Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2017ko urtarrilaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
112

80/2016 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko Baso-suteetarako Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutakoa, argitara ematea xedatzen duena.

2016ko abenduaren 27n egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko Baso-suteetarako Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, eta horri beharrezko publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulua bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Baso-suteetarako Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, eranskinean jasotzen dena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 27a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN ABENDUAREN 27KO 80/2016 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BASO SUTEETARAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA ONARTZEKO ERABAKIA.

Jaurlaritzaren Kontseiluaren 1998ko otsailaren 3ko erabakiaren bidez, gaur egun indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Baso-suteetarako Larrialdi Plan Berezia onartu zen. Erabaki hori 1998ko martxoaren 23ko EHAAn (zk.:55) argitaratu zen, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren 5/1998 Ebazpenaren bidez (1998ko martxoaren 2koa).

Euskal Autonomia Erkidegoko Baso-suteetarako Larrialdi Plan Berezi honek gaur egun indarrean dagoena ordezkatzen du. Plan berri hau aurreko planaren berrikusketaren ondorioa da, lortutako esperientzia aprobetxatuz eta 1998an onartu zenetik gertatu diren antolaketa- eta lege-aldaketak kontuan hartuz egindakoa.

Hain zuzen, legearen ikuspuntutik kontuan hartu behar da 1998tik aurrera mendiak, haien babesa eta baso-suteak arautzen dituen araudia nabarmen aldatu dela, baita baso-suteetarako babes zibileko plan bereziak egiteko oinarrizko gidalerroa ere. Halaber, larrialdiak kudeatzeko euskal legea aldatu da eta estatuko babes zibileko sistemari buruzko lege berri bat dago, 1985eko lege zaharra indargabetu zuena.

17/2015 Legeak, uztailaren 9koak, Babes Zibileko Sistema Nazionalarenak, jasotzen du baso-suteetarako plan bereziak egin behar direla (15.3 art.). Lege horren arabera, plan bereziak estatukoak edo autonomikoak izan daitezke, aplikatuko diren lurralde-eremuaren arabera. Plan autonomikoak estatuko babes zibileko sistemara egoki daitezen ziurtatzeko, plan horiek babes zibileko oinarrizko arauan ezarritakoaren arabera egin behar dira. Arau horrek, 17/2015 Legearen 13 artikuluaren arabera, «hauek ezartzen ditu: larrialdi-arriskuak identifikatzeko oinarrizko jarraibideak eta arrisku horiek osorik kudeatzeko jarduerak, babes zibileko planak prestatzeko gutxieneko edukia eta irizpide orokorrak, eta behar diren jarduerak benetan eraginkorrak izateko organo eskudunek egin beharreko garapen-lanari buruzkoak».

Babes zibilari buruzko Euskadiko araudiari dagokionean, planak arau hauek ezarritakoa bete behar du: Larrialdiak Kudeatzeko 1/1996 Legea, apirilaren 3koa, apirilaren 21eko 5/2016 Legeak aldatu zuena, eta 153/1997 Dekretua, Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituena.

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 17. artikuluan eta 153/1997 Dekretuan baso-suteetarako plan berezi bat egin behar dela jasotzen da. Plana Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu behar du; betiere Babes Zibileko Batzordeak txostena egin eta gero.

Halaber ezartzen du plan berezi horrek baso-suteei aurre egiteko plan bereziak aurreikusi beharko dituela, arrisku horren aurka egiteko lurralde historikoetako organo eskudunek egin eta onartutako jarduteko foru-planak, arrisku horretarako gidalerroen arabera egindakoak. Baso-suteetarako Plan Bereziak zehaztu egin beharko ditu Autonomia Elkarteak Jarduteko Foru Planari laguntzeko eta bitartekoak eta baliabideak emateko mekanismoak. Plan horrek, halaber, arriskuaren larritasun-mailak sailkatuko ditu, behin maila batetik aurrera Eusko Jaurlaritzako agintarien zuzendaritza- eta koordinazio-lana ziurtatzeko beharrezkoak diren antolakuntza-prozedurak martxan jartzea eskatzen baitute. Jarduteko foru-plan horiek Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak homologatuko ditu eta dagozkien plan berezietan sartuko ditu (LKLren 17.2 artikuluko azken paragrafoa).

893/2013 Errege Dekretuak, azaroaren 15ekoak, Baso-suteengatiko larrialdietarako babes zibila planifikatzeko oinarrizko Gidalerroa onartzen du, eta Plan hau Errege Dekretu horretan ezarritakoarekin bat dator alderdi hauei dagokienean: kontzeptua, helburua, egitura eta edukiak.

Plana bete beharreko oinarrizko eginkizunekin ere bat dator: antolakuntza eta prozedurak aurreikustea; estatuko planarekin koordinatzeko mekanismoak eta prozedurak aurreikustea; udal mailarekin artikulatzeko sistemak ezartzea; arriskuak zonifikatzea eta erabili beharreko azpiegituren kokalekua jakitea; autobabesa- eta prebentzio-planak aurreikustea, arrisku-garaiak zehaztea; boluntarioak kokatzeko antolamendu-sistemak aurreikustea; herritarrei informatzeko prozedurak zehaztea, aurreikusitako jardueretarako behar diren baliabide eta bitarteko bereziak katalogatzea.

Hizpide dugun plan berezi honek, 2016ko ekainaren 22an, Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen aldeko txostena jaso du.

Plan hori jendaurrean jartzeko izapidea bete da eta ez da alegaziorik egon.

Babes Zibileko Batzorde Nazionalaren txostena eskatu zen eta, Batzorde horren egoitzan plana jaso zenetik 10 egun baliodun igarota, planari inolako objekziorik jarri ez zaionez, bidezkoa da autonomia-erkidego honetako organo eskudunak onartzea.

Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez eta gaia aztertu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak hau

ERABAKITZEN DU:

«Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko baso suteetarako larrialdi plan berezia onestea.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du».


Azterketa dokumentala