Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2016ko irailaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4152

AGINDUA, 2016ko irailaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako 2016-2017 ikasturteko deialdia egiten duena.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzeko, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza».

Halaber, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri agintarien zeregina da dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta 9/2015 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egitea, deialdi honen I. eranskineko 1. artikuluan jasotako ikasketetatik edozein egiteko 2016-2017 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxetan.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 55.000.000 euro erabiliko dira; horietatik 8.000.000 erabiliko dira 2016ko ekitaldian hartzen diren ebazpenak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldian urteko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kargura finantzatuko dira. Gainerako 47.000.000 euroak 2017ko ekitaldian ematen diren ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horretako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, bat etorriz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoarekin, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea.

Beharrezko izanez gero, diru-zenbateko horiek handitu egin daitezke, ebazteko dauden laguntza-ebazpenek eskatzen duten diru-zenbatekoak kontuan hartuta. Hori diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZER IKASKETA EGITEKO ESKA DAITEKEEN LAGUNTZA

1. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen ikasketak.

Agindu honetan deitzen diren ikasketa-beka eta -laguntzak ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:

a) Haur Hezkuntza.

b) Lehen Hezkuntza.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

d) Batxilergoa.

e) Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako zikloak.

f) Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak eta irakaskuntza profesionalak.

g) Arte Plastikoak eta Diseinua. Heziketa-zikloak.

h) Kirol-irakaskuntzak.

2. artikulua.– Baztertutako kasuak.

Egoera hauetan, ukatu egingo da beka edo laguntza:

a) Homologatu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera, salbu eta azterketak, ikasketa horietako irakasgai guztienak, ikastetxe ofizialetan egiten direnean.

b) Onartu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.

c) «Haurreskolak Partzuergo»ko haurrak.

d) Diru-laguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein kausatan sartuta daudenak edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

3. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.

2.– Ikasleek agindu honen 1. artikuluan ezarritako ikasketetakoren bat egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.

3.– Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, soilik emango zaio laguntza baldin eta egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena badira.

4.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek ezin izango dute 21 urte beteta izan 2017ko urtarrilaren 1ean.

5.– Ikasleek ezin izango dute 23 urte beteta izan 2017ko urtarrilaren 1ean.

II. KAPITULUA
LAGUNTZA- ETA BEKA-MOTAK

4. artikulua.– Bekaren edo laguntzaren osagaiak.

Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo -laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago izan ahal izango dute:

a) Kuota-osagaia, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.

b) Irakaskuntza-osagaia.

c) Joan-etorrien osagaia.

d) Egoitza-osagaia.

e) Ikasmaterialaren osagaia.

f) Jantoki-osagaia.

5. artikulua.– 0 eta 1 urte bitarteko ikasleen kuota-osagaia.

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 urte edo urte 1 duten ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko.

6. artikulua.– Irakaskuntza-osagaia.

1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu ikasleak ikasten duen ikastetxean 2016-2017 ikasturtean gehienez ere ordaindu beharreko kuota.

2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:

a) Ikastetxe publikoak.

b) Hitzarmen osoko ikastetxe edo mailak.

c) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.

d) 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.

e) Toki-korporazioen ikastetxeetako 2 urteko ikasleak.

7. artikulua.– Joan-etorrien osagaia.

1.– Osagai hau emateko, kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbil maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez, baita ikaslea bizi den herrian bertan edo hortik hurbil tokirik dagoen ere.

2.– Osagai hau emateko, herriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen arabera banatuko da:

5 eta 10 km bitarteko distantzia.

10 eta 30 km bitarteko distantzia.

30 eta 50 km bitarteko distantzia.

50 km baino gehiago.

3.– Haur-hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailek eta urrutitik ikasten diren mailek ez dute osagai hau jasotzeko eskubiderik izango.

4.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei osagai hau emango zaie joan-etorrietarako diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen dutenean, eta betiere joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak badira.

5.– Musika eta dantzako irakaskuntza oinarrizkoetan eta profesionaletan, osagai honen zenbatekoa jakiteko kontuan hartuko da astean zenbat egunetan bertaratu behar den.

8. artikulua.– Egoitza-osagaia.

Osagai hau emateko orduan, asteko eskola-orduak ez dira izango 20 baino gutxiago, eta kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo handik hurbil ikasleak ikasi nahi dituen maila, eredu eta irakastegun bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela dauden garraiobideengatik.

Osagai hau emango zaie musika eta dantzako irakaskuntza profesionalak, diseinu eta arte plastikoetako irakaskuntzak, kirol-irakaskuntzak eta lanbide-heziketa egiten dituzten ikasleei.

Joan-etorrien osagaia eta egoitza-osagaia ez dira inoiz bateragarriak izango.

9. artikulua.– Eskola-materialen osagaia.

Ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek ezin izango dute osagai hau eskuratu baldin eta uko egiten badiote testu-liburuak eta ikasmaterialak solidarioki eta ekitatiboki erabiltzeko programari.

Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako 1. zikloko mailari izan ezik.

10. artikulua.– Jantoki-osagaia.

1.– Osagai hau emango zaie Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzakoei (2. ziklokoei), Lehen Hezkuntzakoei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta gainerako mailetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, baldin eta jantokiaz baliatzen badira.

2.– Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egun joan behar da gutxienez, baina egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun-kopuruaren araberakoa izango da osagaia.

3.– Osagai honetaz baliatzeko eskubidea izateko, urtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, baldintza hauek egiaztatu beharko dira:

a) Ikaslea jantoki-zerbitzuaz baliatzen dela eguerdietan.

b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.

III. KAPITULUA
BEKEN ETA LAGUNTZEN ZENBATEKOA

11. artikulua.– Osagaien zenbatekoak.

Hauek izango dira osagaien gehienezko zenbatekoak:

1.– Kuota, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak:

Haur Hezkuntzako 0 urteko eta urte 1eko ikasleak, hilean 90 euro

2.– Irakaskuntza:

a) Haur Hezkuntzako 2 urteko gela, 200 euro.

b) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa, 590 euro.

c) Gainerako mailak, musikako udal-ikastetxeetan emandakoak barne, 295 euro.

3.– Joan-etorriak:

a) 5 km-tik 10 km-ra, 192 euro.

b) 10 eta 30 km bitarteko distantzia, 385 euro.

c) 30 eta 50 km bitarteko distantzia, 762 euro.

d) 50 km-tik gorako distantzia, 993 euro.

4.– Egoitza:

a) Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa, ikasturte bat eta praktikak hartzen dituena, 2.969 euro.

b) Gainerako mailak, 2.531 euro.

5.– Ikasmateriala:

a) Haur Hezkuntza (2. zikloa), 78 euro.

b) Lehen Hezkuntza, 117 euro.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 159 euro.

d) Goi-mailako Lanbide Heziketa, 226 euro.

e) Gainerako mailak, 202 euro.

Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:

a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 38 euro emango dira lehenengo eta bigarrengo mailetarako eta 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetarako.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. Halakoetan, 60 euro emango dira.

6.– Jangela:

Gehienez ere 712 euro izango dira; zenbateko hori eragiketa honen emaitza da: jantokiko egun-kopurua bider 178 egun gehienez ere, eta eguneko prezioa, gehienez ere, 4 eurokoa izanik.

12. artikulua.– Beka edo laguntzaren zenbateko osoa.

1.– Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, bada, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.

2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetako 1. artikuluan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.

13. artikulua.– Prezio publikoen salbuespena.

Musikako eta dantzako irakaskuntza oinarrizkoak eta profesionalak eta kirol-irakaskuntzak egiteko ematen badira bekak, ez da ordaindu beharko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako aginduan ezarritako prezio publikoa, alegia, beka zein irakaskuntzatarako eman den, irakaskuntza horren prezio publikoa.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA-BETEKIZUNAK

14. artikulua.– Errenta-mugak.

Hezkuntza-maila bakoitzean ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko aplikatzekoak diren errenta-mugak honako hauek dira:

– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.

– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

– Gainerako mailetan:

* Eskola-materialen osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.

* Irakaskuntzako, jantokiko, joan-etorrietako eta egoitzako osagaietarako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

(Ikus .PDF)

– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.

15. artikulua.– Bizikidetza-unitateko kide konputagarriak.

1.– Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira bizikidetza-unitateko kide konputagarriak: aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena; eskatzailea; 2015. urtean etxean bizi izan diren ikaslearen 26 urtetik beherako anai-arreba ezkongabeak edo adin horretatik gorakoak baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute, eta etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak, hori hala dela udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute betiere.

Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, betiere bizikidetza behar bezala egiaztatu ahal bada.

Eskatzaileek bizikidetza-unitate independenteak eratzen badituzte, kide konputagarritzat joko dira ezkontidea edo, hala badagokio, antzeko harremanarekin eskatzaileari lotuta dagoen laguna, baita, izatekotan, seme-alabak ere.

2.– Eskatzailearekin bizi ez den gurasoa ez da kide konputagarritzat joko, nahiz eta haren laguntza ekonomikoa unitatearen diru-sarreretan sartu. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.

Kide konputagarritzat joko da eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena, beraz, horren errenta eta ondarea ere konputatuko dira.

3.– Zaintza partekatuaren kasuan, eskatzailea bi bizikidetza-unitatetan bizi dela ulertuko da, eta bi unitate horien ondarearen eta errentaren % 50 zenbatuko da. Kasu horietan, kide konputagarriak % 50ean zenbatuko dira, salbu eta eskatzailea eta haren anaia-arrebak. Kideen baturak ez badu ematen zenbaki oso bat, gorantz borobilduko da.

Bizikidetza-unitateetan aldian-aldian bizi diren zaintza partekatuko anai-arrebaordeak % 50ean zenbatuko dira. Kideen baturak ez badu ematen zenbaki oso bat, gorantz borobilduko da.

4.– Eskatzaileak familiarekiko mendetasunik edo ekonomia-mendetasunik ez duela adierazten badu, egoera zibila gorabehera, egiaztatu egin beharko du independentzia hori izateko baliabide ekonomiko nahikoa dituela berak; era berean, etxebizitzaren titulartasuna edo alokairua ere egiaztatu beharko du. Osterantzean, independentzia ez-frogatutzat joko da. Beraz, bekaren ondorioetarako, familia-errenta eta -ondarea kalkulatzeko, bizikidetza-unitateko kide konputagarrien diru-sarrerak konputatuko dira, hain zuzen ere aurreko ataletan aipatzen direnak.

5.– Ikasle independenteen kasuan, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da egoitza-osagaia emango.

16. artikulua.– Errenta kalkulatzea.

1.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.

PFEZren pean ez dauden diru-sarrerak eta PFEZtik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honelaxe kalkulatuko da:

a) 2015eko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita –ohiko etxebizitza barik– hiri-izaerako ondasunen etekina ere, betiere 2015eko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.

b) Batuketa horretatik honako hau kenduko da: aplikatzeko diren gastu kengarriek eta konturako atxikipenek egiten duten zenbatekoa.

3.– Zenbatespen objektiboaren edo zuzeneko zenbatespenaren zerga-erregimenari atxikitako enpresa- eta flanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen zenbatespena. Era berean, aurreko atalean xedatutakoa enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaie, baldin eta merkataritza-sozietateak badira eta enpresa horietan bazkide, partaide eta abar bada edozein kide konputagarri eta kide hori, aldi berean, enpresa horretako langilea bada.

4.– Herri-administrazioek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru-sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.

5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldunditik jasotzen dituen laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.

17. artikulua.– Kenketak.

– Aurreko artikuluan finkatutakoaren arabera zehaztu ondoren zein den beka eta/edo laguntzaren ondorioetarako bizikidetza-unitatearen errenta, kontzeptu hauen zenbatekoak kendu ahal izango dira:

1.– Bizikidetza-unitatearen errentaren % 20, kasu hauetan:

a) Eskatzailea guraso bakarreko bizikidetza-unitate bateko kidea denean, baldin eta diru-iturri bakarra badu: inoren konturako lana, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak.

Guraso bakartasuna familia-liburuarekin justifikatuko da guraso aitortu bakar baten kasuan, edo ebazpen judizialaren bidez bi guraso aitorturen kasuan.

b) Eskatzailea umezurtza denean eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste bizikidetza-unitate baten mende badago.

2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira hor sartzen.

3.– 500 euro, familia-egoitzan bizi den anai-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, familia osatzen duten seme-alaben arabera konputatuko dira zenbatekoak.

4.– 1.811 euro, legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kenkaria 2.881 eurokoa izango da minusbaliotasuna % 65ekoa edo goragokoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna, eta mugikortasun mugatuta edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kenkaria 4.000 eurokoa izango da.

5.– 1.176 euro, unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren bizitokitik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiago dituen anaiako edo arrebako.

18. artikulua.– Ondare-mugak.

Kide konputagarrien errenta edozein delarik ere, eskatutako beka edo laguntza ukatu egingo da baldin eta 2015eko abenduaren 31n kide konputagarrien ondarearen elementu adierazleen balioak ondoko mugetarikoren bat gainditzen badu:

1.– Hiri-finkak.

a) Kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batura 42.500 eurokoa izango da gehienez ere.

b) Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.

c) Eskatutako laguntza ukatu egingo da kide konputagarriek, ohiko etxebizitzaz aparte, beste bi etxebizitza edo gehiago guztiz bereak dituztenean.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastroko balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Higiezina Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, katastroko balioa 1,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Arabako Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, Vitoria-Gasteizen izan ezik, katastroko balioa biderkatzeko honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastroko azken berrikuspenaren arabera:

– 1,15; 2000ko abenduaren 31 baino lehen berrikusi direnetarako.

– 0,70; 2001eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra artean berrikusi direnetarako.

– 0,50; 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera berrikusi direnetarako.

Higiezina Vitoria-Gasteizko udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean, Donostian izan ezik, baldin badago, katastroko balioa 0,30 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Donostiako udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastroko balioa kalkulatzeko, honako erregela hauek aplikatuko dira:

Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastroko balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastro-balioak biderkatzeko:

0,43; 2003an berrikusi direnetarako.

0,37; 2004an berrikusi direnetarako.

0,30; 2005ean berrikusi direnetarako.

0,26; 2006an berrikusi direnetarako.

0,25; 2007an berrikusi direnetarako.

0,25; 2008an berrikusi direnetarako.

0,26; 2009an berrikusi direnetarako.

0,28; 2010ean berrikusi direnetarako.

0,30; 2011n berrikusi direnetarako.

0,32; 2012an berrikusi direnetarako.

0,34; 2013an berrikusi direnetarako.

Nafarroako Foru Aldundiko higiezinen katastro-balioa, edonola ere, 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.

Eskatzaileak ziurtatu beharko du higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den, katastro-balioaren koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko.

2.– Landa-finkak.

Kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, gehienez, 13.000 eurokoa izango da kide konputagarriko.

3.– Balio higigarriak.

Eskatutako laguntza ukatu egingo da, bizikidetza-unitatearen aurrezkien zerga-oinarria 1.958 eurotik goragokoa denean, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batuketa. Hortik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.

4.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.

Kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2015ean 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko fakturazio-mugan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.

5.– Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-balioak.

Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio; kasu horretan ez dira sartzen eusle nagusiak.

19. artikulua.– Datu ekonomikoak egiaztatzea.

1.– Eskatutako beka edo laguntza emateko behar diren datuak lortuko dira: eskatzailearen bitartez, berak emandako dokumentazioaren bitartez, edo foru aldundien bitartez.

2.– Kasu guztiak aztertu ondoren, gerta liteke beka edo laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, beka edo laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da eta dirua itzularaziko da.

3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.

4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga-mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Sailetan eta Ogasun eta Herri Adminstrazio Ministerioan dauden datuak. Aipatutako erakundeetan azaltzen diren kide konputagarrien datu guztiak erabili ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko.

5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.

6.– Ikasleak laguntza halako ikasketak burutzeko eskatu bazuen eta ikasketa horiek uzten baditu, beka edo laguntza ukatu egingo zaio, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da edo dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.

7.– Beka edo laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objetiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.

8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa, lanbide edo arte mailako jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera bere jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat eskatu ahal izango zaie.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.

V. KAPITULUA
BETEKIZUN AKADEMIKOAK

20. artikulua.– Betekizun orokorrak eta matrikulari dagozkionak.

1.– Kapitulu honen ondorioetarako, 2015-2016 ikasturteko baldintza akademikoak eskatuko dira.

2.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2016-2017 ikasturterako matrikulatuta dagoela.

3.– Gainerako irakaskuntzetan, kurtsoa errepikatzen duten ikasleei ez zaie laguntzarik emango.

4.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren betekizunak.

5.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da laguntzarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela.

6.– Utzitako ikasketa guztiak bekarik gabe egin badira, ikasketa berrietan eskola-errendimendutzat joko da utzitako ikasketetan lortu beharko zen baldintza akademikoa.

7.– Ikaslearen betebeharra izango da, bereziki ikasketak aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela adieraztea.

8.– Lanbide Heziketako Goi-mailako Graduko irakaskuntzetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko irakaskuntzetarako eta Kirol-irakaskuntzetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2016-2017 ikasturtean. Irakaskuntza horien bigarren kurtsorako, beka-eskatzaileak 2015-2016 ikasturtean egindako irakaskuntzen ehuneko laurogei izan beharko du gaindituta, gutxienez.

9.– Derrigorrezkoaren ondoko gainontzeko irakaskuntzetarako, 2016-2017 ikasturteko kurtso osorako matrikulatu beharko da eskatzailea.

10.– Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako irakaskuntzetan heziketa-zikloak 2.000 ordu baino gutxiagokoak direnean, praktikako ikastarotzat joko dira, eta laguntzak behin baino ez dira emango, eta, eman ere, lehenengo mailan bakar-bakarrik.

2 kurtsoko ziklotzat joko dira 2.000 orduko iraupena dutenean.

11.– Kurtso osoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartuak egiteko bakarrik emango dira laguntzak, salbu Urrutiko Batxilergoko ikasleen kasuan, baldin eta ikasleak lehendik matrikulatuta badaude, eta, ondorioz, ikasgai solteen matrikula egin ahal badute. Irakaskuntza horietarako, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte bat gehiagorako lortu ahal izango da beka.

12.– Musikako irakaskuntzetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa hartzen jarraitzeko, kurtsoa goragokoa izanda ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan.

13.– Genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitate batekoak badira ikasleak, eta urruntzeko agindu judizialaren, kondenatzeko epai judizialaren edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenaren bitartez justifikatzen bada aipatu egoera, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.

VI. KAPITULUA
PROZEDURAKO ARAUAK

21. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaera adin nagusiko ikasleak edo adin txikiko emantzipatuak egingo du; adin txikikoa ez badago emantzipatuta, berriz, haren aitak, amak edo legezko ordezkariak egingo du eskabidea.

2.– Eskaera egiteko, eskabide-orria erabili beharko da, modu telematikoz lortu ahal izango dena Saileko egoitza elektronikoan, helbide honetan: www. hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.

Deialdi honen II. eranskinean agertzen da eskabide-eredua.

Eskabide-orrira iristeko, identifikatu egin behar da, pertsonaren IDaren bidez; eta IDrik izan ezean, soilik kasu horretan, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakiaren eta berorren iraungitze-dataren bidez identifikatu beharko da, nahitaez. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakia adierazi beharko da, bai eta Atzerritarren Identifikazio-txartelaren iraungitze data ere. Kasu batean zein bestean, eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago. Aipaturiko dokumentu horietakorik bakar bat ere ez duen eskatzaileak ziurtagiriaren kopia bat aurkeztuta egiaztatu beharko du datuen egiazkotasuna. Horrez gain, gainerako dokumentuak ere aurkeztu behar izango dira.

Inprimaki horretan, «telefono mugikorra» eta «posta elektronikoa» adierazi ahal izango dira. Behin eskabidea beteta, ulertzen da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailari baimena ematen zaiola agindu honen 26. artikuluan aurreikusitakoez bestelako komunikazioak egiteko, hargatik eragotzi gabe artikulu horretan ezarritako ondorio juridikoak, jakinarazpena egiten denetik aurrerakoak.

Eskatzaileak ez badauka eskabidea bide telematikoetatik egiteko bitartekorik, matrikulatuta dagoen ikastetxera joan daiteke izapide hori egitera.

3.– Behin eskabide telematikoa behar bezala eta osorik beteta, erabaki behar da nola egingo diren hurrengo izapideak, elektronikoki ala paperean.

4.– Izapideak telematikoki egitea erabakiz gero –horretarako sinadura elektronikoa behar da–, agindu honen 25. artikuluan adierazitako dokumentu eskaneatu guztiak erantsi, eta eskabidea sinatu behar da, elektronikoki. Orduan geratuko da erregistratuta eskabidea.

5.– Izapideak paperean egitea erabakiz gero, agindu honen 25. artikuluan aipaturiko dokumentu guztiak edo batzuk aurkeztu beharko dira, aplikazioaren bidez edo paperean. Eskaneatuta aurkeztea erabakitako dokumentuak erantsi ondoren, aplikazioko eskabide-orria inprimatu eta izenpetu egin behar da.

Eskabide-orria, izenpetuta, eta Agindu honen 25. artikuluan aipaturiko dokumentuak, eskaneatu gabeak, hurrengo artikuluan adierazten den epean aurkeztu beharko dira.

6.– Honako toki hauetakoren batean aurkeztuko dira hala aplikazioak sorturiko inprimakiak, dagokien data jarrita, behar bezala beteta eta paperean izenpetuta, nola eskaturiko gainerako dokumentuak, eskaneatu ez direnak:

a) Beka zein ikasketa egiteko eskatu, ikasketa horiek egiten diren ikastetxeetan.

b) Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak aipatzen dituzten bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).

22. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Kasu hauetan, beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera egiten bada eskabidea.

b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren eusle nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.

c) Justifikatutako arrazoi larriren bat dela-eta, familiaren ekonomia-egoera larriki kaltetzen zaien ikasleak.

Nolanahi ere, eskabide berriak 2017ko apirilaren 30a arte onartuko dira, ez geroago.

23. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Beka-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Guraso bakarreko familien kasuan: hitzarmen erregulatzailearen fotokopia. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, hala badagokio, eta seme-alabentzako elikagai-pentsioarena. (Diru-sarreraren fotokopia. Familia-egoitzan bizi diren kideen errolda-agiria eta, hala badagokio, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarrerak.

b) Gizarte-laguntzak jasotzen dituzten kasuetan: dagokion erakundeak emandako ziurtagiria.

c) Diru-sarrera salbuetsiak badituzte: ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena, etab.

d) Agindu honen 17. artikuluan aurreikusitako kenketak aplika daitezkeen kasuetan, dagozkien egiaztagiriak.

e) Agindu honen 21.2 artikuluan aipaturiko agiriak eduki ezean, ikaslearen nortasuna egiaztatzeko dokumentua eta eskabidea egiten duenarena aurkeztu beharko dira.

f) Eskatzaileak bere independentzia familiarra eta ekonomikoa egiaztatu beharko ditu, honako hauek aurkeztuta: gurasoen etxean ez, bere etxe propioan bizi dela egiaztatzen duen errolda-agiria –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatua– edo zurztasun-ziurtagiria, baita bizitzeko dituen baliabideena ere.

g) Harrera-familietan diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak.

h) Bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen duen edozein agiri: lanetik botatzea, enplegu-erregulazioko espedienteak, dohaintzak (behar bezala erregistratuak), etab.

i) Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzulea, eta legez behartuta dago bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.

2.– Errenta-aitorpena beste erkidegoren batean aurkeztu, edo aurkezturiko aitorpenean beren diru-sarrera guztiak adierazi ez dituzten bizikidetza-unitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte aurreko ataletan adierazitakoez gain:

a) 2015eko ekitaldiko eusle nagusiaren errenta-aitorpenen fotokopia guztiak eta, hala badagokio, zerga horrekiko aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.

b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...

c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.

3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko betebeharrik ez dutenek dagokion administrazioak emandako agiri bat aurkeztu beharko dute, betebehar hori bete beharrik ez dutela egiaztatzen duena.

Hori hala izanik ere, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu: kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak (gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; diru-sarrera salbuetsiak; zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak; balore higigarrien errendimenduak; banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...)eta profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak, baita artikulu honen lehenengo zenbakian jasotako informazioa ere.

24. artikulua.– Eskabidea aurkezteari loturiko ondorioak.

1.– Ikasleak eskabide-orria sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin hau aitortzen duela erantzukizun solidariopean:

a) Beka edo laguntza zein deialdirako eskatzen duten, harexen oinarriak onartzen dituela.

b) Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla.

c) Eskabidea aurkeztean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematen zaiola eskatzailearen identitatea egiaztatzeko NAN, AIZ edo AITaren bidez.

d) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematen zaiola zerga-administrazioen bitartez errentaren eta ondasunen gainean beharrezkoak diren datuak lortzeko, bekaren edo laguntzaren ondorioetarako.

e) Jakitun dagoela aitortutako inguruabarren zehaztasun ezak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.

f) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako beka-atalari jakinarazi beharko diola.

g) Beka zertarako eman den, horretarako erabili beharko duela, ez beste ezertarako, alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko, azterketetara joateko eta beka edo laguntza zertarako eman, horren gastuak ordaintzeko.

h) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu beharko dute, eta diru-laguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta ez daudela adierazi.

i) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia emango duela.

2.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Unibertsitateaz Kanpoko Bekak eta Laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduaren bidez sortu zen (EHAA, 213. zenbakia), eta beraren helburua da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte-hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza da. Irispide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

25. artikulua.– Eskabideak kudeatzea.

1.– Beka edo laguntza zein ikastetxetarako –hezkuntza-zerbitzua ematen duena– eman, ikastetxe horrek funtzio hauek bete beharko ditu:

a) Deialdiren berri ematea ikastetxeko ikasleei eta familiakoei, eta azaltzea zer prozedura jarraitu behar duten eta zer agiri aurkeztu behar dituzten ikasketetarako beka edo laguntzak eskuratzeko.

b) Prozesuaren jarraipena egitea, eskatzaileei behar beste informazio emateko.

c) Ikastetxeko zuzendariak edo, hala badagokio, idazkariak, egiaztatuko du ea egiazkoak diren ala ez laguntzaren edo bekaren eskabidea osatzeko aplikazioaren konfigurazioaren tauletan adierazitako datuak, akademikoak eta joan-etorriei, irakaskuntzari, irakaskuntza-kuotari, liburu solidarioari eta jantokiari buruzkoak.

d) Ikastetxeek eskabideak, behin diligentziatuta, eta horiei erantsitako dokumentazioa hurrenkera alfabetikoaren araberako zerrendetan prestatuko dituzte. Gero, lurralde-ordezkaritzari dagokion Zuzenean Zerbitzuan aurkeztuko dituzte, edo mezulariz bidali Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera.

2.– Aurkeztutako eskabide eta dokumentazio guztia jasoko du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, eta prozedura izapidetuko du, ebatzi arte.

3.– Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan araututako beka eta laguntzak.

26. artikulua.– Ebazpen-prozedura.

1.– Eskabideak lurralde-ordezkaritzetan jaso ostean, beka edo laguntzaren behin-behineko ebazpena proposatuko du Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzara bidaliko du, laburpen ekonomikoarekin batera.

Behin-behineko ebazpenak proposatzeko, kontuan izango da deialdi honen 27.2 artikuluan azaltzen den lehentasun-ordena; kreditua agortzen denean, ebazpena ukatzeko izango da beti.

2.– Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak onartzen dituen behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako web-helbide honetan: https://euskadi.eus. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus

Behin-behineko ebazpen horrek bi zerrenda edukiko ditu:

a) Onartutako eskabideen zerrenda, adierazita zer osagai eta zer kopuru eman diren eta, hala badagokio, zer osagai ukatu diren eta zergatik.

b) Osagai bat ere onartu ez delako ukatu diren eskabideen zerrenda, ukatzearen arrazoiak adierazita.

Jakinarazpenaren datatik aurrera, alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da.

3.– Alegazioak aztertu eta aipaturiko epea iraganda, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena emango du, betiere egin beharreko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren.

Behin betiko ebazpen horrek bi zerrenda edukiko ditu:

a) Onartutako eskabideen zerrenda, adierazita zer osagai eta zer kopuru eman diren eta, hala badagokio, zer osagai ukatu diren eta zergatik.

b) Osagai bat ere onartu ez delako ukatu diren eskabideen zerrenda, ukatzearen arrazoiak adierazita. Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak onartu duen ebazpenaren jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako web-helbide honetan: https://euskadi.eus. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

Bestalde, eta informazio soil gisa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web orrian ere argitaratuko da: www.hezkuntza.eus

4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatuta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan, hargatik eragotzi gabe gerora espresuki ebaztea.

27. artikulua.– Egoera berriak haztatzea.

1.– Eskatzaileak argudiatzen duenean kide konputagarrien ekonomia-egoera 2015etik aurrera nabarmen aldatu dela, kasu horiek kontuan izango dira. Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.

2.– Halaber, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera haztatuko da, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere, kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.

3.– Bizikidetza-unitatearen pertsona euslea hiltzen bada edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoa oso kalteturik gertatzen bada –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira bai inguruabar horiek, baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.

28. artikulua.– Esleitzeko lehentasuna.

1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honetan xede horretarako esleituta dauden kredituen arabera emango ditu bekak eta laguntzak.

2.– Ikasteko beka edo laguntza lortzeko lehentasun-hurrenkera hau izango da:

a) Derrigorrezko hezkuntza.

b) Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.

Irakaskuntza bakoitzaren barnean, aurkeztutako eskabideen artetik lehentasuna izango dute errenta per capita txikienak dituztenek.

29. artikulua.– Beste erakundeekiko lankidetza.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak foru aldundietako ogasun sailen laguntza kudeatuko du, helburu hauek lortzeko:

1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak zenbatetsi ahal izateko.

2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze- eta kontrol-lanetarako laguntza teknikoa ematea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.

30. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.

2.– Eskatzaileak eskabidean jartzen duen kontuan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da.

3.– Helegiteetan aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.

31. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.

1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo diru-laguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babestu behar dira.

Beka emateko ebazpena aldatzen duen erabakia emateko, aurretik entzunaldiaren eta espedientea ikustearen izapideak egingo dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza ez denean erabiltzen emandako helburu espezifikorako, egiaztatzen denean laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak ez direla betetzen, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da hori ordaintzeko eskatu, eta ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.

Itzulketa-prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

Itzulketa agintzen duen ebazpenean beharrezko informazioa jasoko da, obligaziozko itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, korritzen duen legezko diruaz edo txekez edo Ogasun eta Finantzetako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, hil biko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.

Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak horrela eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.

Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.

32. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Eibarko Hezkuntza Esparruko ikasleek eskatzen dituzten laguntzak bateragarri izango dira bertako ikasle izateagatik jaso ditzaketen onurekin, baldin eta onura horiek hartzen ez dituzten gastuei aurre egiteko badira. Hortaz, bateraezina izango da gastu kontzeptu bererako bi laguntza jasotzea.

2.– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.

3.– Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.

33. artikulua.– Ikuskapena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena izango du bai datuen egiazkotasuna eskatu eta ziurtatzeko, eta bai agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko ere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala