Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2017ko otsailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
787

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 7koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Decons Agurain, S.A. enpresak Aguraingo industrialdean (Agurain) sustatu duen hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzeko instalazioari.

AURREKARIAK

2014ko uztailaren 17an, Decons Agurain, S.A. enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Aguraingo udal-mugartean hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzeko instalazio bat jartzeko.

Era berean, Aguraingo Udalaren txostena aurkeztu zuen, 2014ko martxoaren 24koa, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuena.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2015eko urtarrilaren 16an emandako ebazpenaren bidez, Decons Agurain, S.A. enpresak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2015eko otsailaren 16an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2015eko martxoaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Aguraingo Udalari, Arabako Garapen Agentziari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Osasun Sailari.

2015eko ekainaren 15ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betetzeko, Decons Agurain, S.A.ren esku utzi zen espediente osoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horrek atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea du helburu, edo hori ezinezkoa bada, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz ingurumen osoaren babes-maila altua lortzeko.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horiez gain, aipatu legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak hartzen ditu barne baimen honek, baita, eranskin horretan jasota ez egonik, jarduera horrekin erlazio teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurien eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen direnetako jardueraren bat garatzen duten instalazioak ustiatzeko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, arauaren xedea araua aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Decons Agurain, S.A. enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena, saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara isurtzeko baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinen sorrerari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere aginduzko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.

Aipatu uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua tokiko agintarientzat loteslea izango da baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen alderdiei buruzko aipamena egiten denean ere. Aipatutako 28. artikuluan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruzko arau autonomiko aplikagarriei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoan. Adierazitako aginduak aplikatuz, Decons Agurain, S.A. enpresarekin lotutako ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran, aipatutako otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak sartu dira.

Azkenik, instalazioak isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko instalazioari ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazteko, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Europako Batzordearen BREF «Reference Document on Best Available Techniques in the Waste Treatments Industries» txostenaren edukia hartu da kontuan.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Decons Agurain, S.A. enpresak sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren proposamen-ebazpena; 2015eko ekainaren 26koa, Euskadiko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; ekainaren 11ko 5/2013 Legea, hura aldatzekoa; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikazio orokorreko gainerako arauak. Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Decons Agurain, S.A.ri (sozietatearen egoitza: Aguraingo industrialdea 9. partzela, Aguraingo udal-mugartea; IFK: A01310861) ingurumen-baimen integratua ematea Aguraingo udal-mugartean hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzeko instalazio bat jartzeko, ebazpen honen bigarren zenbakian zehaztutako baldintzekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 5.4.d) kategorian dago sartuta jarduera hori:

«5.4.– Hondakin ez-arriskutsuak baloritzatzeko edo balorizatu eta ezabatzeko instalazioak eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Lege Dekretuan bildutakoak izan ezik.

d) Tratamendua hondakin metalikoen birringailuetan, hondakin elektrikoak eta elektronikoak, eta balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak barne.»

Instalazioa Aguraingo industrialdean dago kokatuta, eta, guztira, 40.040 m2 ditu.

Gehienbat autoak desegiteko instalazioetatik datorren automobil deskontaminatuetako txatarra zatitzean, sailkatzean eta birziklatzean datza jarduera (kudeaketa-eragiketa: R12/R4).

Produktu bukatua (hondakin balorizatuak) sektore siderurgikorako (altzairutegi elektrikoak) lehengai gisa erabiltzen da.

Erradioaktibitate-proba bat egiten da ibilgailu guztiak behar bezala deskontaminatuta daudela egiaztatzeko. Materialari adostasuna eman ondoren, palen bidez uhal garraiatzailean jartzen da, ibilgailua errota birrintzaileraino eramateko. Errotaren ahalmena 70-90 t/h-koa da.

Txatarrak eta metal ferrosoak eta ez-ferrosoak berreskuratzeko zatikatzaile bat erabiltzen da; faseka banatuta dagoen sistema bat da, zeinetan lehengaia hainbat osagaitan bereizten baita. Bloke konpaktuak zatikatzailean sartzen dira, eta harri mekaniko batzuen bidez xehatu egiten dira. Zatikatzailearen produkzio-ahalmena eguneko 1.000 tonakoa da.

Hurrengo fasean, piezak xurgatze-tunel batetik igarotzen dira, eta, bertan, materialak bereizten dira, eta pisutsuenak uhal garraiatzailean geratzen dira hurrengo faserako. 70.000 m3/h-ko xurgatze-potentzia duen errota baten bidez egiten da xurgatzea. Bereizgailuaren xurgatze-potentzia 100.000 m3/h-koa da.

Gero, elektroiman birakari baten altzairua eta metala bereizten ditu. Eskuz, kautxuak eta metalarekin batera azal daitezkeen motorren elementu elektrikoak bereizten dira. Altzairua ontzi batean kargatzen da eta galdategi batera bidaltzen da.

Metalak flotazio-fasetik pasatzen dira; 1.000 litroko upel batzuetan egiten da hori, ura, magnetita eta ferrosilizio nahasketa batekin. Bertan, dentsitatez bereizten dira materialak; aluminioak flotatu egiten du, eta gainerako materialak dekantatu egiten dira.

Produkzio-prozesuak sortutako hondakin-urak (garbiketa urak, kamioiak garbitzeko urak eta flotazio-fasetik datozen urak), euri-urekin batera, hidrokarburoen bereizgailu batera eramaten dira, eta, bertatik, ur araztuak ateratzen dira industrialdearen sarerantz (sare hori kolektorearekin lotuta dago).

Ur sanitarioak beste bide batetik bideratzen dira, eta zuzenean poligonoaren kolektorearekin lotzen dira.

Industrialdearen sarera isuritako ura, ondoren, Aguraingo industrialdearen HUAn tratatzen da.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein ez arriskutsuak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Decons Agurain, S.A. enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, honako BREF txosten europarretan jasota daudenak:

● Hondakinen Kudeatzaileen Industriarako BREF txostena (2006ko abuztuko «Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries»).

Proiektuak, besteak beste, hobekuntza tekniko baliagarritzat jo daitezkeen neurri hauek biltzen ditu:

● Hormigoizko euste-hormak jabetzaren mugetan, materialik ez galtzeko eta haizearen eraginpeko azalerarik ez egoteko, horiek isurtze barreiatuak sor ditzaketelako.

● Hormigoizko hormez osatutako box-ak, produktu amaituak biltegiratzeko eta haizearen eraginpeko azalerarik ez egoteko, horiek isurtze barreiatuak sor ditzaketelako.

● Materia osagarriak biltegietan, edukiontzietan edo zaku itxietan biltegiratzen dira, estalpean eta lurzoru zolatuan. Zoladura garbi izateko erraztatzeko makinak erabiltzen dira egunero.

● Erraztatzeko makinak zoruko hautsa kentzeko, isurtze barreiaturik sor ez dadin.

● Ibilgailuen mantentze-lan eta garbiketa egokia (palak, traktoreak, atzerakoak, eskorgak...), isurtze barreiaturik sor ez dadin.

● Kapotak, xurgatzeko uhal garraiatzailean isurtze barreiaturik sor ez dadin.

● Errotaren kapsularatzea, babes akustikorako gailu baten bidez; gailu horrek hormigoizko horma bat dauka (beheko aldean), eta elementu akustiko absorbatzaileak (goiko aldean).

● Instalazioen oinarri iragazgaitza, honako hauez osatua: hormigoia eta drainatze-kutxatilak, hidrokarburoen bereizgailura bideratutako ur industrialetarako eta euri-uretarako hodiekin.

● Lurpeko gasolio-biltegia, horma bikoitzekoa, ihesen detekzio automatikoarekin, bakuometroaren eta gainezka ez egiteko gailuaren bidez, esmalte sintetikoa, babes antikorrosiboa, eta hondar silizeozko 50 cm-ko geruza batez inguratua, garbitua, garbia, sikatua eta buztinik, lohirik, sufre-osagairik eta bildutako materialei kimikoki eraso diezaiekeen osagairik gabea.

Bigarrena.– Decons Agurain, S.A.k Agurainen (Araba) sustatu duen hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzeko jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da seiehun mila (600.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Decons Agurain, S.A. enpresak aldaketa horien berri emango du.

C) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

C.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onartzen diren hondakinak ondorengo ataletan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

C.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Decons Agurain, S.A. enpresak ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, hondakinei dagokien kodea eta sailkapena ematea aipatutako Erabakiaren arabera gauzatuko da, hala nola Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horrek ordeztu du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/CE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Horrela, bada, ondoren adierazitako hondakinak baino ez dira onartuko:

Hondakin metalikoak balorizatzea (%):

(Ikus .PDF)

C.1.2.– Hondakinen sarreraren kontrola.

Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen H atalean adierazitakoa betetzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasota egongo baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Decons Agurain, S.A.k onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Agiri horretan, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak zein baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, baita hondakin-partida hartu aurretik analizatu beharreko parametroak ere.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du buruaskitasuneko eta gertutasuneko printzipioak aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planeko Helburu Estrategikoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planeko Helburu Estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak Ebazpen honen babesean emandako onespen-agiri baten kargura bidali aurretik, agiri hori ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du. Ezingo da Decons Agurain, S.A.k kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onespen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren esanbidez horri buruzko irizpenik egiten ez bada, aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onespen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta iraungitze-data, baldin eta hondakina ez bada entregatzen.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

● Ez onartzeko arrazoia.

● Zer proposatzen den: beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea.

● Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, derrigorrezkoa izango da dagokion onarpen-agiria aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

● Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren atalean jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Baldin eta onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi egin beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko xedearekin, Decons Agurain, S.A. enpresak hondakin horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta giza baliabideak eskuragarri izan beharko ditu une oro.

Ezin bada onartu hondakin bat, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, onarpen-agiri negatiboa egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxeta itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko isurtzerik edo isurtze lausorik ez egoteko, edo, bestela, isurtze horiek ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, ekipoen iragazgaiztasuna funtsezkoa da.

C.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinak gordetzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da.

a) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da.

d) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak nabearen barruan multzotan edo/eta gelaxketan gordeko dira, tratamendua egiteko unea iritsi arte.

e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin-mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakarten hondakinetarako.

f) Hondakinak desagertu, galdu eta ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Aguraingo Udalean.

g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Decons Agurain, S.A. enpresak C.1.1 atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

C.1.5.– Hondakin baliotuen datuen erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Decons Agurain, S.A. enpresak formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da, eta bertan jasoko dira, gutxienez, honako datu hauek:

● Onartutako hondakinen jatorria (sorrera eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

● Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

● Hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak.

● Onartu ez diren hondakin-partidei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta destino alternatiboa).

● Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

● Hondakin-partidak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo destinoa eta partida bakoitzari emandako EHZ kodea.

● Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa, eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak.

Ebazpen honetako C.1.2 atalean aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan araututako erregistroan jasoko dira, eta baita Decons Agurain, S.A. enpresak egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.

Hilean behin igorri beharko zaio Ingurumeneko Sailburuordetzari (ippc@euskadi.eus helbide elektronikora) indarreko urteko informazio metatua, hilean-hilean egindako kudeaketa banakatuta, excel formatuan eta organo honek prestatutako eredua erabili eta beteta.

Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko da, eta urtero bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan –aurreikusitako balorizazio- edo ezabatze-tratamenduaren ondorioz– sortutako korronte esanguratsuren bat hondakindegian ezabatzea, kontsulta bat egin beharko da organo honen aurrean, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketek bat egiten dutela EAEko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa 2020 Planean zehazten diren EAEko hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

C.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.1.1 atalean adierazitako hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta gordetzeko baldintzak eta kontrolak eragotzi gabe, Decons Agurain, S.A.k bermatu beharko du tratamendu-lerroetarako manipulazio eta tratamendu mekanikoko eragiketak zoladura iragazgaitz baten gainean egingo direla beti.

C.2.2.– Kudeatutako hondakinen bizitza-amaierarako bete beharreko baldintzak.

Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, txatar-mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.

Era berean, aipatutako arauaren I. eranskinean finkatutakoarekin bat ez datozen ezaugarriak dituzten kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, hondakin gisako kudeaketa egiaztatuko da, kudeatzaile baimendu baten dagokion onarpen-dokumentua aurkeztuz.

C.2.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.3.1.– Baldintza orokorrak.

Decons Agurain, S.A. enpresaren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketarik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosferako kutsadurari aurre egiteko neurriak daude jasota proiektuan, eta beti beteko dira neurriok. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak hartuko dira: hala nola, agregatu-pilak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Organo horrek foku berri baterako baimena eman ondoren, fokua abian jarri eta sei hilabete igaro aurretik, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako hasierako IKE txostena igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Decons Agurain, S.A.ren instalazioak, zeinaren jarduerari urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko B 09 10 09 06 kodea (txatarra edo gainerako hondakin metalikoak zatikatzeko makinak edo birringailuak) eta C 09 10 09 51 kodea (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, eta material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 100 t/egun eta <500 t/egun-ekoa izango da, eta hondakin arriskutsuena >= 1 t/egun-ekoa) baitagozkio, honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietakoren bat, bataz beste, urtean hamabi aldiz baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala duela, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino gehiagokoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.

Baldin eta urte jakin batean foku sistematiko batentzat ez badira baldintza horiek betetzen, urte horretan ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko, kontrol hori hurrengo urtean egin beharko da, betiere, kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.

C.2.3.3.– Isurketaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurtzeetan, ez dira gaindituko isurtzeen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuko 9 artikuluak ezartzen duena beteko da.

C.2.3.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko C.2.3.2 azpi-atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Isurtze barreiatuak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.2.4.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

C.2.4.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzea:

(Ikus .PDF)

C.2.4.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurtzeen parametroak HUAra egindako etxekoak ez diren isurtzeak arautzen dituen Aguraingo udal-ordenantzan ezarritakoak izango dira –instalazioak horra egiten ditu isurtzeak–, eta zerrenda honetan jasota daude, horietako bakoitzerako zehaztutako gehieneko mugak barnean direla:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketako muga-balioak lortzeko.

C.2.4.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hondakin-uren zuzenketa-neurriek edo arazte-instalazioek jarduera hauek dituzte, funtsean:

Produkzio-prozesuko urak eta euri-urak hidrokarburoak bereizteko gailu batera bideratzen dira, eta, hortik, ur araztuak ateratzen dira gune industrialerantz; bertan, Aguraingo industrialdeko kolektorearekin lotzen dira.

C.2.5.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da eta, horretarako, balorizatzeko gune baimendu batera eraman behar da. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da baliotzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baldin eta aurreikusten bada zabortegi baimenduan deuseztatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak –hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena– xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-diferentziak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartuta. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (4.d atala) ezarritakoari kalterik eragin gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete; bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu eta ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Aguraingo Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarria bete beharko da.

C.2.5.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:

1. prozesua: «Zerbitzu orokorrak.»

1. hondakina: «olio erabiliak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/1.

Destinoko eragiketaren kodea: R9.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/6.

EHZ: 13 02 05.

Urtean sortutako kantitatea: 2.500 kilogramo.

Makineriako olioa aldatzean sortzen da; olio mekaniko eta hidrauliko erabiliak dira.

Hondakin horretarako identifikatutako bidoian jasotzen da, eta, ondoren, bidoia hondakinen biltegira eramaten da.

2. hondakina: «berunezko bateriak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/2.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C18/23.

Arrisku-ezaugarria(k): H8.

EHZ: 16 06 01.

Urtean sortutako kantitatea: tona 1.

Beruna eta disoluzio azidoa duten bateria erabiliak birjartzeko eragiketetan sortzen da.

Hondakin horrentzako berariazko eremuan jarrita eta identifikatuta dagoen edukiontzian biltzen da.

3. hondakina: «metal astunak dituzten pilak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/3.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C11/16/22.

Arrisku-ezaugarria(k): H6.

EHZ: 20 01 33.

Urtean sortutako kantitatea: Unean unekoa.

Pila agortuak birjartzeko eragiketetan sortzen da, eta eraginkorragoa denez, elkartuta biltzen dira; merkurioa, kadmioa, zinka eta metalezko beste oxido batzuk dituzten pilak dira.

Hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira, horretarako berariazko eremuan.

4. hondakina: «hodi fluoreszenteak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/4.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C16.

Arrisku-ezaugarria(k): H6.

EHZ: 20 01 21.

Urtean sortutako kantitatea: Unean unekoa.

Merkurioa duten lanpara erabiliak birjartzeko eragiketetan sortzen da.

Hondakin horretarako identifikatutako kutxan jasotzen da; bidoia leku berezi batean kokatuta dago.

5. hondakina: «ekipo elektrikoak eta elektronikoak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/4.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C6/16/18.

Arrisku-ezaugarria(k): H6/14.

EHZ: 16 02 13.

Urtean sortutako kantitatea: Unean unekoa.

Ekipo elektrikoak eta elektronikoak birjartzeko eragiketetan sortzen da; baztertutako ekipo ofimatikoak dira.

Hondakin arriskutsuen biltegian hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen da.

6. hondakina: «olio-iragazkiak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/1/5.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/14.

EHZ: 16 01 07.

Urtean sortutako kantitatea: Unean unekoa.

Ibilgailuen eta makinen mantentze-lanetako eragiketetan sortzen da; erabilitako olio-iragazkiak dira.

Hondakin horretarako identifikatutako bidoian jasotzen da, eta, ondoren, bidoia hondakinen biltegira eramaten da.

2. prozesua: «Hondakin-uren tratamendua».

1. hondakina: «olio-lohiak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/2/1.

Destinoko eragiketaren kodea: D13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 130502.

Urtean sortutako kantitatea: 9 tona.

Danbor birakariko uren dekantazio-piszinan eta hidrokarburodun uren dekantagailuan sortzen dira; ur horiek zolako euri-uretatik eta ferrosiliziodun piszinatik datoz. Batik bat hidrokarburoak dituzten lohiak dira.

Hondakina sortzen den puntuan jasotzen da zuzenean baimendutako kudeatzaileari entregatzeko.

2. hondakina: «hidrokarburoak dituzten urak».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/2/2.

Destinoko eragiketaren kodea: D13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 130507.

Urtean sortutako kantitatea: 1,5 tona.

Zolako euri-uretatik datozen hidrokarburodun uren bereizgailuan sortzen da. Hidrokarburoak dituzten urak dira.

Hondakina sortzen den puntuan jasotzen da zuzenean baimendutako kudeatzaileari entregatzeko.

3. prozesua: «Hondakinak elkartzea».

1. hondakina: «xurgatzaileak, iragazkiak eta zapiak (gai arriskutsuz kutsatutakoak)».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/3/1.

Destinoko eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 15 02 02.

Urtean sortutako kantitatea: 100 kilogramo.

Xurgatzaileak eta ehunak bildu eta pilatzerakoan sortzen da; olioz edo hidrokarburoz bustitako trapuak, material xurgatzaileak, iragazkiak, etab. dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian biltzen da sortzen den postuan edo postuetan. Bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

2. hondakina: «metalezko ontziak (gai arriskutsuez kutsatuak)».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/3/2.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 15 01 10.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontzi hutsak bildu eta elkartzerakoan sortzen da; olioak eta hidrokarburoak eduki dituzten metalezko ontziak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag batean jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

3. hondakina: «plastikozko ontziak (gai arriskutsuz kutsatutakoak)».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/3/3.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 15 01 10.

Urtean ekoitzitako kantitatea: 100 kilogramo.

Ontzi hutsak bildu eta elkartzerakoan sortzen da; olioak eta hidrokarburoak eduki dituzten plastikozko ontziak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag batean jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

4. hondakina: «Aerosolak (hondakin arriskutsuekin kutsatuta)».

Identifikazioa: A01310861/0100003761/3/4.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 16 05 04.

Urtean ekoitzitako kantitatea: 20 kilogramo.

Ontzi hutsak bildu eta elkartzerakoan sortzen da; lubrifikatzaileak, olioak edo bestelako gai arriskutsuak eduki dituzten aerosolak dira.

Hondakin hori identifikatzeko plastikozko kutxan biltzen da, eta hondakin arriskutsuen biltegian uzten da.

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Honako hauek zehazten dituzte: zer hondakin mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen (xehe-xehe jasoak ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek segurtasun-neurri hauek izan beharko dituzte: Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritakoak. Bestalde, itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isurtzearen edo lurruntzearen ondorioz edukirik ez galtzeko.

d) Aurreko puntuan aipatutako ontziak argi, irakurgarri eta ezin ezabatzeko moduan etiketatu beharko dira, eta, betiere, indarreko araudiaren arabera.

e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da.

h) Egiaztatu beharko da kudeatzaile baimenduaren instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako baldintzak betetzen dituela.

i) Decons Agurain, S.A. enpresak sortutako olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko da.

j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinei dagokienez, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Decons Agurain, S.A. enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

l) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Decons Agurain, S.A. enpresak, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

m) Decons Agurain, S.A. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Decons Agurain, S.A.k hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Lajo y Rodriguez SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Decons Agurain, S.A. Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Decons Agurain, S.A. ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako f) eta g) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta n) eta o) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Decons Agurain, S.A. enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.2.5.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Ebazpen honen C.2.5 atalak hondakinen kudeaketarako printzipio hierarkikoei buruz dioenaren arabera, Zatitzearen zati arinak (fluff-light) eta hautsa, 19 10 03 kodean (191004) zehaztutakoez bestelakoak direnak, balioztatu egin beharko dira eta ez dira hondakindegian utziko; sailburuordetza honetan egiaztatu egin beharko da ezabatzea ez den bestelako kudeaketa-proposamen bat, edo, arrazoi teknikoak, operatiboak, ekonomikoak eta abar direla medio, hondakina balioztatzeko ezintasuna justifikatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

e) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

g) Decons Agurain, S.A. Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Decons Agurain, S.A. ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako d), e) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.2.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Decons Agurain, S.A.k lurzorua babesteko neurri hauek hartu beharko ditu:

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bidaliko da txosten hori.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio sustatzaileak ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Lur-mugimenduak egitea dakarten obrak egin behar izanez gero, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen karakterizazioa egin beharko du (lurra, obra-hondakinak, eta abar), jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

Alabaina, obrak egin behar badira aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere jarduerarik eza behar bezala justifikatzen bada.

Aldez aurretik, ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzarentzat proposatutako kudeaketa-modua egokia dela; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da eta egindako analisien kopia bat erantsi:

1.– Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-tik gorako bolumena duten unitateez osatutako lagina hartu ahal izango da; aldiz, afekzio heterogeneoa aurreikusten bada, 500 m3-tik beherako bolumenekoez.

2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, material horiek honako balioa izan beharko dute: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko du laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

3.– Lurretan ez badira gainditzen VIE-A B parametroak, ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoak, edo TPHko 50mg/kg, lur horiek garbiak kontsideratuko dira, eta, beraz, onargarriak baimendutako beteleku batean.

4.– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. atalaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, betiere aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e) atalari jarraikiz.

C.2.7.– Zaratari buruzko baldintzak:

a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira, honako indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa:

D.1.– Atmosferako isurtzeak kontrolatzea.

a) Decons Agurain, S.A. enpresak isuriak kontrolatu beharko ditu, honako informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

D.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira laginketak.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen bigarren idatzi-zatiko C.2.4.2 azpi atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.

D.3.– Zarata kontrolatzea.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira urtean behin: Ld, Le, Ln, LAeq, Ti eta LAeq, 60 segundo. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak egiteko maiztasuna.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

D.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Organo honek lehen aurkeztutako Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena egunean jarrita aurkeztu beharko da, gaur egungo dauden instalazioen multzoa barne hartuta, hala nola I. taldeko jarduerari dagokion edukia, organo honen osatutako eragiketa-prozeduraren arabera. Prozedura hemen dago eskura:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-7932/es/contenidos/manual/informe_preliminar_suelo/es_doc/indice.html

Era berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta, hartara, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).

Gainera, oinarri-txostena edo hasierako egoeraren txostenaren proposamena egin beharko da, hala badagokio, hain zuzen, 16/2002 Legearen 3. artikuluan deskribatzen dena, eta batzordearen jakinarazpenean adierazitako jarraibideen arabera. Europako Batzordearen Jarraibideak emisio industrialei (2014/C 136/03) buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren 22. artikuluko 2. atalaren esparruan, hasierako-egoerari buruzko txostenari buruz. Web-gune honetan dago eskura:

http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=OJ:C:2014:136:FULL&from=ES

Dokumentu horretan deskribatutako metodologiaren aplikaziotik ondorioztatzen bada nahitaezkoa dela oinarrizko txostena egitea, txosten horrek eskatzen dituen datuak lortu ahal izateko ikerketa-estrategia aurkeztuko da. Baina ezinezkoa bada instalazioak lurzorua edo lurpeko urak kutsatzea, hori justifikatzeko memoria aurkeztuko da.

Edozein kasutan, lehenik eta behin, ingurumen-baimen integratuaren peko instalazioak eta horrekin lotura tekniko bat daukatenek erabilitako, sortutako edo isuritako substantzia eta nahasketa arriskutsu guztiak (lehengaiak, produktuak, bitarteko produktuak, azpiproduktuak, isurketak, hondakinak, etab.) zehazki identifikatu beharko dira eta horien kopurua adierazi beharko da. Bigarrenik, substantzia/nahasketa horietako bakoitzak lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeari begira duen garrantzia baloratuko da, baita bitarteko horiei eragiteko arriskuari begira ere. Informazio hori eta instalazioaren operadoreak aurkeztu ahal izan dituen datu kuantitatiboak (lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko ikerlanak, lurpeko uren kontrol- eta segimendu-emaitzak, etab.) aztertuko ditu organoak, eta horren arabera erabakiko du 16/2002 Legearen 3. artikuluan deskribatutako oinarri-txostena edo hasierako egoerari buruzko txostena egin behar den. Txosten horretan jasoko da substantzia arriskutsu garrantzitsuak direla-eta lurzoruak eta lurpeko urek duten kutsaduraren egoera, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko 16/2002 Legearen 12.1.f eta 22. bis. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Atal horretan ezarritakoaren arabera eman beharreko informazioa erakunde egiaztatu batek egin beharko du, 199/2006 Dekretuan eta organo honek onar ditzakeen jarraibideetan ezarritakoaren arabera (199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin beharreko ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena).

D.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumen-zaintzako programa osatzen duten analisi eta txosten ezberdinen emaitzak behar bezala erregistraturik geldituko dira; datuok jakinarazpen baten bitartez Ingurumen Sailburuordetzara igorriko dira, jakinarazpenari erantsitako CD edo DVD batean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak horretarako prestatu duen Ingurumena Zaintzeko Programaren Gidaliburuan ezarritako formatuan, zeina webgune honetan baitago eskuragarri:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-pcc/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgu eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

D.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapena. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurpenen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren ataleko C.2.5 azpiatalean («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Decons Agurain, S.A. enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Decons Agurain, S.A.k instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren atalaren C.2.5 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Decons Agurain, S.A.k, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lokatzen tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horrek ez aurreikusitako isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) idatzi-zatian adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, non aldizka egindako mantentze-lanen eta antzemandako gorabeheren berri eman beharko baita.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat izango dute; eta saiatu behar dira efikaziari eragin diezaioketen isuriak tratamendu-instalaziora joan ez daitezen.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

● Gorabehera-mota.

● Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehaztu daitezkeenak).

● Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

● Izandako ondorioak.

● Epe laburrera aurreikusitako jarduerak, hala badagokio.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Araiako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

● Gorabehera-mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Gertakariaren iraupena.

● Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

● Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioztapena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

● Prebentzio-neurri horiek eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kalte badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugak ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Decons Agurain, S.A.k, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeetarako bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen Adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc,

Horrez gain, organo honen baimena ere eskatu beharko dute, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena).

Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko dute aldaketa gauzatu aurretik, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

l) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 30. artikuluari jarraituz, eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000360 erregistro-kodea esleitzea Decons Agurain, S.A.k Aguraingo industrialdearen 9. partzelan (Agurain) ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM 30N ETRS89, X: 547959 Y: 4744088 Z: 590 m.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni da mugako emisio-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Isurketak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondoriozko gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa denean.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste duenean ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen duenean, edo uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean (ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 16. artikuluak aldatu zuen artikulu hori).

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra badago, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

i) Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen (uztailaren 1eko 16/2002) 25. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, ondorioztatzen bada aldatu egin behar dela.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik emango, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bosgarrena.– Decons Agurain, S.A. enpresari eskatzea erantzun bat eman diezaiela honako gai hauei:

3 hileko epean:

● Urteko kudeaketa-ahalmen maximoa (ez produkziokoa).

● Hondakin metalikoak berreskuratu eta birziklatzeko jarduerarak energia kontsumoa (kWh).

● Lurzoruaren eta lurpeko uren gaineko kontrola eguneratzea eta proposatzea (D.4 puntua).

● Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena eguneratu egingo dira.

Jarduera erabat edo hein batean hasi eta sei hil bete baino lehen:

● ILEen hasierako txostena ezarritako fokuetarako.

Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

● Ebazpen honen bosgarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epe barruan, baldin eta interesdunak ez badu, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatzen.

● Foku berri bat ezartzea dela-eta ILEen hasierako txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea ez betetzea (C.2.3.1 atala).

● Decons Agurain, S.A.ren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Titularrak bere jarduera garatzean erabiliko dituen identifikazio-kodeak hauek dira:

● EU1/361/2014 motako hondakin arriskutsuak sortzea.

● 0100003761 Hondakin ez-arriskutsuak sortzea.

● EUX/009/04 Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea.

● 06-00-2009-1-285 Atmosfera kutsatu dezakeen jarduera.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Decons Agurain, S.A. enpresari, Aguraingo Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 7a.

Ingurumeneko sailburuordea,
(196/2013 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarria).

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala