Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2016ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3769

AGINDUA, 2016ko uztailaren 13koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ikasleen guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako -unibertsitatez kanpokoentzako- laguntzetarako deia egiten duena.

EAEko unibertsitate-mailatik kanpoko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dituen helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, 29. artikuluan, hau jasotzen du: gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.

Ikasleen guraso-elkarteek duten ahalmena eta ekimena nahikoak ez direnean, eta parte-hartze maila handia bada, ezinbestekoa da federazioak eta konfederazioak egotea, eta, horrek berekin dakar gastu handiak egin behar izatea legearen arabera eratutako erakundeek.

Hori guztia dela eta, agindu honek laguntzetarako deia egiten du, ohiko jardunerako eta azpiegiturarako, zein bazkideentzako prestakuntza-jarduerak egiteko, bai eta ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ere.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia ireki behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean ezarritakoarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren diru laguntzak arautzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoak, VI. tituluan jasotako xedapenekin eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen gastuei aurre egiteko laguntzak emateko deialdia egitea da. Laguntza horiek 2016ko gastuetarako dira, hain zuzen ere agindu honen 2. artikuluan aipatutako aktibitateek eragiten dituzten gastuetarako.

2. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) Unibertsitate-mailakoak ez diren guraso-elkarteetako kide diren gurasoentzako edo/eta ikasleentzako prestakuntza-jarduerek egindako eragiten dituzten gastuetarako.

b) Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen jardunerako ezinbestekoak diren azpiegitura-gastuetarako.

c) Unibertsitate-mailakoak ez diren guraso-elkarteei emandako laguntza- eta aholkularitza-jarduerek eragindako gastuetarako.

d) jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuak -2.1.a) artikuluan jasota ez daudenak-; jarduera horiek elkarteetako ikasleei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

2.- Unibertsitate-mailakoak ez diren ikasleen gurasoei eta/edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuek eskatutako kopuruaren % 50aren bestekoak edo hortik gorakoak izan beharko dute. Azken justifikazioan, gurasoen eta/edo ikasleen prestakuntza-jardueretarako justifikatutako gastuak emandako diru-laguntzaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

3. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Hartarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko aurrekontu orokorretan honako kreditu hau kontsignatuko da: hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa, ondoko arlo eta lurralde-eremutan banaturik:

1.- Autonomia-erkidegoko konfederazioentzat, 70.000 euro.

2.- Lurralde historikoetako bakoitzean dauden ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituzten federazioentzat, -170.000 euro.

3.- Irakaskuntzako elkarteen federazioentzat, elkarte zein kooperatiba, 110.000 euro.

4. artikulua.- Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.- Deialdi honetan honako hauek parte hartu ahal izango dute baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan behar den erregistroan izena eta alta emanda badaude:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako edo itunpeko ikastetxeetako guraso elkarteen federazioek eta konfederazioek, legearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo konfederazio gisa izena emanda badaude eta irakaskuntza-izaerako guraso-elkarte badira, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen gurasoen elkarteak arautzen dituen otsailaren 10eko 66/1987 Dekretuaren (1987ko apirilaren 7ko EHAA) 6. eta 11. artikuluetan ezartzen denaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren itunpeko ikastetxe pribatuetako guraso-elkarteen federazioek eta konfederazioek, zuzenbidearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo irakaskuntzako kooperatiba gisa izena emanda.

2.- Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

3.- Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.- Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.- Izapideak modu elektronikoan egitea.

1.- Prozedura honetako izapideak egiteko, kontsultak egiteko edo eskabideak egiteko, erakunde interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoko kanal elektronikoa erabili ahal izango dute: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fedekonfe/y22-izapide/eu

2.- Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.- Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fedekonfe/y22-izapide/eu

4.- Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean egingo dira. Https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5.- Ordezkaritza beste pertsona bati emanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrean, baliabide elektronikoen bitartez izena emanda egon beharko da Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistro Elektronikoan, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikokoan: https://euskadi.eus/

6. artikulua.- Baldintzak egiaztatzea.

1.- Hezkuntzako Kooperatiba edo Elkarteen Erregistro egokian inskribaturik eta izena emanik egotea ofizioz egiaztatuko da.

2.- Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Onuraduna edo erakunde laguntzailea ez daudenean behartuta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan aipatzen diren agiriak edo aitorpenak aurkeztera, betebehar hori erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez egiaztatuko da.

3.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuz, eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat jaso beharko du eskabideak, non honako hauek egiaztatzen diren:

a) Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

3.- Eskariek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-eskumenak.

4.- Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

7. artikulua.- Eskabideen aurkezpena eta epeak.

1.- Eskabide egiten duten erakundeek honako formulari hauek aurkeztu beharko dituzte, behar bezala betak: «Eskabidea» (I. eranskina), «Gastu aurrekontua» (II. eranskina) eta «Federatutako edo konfederatutako erakundeen zerrenda eguneratua» (III. eranskina). Halaber, administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo diru-laguntza eskatu dioten erakundeek (laguntza hori eman bazaie edo oraindik ebazteko badago) «Beste finantziazio-iturri batzuk» inprimakia (IV. eranskina) aurkeztu beharko dute. Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fedekonfe/y22-izapide/eu

2.- Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan, baliabide elektronikoen bidez, aurkeztu beharko da dokumentazioa: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fedekonfe/y22-izapide/eu

3.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4.- Eskabideak euskaraz edo gazteleraz aurkeztu dira, eskatzaileak aukerazten duenean. Eta prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

5.- Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

1.- Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

2.- Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren Nire «Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.- Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

4.- Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

9. artikulua.- Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze-eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honen parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

10. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.- Federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.- Hirugarren artikuluan zehaztutako kopuruei dagozkien kredituak artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuz banatuko dira eskaera egiten duten elkarteen artean. Horietako bakoitzari emandako zenbatekoa ez da inola ere izango eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko konfederazioak.

Konfederazio horietako bakoitzari esleitutako puntuazioarekiko proportzioan egingo da banaketa.

Sare publikoko konfederazioei dagokienez, EAEko esparruan sare publikoko federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko bi puntu.

Gainerako konfederazioei, berriz, federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko puntu bat.

b) Lurralde historikoaren eremuko federazioak, ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituztenak:

Onartutako eskabide guztiei 37.800 euroko hasierako laguntza esleituko zaie.

Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak). Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

c) Gainerako federazioak:

Atal honetarako erabakitako kredituen kargura, hasierako laguntza hauek onartu dira:

- 5 elkartek edo gutxiagok osatutako federazioak: 1.350 euro.

- 6 elkartek edo gehiagok osatutako federazioak: 2.700 euro.

- Matrikulatuta 40 ikasle edo gutxiago dituzten eskola txikietako erakundeen federazioak, baldin eta 14 elkarte edo gehiago biltzen badituzte: 6.300 euro.

- Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak). Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

2.- Federazio bateko baino gehiagoko ikasleen elkarteetako gurasoen ikasleak elkarteen artean banatuko dira, kopuru beretan. Ikasle kopurua ezin bada zatitu elkartea kide duten federazioen artean, gurasoen elkarteko ikasleen kopuruaren eta ikasle horiek kide dituzten federazioaren arteko zatiketaren zati osoa hartuko da kontuan.

3.- Ikasleen kopuruan, salbuetsita geratzen dira 0 urtetik 3 urtera bitarteko irakaskuntza ez-derrigorrezko mailakoak.

4.- 3. artikuluan agertzen den kopuruarekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta lau hilabeteko epean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak. Ebazpenaren jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean ikusi ahal izango dira.

2.- Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

3.- Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

4.- Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, guztion ezagutzarako.

5.- Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.- Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

14. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz); horiez gain, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

b) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza beti onartutakotzat joko da non eta ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean uko egiten ez zaion idatziz.

d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, bai eta jarduera gauzatu dela ere.

e) Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

f) Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

15. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.- Bi ordainketa-agindu bidez egingo da ordainketa:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bide elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fedekonfe/y22-izapide/eu) «Egindako gastuaren justifikazioa» (V. eranskina) delakoaren inprimaki normalizatua aurkezten denean, behar bezala beteta, eta ordura arte izandako gastuen faktura eta ordainagiriekin batera. Dokumentazio hau aurkezteko azken egina 2016ko abenduaren 10a da, hau barne.

2.- Diru-laguntzak eta laguntzak pagatu ahal izateko Administrazioak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoan jasota egon beharko du erakunde eskatzaileak. Hirugarren interesedun baten datuak aldatzeko edo izena emateko, bide elektronikoa erabliliaz, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak emandako hirugarrenen erregistro telematikoara jo beharko da, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

3.- Ematen diren epeetan diru-laguntza onartu ezean edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta bere kasuan laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea eragingo da.

4.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko egiaztagiriak aurkezteko.

5.- Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

a) Balioaren % 100, unibertsitate mailakoak ez diren ikasleen gurasoei zuzendutako formazio jarduerak eragindako gastuak.

b) Balioaren % 100, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen ezinbestekoak diren azpiegitura-gastuak.

c) Balioaren % 100, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteei zuzendutako laguntza eta aholkularitza gastuak.

d) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuak -16.5.a) artikuluan jasota ez daudenak-; jarduera horiek elkarteetako ikasleei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

6.- Unibertsitate-mailakoak ez diren ikasleen gurasoei eta/edo elkarteetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueretarako justifikatutako kopuruak emandako diru-laguntzaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

16. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira -diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere- diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 17. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

17. artikulua.- Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.- Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. Tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.- Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.- Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera -zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita-, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, ordezko izaerarekin, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduan.

AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZEN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASLEEN GURASO-ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZEN GASTU-AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
FEDERATUTAKO EDO KONFEDERATUTAKO ERAKUNDEEN ZERRENDA EGUNERATUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BESTE FINANTZIAZIO-ITURRI BATZUK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASLEEN GURASO-ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZEN GASTUAREN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala