Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2016ko urriaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4428

44/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Garabide Elkartearen artean Kooperazio Linguistikoaren arloan Hizkuntzak Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikaskuntza prozesu intentsiboa finantzatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Garabide Elkartearen artean Kooperazio Linguistikoaren arloan Hizkuntzak Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikaskuntza prozesu intentsiboa finantzatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 44/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA GARABIDE ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA KOOPERAZIO LINGUISTIKOAREN ARLOAN, HIZKUNTZAK BIZIBERRITZEKO GIDARITZARI BURUZKO IKASKUNTZA PROZESU INTENTSIBOA FINANTZATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailak 28.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari gisa.

Bestetik, Andoni Barreńa Agirrebeitia jauna, Garabideko presidente gisa.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenengoak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bigarrenak, Garabide elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskarak azken hamarraldietan egindako biziberritze-ibilbidea bereziki pertinentea da munduan biziberritzen hasi nahi duten hizkuntzentzat. Eragin positibo handiko lana egin liteke arlo horretan.

Bigarrena.– Kooperazio linguistikoak euskal kooperazioaren ildo garrantzitsua izateko aukera du. Izan ere, baditugu erakunde publikoak eta gizarte-erakundeak kooperazio linguistikoa kalitatez egiteko gaitasuna dutenak. Aukera hori garatzen bada, euskal kooperazioa munduko kooperazioaren mapan profil nabarmen batekin kokatzeko abagunea dago. Kooperazio linguistikoaren lan-ildoa behar bezala sustatuz gero, hainbat gauza lor litezke: 1) Hizkuntzen biziberritzean inpaktu eraldatzaile handiko lana egitea, 2) Munduko kooperazioaren mapan Euskadik funtzio esanguratsua betetzea, eta 3) Euskal komunitatean motibazio gehigarri bat piztea, maila unibertsalean izan dezakegun funtzioak eta mundu mailako harremanek elikatuta.

Hirugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren 1/2007 Legeak tokiko komunitateen, gutxiengoen zein herrien kultura bultzatzea eta horiekiko begirunea ezartzen ditu lankidetzako euskal politikaren printzipio bideratzaile gisa. Era berean, kultura-aniztasuna defendatzea aipatzen du sektoreko lehentasunen artean. Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzako Plan Estrategiko eta Zuzentzaileak kultura-nortasuna sartzen du euskal lankidetzarako lehentasunezko sektoretzat, eta garapenaren kultura-alderdiak duen garrantzia aitortzen du. Hala, bada, kulturaren sektore espezifikoan ekimenak abiaraztea proposatzen du, kultura ahalduntzearen kontzeptuan txertatzeko eta komunitatearen zentzua sendotzeko; gainera, hezkuntza kultura aniztunaren eta eleaniztunaren alde egitearen beharra nabarmentzen du. Horrez gainera, 2015eko martxoaren 6an, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntza-lankidetzaren arloan lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin.

Laugarrena.– Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Lankidetza Zuzendaritzak eta, ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, 2011n sortu zenetik, hainbat proiektu bultzatu dituzte erakunde sozialekin eta unibertsitate-komunitatearekin batera, Latinoamerikako komunitate indigenen kultura-nortasuna indartzen lagundu dutenak. Hezkuntza-estrategien, laguntza teknikoaren zein ikerketen bitartez, eskualde hartako erakunde indigenei laguntza eman diete beren jatorrizko herrien hizkuntza zein nortasuna berreskuratzeko estrategia eta politika eraginkorrak abian jar ditzaten.

Bosgarrena.– Ekainaren 19ko 5/2008 Legeak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen eta arautzen duenak, 3. artikuluan ezartzen du Agentzia horri dagokiola, besteak beste: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideratutako baliabide ekonomikoak eta materialak kudeatzea, garapenerako sentiberatzera eta hezkuntzara bideratutako ekintzak sustatu eta gauzatzea, eta Eusko Jaurlaritzako sailei zein beste euskal administrazio publikoei laguntzea eta horiekin lankidetzan aritzea lankidetzarekin lotutako ekimenak garatzeko orduan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Lankidetzaren Euskal Agentziarekin batera gara dezakeen hizkuntza-lankidetzaren bidez.

Seigarrena.– Kooperazio era berria egiten duen elkartea da Garabide, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza. Garabide irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, AS/G/12143/2005 erregistro-zenbakia duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean 2005eko azaroaren 9an inskribatuta dagoena. Hizkuntza gutxituak dituzten Hegoaldeko herri indigenekin euskararen berreskurapen esperientzia partekatzea da haren helburua, beti ere hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzeak jasangarritasunarekin, giza eskubideen defentsarekin eta ekitatearekin duen nahitaezko ikuspegitik. Partekatzetik, euren ekimenak ezagutu eta modu eragilean euskalgintzaren esperientzia nazioartean zabaldu nahi du.

Zazpigarrena.– Formazioa da, zalantzarik gabe, kooperazio linguistikoaren ildoan munduko hiztun komunitateek agertzen duten behar eta eskari nagusia. Hegoaldeko hizkuntza-komunitateetan hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan, maila askotako formazio beharrak detektatu dira azken hamarraldian, hizkuntza biziberritzeko estrategia orokorrei buruzko formazioa eta hizkuntza garatzeko arlo espezifikoei eta tresnei buruzko formazioa, esaterako.

Zortzigarrena.– Garabideren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-esperientzia 2009. urtean hasi zen garai bateko Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritzaren bitartez. 2011. urtetik aurrera, lankidetza hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez bideratu da. Lankidetza horren bitartez aurrera eraman dira, batetik, hizkuntza biziberritzeko estrategia orokorrei buruzko prestakuntza- eta gaikuntza-ekintzak eta, bestetik, aholkularitza- eta tutoretza-ekintzak.

Hori guztia dela medio, bi aldeek ekintza honetan parte hartzeko lege-gaitasun osoa eta nahikoa elkarri aitorturik, hitzarmen hau sinatzen dute beheko klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da «Hizkuntzak biziberritzeko gidaritzari buruzko ikaskuntza prozesu intentsiboa» aditu titulua antolatzea eta diruz laguntzea. Aditu titulu honen bitartez, Latinoamerika, Ipar Afrika eta Mesopotamian jatorrizko hizkuntzen aldeko erakunde sozialen gaitasun soziolinguistikoak indartzen dira, hizkuntza-gidarien ezagutza gehituz komunitate horien hizkuntza biziberritzeko estrategia eta politika egokiak sortzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

Hitzarmen honek hurrengo hiru emaitza hauek lortuko ditu:

1. emaitza. Ikaskuntza prozesu intentsiboan parte hartu duten hamabi pertsonak hizkuntza-gidaritzako gaitasunetan ahaldundu dira eta ezagutza mailako baliabideak eskuratu dituzte modu parte-hartzailean hizkuntzak biziberritzeko estrategiak sustatzeko beren komunitateetan.

2. emaitza. Euskal Herriko euskalgintzako eta hezkuntzako eragileen artean Hegoaldeko hizkuntza komunitatetan hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren ahaleginen ezagutza areagotu da, berariazko jardunaldien, solasaldien eta esperientzia trukeen bidez.

3. emaitza. Latinoamerikan, Mesopotamian eta Ipar Afrikan zortzi erakundek hizkuntza-biziberritzeko bisio-prozesua lantzeko ariketa burutu dute eta oinarrizko dokumentu bat sortu dute etorkizuneko estrategia zehatzak kokatzeko.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

«Hizkuntzak biziberritzeko gidaritzan ikaskuntza prozesu intentsiboa» aditu-tituludun formazioa 2016ko urriaren 1ean hasi eta 2107ko abenduaren 31an bukatuko da.

Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua ehun eta hogeita hamazazpi mila euro bostehun eta berrogeita bi eta hogeitahiru zentimo (137.542,23) da; kopuru hori zehatuta ageria da erantsitako aurrekontu-taulan.

Garabidek bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak ere, guztira berrogei mila euro eta bostehun eta berrogeita bi eta hogeita hiru zentimoko (42.542,23) ekarpena egingo du.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak larogeita hamabost mila euro eta seiheun eta berrogeita hamazortzi zentimoko (95.658) ekarpena egingo du. Zenbateko hori ordainketa bakar batean ordainduko zaio Garabideri.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gain-finantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.

Garabidek ES17 3035 0044 86 0440028864 banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Ordainketa bakoitzean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.

Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

Garabideko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan proiektua amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.

Iraunaldia bete duelako azkenduko da hitzarmen hau, eta, horrez gain, honako arrazoi hauengatik ere bai:

a) Hitzarmenaren sinatzaileak ados jarri direlako.

b) Jarduerak egitea edo jardunekin jarraitzea beharrezkoa ez izatea edo ezinezkoa izatea eragiten duten zirkunstantziak badaude.

c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Hasitako jardunei dagokienez, aldez aurretik amaitzen badira, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere egikaritutakoa erabilgarria bada.

Alderdiek beren gain hartutako betebeharrak betetzen ez badituzte bete ez duen alderdiari jakinaraziko zaio eta 15 egutegi-eguneko epea emango zaio ez-betetzea zuzentzeko.

Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Koordinakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko ahalko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasi eta 2017ko abenduaren 31n amaituko da.

Adierazitakoarekin ados daudela eta hori guztia onartzen dutela erakusteko, bi aldeek agiri honen bi ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Garabide elkarteko presidentea,

ANDONI BARREŃA AGIRREBEITIA.

I. ERANSKINA
HELBURUAK, EMAITZAK ETA JARDUERAK

Helburu orokorra

Jatorrizko herrietako hizkuntzen biziberritze eta ahalduntze kulturalari ekarpena egiten zaio.

Helburu espezifikoa

Latinoamerika, Ipar Afrika eta Mesopotamian jatorrizko hizkuntzen aldeko erakunde sozialen gaitasun soziolinguistikoak indartzen dira, hizkuntza-gidarien ezagutza gehituz komunitate horien hizkuntza biziberritzeko estrategia eta politika egokiak sortzeko.

Emaitzak

E.1.– Ikaskuntza prozesu intentsiboan parte hartu duten hamabi pertsonak hizkuntza-gidaritzako gaitasunetan ahaldundu dira eta ezagutza mailako baliabideak eskuratu dituzte modu parte-hartzailean hizkuntzak biziberritzeko estrategiak sustatzeko beren komunitateetan.

E.2.– Euskal Herriko euskalgintzako eta hezkuntzako eragileen artean Hegoaldeko hizkuntza komunitatetan hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren ahaleginen ezagutza areagotu da, berariazko jardunaldien, solasaldien eta esperientzia trukeen bidez.

E.3.– Latinoamerikan, Mesopotamian eta Ipar Afrikan zortzi erakundek hizkuntza-biziberritzeko bisio-prozesua lantzeko ariketa burutu dute eta oinarrizko dokumentu bat sortu dute etorkizuneko estrategia zehatzak kokatzeko.

Jarduerak

E.1. emaitzarako jarduerak

J.1.1.– Ikaskuntza prozesua prestatzeko Ipar eta Hegoko eragileen bilera-dinamika eta Latinoamerika, Mesopotamia eta Ipar Afrikako 8 herritako 8 erakundetan hizkuntzaren diagnostikoa eta galdegai nagusiak sintetizatzeko lanketa parte-hartzaile kolektiboa.

J.1.2.– «Jatorrizko hizkuntzak biziberritzeko gidaritza» ikastaroa egitea hiru kontinenteetako, zortzi herrialdetako 6 emakume eta 6 gizonezkoren partaidetzaz, 140 orduko formazio-prozesua betez.

Hau da proiektuko jarduera nagusia. Lau asteko epean gertatuko da «Ikaskuntza prozesu intentsiboa» deitu dugunaren ekitaldi zentrala. Zazpi ikasgaitan banatutako 140 orduko formazioan 22 irakaslek hartuko dute parte. 22 irakasle hauek lau unibertsitate desberdinetako doktore eta irakasleak, erakunde publikoetako kudeatzaile eta teknikariak, soziolinguistikan adituak eta alor desberdinetako teknikariak izango dira.

Halaber, 12 ikasle/partaide izango dira Latinoamerika, Mesopotamia eta Ipar Afrikako 8 erakunde desberdin ordezkatuz.

E.2. emaitzarako jarduerak.

J.2.1.– Hedapen ekintzak: Euskal Herrian Hegoaldeko hizkuntzen biziberritze prozesuak ezagutarazteko «Hizkuntzak biziberritzearen mosaikoa» mintegi edo jardunaldi publikoa* eta euskalgintza nahiz hezkuntzako erakundeekin batera tokiko truke-solasaldiak.

Ikaskuntza prozesu honetan, emaitzetako bat euskal gizartera begira jarri dugu. Euskal gizartean, eta bereziki euskararen biziberritzeari lotuen dauden eragileengan, Hegoaldeko hizkuntza komunitateen prozesuen berri ahalik eta modu gertukoenean ematea helburu garrantzitsua da kooperazio linguistikoaren barruan.

Ez da ahaztu behar euskara ere prozesu ‘berean’ dagoen hizkuntza dela, nolabait, distantzia handiak salbatuta: biziberritze prozesuan dagoen hizkuntza. Eta elkarreraginak, inspirazioak, bi norabideetakoa izan behar duela. Hegotik Iparrerako norabide horretan eragina antolatzea da E.3 emaitzaren helburua.

Helburu horri begira, eta formazio prozesuan (bertako klase, eztabaida eta bisitetan) izango den elkarreragin estrukturalaz gain, beste bi azpi-jarduera antolatuko ditugu:

J.2.1.1.– «Hizkuntzak biziberritzearen mosaikoa» izeneko mintegi edo jardunaldi publikoa.*

*Oharra: Jarduera honen garapena Mondragon Unibertsitatean egingo da, seminario edo mintegi modura, antolakuntzan gastu gehigarririk sortu gabe. Zio gehigarria lortuz gero, jardunaldi publiko bat antolatuko da.

J.2.1.2.– Hitzaldiak eta truke-solasaldiak unibertsitate, ikastetxe eta udal-aretoetan.

Ikaskuntza Prozesura etorritako partaideekin, hitzaldiak eta truke-solasaldiak egingo dira hainbat herri, unibertsitate eta ikastetxeetan. Denera, hamar ekitaldi egingo dira, eta kopuru hau honela banatuko da:

– 3 truke-solasaldi unibertsitateetan.

– 4 truke-solasaldi ikastetxeetan

– 4 truke-solasaldi udal-aretoetan.

E.3. emaitzarako jarduerak

J.3.1.– Latinoamerika, Mesopotamia eta Ipar Afrikako zortzi erakundeetan ikaskuntza prozesuan ekoitzitakoaren sozializazioa eta bisio-prozesua egiteko talde-dinamika burutzea, hizkuntza biziberritzeari buruzko genero ikuspegia ere txertatuz, eta etorkizunerako oinarrizko bisio-dokumentua sortuz.

Jarduera honek ixten du ikaskuntza prozesu honetako zikloa. 140 orduko formazioan landutakoaren helburua partaideen eta beren erakundeen gidaritza gaitasunak eta estrategia gaitasunak hobetzea da.

Partaideak beren herrira itzuli eta beren erakundean bertan itxiko du ikasketa prozesuaren emaitza. Jarduera bat eskatuko zaio horretarako: bere erakundean hizkuntza biziberritzeko gogoeta estrategikoa burutzea, etorkizuneko bisio-elementuetan pisu berezia jarriz. Horretarako, Ikasketa Prozesuan ikasitako material guztia izango du lagungarri, eta bereziki 7. Ikasgaian landutakoa ariketa hau ondo egitera bideratutako materiala izango da.

Erakunde bakoitzak hizkuntza biziberritzeari buruzko gogoeta estrategikoan pauso kualitatibo bat ematea izango da jarduera honen egitekoa. Erakunde hauen nolabaiteko ezagutza badu Garabidek, eta ohartzen gara bakoitzaren egoera, indarrak, diagnostiko maila eta antolaketa gaitasuna oso desberdina dela. Hala ere, denentzat baliagarriak izan litekeen metodologia malgua diseinatuko du Ikaskuntza Prozesu honek, bi ariketen konbinazioaren bidez: «Hizkuntza biziberritzeko oinarrizko bisio-ariketa» eta «Hizkuntza biziberritzeko elementu estrategikoen marrazkia». Bi ariketa hauek, bakoitzak bere modura egingo ditu partaide bakoitzak, bere erakundeko ezaugarrien arabera.

Ariketa hauetan, kontuan hartuko da ikastaroko 6. Atalean landu den «Hizkuntzen biziberritzea eta emakumeen ahalduntzea» atalean landutako ikuspegia. Emakumeen ahalduntzeak hizkuntza biziberritzearekin dituen loturei buruzko gogoeta egingo da kasu bakoitzean,bisio-elementu bezala tratamendu espezifikoa izango du, eta bestetik, metodologian ziurtatuko da emakumeen presentzia egokia gogoeta estrategikoa egiterakoan.

Bi jardunetan banatuko da azken jardunbide hau:

J.4.1.– Partaide bakoitzak bere erakundean gogoeta estrategikoa burutuko du, «Hizkuntza biziberritzeko oinarrizko bisio-ariketa» eta «Hizkuntza biziberritzeko elementu estrategikoen marrazkia» ariketak eginez. Egindakoarekin hizkuntza biziberritzeko bisio-dokumentua osatuko dute. Partaide bakoitzak tutore bat izango du Euskal Herrian, eta J.4.1 prozesu honetan zehar eskura izango du telekonferentzia bidez, zalantzak argitu eta edozertarako bidelagun izateko

J.4.2.– Ekoitzitako bisio-dokumentuaren ebaluazio-saioa. Partaide bakoitzak azken dokumentua bidaliko dio bere tutoreari, eta ebaluazio saio bat egingo da bideokonferentzi bidez. Hiru pertsonak hartuko dute parte ebaluazio horretan. Batetik, epaimahai burua, «hizkuntzak biziberritzeko gidaritza» ikastaroko irakasleen artean hautatua. Bestetik, tutorea. Eta azkenik, hegoaldeko partaidea bera

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala