudeatzea.

Gobernu Batzordeak Elkargoaren ondarea kudeatuko du. Dekanoak ordainketak antolatzeko lanak gauzatuko ditu.

3.– Kontuak aztertzea.

1) Elkargokideen % 10ek baino gehiagok eskaera zehatz-mehatz egiteko aukera izango du jarduera ekonomikoari dagokion edozein daturen inguruan.

2) Elkargoaren kontuak Ohiko Batzar Nagusiaren deialdia egin denetik batzarra egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago aztertu ahal izango dira, batzarrean bertan onestu daitezen.

4.– Elkargokideak Kontu Azterlariak.

Batzar Nagusiak zozketa baten bidez, batzarrean daudenen artean, Kontu Azterlari izango diren bi elkargokide izendatzeaz gain, bi ordezkari izendatuko ditu. Horiek kargua onartuko dute batzarrean bertan, justifikatutako arrazoi batengatik izan ezik, eta Batzarraren agindupean jardungo dute, aginte hori baliogabetzeko eskumena izango duena.

Batzar Nagusiak Gobernu Batzordearen esku utzi dezake Kontu Azterlariak eta horien ordezkoak izendatzeko ahalmena, kargu horien esleipena elkargokide guztien artean publikoki zozketatzeko asmoz.

Kontu Azterlari diren elkargokideek Gobernu Batzordeak onetsitako Balantzeak nahiz Galdu-Irabazien Kontuak aztertu eta horren berri emango dute; ondoren, Batzar Nagusiaren aurrean aurkezteko.

Azterlari karguak jarduera ekonomiko baten iraupena izango du. Beraz, aztertutako kontu guztiak onetsi ostean, Kontu Azterlariek bere kargua utziko dute.

5.– Kontu Azterlarien zeregina.

Kontu Azterlari diren elkargokideek Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren kontabilitatea, liburu lagungarriak eta gainerako dokumentazio osagarria aztertu ahal izango dituzte, bai eta beharrezko aurrekariak ere. Zeregin hori Elkargoko egoitzan bertan egin beharko da eta bertatik ezin izango da dokumenturik atera. Horrekin batera, Azterlariak Gobernu Batzordeko Diruzainarekin jarriko dira harremanetan.

Aztertze lana, gehienez, hilabete bateko epean egingo da, hain zuzen, Gobernu Batzordeak Balantzea nahiz Galdu-Irabazien Kontua onartzen dituenetik. Gainera, epe hori hurrengo Ohiko Batzar Nagusia egin aurretik amaitu beharko da.

Kontu Azterlariek kargu hori betetzeagatik ezagutzen dituzten datu horiek guztiak isilpean gordetzeko betebeharra dute, agindu zaienaren arabera Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztea beharrezkoa ikusten denean izan ezik. Isilpekotasun betebehar hori apurtuz gero, hala badagokio, Legeak ezarritako erantzukizunei aurre egitea ekarriko du.

6.– Kontu Azterlarien Aktak.

Kontu Azterlariek Balantzeari zein Galdu-Irabazien Kontuei buruzko balorazioen Akta idatzi behar izango dute.

Kontu Azterlari diren elkargokideek beraiek egindako txostena dagokion Batzar Nagusiaren aurrean aurkezteko eta defendatzeko betebeharra dute. Horrez gain, txosten horren kopia bat eman behar izango diote Dekanoari eta Gobernu Batzordeari, batzarra egin baino hamabost egun lehenago.

49. artikulua.– Urteko aurrekontua.

Aurrekontua urtero egingo da, egutegiko egunen arabera, eraginkortasun eta ekonomia printzipioei jarraituz. Bertan, Elkargoak izan dituen Diru Sarrera eta Gastu guztiak ere sartuko da. Era berean, urtero jardueraren balantzea egiteaz gain, kanpoko auditoria bat ere burutuko da.

50. artikulua.– –Urteko aurrekontua gauzatzea.

Gobernu Batzordearen ardurapean egongo da aurrekontua egitea eta Elkargoko zerbitzuen zuzendaritza.

51. artikulua.– Elkargoa desegitea.

