Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2016ko abenduaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5256

AGINDUA, 2016ko abenduaren 1ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Kabineteko lanpostu bat (goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 170 dotazioa) izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Sail honetako kabinetean, goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dago (kodea: 520010; dotazioa: 170). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Halaber, aipatutako eskakizun berberak betez gero, hauek ere parte hartu ahal izango dute baldin eta lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, egoera horrek dirauen bitartean.

Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora bete ez dutenak.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko baldintzak ordura arte betetzen ez dituzten parte-hartzaileak ezin izango dira esleitutako lanpostuaz jabetu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitae-a aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai administrazioan bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak eta hautagaiek egokitzat jotzen dituzten merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epe barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 1a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: Goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 170.

– Kidegoak: C1/D1.

– Lanpostu-mailako osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2013-03-31.

– Tokia: Kabinetea.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

– Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo D1 kidegoetakoa izatea.

– Administrarien kidegoan edo administrari laguntzaileen kidegoan urtebeteko edo urte biko esperientzia izatea, lanpostua kidego horiei atxikita baitago.


Azterketa dokumentala