Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2016ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4077

AGINDUA, 2014ko ekainaren 30ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, Orona fundazioaren estatutuetako 5. artikuluan (egoitza) egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko ekainaren 17an sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean Orona fundazioaren estatutuen 5. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea, Roberto Pérez Fabían jaunak izenpetua, fundazioaren aholkulari gisa.

Eskabidearekin batera, sozietatearen egoitza eta estatutuen artikulu hori aldatu direla jakinarazteko eskritura publikoaren kopia sinplea eta kopia baimendu bikoitza aurkeztu dira. Eskritura José Miguel Lazkanotegi Muxikak egiletsi zuen 2014ko ekainaren 10ean, presidentea den aldetik, fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Donostiako notario Fermín Lizarazu Aramayoren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.883).

Eskritura publiko horrekin batera, 2014ko maiatzaren 22an egindako bilerari buruzko ziurtagiria aurkeztu da. Oier Lizarazu Iztueta patronatuko idazkariak egin zuen ziurtagiri hori, 2014ko maiatzaren 23an, presidentearen baimenarekin. Bilera horretan, besteak beste, fundazioaren egoitza aldatzea erabaki zen, eta, horren ondorioz, fundazioaren estatutuetako 5. artikulua ere bai.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistro, Aholkularitza eta Kontrol Unitateko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Estatutuen aldaketa onartzeko eta aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedienteari funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan eskatutakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 44. artikuluan eskatutakoak. Azken erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartu zen. Aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Orona fundazioaren estatutuetako 5. artikuluan egindako aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuen aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, fundazioaren egoitza aldatzeko eta, ondorioz, estatutuetako artikulua aldatzeko eskritura publikoan ezarritakoari jarraituz, zeina José Miguel Lazkanotegi Muxikak egiletsi baitzuen 2014ko ekainaren 10ean, presidentea den aldetik, fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Donostiako notario Fermín Lizarazu Aramayoren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.883)

Inskripzioaren ondorioz, fundazioaren egoitza aldatu egingo da udalerri beraren barruan, Hernanin bertan, hemen egotera: Orona Ideo – Galarreta teknologia-parkea, Jauregi bidea.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 30a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERcOREcA GERVASIO.


Azterketa dokumentala