Elkargoa desegiteko, dituen helburuak bukatutzat ematean, baino ezin da gertatu. Horretarako, Batzar Nagusiak aurretiaz onetsi behar izango du. Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordeak Likidazio Batzorde gisa jokatuko du. Horren bidez, Batzar Nagusiari gainerako ondasunekin zer egin proposatuko dio, egiteke zeuden betebeharrak kitatu ostean. Ondasun horiek, Psikologiarekin zerikusia duten jarduerak betetzen dituen eta gizarte interesekoak diren eta irabazi asmorik ez duten edozein erakunderi emango zaizkio, Batzar Nagusiak onartu ondoren.

Izaera publikoa duten diru sarrerak beraien araudien arabera erabiliko dira.

52. artikulua.– Eskumenei ezin uko egitea. Ordezkaritza eta galdekapena.

Elkargoko organoen eskumenei ezin zaizkie uko egin eta daukatenek burutuko dituzte, ordezkaritza eta galdekapenari kalte egin barik, hain zuzen, Estatutu hauetan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoak.

53. artikulua.– Hitzarmenen Eraginkortasuna eta Publizitatea.

1.– Egintzen eraginkortasuna.

Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen hitzarmenak nahiz Dekanoaren eta Gobernu Batzordeko gainontzeko kideen erabakiak baliagarriak izango dira eta eragina izango dute ematen diren datatik. Salbuespena honako artikulu honetan adieraziko da: 58. Artikulua.– Elkargoko organoen egintzen aurkako errekurtsoak.

2.– Hitzarmenak jakinaraztea.

a) Elkargoko hitzarmen eta arauak argitaratu behar dira, Elkargoko informazio organoetan sartuz zein mezu elektroniko edo gutunen bidez, Elkargokide guztiak jakinaren gainean egon ahal izateko. Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie hitzarmen horiek zer nolako eragina izan dezaketen beraien eskubide eta interesetan.

b) Elkargokideei hitzarmen baten berri zuzenean eman behar zaienean, edozein gairen inguruan, Elkargoan jasota dagoen helbidean egin ahal izango da, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

c) Jakinarazpenak egiteko, honako legearen artikulua aintzat hartuko da: Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59. artikulua.

54. artikulua.– Gobernu Organoen batzarren aktak.

1.– Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen batzar bakoitzetik, ohiko zein ezohiko batzarretan, Elkargoko Idazkariak Akta egingo du.

2.– Aipatutako Akta horiek, onartuak izan ostean, liburuetara transkribatuko dira, kontuan izanda Batzar Nagusiari eta Gobernu Batzordeari dagozkionak horietatik bereizita egongo direla.

3.– Aipatutako Akta horiek Dekanoak eta Idazkariak edota horiek estatutuen arabera ordezkatzen dituzten pertsonek sinatu behar izango dituzte.

4.– Elkargoko organo ezberdinen Aktak behar bezala gorde eta artatu behar izango dira, baita kontabilitateari dagokion dokumentazioa ere. Horiek benetakotasuna bermatzen duten sistema tekniko egokiekin egingo dira.

54 bis artikulua. – Ziurtagiri eta inprimaki ofizialak.

Elkargoak aldatu eta zabalduko ditu dokumentazio guztiaren eta psikologia arloko ziurtagiri ofizialen inprimakiak, haien helburua edozein izanda ere, bere lurralde eremuan erabili beharrekoak. Era berean, horri guztiari zerbitzu honen antolakuntza egokituko zaio, dokumentu eta ziurtagiri horiei buruz indarrean dagoen araudiak ezarritakoarekin bat.

Elkargoak erregistro bat izango du edozein dokumentazio pertsonalizatu sartzeko eta irteteko. Erregistroak horietan idatzitakoa ziurtatzeko eta justifikatzeko funtzioak izango ditu.

55. artikulua.– Legeei eta Elkargoaren egintzen estatutuei men egitea.

Elkargoaren egintza guztiek men egin beharko diote, honako Estatutu hauetan zehazki aurreikusten ez denean, legezkoak eta aplikagarriak diren arauzko arauei. Bere izaera kontuan izanda, administrazio arloko arau orokorrei edo zibilei men egin beharko die, eta horren ondorioz, jurisdikzio batean zein bestean errekurritzeko modukoak izango dira.

