Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4325

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu, 2016ko irailaren 19ko diktamenean adierazitako moduan, eta irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari, onar dezan.

Beraz, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN gONZÁLEZ.

ERANSKINA
LAN HARREMAN ETA GIZARTE LANGINTZA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

Atarikoa.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen (aurrerantzean, fakultatea) arautegia egitean bilatu nahi izan da, batetik, deszentralizazioa ahal bezain beste erraztea, bi campusetan banatzen delako, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen presentzia ahal bezain orekatua izatea ikastegi berriaren bi campusetako ordezkarien artean; hori dela eta, banaketa ekitatiboaren, bi campusen ordezkaritzen arteko orekaren, antolakuntza autonomoaren eta kudeaketa hurbilaren alde egin da.

Deszentralizazioa errazte aldera, Ikastegiko Atal bat sortu da. Era berean, Egoitzako Batzordea ere sortu da, Batzorde Iraunkorrean eta Fakultateko Batzarrean landuko diren gai gehienak aldez aurretik campus bakoitzean azter daitezen.

Azkenik, fakultatean lan egiten duten pertsona guztien parte hartzea, ikusgaitasuna eta aintzatespena sustatzen dira, bertan eskaintzen diren zerbitzuen egile eta emaile baitira eta, era honetara, genero berdintasuneranzko aurrerapausoak ematen baitira, prebentzio eta osasun neurriak sendotuaz batera.

1. artikulua.– Izaera.

Fakultate hau irakaskuntza zentro bat da, eta Gizarte Langintzarekin, Lan Harremanekin eta Giza Baliabideekin zerikusia duten graduko tituluak eta hainbat graduondoko lortzera bideratutako ikasketak antolatzeko beharrezkoak diren prozesu akademikoak eta administratiboak gidatzen, koordinatzen eta kudeatzen ditu, hura identifikatzen duten egitekoarekin, ikuspegiarekin eta balioekin bat etorrita.

2. artikulua.– Egoitza.

Fakultateak hainbat gune ditu Bizkaiko eta Arabako campusetan, eta haren egoitza Sarriena auzoa z/g, 48940, Leioa helbidean dago.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Fakultateak indarrean dauden legeen, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera jardungo du, eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, fakultatea barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegiko Atala.

1.– Fakultateak Ikastegiko Atal bat izango du Arabako Campusean, Apraiztarren kalea 2, 01006 Gasteiz helbidean kokatua.

2.– Ataleko koordinatzailea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasle bat izango da, edo, ezinezkoa bada, eskolak bertan ematen dituen irakasleetako bat. Errektoreak izendatuko du, ikastegiko dekanoak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko da dekanorde karguarekin. Ataleko idazkariaren laguntza administratiboa jasoko du.

3.– Ataleko Batzarra honako kide hauek osatua egongo da: koordinatzailea (batzarburua izango da), ikastegiko idazkari akademikoa, batzarkidea bada, edo atalean eginkizun horiek bere gain hartuko dituen dekanordea, eta atalean erantzukizun gorena duen administrazio eta zerbitzuetako ordezkaria. Atalean horrelako ordezkaririk izan ezean, lanpostuen zerrendan maila goreneko lanpostua duen langilea izango da Ataleko Batzarreko kidea. Gainera, beste hamabost kide izango ditu, ataleko kolektibo guztiek aukeratuak, eta honetara banatuak:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 9 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 kide.

– Ikasleak: 3 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2 kide.

4.– Ataleko batzarrak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Ataleko koordinatzailea izendatzeko dekanoaren proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontua proposatu eta gestionatzea.

c) Koordinatzaileari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea, ataleko koordinatzaileak hala proposatuta.

e) Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea. Ikaslea ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko du.

f) Ataleko urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Fakultateko Batzarrari proposatzea berezko tituluen eta masterren eskaintza adierazteko.

h) Ikasleen taldeak kudeatzea. Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da bi campusetan, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.

j) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean ataleko numerus claususak finkatzeko proposatzea.

k) Ikastegien Oinarrizko Arautegiak baimentzen edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.

5.– Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Ataleko Batzarrak Ikastegien Oinarrizko Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoaren arabera jardungo du.

5. artikulua.– Ikastegiko Batzarra.

Ikastegiko Batzarra honako kide hauek osatua egongo da: dekanoa (batzarburua izango da), idazkari akademikoa, ardura goreneko administrazio eta zerbitzuetako ordezkaria, eta ataleko koordinatzailea. Berezko kideen izaera izango dute guztiek. Batzarkide izango dira, halaber, dekanoak izendatutako hiru dekanorde eta beste 35 ordezkari, Ikastegiko Batzarrean ordezkaritza duten sektorek hautatuko dituztenak, banaketa honen arabera:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 22 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 kide.

– Ikasleak: 8 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 4 kide.

Ikastegiko Batzarrari buruzko gainerako alderdiak Ikastegien Oinarrizko Arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.

6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Fakultateak Batzorde Iraunkor bat izango du. Haren eraketan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta kide hauek osatua egongo da: dekanoa (batzordeburua izango da), ataleko koordinatzailea, idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da), administrazio eta zerbitzuetako arduraduna, eta beste 10 kide hautetsi, hainbat sektoreren artean hautatutakoak, banaketa honen arabera:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 6 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 kide.

– Ikasleen ordezkaritza: 2 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 1 kide.

Ikastegiko Batzarrak eginkizun hauek eskuordetu ahal izango dizkio Batzorde Iraunkorrari:

a) Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

b) Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

c) Hizkuntza normalizazioko planak betetzeko eta horien jarraipena egiteko premien memoriak aurkeztea campuseko errektoreordeari, gero hark errektoreari edo, hala badagokio, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

d) Ikastegira atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez iritzia ematea.

e) Irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak onartzea, Ikastegiko Atalak, ikastegiari atxikitako sailek edo saileko atalek proposatuta eta aldez aurretik batera aztertuta.

f) Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatearen ebaluazioak egitea aldiro, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

g) Ikasleak ebaluatzeko arautegian zehazten diren kasuetan, epaimahaiak hautatzeko prozedura zehaztea.

h) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek emandako gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

i) Urteko kudeaketa plana onartzea. Plan horrek hizkuntza plangintza eta txosten ekonomikoa jasoko ditu.

Batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritako berberak dira.

7. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.

Akademia Antolakuntzako Batzordearen eraketan graduko bi tituluen emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta honako kide hauek izango dira: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen ordezkaria (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); ikastegian emandako graduko titulu bakoitzeko irakasleen ordezkari bat; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta, ikastegian emandako graduko tituluko ikasleen ordezkari bat. Azken hiru ordezkariak kolektibo bakoitzeko Fakultateko Batzarreko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da.

Batzordearen eginkizunak eta haren erabakien ondorioak Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasotakoak izango dira.

8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.

Deszentralizazioa bultzatzeko, atalarenarekin batera, Egoitzako Batzordea sortuko da. Haren helburua egoitzan lana egin eta ikasten ari diren pertsonen identitateari eustea izango da fakultatearen barruan, eta, horretarako, campus horretan fakultateari lotutako akordioak proposatzea eta eztabaidatzea bultzatuko du, dagokion fakultateko organoak horiek onartu baino lehen.

Batzordea honako kide hauek osatua egongo da: dekanoa edo, hala badagokio, egoitzako kide den dekanordea (batzordeburua izango da); dekanorde bat (batzordeko idazkaria izango da); fakultate barruan ardura gorena duen administrazio eta zerbitzuetako ordezkari bat; eta, beste 24 ordezkari, atalari atxikita ez dauden fakultateko kolektiboek hautatuko dituztenak.

Honela banatuko dira osakide hautetsiok:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 15 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 kide.

– Ikasleen ordezkaritza: 5 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 3 kide.

Egoitzako Batzarrak eskumen hauek izango ditu:

a) Batzordeburuari laguntza eta aholkularitza ematea, beren eskumeneko gaietan.

b) Fakultateko egoitzaren aurrekontu dotazioa proposatzea eta gestionatzea.

c) Fakultateko egoitzaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea.

d) Ikastegiko Batzarrari proposatzea Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzeko, azkenekoa ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenez.

e) Fakultateko egoitzaren urteko txostena egitea, baita irakasleak kontratatzeko premiena ere.

f) Fakultateko Batzarrari proposatzea fakultatearen egoitzarako berezko tituluen eta masterren eskaintza adierazteko.

g) Fakultatearen egoitzan ikasleak taldeka banatzako lana kudeatzea. Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da bi campusetan, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.

h) Fakultateko Batzarrari proposatzea fakultateko egoitzarako kredituak aitortzeko.

i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.

j) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean proposatzea fakultateko egoitzarako numerus claususak finkatzeko.

k) Ikastegien Oinarrizko Arautegiak baimentzen edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.

9.artikulua.– Euskara Batzordea.

Ikastegiak Euskara Batzorde bat dauka, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa dena, eta haren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea, eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Batzordean bi campusetako emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta honako kide hauek izango dira: dekano taldearen pertsona bat, administrazio eta zerbitzuetako ordezkari bat, ikasleen ordezkari bat eta irakasleen ordezkari bat. Azken hirurak kolektibo bakoitzeko Fakultateko Batzarreko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da.

10. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordea.

Ikastegian Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan. Batzordean bi campusetako emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta honako kide hauek osatua egongo da: dekano taldearen pertsona bat, administrazio eta zerbitzuetako ordezkari bat, ikasleen ordezkari bat, eta irakasleen ordezkari bat. Azken hirurak kolektibo bakoitzeko Fakultateko Batzarreko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa izango Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da.

11. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, ikastegiko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

12. artikulua.– Prozedura eta epeak, kide anitzeko organoko kideek beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa duten informazio eta dokumentazio guztia eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea gauza dezaten.

Eskatutako dokumentazioaren eskaria idatziz egin beharko dute. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskuratzeko eskubidea daukala behin egiaztaturik, ikastegian dagoen dokumentazioa eskatzailearen esku egongo da hamabost eguneko epean, gehienez ere, ikastegiko idazkaritzaren bulegoetan edo, eskatutako dokumentazioa han badago, atalekoetan.

13. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Bi deialdien artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

2.– Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan posturen bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezko den kopururako betetako postuak baino ez dira kontuan hartuko.

14. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira beranduen jota, eta datuak babesteko legeria errespetaturik betiere. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak. Erabakien berri zabaltzeko, haien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiri hori ikastegiko idazkaritzaren iragarki oholean jarriko da, edo atalekoan, baldin eta kide anitzeko organoa atalekoa bada, baita ikastegiko webgunean dagokion atalean ere.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

15. artikulua.– Dekanotza.

1.– Dekanoa fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena da, eta sufragio unibertsal haztatu bidez hautatzen da unibertsitatearen Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren arabera, ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Fakultateko dekano izateko hautagaitzari gobernu taldea eta programa erantsiko zaizkio. Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta gehienez bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

16. artikulua.– Kalifikazio epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

17. artikulua.– Ordezkapenak, hautetsiak kargua uzten duenean.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Organoko idazkariak ordezkapena gauzatu beharko du, bost eguneko epean, horren berri izan duen egunetik zenbatzen hasita.

18. artikulua.– Ordezkapena, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik.

Titularrek kide anitzeko organoaren buruari ez direla joango jakinaraziko diote, bilera egin baino 48 ordu lehenago, eta kasuan kasuko ezaugarriek eskatu bezalako egiaztapenaren bidez. Titularra bere hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak ordezkatuko du. Organoko burutzak ordezkapena onartuko ez balu, horretarako arrazoiak agertu beharko ditu.

19. artikulua.– Fakultatean lan egiten duten pertsonen parte hartze, ikusgaitasun eta aintzatespena.

Dekanotza taldeak sustatuko ditu fakultatean lan egiten duten pertsonen parte hartze, ikusgaitasun eta aintzatespena. Bide horretan, bestelako neurrien artean, atal bat mantenduko da webgunean, bertarako sarbidea izanen dutelarik, eta bertan emango da fakultatearen gestio eta bizitzaren era guztietako alderdi esanguratsuen berri, langileak ikastegian egingo diren efemeride eta ospakizun ezberdinetan parte hartzera gonbidatuz.

20. artikulua.– Xedapen indargabetzailea.

Arautegi hau indarrean sartzen denean, indargabetuta geratuko dira 2012ko urriaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Lan Harremanetarako Eskolaren Arautegia eta 2012ko irailaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Gizarte Langintzako Eskolaren Arautegia.


Azterketa dokumentala