Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2016ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5164

EBAZPENA, 2016ko urriaren 19koa, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, goi-kargudunaren idazkari lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdia iragartzeko dena.

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoan goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez –520010 kodea, 182. dotazioa–, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duela aintzat harturik, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du erakunde autonomo honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honako haueek ere parte hartu ahal izango dute, betiere lanpostuen zerrendan azaltzen bada deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela: beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute, ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.

3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira baldintzok. Parte hartzeko baldintzak betetzeari uzten dioten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Lehiaren Euskal Agintaritza Erakunde Autonomora bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute.

2.– Hautagaiek, eskaerarekin batera, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Lehiaren Euskal Agintaritza Erakunde Autonomoaren lehendakariaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita.

Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzen lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 19a.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehendakaria,

MARIA PILAR CANEDO ARRILLAGA.

ERANSKINA.

Deialdiko lanpostua: Goi Karguduraren Idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 182.

Kidegoak: C1 administraria / D1 administrari laguntzailea.

Destino-osagarriaren maila: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Kokapena: Lehiaren Euskal Agintaritza.

Herria: Bilbao,

Helbidea: Ercilla kalea, 4 - 2.a (48009 Bilbao)

Hizkuntza-eskakizuna: 2.a,

Derrigortasun-data: 2014-03-31.

Lanpostua eskuratzeko baldintzak:

Gutxieneko lan-esperientzia: administrarien kidegoan urtebete edo administrari laguntzaileen kidegoan bi urte.


Azterketa dokumentala