Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2016ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4647

AGINDUA, 2016ko urriaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsu bat dakar, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen baita. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.

Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako irteerako profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako konpetentzietako bat da hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, eta, diziplina barrukoen artean, berriz, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia dago.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norberaren burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, uneko hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararako, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, konpetentzia eleaniztun bat garatzeko asmoz.

Hori horreta, atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu handienetako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da askotariko giro soziokulturaletara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdean egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat, egonaldiak egiteko.

Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat zabaldu zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.

Beka izan zein ez izan, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.

Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera, udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.

Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste betekizun bat ezarri zen: ekarpen indibidualak egitea, familiaren maila ekonomikoaren arabera, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.

Ildo horretan, deialdi honetan eutsi egiten zaio Administrazioak eta ikasleak egindako ekarpenari, eta, ikasleei dagokienez, bekadunen eta beka bakoen arteko bereizketa ezartzen da, eta horietako bakoitzarentzat plaza kopuru eta ekarpen ekonomiko ezberdinak finkatzen dira.

Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko diru-laguntzak arautzen dituen heinean; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenek, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamena, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdiaren xedea da 533 plazatarako deialdia egitea Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian eta Alemanian 3 asteko egonaldia eta ikastaroak egiteko, 2017ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat dira plaza horiek.

2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 19 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta Matematika Olinpiadetan lehen lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute.

3.– Kontzeptu hauek izango ditu deialdi honetako plaza bakoitzak: EAEko hiru hiriburuetatik egonaldia egingo duen herrialderainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.

4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betetzeko.

5.– Agindu honetako deialdiko plazak finantzatzeko, 2017ko ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egingo duen diru-ekarpenaren zenbatekoa 847.038 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.

6.– Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa eskainitako 552 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitzeko aukera izan daiteke deialdia ebatzi aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Deialdiko plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.

1.– Deialdi honen xede diren ikasleentzako plazak banatuta daude partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan, hezkuntza-mailaren arabera, eta hizkuntza eta herrialde bakoitzeko. Aipatutako partaidetza-kuotak familien egoera ekonomikoari egokitu zaizkio. Hauxe da banaketa:

(Ikus .PDF)

2.– Deialdiko plazak baliatzeko eskubidea izango da baldin eta ikasleak berari dagokion ekarpen ekonomikoa egiten badu.

1. tartea: 170 euro.

2. tartea: 680 euro.

3. artikulua.– Tarteak.

1. tartean sartuko dira eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak.

2. tartean, berriz, aurreko paragrafoan zehaztutako deialdian bekarik jaso ez duten ikasleak.

4. artikulua.– Baldintzak.

Agindu honen bitartez egiten den deialdiko plazak lortzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aurreko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.

b) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritzea eskaera-dataren aurreko bi ikasturteetan (2014-2015 eta 2015-2016), eta azkenengoan funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasi izana hizkuntza hori.

c) Epe-barruan egitea plaza atxikitzen zaion tarteari dagokion diru-ekarpena (2.2. artikuluan jaso da).

d) Aurreko urteetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egindako deialdian plazarik eskuratu ez izana atzerrian hizkuntzak ikasteko; salbuetsita daude baldintza hau betetzetik Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.

e) Beranduenez 2017an betetzea 19 urte.

f) Ezin izango du parte hartu agindu honen bidez araututako laguntza publikoaren deialdian zigor penal edo administratiboren bat duen inork, ezarritako zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galdu badu, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean badago, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 2005/18 Legearen arabera.

g) Ezin izango dira onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.

5. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.

1.– Nahitaezkoa da eskabidea egitea, eredu normalizatuan. Eredu hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus orrian eskuratuko da, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak / Unibertsitatez kanpoko ikasleak atalean. Deialdiari dagokion agindua EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean egongo da eskuragarri inprimaki hori. Adierazitako epe hori igarotzen denean, ezin izango da nahitaezko eskabide hori eskuratu.

2.– Alderdi hauek jasoko dira eskabidean:

a) Eskatzailearen datu pertsonalak: izen-abizenak, jaioteguna, nortasun-agiri nazionala, helbide osoa, harremanetan jartzeko telefonoa/k, helbide elektronikoa eta sexua.

b) Eskabidea egiten den unean zer ikastetxetan eta mailatan dagoen matrikulatuta.

c) Eskatzen den herrialdea, lehentasun-hurrenkeran (3 aukera, gehienez). Eskatutako herrialderako soilik balioko dute eskabideek, eta, herrialderik adierazi ez bada, eskabideak ez du baliorik izango.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken 2015-2016ko ikasturtean bekadun izan den ala ez. Bekaduna izan ez bada, 2. tartean sartuko da eskabidea, eta 680 euroko partaidetza-kuota izango du.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela plazarik lortu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hizkuntzak ikasteko xedez aurretiaz egin dituen deialdietan, eta ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen dion zigor edo desgaikuntzarik.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ikastetxeko zuzendariari ematen diola –hurrengo artikuluak aurreikusitakoa aplikatzeko– eskabidea izapidetzeko ordezkatze-ahalmena.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko 2015-2016ko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu dela eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu dela aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritu dela eskaera-dataren aurreko bi ikasturteetan (2014-2015 eta 2015-2016), eta azkenengoan funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasi duela hizkuntza hori.

i) Aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena ikasleak bidaian joateko eta dagokion atzerriko herrialdean bizitzeko.

3.– Inprimatu egin behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskabide-egileak izenpetu behar du, eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak baimendu behar du.

4.– Inprimatu eta izenpetu ondoren, eskabide-egilea matrikulatuta dagoen ikastetxean entregatuko da eskabidea, artikulu honetako 1. puntuan adierazi den epea amaitu ondorengo lehen egun balioduneko idazkaritza-ordutegia amaitu baino lehen.

5.– Eskabidea egiten duen ikaslearen nortasuna egiaztatuko du ikastetxeak, eta jakinaraziko dio eskabidea dagokion epean eta haren izenean tramitatuko duela, edo zer egunetan jarriko dituen haren esku matrikularen eta noten eskabidea eta ziurtagiria.

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko lekua eta epeak.

1.– Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazen eskaerak egutegiko 10 eguneko epean aurkeztuko dira, 5.1. artikuluan adierazitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, Zuzenean–Herritarrei Arreta Emateko bulegoetan edo Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Beste aukera bat izango da haiek aurkeztea Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan adierazitako lekuetan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroetan.

2.– Baliozkoa izateko, eskabide indibiduala eta ziurtagiri akademikoa –ikastetxeak egin behar du– jaso behar ditu eskabideak. Ziurtagiri horretan agertu behar da ikasleak 2015-2016ko ikasturtean batez besteko zer nota atera duen eskatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan. Era berean, 2014-2015eko eta 2015-2016ko ikasturteetan ikaslea eskatutako hizkuntza edo hizkuntzak ikasten aritu dela ziurtatu behar du ikastetxeak, azken ikasturtean, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean.

Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, ikasitako irakasgai guztiak kontuan hartuta. Lehiaren ondorioetarako, deialdira aurkezten diren ikasleen artean berdintasunaren eta lehia askearen printzipioak beteko direla bermatzeko xedez, ez dira kontuan hartuko Erlijioaren eta Balio etikoen irakasgaietan lortutako notak, batez besteko nota kalkulatzeko.

2015-2016ko ikasturtean, Musika edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea ikasten aritu diren ikasleen kasuan, Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak ere sartuko dira.

3.– Ikastetxeak emango du ziurtagiri akademiko hori bai tramitazio indibidualean bai kolektiboan. Horretarako, prozedura hauetako bat erabili behar du:

a) Ikastetxearen tramitazio kolektiboa.

Ikastetxeak sartu behar ditu eskabideko datuak eta 6.2. artikuluan jasotako datu akademikoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egindako aplikazio informatikoan.

Ikastetxeak, aplikazioa ixteaz batera, izapidetutako eskabideen akta jasoko du; akta horretan agertuko da eskatzaile bakoitza nor den eta zelako datu akademikoak dituen. Ikastetxeak aktaren kopia bat gorde behar du; akta hori ikasleei erakutsi behar die, haiek hala eskatzen badute, jasotako datuak zuzenak diren aztertzeko.

Akta horrek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak izenpetu ondoren, eskabide kolektiboaren izaera izango du, eta artikulu honetako lehen zenbakian adierazten den lekuan, moduan eta epean aurkeztu beharko da.

b) Tramitazio indibiduala.

Aurreko a) letran ezarri den prozedura ez erabiltzea erabakitzen duten itunpeko ikastetxeek horren berri eman behar diete beren ikasleei, eta azken horiei itzuliko dizkiete jasotzen dituzten eskabideak, haiek aurkezteko eskubidea erabili ahal izateko behar den aurrerapen nahikoz. Agindu honen eranskinean jasotzen den ereduaren araberako ziurtagiri akademikoarekin batera itzuliko dute eskabidea.

Artikulu honetako lehen zenbakian adierazten diren leku, modu eta epean aurkeztu behar ditu eskatzaileak eskabidea eta ziurtagiri akademikoa.

4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Udako hizkuntza-ikasketak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

7. artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda alfabetikoa egingo du organo kudeatzaileak, eta bertan adieraziko ditu hauek: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamen hori plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.

3.– 2015-2016ko ikasturteari dagokionez, tarte bietako bakoitzari plazak esleitzeko proposamena honela egingo da: ikasturteko batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batzearen ondoriozko puntuazio onenaren hurrenkeraren arabera.

Berdinketarik badago, errenta indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari.

4.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde batean baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.

5.– Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetako batean plazarik sobera bada, plaza horiek goranzko hurrengo tartean pilatuko dira, herrialde berean eta hezkuntza-maila berean.

6.– Zerrenda hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean jarriko da ikusgai, 6.1. artikuluan eskaerak egiteko emandako epea amaitu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.

7.– Zerrenda alfabetikoan jasotako datuetan akatsik hautematen bada, interesdunek aukera izango dute, hura argitaratu ondorengo 10 egun balioduneko epean, alegazio idatziak aurkezteko Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Datu horiek aldatzeko frogak proposatu beharko dituzte alegazio-idazkian.

8.– Erreklamazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, eta deialdia ebatziko du berak.

8. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du errenta indibidualeko tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan zerrendatuta adieraziko dira lehen esleipenean plaza eskuratu dutenak. Horretaz gainera, ebazpen bat emango du honako honetarako ere: tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adierazteko, eta beste bat baztertu diren eskaerak zerrendatzeko. Azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko dira.

Jakinarazpen-ondorioetarako, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean argitaratuko dira ebazpen horiek.

2.– Baldin eta deialdia ez bada artikulu honetan araututako prozeduraren arabera ebazten eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru hiletan, eskaerak ezetsi egin zaizkiela ulertu behar dute interesdunek, nahiz eta horrek ez duen salbuetsiko Administrazioa duen obligaziotik, berariazko ebazpen bat eman behar baitu.

3.– Deialdi-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epea amaitu baino lehen, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Plazak erreserbatzea.

1.– Lehen esleipenean plaza lortu dutenek, ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, plazen erreserba egin beharko dute, hain justu ere hilabeteko epearen barruan, 8.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik hara.

Plazak aukeratzeko prozedura:

Irlandak eta Erresuma Batuaren kasuan, esleipendun diren ikasleek aukeratuko dituzte plazak, tarte bakoitzerako erreserbatutako ehunekoak errespetatuta, eta talde bakoitzerako berariaz seinalatutako egunetan eta lehentasunezko taldeen arabera, eta Irlanda eta Erresuma Baturako ingeles-plazen kasuan, mailak ere izan beharko dira kontuan. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudea baditzake, lehen egunean plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituta, harik eta plaza guztiak agortzen diren arte. Tarteren bateko plazak agortzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta ondorioz, enpresa esleipendunak adierazten dion baliabidearen bitartez, esleipendunak, tokatzen zaion egunean, libre dauden plaza guztiak aukeratuko ditu lehentasunezko hurrenkeraren arabera ordenatuta. Esleipen-ebazpenean adieraziko da egun baliodunen egutegia eta zer talde esleitu zaion bakoitzari.

Enpresak ezin badu plaza-kopuru hori (100) kudeatu, adierazten den proportzioaren arabera doituko da hautatze-prozedura.

Norbaitek ezin badu plaza aukeratu bere talderako ezarritako egunean, hurrengo egunetan egin dezake, 9.1 artikuluko lehen zenbakian zehaztutako epearen azken egunera bitartean, baina une horretan libre dauden plazen artetik aukeratu beharko du.

Frantziarako eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat herri edota irteera-data egonez gero, ikasleek zer nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako baliabideak erabiliz. 9.1 artikuluko lehen zenbakian zehaztutako epearen azken egunera arteko tartean egin ahal izango dute aukeraketa hori. Enpresa esleipendunak esango die zer herrialde eta irteera-data esleitu zaien. Horretarako, kontuan hartuko du zer tokitan dagoen ikaslea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako zerrendan. Lortutako emaitzen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta zerrenda.

2.– Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta gauzatuko da erreserba. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitu edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.

2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako dirua, aplikatu beharrekoa baita 2. artikuluaren arabera. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.

3.– 9.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunetik bost egunera, enpresek jakinaraziko diote Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.

Plaza horiek bigarren esleipenean esleituko zaizkie erreserbako lehen postuak betetzen dituzten ikasleei, hutsik dauden plazei dagozkien tarteetan.

Esleipen-proposamena www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean argitaratuko da. Esleipendunek plaza zehatzen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatu den enpresarekin, ikastaroa egiteko, jakinaraziko zaien epean. Plaza nola aukeratu eta erreserbatu 9.1 artikuluan dago jasota.

4.– Azken epe hori igaro ondoren, plaza hutsik gelditzen bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz eskainiko dizkie erreserba-egoeran dauden izangaiei, harik eta kontratatutako plaza-kopurua osatzen den arte.

10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusi bada eta gurasoen edo legezko tutoreen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Ikasle adingabeen kasuan, antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak egiteko, guraso edo legezko tutoreekin batera egin beharko du adingabeak joan-etorria, edo adinez nagusi den beste pertsona baten laguntzaz, bestela, baldin eta guraso edo legezko tutoreak horretarako baimena eman badio; horretarako, berariazko baimena eduki behar du.

Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte hemen ezarritako betebeharrak: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.

11. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.

Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk ematen duen edozein laguntza edo diru-laguntzarekin.

Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek; salbuespena izango da ikasleak Matematika Olinpiadetako sari gisa lortu izana plaza.

12. artikulua.– Ordainketak, eta programari uko egitea edo bertan behera uztea

Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bada, bai programan parte hartzen duten ikasleena, bai haien 2. mailarainoko senideena, baldin eta horrek programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, bertan arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea, agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahiko eta egokiak egon behar du, 2017. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala