Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2016ko urriaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4434

EBAZPENA, 2016ko urriaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen xedapen-aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, merkataritza-zona mistoaren ordenantzari dagokionez.

AURREKARIAK

2016ko ekainaren 3an, Amorebieta-Etxanoko Udalak prozedura hau izapidetzen hasteko eskatu zuen: Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen xedapen-aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, merkataritza-zonaren ordenantzari dagokiona (aurrerantzean, plana), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategiko bat aurkeztu ziren, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2016ko abuztuaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak (egoki iritzitakoak) egiteko eskatu zien hainbat erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehatz-mehatz esanda, hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, URAren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen Zuzendaritza (denak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia. Interesatu gisa, Ekologistak Martxan-Bizkaia elkarteari egin zitzaion kontsulta.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta URAren Euskal Agentziak (espedientean daude horien emaitzak) bidali dituzte txostenak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, 6.1 artikuluan aipatutako programetan eta planetan aldaketa txikiak egiteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko da; horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, eta V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen xedapen-aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, merkataritza-zonaren ordenantzari dagokiona (aurrerantzean, plana), Amorebieta-Etxanoko Udalak eskatua, eta honen arabera:

A.– Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen xedapen-aldaketaren helburua hau da: berrikustea eta doitzea arau subsidiarioen eta ondorengo aldaketen bidez merkataritza-zona misto gisa kalifikatutako eremuen erabilera nagusiak, baimenduak eta debekatuak biltzen dituen araubidea, gainerako zonen parametroak edo zehaztapenak aldatu gabe. Edonola ere, hiri-lurzoruaren sailkapenean geratuko da.

Merkataritza-zona mistoaren ordenantzaren 8.1.3 artikulurako proposatzen den idazketa berrian, hipermerkatuko erabilera baimendutzat hartzea izan da irizpidea. Horretaz gain, erabilera horretarako, zehaztapentzat hartuko da hirigintza-antolamenduko irizpide berri bat sartzea; beraz, funtsezko eskakizuntzat hartuko da lotzea erabilera hori eta merkataritza-zona mistoak, udal-sareko bide-sistema nagusiari zuzenean lotuak.

B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioetako merkataritza-zona mistoaren ordenantza berrikustea da planaren helburua, zona horren barneko eremuen erabilera nagusien, baimenduen eta debekatuen araubidea berrikusita eta doituta. Hartutako irizpidearen arabera, hipermerkatuko erabilera baimendua izatera pasatzen da, udal-mugartean merkataritza-gainazal ertainen bat jartzea posible izanik. Horretaz gain, erabilera horretarako, zehaztapentzat hartuko da hirigintza-antolamenduko irizpide berri bat sartzea; beraz, funtsezko eskakizuntzat hartuko da lotzea erabilera hori eta merkataritza-zona mistoak, udal sareko bide-sistema nagusiari zuzenean lotuak.

b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan.

Edonola ere, asmoa da aldaketaren ardatza arau subsidiarioen eta ondorengo aldaketen bidez merkataritza-zona misto gisa kalifikatutako eremuak baino ez izatea, gainerako zonen parametroak edo zehaztapenak aldatu gabe. Nahitaez izapidetu beharko da plan berezi bat, egikaritze-unitateen antolamendu xehatua osatzeko.

c) Eskakizun berria erabilera hori eta udal bide-sistema zuzenean lotuta egotea denez, hiri-mugikortasunaren efizientzia bermatzea da asmoa. Batetik, bermatu egiten da bide-sistemaren dimentsioak egokiak izan daitezela zirkulazioaren arintasunerako; eta, bestetik, eragotzi nahi da erabilera horiek koka daitezela hiri-egiturarekiko loturarik gabe eta oinezkoen irisgarritasuna bermatzen ez duten eremuetan. Hori dela eta, plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin edo programarekin zerikusia duten ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk.

Ez da planari lotutako arazo adierazgarririk atzeman; betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak eta jarduketak –urbanizazio- eta jarduera-proiektukoak– honelaxe egikarituta: segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari buruzko indarreko araudia beteta.

Ildo horretan, positibotzat jotzen da planaren dokumentazioan jasotako zehaztapenak betetzea, hala nola:

– Urbanizazio-proiektuak ingurumena eta paisaia lehengoratzeko programa bat izan behar du barnean, non identifikatzen baitira lehengoratu beharreko zona degradatuak eta horiek integratzeko neurri egokiak.

– 1. eta 2. egikaritze-unitateen aldaketaren eraginpeko eremu batzuk Basarrate errekak zeharkatzen ditu edo haren mugakide dira. Eremu horietan, indarreko sektore-araudia bete behar da, ibaien ekosistemen gaineko inpaktua minimoa izan dadin; horretaz gain, europar bisoia kudeatzeko planean xedatutakoa ere bete behar da (118/2006 Foru Dekretua), erreka hori hobetu beharreko tarte gisa definitu baita plan horretan.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioaren barruan dauden lekuetako lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa behar da, eraginpean egon daitezkeen lurzati guztietarako, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

– Amorebieta-Etxanoko Udalak baieztatu du, zarataren maparen arabera, zona horrek ez dituela betetzen kalitate akustikoaren helburuak erabilera berezi hori izan ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Hala ere, udalak berak proposatu ditu ez-betetze horrek eragindako inpaktua minimoa izateko neurriak, hala nola abiadura murriztea eta antolamendu xehatua diseinatzea, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan aipatutako 37. artikuluan definitutako inpaktu akustikoari buruzko ikerketa oinarritzat hartuta. Hori dela eta, uste dute ezen, prozesuaren amaieran, legez xedatutako kalitate akustikoaren helburuak beteko direla.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Efektuen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez dago ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarritzat hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Amorebieta-Etxanoko merkataritza-zonaren ordenantzari buruzko arau subsidiarioen xedapen-aldaketak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau bidaltzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala