Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2017ko otsailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
790

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 30ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita Euskadiko Modaren Enpresa Federazioaren eratze-akta eta estatutuak gordailutzea, eta horren berri ematen baita.

Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza honetan hasitako espedientea –Euskadiko Modaren Enpresa Federazioaren eratze-akta eta estatutuak gordailutzea agintzekoa– ikusi ondoren, ebazpena eman da, honako aurrekari hauek oinarri hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko urtarrilaren 20an aurkeztu dira agiriak Euskadiko Modaren Enpresa Federazioaren eratze-akta eta estatutuak gordailutzea eskatzeko.

Bigarrena.– Gordailutzeko aurkeztutako dokumentazioa bat dator sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuarekin, eta aurkeztutako agirien artean honako hauek daude: gordailutze-eskabidea, federazioaren eratze-aktaren eta estatutuen hiru ale, erakunde sustatzaile bakoitzak hartutako eratze-erabakien ziurtagirien hiru ale, eta pertsona sinatzaileen identitatea egiaztatzeko agiriak.

Hirugarrena.– Haren jarduketako lurralde-eremua, 4. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa da.

Egitate horiei zuzenbideko honako oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen. Bada, dekretu horretako 16. artikuluan, Lan eta Justizia Saila sortzen da, zeinari esleitzen baitzaizkio, besteak beste, lan-harremanei dagokienez lan-legeriako exekuzio-arloak eta -funtzioak. Horrez gain, xedapen iragankorretatik lehenengoan zera ezartzen da: harik eta erregelamendu organikoak –azken xedapenetatik lehenengoa– onartu arte, indarrean izango dira Jaurlaritzako sailen egitura eta funtzioak zehazten dituzten arauak, aplikatzekoa delarik apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuko 11.m) artikulua, zeinarekin organo honi ematen baitzaio honako eskumena: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuen gordailuari dagokion bulego publikoa zuzentzeko dena. Azken dekretu horren bitartez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da.

Bigarrena.– Apirilaren 1eko 19/1977 Lege Organikoan eta sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuan jasota dago administrazio-prozedura honetan aplikagarri den funtsezko araudia.

Hirugarrena.– Gordailutzeko dokumentazioa aztertu ondoren, ikusi da zuzenbidearen araberakoa dela, eta, beraz, bidezkoa da aipatu Euskadiko Modaren Enpresa Federazioaren eratze-akta eta estatutuak onartzea gordailutzeko, eta argitara ematea ekintza hori.

Aipaturiko oinarriak eta oro har aplikatzekoak diren xedapenak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Modaren Enpresa Federazioaren eratze-akta eta estatutuak gordailutzeko agintzea (gordailutze-kodea: 76/1/00110).

Bigarrena.– Gordailutze hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Hirugarrena.– Eman den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Laugarrena.– Interesdunek aztertu ahalko dute gordailututako dokumentua, eta horren kopia eskatu, baita inpugnatu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren aurrean, urriaren 10eko 36/2011 Legearen ezarritakoaren arabera (2011ko urriaren 11ko BOE).

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 30a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.


Azterketa dokumentala