Jakinarazpenak egintza eman denetik, hamar eguneko epean egin behar izango dira, eta ebazpenaren testu osoa ere izan beharko dute. Testuak honako hau adieraziko du: administrazio arloan behin-behinekoa den ala ez, dagokion baliabideen adierazpena, bai eta horiek non aurkeztu behar diren (organoa) zein ezartzeko epeak ere, interesatuek haientzat egokiagoa den beste testu bat erabiltzeko aukera ere egongo delarik.

56. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen baliogabetasuna eta deuseztagarritasuna.

Elkargoa Zuzenbide Publikoa duen erakunde moduan aritzean, erabat baliogabeak izango dira elkargoko organoen ondoko egintza hauek:

a) Konstituzioaren babespean dauden eskubide eta askatasunen oinarrizko edukiari kalte egiten diotenak.

b) Gaigatik edo lurralde eremuarengatik, ezgaia den organo batek emandakoak.

c) Ezinezko edukia duten egintzak.

d) Arau hauste penalaren osagarri direnak edo horren ondorio moduan emandakoak.

e) Legalki ezarritakoari edo Elkargoko organoen borondatearen prestakuntzarako oinarrizko erregelak dituzten arauei jaramonik egiten ez dietenak.

f) Ahalmen eta eskubideak lortzeko beharrezko betekizunak ez daudenean, horiek lortzeko ordenamendu juridikoaren aurkako nahita edo nahi gabe egindako egintzak.

g) Lege mailako xedapenean berariaz ezarritako bestelako edozein.

Ordenamendu juridikoa urratzen duten egintzak deuseztagarriak dira, baita agintea desbideratzen dutenak ere.

57. artikulua.– Baliogabeak diren egintzen berrikuspena.

Dekanoak egintza baliogabe edo deuseztagarri baten berri izanez gero, horiek berrikusteko eta egintza baliogabeak deuseztatzeko ezarritako lege xedapenen arabera jokatuko du.

Lanbidearen berrikuspen prozesua hastean, Dekanoak egintza etetea adierazi dezake.

58. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen aurkako errekurtsoak.

Errekurtsoen prozedura, Elkargoak funtzio publikoetan jarduten duenean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera bideratuko da.

Batzorde Iraunkorraren egintzen eta hitzarmenen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da, lehenik, Batzorde Iraunkorraren aurrean, eta gero, Gobernu Batzordearen aurrean. Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordearen hitzarmenak eta egintzak batzorde horren aurrean baino ezin izango dira errekurritu eta bertan bide administratiboa agortuko da.

Ezohiko kasuetan, bide administratiboa agortu dezaketen elkargoko organoen aurkako berrikuspen errekurtsoa egin daiteke, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitakoaren arabera.

Era berean, interesatuak eskatu ahal izango du eta errekurritzeko diren egintzak eteteko erabaki, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.

BEDERATZIGARREN ATALBURUA
DIZIPLINAZKO ETA SARIEI BURUZKO ERREGIMENA

59.– Artikulua.– Erantzukizuna.

Elkargokideek jarduera profesionala burutzean, legeek zehaztutako erantzukizun zibil eta penalen nahiz Estatutu hauetan ezarritako diziplinazko erantzukizunen menpe daude.

Elkargokidea izatearen bidez, Elkargoaren diziplinazko erregimena onartzen dute elkargokideek. Horren barruan daude elkargokidearen betekizunen eta arau deontologiko profesionalen hausturei soilik aurrea hartzeko eta zuzentzeko eskumenak, orokorrean ezarrita.

1.– Eskumenak eta elkarlana.

Bizkaiko PEOren kideek jarduera profesionala beste lurralde batean burutzen badute, edo beste PEO bateko kideek Bizkaian jarduten badute, jarduera profesionala burutzen den lurraldeko Elkargoari dagozkion antolamenduko eta diziplinazko ahalmeneko eskumenak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen mesedetan gauzatzeari begira, Bizkaiko PEOk beste PEOekin komunikatzeko dagozkion mekanismoak eta elkarlan administratiborako sistemak erabiliko ditu. Hori guztia zerbitzuen jarduerak askatasunez erabiltzeko aukera eta horiek gauzatzeari buruzko azaroaren 17/2009 Legean aurreikusitakoaren arabera. Bizkaiko PEOk edo, hala badagokio, jarduera profesionala burutuko den Lurraldeko Elkargoak ezarritako zehapenek Espainiako lurralde osoan ondoreak izango dituzte.

2.– Diziplinazko erantzukizuna. Printzipio orokorrak.

1) Betekizun profesionalak edo Estatutuetan araututakoak hausten dituzten Psikologoak diziplinazko erantzukizunaren menpe egongo dira, egitate horiengatik izan ditzakeen beste erantzukizun zibil, penal edo administratiboak baztertu gabe.

2) Elkargokideek diziplinazko erantzukizuna izango dute Estatutu hauetan eta Kode Deontologiko honetan ezarritako balizko eta inguruabarretan.

3) Diziplinazko zehapen korporatiboak elkargokidearen izapidean bertan azalduko dira.

59 bis artikulua.– Diziplinari buruzko ahalmenak.

1.– Gobernu Batzordeak diziplinazko ahalmena gauzatzeko eskuduntza dauka.

2.– Diziplinazko ahalmenen barruan daude betebehar profesionalen hausturaren bidezko zehapenak edo, lanbideari dagokionez, jokabideari buruzko arau etikoak.

3.– Diziplinazko erantzukizuna adierazteko aurretik izapidea osatu behar izango da. Ondoren, diziplinazko prozeduran zehaztutako izapideak burutuko dira.

60. artikulua.– Falten sailkapena.

Sailkapen honetan, faltak arinak, larriak eta oso larriak izango dira.

Falta arinak hurrengoak dira:

a) Elkargoak dokumentazio profesionalari lotuta ezarritako arauak ez betetzea.

b) Elkargoak egindako txosten eta bestelako dokumentuei buruzko eskaerei arreta ez ematea.

c) Lankideen arteko errespetu falta, betiere horientzat irain larria ez bada.

d) Publizitate profesionalari buruzko arauak ez betetzea, Publizitateari buruzko Lege Nagusian eta, hala badagokio, hura garatzeko Xedapenetan ezarritakoaren arabera.

e) Jarduera profesionala arautzen duen beste edozein manu haustea, betiere Estatutu hauen arabera haustura larria edo oso larria ez bada.

Falta larriak honako hauek dira:

a) Psikologo batek elkargokidea izan barik lanbidean jardutea eta elkargokidea izatetik salbuetsita egoteko arrazoirik ez bada.

b) Beharkizun profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzako kaltea dakarrenean.

c) 1997ko azaroaren 21eko 18/97 Legearen 11. artikuluan komunikazioari buruz ezarritako beharkizuna ez betetzea.

d) Aseguratuta egoteko beharkizuna ez betetzea.

e) Aipatutako Legearen 13. artikuluak zehazten duen jarduera profesionalaren beharkizuna ez betetzea zerbitzu jakin bat eskaintzea eskatu zaionean, hala ez egiteko arrazoi justifikatua dagoenean izan ezik.

f) Lanbide bereko beste profesional batzuen edo lanbide horren gobernu organoen nahiz bere jarduera profesionalaren ondorioz berarekin harremana duten pertsonen edo erakundeen duintasuna modu larrian haustea, baita haiei guztiei fisikoki erasotzea ere.

g) Lehiakortasun desleiala eragiten duten ekintzak, epai irmoaren bidez horrela jokatu duela adierazi denean.

h) Elkargoaren edo honen organoen funtzionamendu egokia oztopatzen duen edozein ekintza.

i) Hutsegiteak: bi urteko epean, gutxienez, bost haustura arin egitea edo urte betean hiru haustura egitea.

j) Modu orokorrean ezarritako arau deontologikoak haustea.

k) Lanbidearen moralari, duintasunari edo prestigioari kalte eragin diezaioketen ekintzak eta ez-egiteak.

l) Hirugarren pertsona bati kaltea eragin diezaiokeen lanbidearen sekretuen haustura larria.

m) Egiari huts egiten dion ziurtagiriak edo txostenak igortzea.

n) Elkargoko organoetan ezarritako karguei dagozkien jarduerak ez betetzea.

Falta oso larriak honako hauek dira:

a) Psikologia lanbidean jardutea horretarako beharrezkoa den titulua izan barik.

b) Beharkizun profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzako kalte larria dakarrenean.

c) Lanbide sekretua haustea.

d) Lanbidean jardutea inhabilitazio profesional egoeran egonda edo debekua izanda bateraezintasun edo galarazpenagatik.

e) Lanbidean jarduteagatik, parte hartzea edozelakoa dela ere, engainuzko delituak egitea.

f) Bi urteko epean, gutxienez, bi haustura larri egitea. Salbuespena, aurreko atalean i) letraz adierazitako haustura da.

g) Lanbidean jardutean zenbait pertsonen duintasunari kalte egitea.

61. artikulua.– Zigorrak. Preskripzioa.

Hurrengo zigor hauetariko bat izan daiteke falta arinen ondorio:

a) Idatziz ohartaraztea, hori elkargokidearen espedientean azalduz.

b) 300 euro baino gehiagokoa izango ez den isuna.

Hurrengo zigor hauetariko bat izan daiteke falta larrien ondorio:

a) Urte bete baino gehiagoko iraupena izango ez duen inhabilitazio profesionala.

b) 301 eta 3.000 euro bitarteko isuna.

Hurrengo zigor hauetariko bat izan daiteke falta oso larrien ondorio:

a) Urte bete eta egun bat eta hogei urte bitarteko inhabilitazio profesionala.

b) 3.001 eta 30.000 euro bitarteko isuna. Urratzaileak hausturarengatik irabaziak izango balitu, isunaren balioa handitu egingo da aurretiaz aipatutako eta aurreikusitako mugetatik urruntzen den irabazi ekonomikoak ebaluatu ostean. Gutxienez, aurreko ataletan adierazitako zenbatekoak ordaindu behar izango ditu, eta gehienez, irabazi ekonomiko horien ebaluazioaren bikoitza.

Isunak kasu bakoitza gertatutako egoeraren arabera kalkulatuko dira.

Aurreko zigorrak edozein ordenaren arduraren kalterik gabekoak izango dira, zigortuek horietan parte hartu izan arren.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak diziplinazko ahalmenagatik jasotako isunen zenbatekoa osorik erabiliko da prestakuntza profesionaleko eta deontologikoko programak bultzatzeko. Horregatik, dagokion prozedurari esker, kasu bakoitzerako ezarri den araudian adierazten diren neurriak hartu eta abiaraziko dira.

Haustura oso larriak hiru urtetan preskribatuko dira, larriak bi urtetan eta arinak urtea igaro ostean; falta oso larriengatik ezarritako zigorrak hiru urtetan preskribatuko dira, falta larriengatik ezarritakoak bi urtetan eta arinak urtea igaro ostean.

62. artikulua.– Deontologia Batzordearen eskumenak eta zigorrak ezartzea.

Gobernu Batzordearen zeregina da elkargokideei zigorrak ezartzea, aurretiaz espedientean zehaztuz. Edozein kasutan, interesatuari audientzia emango zaio, arau edo lege xedapenetan adierazitako printzipioak kontuan izanda, prozedura horiek tramitatzeko.

Gobernu Batzordeak ustez gertatu izan diren falten berri emango dio Deontologia Batzordeari, betiere horien edukiak jarduera profesionalen diziplina kalifikazioari eragiten dionean.

Deontologia Batzordeak dagokion espedientea irekiko du, instruktorea izendatuz, ekintzen edukia ebaluatuz, zigor prozeduren arau edo lege xedapen erregulatzaileak kontuan izanda, eta azkenik, Gobernu Batzordeak berak ebazpenerako azken irizpenak emango ditu. Aipatutako ebazpen hori falten kalifikazioarekin egongo da lotuta.

Zigorren ezarpenaren aurka, Estatutu hauetan eta aplikagarriak diren legeetan aurreikusitako errekurtso arruntek balioko dute, interesatuak ezartzea egokia izan daitezkeen beste batzuei kalte egin barik.

62 bis artikulua.– Zigorrak ezartzea eta errekurtsoen erregimena.

1.– Diziplina prozedurari amaiera ematen dion Gobernu Batzordearen ebazpenaren aurka, interesatuak, hilabeteko epean, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren aurrean birjarpenezko errekurtsoa ezarri ahal izango du. Errekurtsoa ezarri barik aipatutako epea igaro ostean, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako, ez ohiko berrikuste errekurtsoari kalte egin barik.

2.– Errekurtsoa diziplina ebazpena diktatu zuen Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean ezarri ahal izango da.

3.– Ebazpena irmoa denean eta erreklamazio zibila egonez gero, Elkargoak aldeei arbitrajea egitea eskainiko die, inplikatu guztien adostasun osoa beharrezkoa izanik.Kasu honetarako Arbitraje Batzordea, Dekanorde, Presidente eta Deontologia Batzordearen Idazkari karguak betetzen dituztenek osatuko dute.

63. artikulua.– Baja kuotak ez ordaintzegatik.

Ez zaie espedientea irekiko elkargokideak Estatutu hauetako 8. artikuluko c) arrazoiarengatik hartutako bajei.

64. artikulua.– Elkargoko Gobernu Organoak batzarretara ez joatea.

Hamabi hilabeteko epean, Gobernu Batzordeko kideren batek kale egiten badu segidako bi batzarretara edo segidakoak ez diren hiru batzarretara, Gobernu Batzordeak hala adierazita eta adostuta, horrek kargua bertan behera utzi beharko du eta ez du behar izango aurretiaz espedientea irekitzea.

65. artikulua.– Eskumenak.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak, bere Gobernu Organoek hala proposatuta, maila ezberdinetako ohore eta sariak eman ahal izango ditu enpresan edota ordena profesionalean eskuratutako merezimenduen arabera, horien hartzekodun egingo liratekeen pertsonengatik, honako Estatutu hauetan aurreikusitakoa kontuan izanda.

HAMARGARREN ATALBURUA
ESTATUTU HAUEN ERREFORMARI BURUZ

66. artikulua.– Sariak.

1.– Elkargoak eman ditzakeen sariak bi motatakoak izango dira: merezimenduzkoak eta izaera tekniko-zientifikozkoak.

2.– Merezimenduzkoak honakoak izan daitezke:

a) Zorionak ematea eta aipamenak egitea.

b) Domina ofizialen proposamena.

c) Ohorezko kideak.

d) Ohorezko Elkargokideak.

3.– Ohorezko kideak honako hauek izan daitezke: Gobernu Batzordeak hala proposatuta, eta honen ustez, aipamen berezi hori lanbidean lortutako merituengatik merezi duten tokiko edo kanpoko Erakundeak eta Korporazioak.

4.– Gobernu Batzordeak oniritzita, honako hauek izango dira ohorezko Elkargokideak: psikologo izan edo ez izan, Psikologia lanbidearekin loturiko jarduera aipagarriak eta merituzkoak egin dituzten pertsonak. Kategoria hau guztiz ohorezkoa izango da.

5.– Izaera ekonomiko-zientifikoa duten sariak momentuan bertan aukeratutakoak izan daitezke. Horien artean, honako hauek egon litezke:

a) Ikerketa lanei emandako sariak.

b) Elkargoaren bidez argitaratutako eta balio zientifiko nabarmena duten lanak. Gobernu Batzordeak horiek ekoiztuko dituela adostu beharko du.

HAMAIKAGARREN ATALBURUA
SARIEI BURUZKO ERREGIMENA

67. artikulua.– Elkargoak Psikologia ikasleekin duen erlazioa.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak arreta berezia eskainiko dio Psikologia ikasleekin duten erlazioari eta horien parte hartzea elkargokide gazteen jardueretan sustatuko du.

Ondorio hauetarako, Gobernu Batzordeak Ikasle Elkartu izendatu ahal izango ditu azken bi ikasturteetan dabiltzan eta lanbiderako gaitzen duten Psikologiako ikasleak. Zeregin horretan honako hauek kontuan hartuko dira: ikasleen ikasketa merituak, Elkargoak Unibertsitatearekin duen harremana sustatzea eta garatzea edo Elkargoko jardueretan laguntzea.

Ikasle Elkartu izateak, Elkargoko zerbitzuak erabiltzeko eskubideak emango ditu, baita Elkargoak berak prestatutako jardueretan parte hartzeko aukera ere, Psikologo izango direnekin harremanak garatzeko.

68. artikulua.– Honako Estatutu hauen erreforma.

Honako Estatutu hauen erreforma egiteko eskaera Gobernu Batzordeak edo elkargokideen % 15ek hertsatu beharko du. Estatutuen edozein erreforma onartzeko, horretarako egingo den Ez ohiko Batzar Nagusian botoen bi herenen gehiengoa eskatuko da.


Azterketa dokumentala