Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2016ko urriaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4429

48/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Asociación de Amigos y Amigas de la República Árabe Saharaui Democrática (RASD) de Álava - Arabako Seaden Lagunen Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, Sahararren Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ahalmenak indartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Asociación de Amigos y Amigas de la República Árabe Saharaui Democrática (RASD) de Álava - Arabako Seaden Lagunen Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, Sahararren Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ahalmenak indartzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 47/2016 EBAZPENARENA
HITZARMENA GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA ASOCIACIÓN DE AMIGOS Y AMIGAS DE LA REPÚBLICA ÁRABE SAHARAUI DEMOCRÁTICA (RASD) DE ÁLAVA - ARABAKO SEADEN LAGUNEN ELKARTEAREN ARTEAN, SAHARARREN ORDEZKARITZAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DITUEN AHALMENAK INDARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria.

Bestetik, María Lourdes Ruiz de Galarreta Gomez anderea, Asociación de Amigos y Amigas de la República Árabe Saharaui Democrática (RASD) de Álava - Arabako SEADen Lagunen Elkartearen presidentea.

ESKU HARTU DUTE:

Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bigarrenak, Asociación de Amigos y Amigas de la RASD de Álava - Arabako SAEDen Lagunen Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.- Mendebaldeko Sahararen egungo egoera soziopolitikoak erakusten duenez, lurralde ez-autonomoa eta deskolonizazioa egiteke duena da, eta Nazioarteko Komunitatea ordezkatzen duen organo gorenaren -hots, Nazio Batzuen Batzar Orokorraren- arabera, ez du jabe legitimorik Saharar Herriaren determinazio librerako erreferendum bat egiten ez den bitartean.

Bizirik irauteko, esparruetako biztanleria kanpoko laguntzaren mende dago erabat, batez ere, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen, Elikagaien Munduko Programaren, Solidaritateko Elkarteen, GKEen eta udal senidetu eta solidarioen laguntzaren mende.

Bigarrena.- Lurralde horretan gutxi gorabehera 300.000 saharar bizi dira. 200.000 lagun inguru errefuxiatuentzako kanpamentuetan bizi dira Tinduf-eko hammadan (Aljeria), prekarietateko eta behin-behinekotasuneko baldintzetan. 12 urtetik beherako haurrak biztanleriaren % 54 dira, eta 15 urtetik gorako emakumeak % 24. Sahararren kopuru zehaztu gabe batek (30.000 inguru) bizimodu nomadari eusten dio eskualdean.

Biztanleria errefuxiatuak, Algeriako estatuaren apopiloak izanda, kanpamentuak dauden guneko lurra eta baliabide hidrikoak erabiltzeko askatasuna du. Kontuan izanda Tindufeko hammada Aljeriako basamortuko gune elkorrenetako bat dela, oso pobrea edozein baliabidetan eta biztanlegune garrantzitsuetatik urrun, saharar errefuxiatuen biziraupena kanpo-laguntzaren mende dago eta, batez ere, herri gisa duten antolamendu-ahalmenaren mende. Antolamendu hori sendotu egin da bere barne-egituran eta kanporantz ere proiektatu da, bere herriaren premiak beste gobernu batzuei helarazteko gai diren ordezkaritza-organoekin eta hainbat oinarrizko premiaren -hala nola osasunaren edo elikaduraren- estaldurari laguntzeko gai direnekin.

Hirugarrena.- EAEk Saharako herriarekin duen solidaritate edo elkartasunak, gutxienez, Marokoren inbasioaren aurka Saharako herriak izandako exodoak bezainbeste urte ditu (1975ean), eta eragile askoren bitartez eta modu ugaritan adierazi da solidaritate hori, gizarteari nahiz erakundeei dagokienez.

Laugarrena.- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.

Bosgarrena.- Indarreko Gida Plan Estrategikoaren arabera, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (aurrerantzean, SEAD aukeran) euskal lankidetzak biltzen dituen lehentasunezko herrialde eta herrien artean dago eta erabat uztartzen da hitzarmen honen esku-hartzearen esparru geografikoarekin.

Seigarrena.- Arabako SAEDen Lagunen Elkartearen funtsezko helburua Saharako herriari elkartasuna adieraztea da bere helburu politiko legitimoak lor ditzan, baita errefuxiatu-esparruetako gizon-emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko ekimenak garatzea ere.

Zazpigarrena.- Lankidetza-harreman luzea dago Arabako SAEDen Lagunen Elkartearen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren -garai bateko Eusko Jaurlaritzaren Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren- artean Saharako herriari laguntzeko, baita haren ordezkaritza-organoei ere.

Zortzigarrena.- Sahararren Ordezkaritza Ofizialaren Bulegoak ordezkaritza-lana burutzen du Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeekin, Saharako herriari laguntzeko erakunde guztien lanaren koordinazioa eta laguntza garapenerako laguntzako eta ekintza humanitarioko proiektuen burutzapenean. Erakunde horrek, gainera, gure ingurunean zenbait programa oso esanguratsu eta euskal gizarte osoa mobilizatzen dutenak ahalbidetzen ditu, hala nola «Oporrak Bakean» programa edo «Sahararen Aldeko Euskal Karabana», urtero egikaritzen direnak.

