Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4326

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu, 2016ko irailaren 19ko diktamenean adierazitako moduan, eta irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari, onar dezan.

Beraz, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA
MEDIKUNTZA ETA ERIZAINTZA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea osasun ikasketen arloan graduko tituluak eskuratzeko ikasketak antolatzeko ardura duen ikastegi bat da, eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzeari begirako prozesu akademikoak eta administratiboak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen egoitza Bizkaiko Campusean dago, Sarriena auzoa, z/g, 48940, Leioa helbidean, eta horrez gainera, Erizaintzako Graduaren atala du Gipuzkoan, eta Medikuntzako irakasguneak, hiru campusetan.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak indarrean dauden legeriaren, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera jardungo du, eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, fakultatea barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 7. artikuluaren zehaztapena.

1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Erizaintzako Graduaren atal bat du Gipuzkoan, Begiristain Doktorearen pasealekua, 105, 20014, Donostia helbidean kokatzen dena.

2.– Ataleko dekanorde koordinatzailea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasleren bat izango da, edo, ezinezkoa bada, eskolak bertan ematen dituen irakasleren bat. Errektoreak izendatuko du, ikastegiko dekanoak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko da dekanorde karguarekin.

3.– Ataleko Batzarra honako kide hauek osatua egongo da: ataleko dekanorde koordinatzailea (batzarburua izango da), ikastegiko dekanordea (batzarreko idazkari lanak egingo ditu), eta atalari esleitutako dekano taldeko kideen kopuru bat, dekanoak izendatuko dituena, koordinatzaileak hala proposatuta. Dekanordeen kopurua Oinarrizko Arautegiak ikastegiari dagozkion eta atalari aplikagarri zaizkion dekanordeen kopurua zehazteko emandako irizpideak eta prozedurak aplikatzean zehaztuko da, eta ezin izango du gainditu, inola ere, Ataleko Batzarrerako hautagarri kopuruaren % 10, gainerako sektoreen ordezkaritza nabarmenki ez itxuraldatzeko.

Berezko kideez gainera, Ataleko Batzarra beste 15 kide hauek osatuta egongo da: irakasle-ikertzaile iraunkorren 9 ordezkari, irakasle-ikertzaileen 1 ordezkari, ikasleen 3 ordezkari –ataleko Ikasleen Kontseiluko kide hautetsi izango direnak–, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2 ordezkari.

4.– Fakultateko aurrekontuak bereizita jasoko ditu Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalari dagozkion hornidurak. Atalak bere gain hartuko ditu izapide administratiboak eta aurrekontuaren kudeaketa.

5.– Ataleko Batzarraren funtzionamendua honako arau hauei lotuko zaie:

a) Ataleko Batzarreko kideak hautatzeko, UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrak kide anitzeko organoak hautatzeko ezarritako prozedura errespetatu beharko da. Ahaleginak egingo dira, ahal bada, Ataleko Batzarrerako hauteskundeak Fakultateko Batzarrerako hauteskundeen data berean egin daitezen.

b) Ataleko Batzarreko kide hautetsien agintaldia Fakultateko Batzarreko hautetsienaren luzera berekoa izango da.

c) Ataleko Batzarreko kide izateari utziko zaio Fakultateko Batzarreko kide izateari uzteko kausa berberengatik, eta horiei gehituko zaie Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalari atxikita edo bertan matrikulatuta egoteari uztea.

d) Ataleko Batzarraren gainerako alderdi guztiak Fakultateko Batzarraren funtzionamendurako arau berberei lotuko zaizkie.

6.– Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Ataleko Batzarrak eskumen hauek izango ditu:

a) Ataleko dekanorde koordinatzailea izendatzeko dekanoaren proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontu hornidura kudeatzea.

c) Ataleko dekanorde koordinatzaileari eta dekanordeei laguntza eta aholkularitza ematea, beren eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea, ataleko dekanorde koordinatzaileak hala proposatuta.

e) Gipuzkoako Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea. Ikasleak ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko ditu.

f) Ataleko urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Fakultateko Batzarrari proposatzea Gipuzkoarako berezko tituluen eta masterren eskaintza adierazteko.

h) Taldeak kudeatzea (ikasleak taldeka banatzea, etab.) eta irakaskuntza antolatzea, Gipuzkoako atalean. Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da campus guztietan, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean Erizaintzako Gradurako Gipuzkoako atalean ezarri J)beharreko numerus claususa proposatzea.

j) Fakultateko Batzarrari irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak proposatzea.

k) Fakultateko Batzarrari epaimahaiak proposatzea, ikasleak ebaluatzeko arautegia ezarritako kasuetan, Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalean matrikulatutako ikasleentzat.

l) Ataleko batzordeak eratuko dituzten Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako ataleko kideak izendatzea.

m) Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 80 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta:

– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 48 ordezkari.

– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 4 ordezkari.

– Ikasleak: 16 ordezkari.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 12 ordezkari.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 11. artikuluaren zehaztapena.

Fakultateko Batzarrak Batzorde Iraunkor bat izango du, honako kide hauek osatua egongo dena: dekanoa (batzorde burua izango da); ataleko dekanorde koordinatzailea; idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); ardura goreneko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria; eta, 11 kide gehiago, dagozkien kolektibotako ordezkariek hautatuko dituztenak. Hamaika ordezkari horiek sektoreen artean hautatuko dira, banaketa honen arabera: irakasle-ikertzaile iraunkorren 7 ordezkari; irakasle-ikertzaileen 1 ordezkari; ikasleen 2 ordezkari; eta, AZPko langileen 1 ordezkari.

Fakultateko Batzorde Iraunkorrak Fakultateko Batzarraren eginkizun guztiak eskuordetuta izango ditu, eskuordetu ezinak izan ezik, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 10. artikuluko 3. atalari jarraiki. Era berean, batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arau gisa har daitezke arautegi honetan Fakultateko Batzarrerako ezarritako berberak.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 12. artikuluaren zehaztapena.

1.– Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua izango du, ahal bada, eta, honako kide hauek osatuta egongo da: dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkaria (batzordeko idazkaria izango da); fakultatean emandako tituluetako dekanordeak; fakultatean emandako titulu bakoitzeko irakasle bat; eta, erantzukizun goreneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo hark bere ordez izendatutako pertsona. Parte hartuko du ere fakultateko Ikasleen Kontseiluko buruak edo hark bere ordez izendatutako pertsona. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzordearen eginkizunak eta haren erabakien ondorioak Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasotakoak izango dira.

3.– Akademia Antolakuntzako Azpibatzorde bat eratuko da, fakultatean emandako titulu bakoitzeko. Azpibatzorde horren buru tituluaren dekanordea izango da, eta, harekin batera, honako kide hauek izango dira: tituluaren hiru irakasle (horietako bat azpibatzordeko idazkaria izango da), AZPko langileen ordezkari bat, eta tituluko ikasleen ordezkari bat, zeina fakultateko Ikasleen Kontseiluak izendatuko baitu. Eginkizun hauek izango ditu:

– Bere ikastegian ikasketak baliozkotzeko aurkezten diren eskaerak ebaztea, aldez aurretik dena delako sailen txostena jaso ondoren.

– Irizpide objektiboak zehaztea, Espainiako beste unibertsitate eta/edo unibertsitate ikasketa ofizial batzuetako eta UPV/EHUko bestelako ikasketetako ikasleen espedienteak tituluaren graduko ikasketetara aldatzeko eskariak antolatzeko (lekualdatzeak).

– Irizpide objektiboak zehaztea, atzerrian unibertsitate ikasketak hasita dituzten ikasleek tituluaren graduko ikasketak egiteko egindako onarpen eskariak antolatzeko.

– Irizpide objektiboak zehaztea, tituluaren gradu ikasketak egiteko eskariak antolatzeko, lan esperientzia duten 40 urtetik gorakoen sarbiderako.

– Tituluaren jarduera akademikoa hobetzeko eta antolatzeko proposamenak egitea.

– Tituluaren Akademia Antolakuntzako Batzordeari esleitutako gainerako guztiak.

Erizaintzako Graduko tituluari dagokionez, Akademia Antolakuntzako Azpibatzorde bat egongo da, jarduera irizpide orokorrak finkatuko dituena, eta bi azpibatzorde, bat egoitzakoa eta bestea Gipuzkoako atalekoa. Erizaintzako Tituluaren Akademia Antolakuntzako Azpibatzordea aipatutako bi azpibatzordeetako kideek osatuko dute. Azpibatzorde horren buruan egoitzako eta Gipuzkoako ataleko tituluen dekanordeak txandakatuko dira urtero. Buru ez den dekanordeak, bestalde, azpibatzordearen idazkari lanak egingo ditu.

Egoitzako eta Gipuzkoako ataleko bi azpibatzorde horien buruak tituluaren dekanordeak izango dira edo haiek beren ordez izendatutako pertsonak, eta, horiez gain, honako kide hauek izango dira: hurrenez hurren, egoitzari eta atalari atxikitako bina irakasle (horietako bat dagokion azpibatzordearen idazkaria izango da), egoitzako edo ataleko AZPko langileen ordezkari bana, eta ikasleen ordezkari bana, zeinak, hurrenez hurren, fakultateko eta ataleko ikasleen kontseiluek hautatuko dituzten.

Azpibatzorde hauetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 14. artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara Batzordea.

a) Euskara Batzordeak, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea eta bermatzea ikastegian, UPV/EHUko planifikazio orokorraren arabera, eta horretarako unibertsitateko eta campusetako euskara batzordeekin koordinatuko da.

b) Batzordea honako kide hauek osatua egongo da: irakasle-ikertzaileen 4 ordezkari, titulu bakoitzeko bat; Gipuzkoako atalaren 1 ordezkari; 2 ikasle; eta, AZPko langileen 1 ordezkari. Horiez gainera, dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona izango da batzordeburua, eta batzordeko idazkaria batzordea eratzean izendatuko da.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalean, euskara arloari lotutako eginkizunak Ataleko Batzarrak izendatutako pertsonak beteko ditu, eta pertsona hori ere batzordekidea izango da.

Ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea eginkizun horiek betetzeko izendatua izateko.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea.

a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordeak, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkularitzarako organoa izango dena, arlo horretan fakultateari dagozkion eginkizunak hartuko ditu bere gain, unean-unean indarrean dagoen araudi aplikagarriaren arabera, eta unibertsitateko eta campusetako Berdintasun Batzordearekin koordinatuta jardungo du.

b) Batzordea honako kide hauek osatua egongo da: irakasle-ikertzaileen 4 ordezkari; titulu bakoitzeko bat; atalaren 1 ordezkari; 2 ikasle; eta, AZPko langileen 1 ordezkari. Horiez gainera, dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona izango da batzordeburua, eta batzordeko idazkaria batzordea eratzean izendatuko da.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako eginkizunak Ataleko Batzarrak izendatutako pertsonak garatuko ditu, eta pertsona hori ere batzordekidea izango da.

Ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea eginkizun horiek betetzeko izendatua izateko.

3.– Praktiken Batzordea.

a) Fakultateko Praktiken Batzordeak unibertsitatean indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko arautegiaren arabera arautuko da.

b) Batzordea honako kide hauek osatua egongo da: indarrean dagoen arau akademikoak zehaztutako irakasle kopurua, 2 ikasle, eta AZPko langileen 1 ordezkari. Horiez gainera, practicumeko dekanordea izango da batzordeburua, eta idazkari lanak batzordea eratzeko unean izendatutako pertsonak egingo ditu.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Gipuzkoako atalak Praktiken Batzorde bat izango du, kide hauek osatua egongo dena: indarrean dagoen arau akademikoak zehaztutako irakasle kopurua, ikasle bat, eta AZPko langileen ordezkari bat. Horiez gainera, ataleko practicumeko dekanordea izango da batzordeburua, eta idazkari lanak batzordea eratzeko unean izendatutako pertsonak egingo ditu. Kide guztiek Gipuzkoako atalekoak izan behar dute.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea.

4.– Gradu Amaierako Lanen Batzordea.

a) Gradu Amaierako Lanen Batzordeak gradu amaierako lana egiteari eta defendatzeari buruzko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen unean uneko Arautegian ezarritakoaren arabera jardungo du.

b) Batzordea honako kide hauek osatua egongo da: dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeburua izango da); idazkari akademikoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona (Batzordeko idazkaria izango da); tituluko dekanordeak; titulu bakoitzaren gradu amaierako lanen koordinatzaileak; Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalaren gradu amaierako lanen koordinatzailea; eta, erantzukizun goreneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo hark bere ordez izendatutako pertsona. Parte hartuko du ere fakultateko Ikasleen Kontseiluko buruak edo hark bere ordez izendatutako pertsona. Gradu Amaierako Lanen Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

– Gradu amaierako lanen eskuliburuak egiteko lanak koordinatzea.

– Gradu amaierako lanak defendatzeko egutegiak koordinatzea.

– Gradu amaierako lanetarako epaimahaien izendapena koordinatzea.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Gradu Amaierako Lanen Azpibatzorde bat eratuko da, fakultatean emandako titulu bakoitzeko. Azpibatzorde bakoitzaren buru dagokion tituluaren dekanordea izango da, eta tituluaren gradu amaierako lanaren koordinatzaileak idazkari lanak izango ditu. Horiez gain, azpibatzorde bakoitzak kide hauek izango ditu: tituluko bi irakasle, AZPko langileen ordezkari bat, eta tituluko ikasleen ordezkari bat, zeina fakultateko Ikasleen Kontseiluak izendatuko baitu. Eginkizun hauek izango ditu:

– Tituluaren gradu amaierako lanen eskuliburuaren proposamena prestatzea, Fakultateko Batzarrak onar dezan.

– Gradu amaierako lanen gaiak zehaztea.

– Gradu amaierako lanak, hizkuntza ofizialetan ez ezik, zer beste hizkuntzetan egin eta defendatu ahal izango diren zehatzea.

– Tituluaren gradu amaierako lanen zuzendariak izendatzea.

– Tituluaren gradu amaierako lanen defentsarako egutegiak planifikatzea.

– Tituluaren epaimahaien izendapena antolatzea.

– Fakultateko Gradu Amaierako Lanen Batzordeak esleitzen dizkion gainerako guztiak.

Erizaintzako Graduaren titulurako, Gradu Amaierako Lanen Azpibatzorde bat egongo da, jarduera irizpide orokorrak zehaztuko dituena, eta beste bi azpibatzorde, bat egoitzakoa eta bestea Gipuzkoako atalekoa, tutoreak izendatu, eta dagokien arloan ikasleentzako epaimahaiak antolatzeko. Erizaintzako Tituluaren Gradu Amaierako Azpibatzordeak aipatutako bi azpibatzordeetako kideek osatuko dute. Azpibatzorde horren buruan egoitzako eta Gipuzkoako ataleko tituluen dekanordeak txandakatuko dira urtero. Buru ez den dekanordeak, bestalde, azpibatzordearen idazkari lanak egingo ditu.

Bi azpibatzorde horien buruak tituluaren dekanordeak izango dira, Egoitzan eta Gipuzkoako atalean, hurrenez hurren, edo haiek beren ordez izendatutako pertsonak. Horiez gain, azpibatzordeetako kide izango dira: hurrenez hurren, egoitzako eta ataleko gradu amaierako lanaren koordinatzaileak (bakoitza dagokion azpibatzordearen idazkaria izango da), egoitzako eta ataleko AZPko langileen ordezkari bana, eta ikasleen ordezkari bana, zeinak, hurrenez hurren, fakultateko eta ataleko ikasleen kontseiluek hautatuko dituzten.

Azpibatzorde horietako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko edo Ataleko Batzarreko kidea izatea.

5.– Txandakatze Klinikoa eta haren Ebaluazio Objektibo Kliniko Egituratua (EOKE) Koordinatzeko Batzordea, Medikuntzako Gradurako.

a) Txandakatze Klinikoa eta haren Ebaluazio Kliniko Objektibo Egituratua Koordinatzeko Batzordea fakultatean emango den Medikuntzako Gradurako indarrean diren ikasketa planetara egokituko da.

b) Medikuntzako Gradurako Txandakatze Klinikoa eta haren Ebaluazio Kliniko Objektibo Egituratua (EKOE) Koordinatzeko Batzordean, dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona batzordeburua izango da; idazkari akademikoak edo hark bere ordez izendatutako pertsonak idazkari lanak egingo ditu; eta, horiez gain, honako kide hauek izango dira:

– Tituluaren dekanordea.

– Kalitateko dekanordea.

– Irakasguneen dekanorde koordinatzaileak.

– Txandakatze klinikoaren koordinatzailea.

– EKOEren ikasketetan diharduten sailetako zuzendariak edo haiek beren ordez izendatutako pertsonak.

– Irakasguneak hartzen dituzten 4 unibertsitate ospitaleen zuzendari medikoak edo haiek beren ordez izendatutako pertsonak.

– Erantzukizun goreneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo hark bere ordez izendatutako pertsona.

– Parte hartuko dute ere Medikuntzako Graduko ikasleen bi ordezkari, fakultateko Ikasleen Kontseiluak hautatuko dituenak.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

6.– Oro har, atalak ordezkari bat izango du fakultatean eratuko diren batzorde guztietan.

9. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra. Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren Hirugarren Atalaren Zehaztapena.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, fakultateko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du, eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 17.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da, eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Horri begira, justifikatu gabeko huts egitetzat hartuko da segidako edo txandakako hiru bileretara ez joatea. Ikasleen ordezkaritzari dagokionez, Ikasleen Arautegiak horri buruz ezarritakoa beteko da.

11. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 18.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek, eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko, idatzizko eskari bat egingo diote kasuan kasuko organoko idazkari akademikoari. Eskari horretan adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean gehienez ere, fakultateak haren esku jarriko du dokumentazioa fakultateko idazkaritzan.

Modu berean jokatuko da Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako atalaren kide anitzeko organoen kasuan. Horrelakoetan, dokumentazioa ataleko administrazio bulegoetan utziko da.

12. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 19.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Botoa eskuordetu daiteke, hauteskundeetarako izan ezik. Kide anitzeko organo bateko kide batek boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio. Kontseilua eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.

13. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– a) Fakultateko kide anitzeko organoek hartutako erabakiak iragarki eta erabakien oholean emango dira argitara, gehien dela hiru egun baliodunen epean. Edonola ere, idazkari akademikoak eta dekanoak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete daudela jendaurrean; izan ere, hilabetekoa izango da errektoreari errekurtsoa aurkezteko epea. Erabakien zerrenda posta elektronikoaren bidez helaraziko zaie fakultateko kide guztiei, datuen babeserako indarrean dagoen arautegia errespetatuz betiere.

b) Modu berean jardungo da Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako ataleko kide anitzeko organoek hartutako erabakiekin. Hain zuzen, ataleko administrazio bulegoen iragarki eta erabaki oholean argitaratuko dira, hiru egun balioduneko epean, gehienez ere. Ataleko Batzarrean idazkari lanak egiten dituen dekanordeak eta dekanorde koordinatzaileak bermatutako dute atalaren arloan hartutako erabakiak argitara eman direla eta ikusgai egongo direla.

14. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24. artikuluaren zehaztapena.

1.– Dekanoa fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena da eta ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Dekanoa sufragio unibertsalaz aukeratuko da.

3.– Fakultateko dekanoa izateko hautagaitzak hamabost eguneko epean aurkeztuko dira, hauteskundeen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta hautagaitzarekin batera gobernu taldearen egitura eta programa ere aurkeztuko dira. Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta gehienez bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

15. artikulua.– Epaimahaiak.

a) Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

b) Ikastegiko Erreklamazio Batzorde bat ezarriko da, titulu bakoitzeko. Batzordeburua titulu bakoitzeko dekanordea izango da, eta batzordekide izango dira: tituluko bi irakasle (bietako bat izango da batzordeko idazkaria), eta tituluko ikasleen ordezkari bat, zeina Ikasleen Kontseiluak hautatuko baitu.

Erizaintzako Graduko tituluari dagokionez, Erreklamazio Batzorde bat egongo da, jarduera irizpide orokorrak finkatuko dituena, eta bi azpibatzorde, bat egoitzakoa eta bestea Gipuzkoako atalekoa. Erizaintzako Tituluaren Erreklamazio Batzordea aipatutako bi azpibatzordeetako kideek osatuko dute. Batzorde horren buruan egoitzako eta Gipuzkoako ataleko tituluen dekanordeak txandakatuko dira urtero. Buru ez den dekanordeak, bestalde, batzordearen idazkari lanak egingo ditu.

Egoitzako eta Gipuzkoako Ataleko azpibatzorde horien buru tituluaren dekanordeak izango da, hurrenez hurren, edo haiek beren ordez izendatutako pertsonak, eta, horiez gain, azpibatzordeetako kide izango dira: egoitzari eta atalari atxikitako bina irakasle (horietako bat dagokion azpibatzordearen idazkaria izango da), eta ikasleen ordezkari bana, zeinak, hurrenez hurren, fakultateko eta ataleko ikasleen kontseiluek hautatuko dituzten.

c) Fakultateko Batzarrak Epaimahai Berezi bat ezarriko du titulu bakoitzeko, eta titulu bakoitzaren dekanordea izango da horren buru. Ikasketen Gestiorako Arautegian ikastegietako epaimahai berezietarako aurreikusitako eraketa bera izango du epaimahaiak.

16. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena zazpi egun naturaleko epean gauzatuko da, organoko idazkariari jakinarazi zaionetik kontatzen hasita.

17. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatu ahal izateko, kide titularrek bertaratu ezina egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte ikastegiko idazkaritzan, organoaren bilera egin baino 2 egun lehenago.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak medikuntzako 4 irakasgune ditu, modu honetan banatuak:

– Arabako Campusean, Gasteizko Irakasgunea, José Atxotegi kalea, z/g, 01009, Vitoria-Gasteiz helbidean kokatua.

– Bizkaiko Campusean, Basurtuko Irakasgunea (Gurtubay kalea, z/g, 48013 Bilbo), eta Gurutzetako Irakasgunea (Gurutzeta Plaza, 12, 48903, Barakaldo) daude.

– Gipuzkoako Campusean, Donostiako Irakasgunea dago, Doktor Begiristain pasealekua, 105, 20014, Donostia helbidean.

2.– Irakasgune horien buru dekanorde karguko koordinatzaile bat egongo da, eskumen hauek izango dituena:

– Dekanoari laguntza eta babesa ematea, bere eginkizunak egiteko.

– Irakasgunean emandako ikasketak koordinatzea eta antolatzea, haien kalitatea zainduz.

– Bere Irakasgunearen txandakatze klinikoa antolatzea.

– Titulazioen akreditazioa lortzen eta ikasketa planak eguneratzen laguntzea, gizartearen premietara egokitzen direla bermatzeko.

– Irakasguneko irakasleen prestakuntza etengabea planifikatzea, etengabeko hobekuntza bultzatuz ikastegiaren kudeaketan.

– Ikasleen laneratzea bultzatzea.

– Irakasgunearen ikasketen plangintza eta bertan gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestioak behar bezala gauzatzen direla zaintzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean, indargabetuta geratuko dira arautegi hauek: Medikuntza eta Odontologia Fakultateko arautegia, Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolakoa eta Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolakoa. Medikuntza eta Odontologia Fakultatekoa 2012ko urriaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta Erizaintzako Unibertsitate eskoletakoak, berriz, 2013ko urtarrilaren 25ekoan.


Azterketa dokumentala