Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2016ko irailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4117

EBAZPENA, 2016ko irailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetan sartzeko praktikaldia arautzen da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko irailaren 7ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetako praktiketako funtzionario izendatzen dira; horiek sailburu beraren 2015eko otsailaren 11ko eta 2016ko otsailaren 5eko Aginduen bidez deitutako hautaketa-prozesuetan hautatutako izangaiak dira.

Aipatutako deialdiekin bat etorriz, praktikak arautu eta Kalifikazio Batzordearen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen Kidegoetan praktiketako funtzionario izendatutako izangaien praktikak batzordeek kalifikatuko dituzte. Hona batzorde horien osaera eta jardute-prozedura:

1.1.– Kalifikazio Batzorde hauek eratuko dira eta kide hauek osatuko dituzte:

Maisu-maistren kidegoa:

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako Ikuskari bat; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta Batzordeburu gisa jardungo du.

– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Maisu-Maistren Kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa:

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako ikuskari bat Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta Batzordeburu gisa jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendari bat; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

1.2.– Kalifikazio Batzordeen osaera Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web orrian argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus eta http://www.irakasle.eus

1.3.– Kalifikazio Batzordeko kideei aplikatuko zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa.

Maisu-maistren kidegoaren kasuan, ikastetxeko zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Izangai horiek Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario irakasleen artean aukeratuko dira, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitatean habilitazioa dutenen artean batez ere, eta izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxean izango dute destinoa.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, praktikaldia karrerako irakasle funtzionario arituen tutoretzapean egingo da. Tutore funtzionarioak izangaiak praktikak egiten dituen espezialitate berekoak izango dira eta, ahal izanez gero, katedratikoen kidegokoak edo, bestela, Didaktika Departamentuko buruak. Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxean izan beharko dute destinoa tutoreok eta ikastetxe horretako zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeak izendatuko ditu.

Praktikaldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuz gero, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta Kalifikazio Batzordeak izendatuko du.

Hautagaien praktiken tutoretza egiteko baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionarioak ez dauden ikastetxeetan ikasketa-buruari edo ikastetxeko karrerako funtzionario den edozein irakasleari izendatuko zaio praktiken irakasle tutore. Kalifikazio Batzordeak, ikastetxeko zuzendariaren proposamenez, egingo du izendapen hori.

Baldin eta praktiketako funtzionarioak Maisu-maistren kidegokoak badira eta destinoa eskola unitario edo osatugabe batean –gutxienez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzeko unitate bat ez duena- badute, aipatutako ikastetxeetako ikuskaria arduratuko da praktiketako irakasleen ebaluazioaz, Ebazpen honen I-II eranskinetan xedatutakoaren arabera. Horretarako, nahi duen informazioa eskatu ahal izango dio zuzendaritzari edo beste edozeini, eta Kalifikazio Batzordeari igorriko dio.

1.4.– Irakasle-tutoreak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionariei:

– Programazio didaktikoa.

– Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

– Koordinazio didaktikoa.

– Tutoretza- eta orientabide-planak.

– Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.

– Familiekiko harremanak adingabeko kasuetan.

1.5.– Zuzendaritza-taldeak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkio praktiketako funtzionariei:

– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.

– Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.

– AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.

– Ikastetxeko gobernu- eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.

– Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea.

2.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak irakasleak ebaluatzeko prozesua koordinatuko du, ezarritako prozeduraren arabera.

Praktikaldia amaitzean, ikastetxeko zuzendariak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

Irakasle-tutoreak, berriz, txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

3.– Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak jaso, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Horretarako ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak, bai eta I eta II Eraskinetan adierazitako adierazleak ere kontutan izango ditu. Aldez aurretik eta ezarritako prozeduraren arebera, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak joan ahal izango du izangaiak ematen dituen klaseetara; eta ezarritako prozeduraren arabera izangaiaren praktikaldiari buruz informazio guztia jasoko du.

Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak Kalifikazio Batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak. Halaber, Batzordeak izangaiei azken memoria bat eskatu ahal izango die; horretan, izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

4.– Kalifikazio Batzordeak izangaien azken ebaluazioa egingo du, irizpide hauen arabera:

a) Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle-tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, dagozkion eranskinen arabera.

b) Izangaiaren azken memoria, Kalifikazio Batzordeak eskatuz gero.

Eskola unitario edo osatugabeetan destinoa duten Maisu-maistren kidegoko praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak emango du praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruzko txostena.

Edozein kidegotako praktikako funtzionarioen kalifikazioa «Ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.

Irakasle-tutorearen, ikastetxeko zuzendariaren eta erreferentziako ikuskariaren txostenek zertan oinarritzen diren adierazi beharko dute, baita txosten horiek egiteko erabili duten dokumentazioa ere.

Kalifikazio Batzordeak, nahi duen guztietan, izangaiei buruzko txosten osagarri bat eskatu ahal izango dio ikastetxeko Hezkuntza ikuskariari, eranskinetako adierazleetan oinarrituta. Eskaera berariaz egingo da eta ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta balorazio gutxiegia duen txostena badago, izangaiak egin beharreko praktikei buruz zuzendariak edo irakasle tutoreak ezarritako adierazleren batean.

5.– Emandako txostenak kontuan hartuta, kalifikazio Batzordeak izangaiaren azken ebaluazioa egingo du eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko dio praktiketako funtzionarioen zerrenda, dagokion kalifikazioekin.

6.– Praktiken kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko zuzendariak aldez aurretik jakinarazi ondoren, bost eguneko epean, aditzera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 79. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori pasa ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango du ebazpena eta Kalifikazio Batzordeari eta interesatuari bidaliko zaie.

Bigarrena.– Kalifikazio Batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Kalifikazio Batzordeek osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

Hirugarrena.– Kalifikazio Batzordeek «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta erredaktatu ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko zuzendariari eman beharko zaio horren berri eta behar dena erabakiko du.

Laugarrena.– Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira irakaskuntza zuzeneko sei hilabete egin eta gero, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldiarekin. Salbuespenezko kasuetan, praktikaldia, gutxienez, hiruhileko batetik gorakoa izan ahalko da, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du; beti ere, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoeraren batean badago eta horren ondorioz ezin badu praktikaldia ohiko eran egin –Kalifikazio Batzordeak baloratuko du–. Salbuespenezko kasu horietan ere, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldia egin beharko da.

Kalifikazio Batzordeak egingo duen azken aktan ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

Ez gaitzat jotzen diren praktiketako funtzionarioek izango dute hurrengo promozioan hautatutakoekin praktikaldia, behin bakarrik, errepikatzeko aukera. Kasu honetan, sartzen diren promozioan haien espezialitatean aukeratutako azken izangaiaren hurrengo tokia hartuko dute.

Lanean hasten ez direnek edo bigarrenez «Ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenak karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Arrazoidun ebazpen baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

Bosgarrena.– Praktikaldian, eta kasu berezietan, praktiketako funtzionarioei azterketa medikuak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Kalifikazio Batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko zuzendariari eskuduntzak ematen zaizkio, praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 8a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

I. ERANSKINA
ZUZENDARIAREN TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK

(Ikastetxeko kudeaketan parte-hartzea)

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldean laguntzea, ikastetxea berak eta beraren hezkuntza-jarduerek behar bezala funtzionatzeko.

2.– Hezkuntza-jardueren diseinuan eta egitean laguntzea, ikastetxeko kide bakarreko organoen proposamenez.

3.– Organo kolegiatuen hitzarmenak betetzea eta parte-hartzea.

4.– Sail, ziklo eta talde-ikasgeletako Taldearen akordioak betetzea, ikasleen ikaskuntzako ebaluazio eta kalifikazioari dagozkionak bereziki.

5.– Irakasleen Klaustroan eta hezkuntza komunitatean integratzea.

6.– Ikastetxearen hobekuntzan kolaborazio- eta ekarpen-jarrera.

7.– Ikastetxeko eskola- eta hezkuntza-ekintzetan parte-hartzea.

8.– Eskolaz kanpoko eta osagarriak diren hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintzak ikasleekin batera burutzeko zereginetan parte-hartzea, OOGn onartuak eta Ikastetxeko Planean islatuak.

(Talde-lanerako kolaborazio- eta ahalmen-espiritua)

9.– Talde-lanerako ahalmena.

10.– Ikasteko, praktika onak partekatzeko, errespetutik baliogarriak diren proposamenak egiteko eta lankideen lanaren baloraziorako jarrera irekia.

11.– Irakasleen batzarretan eta lan-taldeetan era aktiboan parte-hartzea eta laguntzea.

(Eskola-komunitatearekin harremana)

12.– Bizikidetza positiborako eta ikaskuntzako giro onerako ekarpena.

13.– Ikasle eta familiekin harremanak eta komunikazioa izateko gaitasuna.

(Eginkizunak, eginbeharrak eta betebeharrak betetzea)

14.– Ikastetxean egoteko ordutegi pertsonala betetzea.

15.– Talde-ikasgelan emateko ikasgaien ordutegiak betetzea.

16.– Ikastetxeak jarritako edozein kargu edo erantzukizun behar bezala betetzea.

17.– Irakasle-funtzioa behar bezala betetzea.

II. ERANSKINA
TUTOREAREN TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK

(Ikastetxearen kudeaketan parte-hartzea)

1.– Ikastetxearen antolakuntza- eta kudeaketa-dokumentuak ezagutzea.

2.– Irakasle-taldearen partaidea den aldetik, lan-batzarretan eta ikasleak hezteko prozesuan era aktiboan koordinatzea eta laguntzea.

(Ikaslearen gela/motibazioaren gela/metodologia/giroaren planifikazioa eta kudeaketa)

3.– Hezkuntza eta irakaskuntza ekintzetako plangintza eta programazioa talde-ikasgelan garatzeko xedez, indarreko curriculum eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari jarraiki.

4.– Talde-ikasgelaren programazioa sailean edo zikloan ezarritako irizpideei egokitzea, etaparen curriculum-proiektuaren arabera, ondorengo gaietan:

– Estrategia metodologiko egokiak aplikatzea.

– Hezkuntza-etapari edo espezialitateari egokitutako ebaluazio-prozedurak aplikatzea.

– Ikasleen aniztasuna aintzat hartzea, hezkuntza-premia bereziak dituztenak batez ere.

– Espezialitatearen programa, bidezkoa bada.

5.– Ikasleen testuinguruari eta adinari eta ezaugarriei egokitzea.

6.– Ikasleen aniztasunaren gaia talde-ikasgelan tratatzea.

7.– Gelako antolakuntza inklusiboa.

8.– Praktika-metodologiko erangikorrak eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea.

9.– Ikasleak ikaskuntzarako motibatzea.

10.– Talde-ikasgelan sortutako gatazkak konpontzeko trebezia.

(Ebaluazioa, ikaslearen jarraipena eta tutoretza)

11.– Prestakuntzazko eta bildumazko ebaluazioaren diseinua eta aplikazioa programatutako irakatsi eta ikasteko prozesuetan.

– Gutxieneko ezagupenak, gaitasunen garapen maila, ebaluazio-, kalifikazio- eta sustapen mugatu-irizpideak.

– Tresnak eta ebaluazio-prozedurak erabiltzea, ikasleen ebaluazio objetiboa egiteko eskubidea ziurtatzeko.

– Talde-ikasgelako ikasleek lortutako emaitzak eta ikasleek banan-banan lortutako ikaskuntza maila aztertzea.

– Ikasleek egiten duten aurrerapena jarraitzea.

– Ikasleei eta familiei horren berri ematea (eta behar denean, talde-ikasgelako tutoreari).

– Hobetzeko erabaki diren proposamenak: aldaketak metodologian; ekintzak egokitzea; materialak eta baliabide didaktikoak aukeratzea; ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak adostea.

12.– Tutore-lana eta egotzitako funtzioak betetzea.

(Eskola-komunitatearekin harremana)

13.– Ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko familiekin koordinatzea.

(Praktika, autoebaluazioa eta heziketari buruzko gogoetak)

14.– Etengabeko hobekuntzarako irakaskuntzari buruzko gogoetak.

15.– Ikaskuntzarako eta berrikuntzarako jarrera irekia.

16.– Prestakuntza prozeduretan parte hartzea eta laguntzea.


Azterketa dokumentala