Saharar Osasun Koordinaziorako Bulegoak erantzun eraginkorra eman nahi die osasun-premiei, kanpamentuetara joaten diren Europako batzorde kirurgikoak koordinatuz, baita kanpamentuetatik kanpo tratatu beharreko gaixoei eskaintzen zaien arreta espezializatua ere.

Ikuspuntu humanitariotik, garrantzitsua da egitura horiei eman beharreko laguntza sendotzea, haien iraunkortasuna ahalbidetuz.

Aurreko guztia kontuan hartuta, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea Tindufeko kanpamentuetan (Aljeria) errefuxiatutako sahararren ongizatea hobetzea da, Saharako Herriari lagunduz autodeterminaziorako eskubidearen aldeko aldarrikapenari dagokionez, giza eskubideen defentsari dagokionez eta giza laguntza emateari dagokionez.

Helburu hori lortzeko, Sahararren Ordezkaritza Bulegoa indartzen jarraitu nahi du proposatutako estrategiak.

Bigarrena.- Hitzarmenaren edukiak.

Lehen helburuari dagokionez, hots, Saharako Herriak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritza bermatzea, lankidetzako eta ekintza humanitarioko proiektuen onuradun den biztanleriak zeregin garrantzitsua izan dezala ahalbidetuz, honako emaitza hauek lortu nahi dira hitzarmen honen esparruan:

Emaitza 1

Sahararren Ordezkaritza Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren sahararrei lagundu die administrazio-izapideak gauzatzen.

Emaitza 2

Sahararren Ordezkaritza Bulegoak erakunde-harremanak ditu euskal administrazioekin.

Emaitza 3

Saharako gatazkaren bilakaeraren eta egungo egoeraren berri dute Euskal Autonomia Erkidegoko eremu politikoan, sozialean, akademikoan eta erakunde-arloko eremuan.

Emaitza 4

Saharako etorkinen erakundeek eta Saharako herriari elkartasuna adierazteko erakundeek egindako salaketa- eta sentsibilizazio-jardunak babestu ditu Sahararren Ordezkaritza Bulegoak.

Emaitza 5

Erakundeek eta euskal elkartasun-mugimenduak sustatutako lankidetza-programak eta -proiektuak koordinatu ditu.

Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzako ideia nagusian zehaztu dira.

Hirugarrena.- Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, 2016ko ekainaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.

Laugarrena.- Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta hirurogeita hamar mila bostehun eta laurogeita hamahiru euro eta berrogeita hamabost zentimo da (270.593,55); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak finantzaketan lagunduko du ehun eta hamalau mila eta laurehun euroko (114.400,00) ekarpenarekin.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, berriz, ehun eta berrogeita hamasei mila ehun eta laurogeita hamahiru euro eta berrogeita hamabost zentimoko (156.193,55) ekarpena egingo du.

Zenbateko horiek honela ordainduko dira:

a) Hirurogeita bi mila laurehun eta hirurogeita hamazazpi euro eta berrogeita bi zentimoko lehen ordainketa (62.477,42), hau da, diru-laguntzaren % 40, Hitzarmena sinatu ondoren.

b) Hirurogeita hemezortzi mila eta laurogeita hamasei euro eta hirurogeita hemezortzi zentimoko (78.096,78 euro) bigarren ordainketa bat, hau da, diru-laguntzaren % 50, aldez aurretik diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbatekoa ekonomikoki justifikatuta. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.

c) Hamabost mila seiehun eta hemeretzi euro eta hogeita hamabost zentimoko (15.619,35) hirugarren ordainketa bat, hau da, diru-laguntzaren gainerako % 10a, aldez aurretik diru-laguntzaren % 72aren baliokidea den edo hortik gorako zenbatekoa justifikatuta. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.

Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.

Bosgarrena.- Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ES32 3035 0012 76 0120093256 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko kontu espezifiko gisa (eurotan). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.

Seigarrena.- Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.- Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, Hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

● Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

● Arabako SEADen Lagunen Elkartearen bi ordezkari, elkartearen legezko ordezkariak izendatuak.

2.- Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan lehenengo egikaritzapen-urtearen bukaeran edota lehenengo txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren; beste behin bigarren egikaritzapen-urtearen bukaeran edota bigarren txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta, azkenekoz, amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.- Ezohiko bilerei dagokienez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak egoki deritzotenean bildu ahal izango dira jarduerak nola doazen aztertzeko.

4.- Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die, eta Administrazioak berak ezarriko ditu administrazio-berezitasunak.

Zazpigarrena.- Hitzarmena suntsiarazteko kausak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Zortzigarrena.- Funtsezko aldaketak.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak baimen-eskaera bidali beharko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, proiektuaren aldaketak edo luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin baino lehen, eta aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoko esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Bederatzigarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia hitzarmena sinatzen den egunean hasiko da eta 2018ko maiatzaren 31n amaituko da.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

SEADen Lagunen Elkartearen aldetik, Lehendakaria, María Lourdes Ruiz de Galarreta Gomez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aldetik, Zuzendaria, Paul Ortega Etchevarry.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala