Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2016ko irailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3829

AGINDUA, 2016ko irailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2016ko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen du.

Aipaturiko dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei dekretu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko deialdia egingo die. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:

Dekretu honen erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.

Diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.

Eskaerak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zein dokumentazio aurkeztu behar duten ere.

Deialdia ebazteko epea -deialdia indarrean sartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilabetekoa izango da- eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.

Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Balorazio Batzordeko kideen izendapena.

Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, Agindu honen bidez gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira, arau horretan xedatutako diru-laguntza deialdia 2016ko ekitaldian aplikatzeko.

Kudeatzeko irizpide gisa, laguntzen hartzaile diren fundazio eta elkarteek baliabide elektronikoez baliatuta egingo dituzte egin beharreko eskaera, galde eta izapideak. Beraz, haiei egin beharreko komunikazio eta jakinarazpenak, bai eta eskaeraren ondorengo gainerako izapideak ere, bide horretan egingo zaizkie.

Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren 2016 urteko diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta:

http://www.euskadi.eus/web01-s2hhk/eu/contenidos/informacion/pes_plana/es_def/index.shtml

Horri jarraikiz, honako hau,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2016ko diru-laguntzetara biltzeko dei egitea. Diru-laguntza horiek emateko modua 2015eko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen hutsen zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. Zk.) arautzen dute.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2016ko ekitaldian, Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogeita bi mila eta bostehun eurokoa da (282.500).

3. artikulua.– Programak gauzatzeko epea.

Agindu honen babesean diru-laguntza jasotzeko aurkezten diren programak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira nahitaez.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alderdi_politikoak/y22_izapide/eu/

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak betetzeari buruzko azalpen guztiak aurreko puntuan esandako euskadi.net domeinuko egoitza elektronikoan daude eskura.

4.– Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, ondorengo atal honetan (https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak).

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a.1.– Eskaera sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskaeraren titularra legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.

a.2.– Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politikoren batekin lotura duela eta hark diru-laguntza bere izenean jasotzeko izendatu izana egiaztatzea.

a.3.– Eskaeraren titularrak, zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen formazio politikoa osatzen duen eta eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo beraiek ezagutzeko era, egiaztatu beharko ditu. (hau, soilik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek egiaztatu beharko dute).

b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:

b.1.– 2016ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

b.2.– 2016ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko memoria.

b.3.– 2016ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren aurrekontua, proposatutako ereduari jarraituz.

c) 2016ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren gauzatze-egutegia.

d) Ordainketak egiteko, diru-laguntza eskatzen duen erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

e) Nahi izanez gero, aurkeztutako programa hobeto ebaluatzeko eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.

7.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar orokor hauek:

1.– Erakundeak ez du jaso diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez dauka legez debekatuta halakorik eskuratzea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).

2.– Erakundeek egunean dauzka indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

3.– Erakundeak aurkezturiko gastu-aurrekontuan, hurrengo gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Higiezinetako obren gastua.

b) Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.

c) Amortizazio-gastuak.

d) Zerga-gastuak.

e) Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea diru-laguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.

4.– Batetik, erakundearen izenean aurkeztutako eskaerako datuak eta han erantsitako agirietakoak egiazkoak dira; bestetik, erakunde eskatzaileak indarrean den araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu eta badauzka hori frogatzen duten agiriak. Azkenik, betekizun horiek diru-laguntzaren iraunaldi osoan betetzeko konpromisoa onartzen du.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

7. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, bere 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak ondorengo hauek izango dira:

a) Jose Antonio Urdangarin Arrizabalaga, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidentea izango da.

b) Itziar Lizeaga Romero, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidenteordea izango da; honek huts egingo balu, Silvia Martínez de Ubago Bermejo arituko da bere ordez.

c) Verónica Del Blanco Ruiz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko idazkaria (bai hitz egiteko eta baita bozkatzeko eskubideak izango ditu) izango da; honek huts egingo balu, Anartz Izagirre Arretxe arituko da bere ordez.

d) Ane Crespo Calvo, hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria izango da; honek huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da bere ordez.

8. artikulua.– Ebazpena.

Fundazio eta elkarte interesdunei deialdi honetako diru-laguntzen banaketa Ebazpenaren berri emango zaie baliabide elektronikoez baliatuta, Agindu hau indarrean hasten den egunaren biharamunetik hasi eta 6 hilabeteko epean gehienez ere.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza honen onuradunek, diruz lagundutako programako jarduerak bukatzen diren egunetik hasi eta bi hilabeteko epean gehienez ere, eta nahitaez 2016ko abenduaren 31 baino lehen, programei buruzko ondorengo dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, diru-laguntza justifikatzeko:

a) Diruz lagundutako programari buruzko justifikazio laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

b) Diruz lagundutako programaren memoria.

c) Diru-laguntza jaso duen programaren egikaritzapenaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta sarrerak); kopuruak ahalik eta xehatuen eman behar dira.

d) Diru-laguntza jaso duen programa egikaritzeko egindako gastu guztien zerrenda, proposatutako ereduari jarraituz.

e) Diruz lagundutako programa egitearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

f) Diruz lagundutako programan edo jardueran oinarrituta sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.

2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «nire kudeaketak» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak)

Justifikazioak tramitatzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura, ondorengo helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alderdi_politikoak/y22_izapide/eu/

10. artikulua.– Jakinarazpenak egitea izapidetze telematikoan.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. Izenburuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egintzat joko da interesdunak edo, bestela, haren legezko ordezkariak edo hark baimendutako norbaitek jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean. Kasuan kasuan ezarritako epea jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatu den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.

2.– Jakinarazpena Dekretuak aipatzen duen helbide elektronikoan interesdunaren (edo haren legezko ordezkariaren nahiz hark baimendutako pertsonen) eskura utzi eta hamar egun naturaleko epean ez bada haren edukia atzitzen, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da. Halako kasuan izapidea egintzat joko da eta aurrera jarraituko du prozedurak, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz zein interesdunek hala eskatuta, hura atzitzeko ezintasun tekniko edo materiala izen dela.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zu-zendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortu du; beraren aurka erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete pasatu baino lehen.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 1a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala