Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2016ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3768

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzako laguntzetarako deia egiten duena, Haur Hezkuntzako lehenengo ziklokoak izan ezik.

EAEko hezkuntza-sistemarako ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dituen helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, 29. artikuluan, hau jasotzen du: gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.

Heziketa integrala lortzeko, irakaskuntza arautuak behar-beharrezkoa du jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzea. Eta hori parte-hartzearekin bakarrik lortzen da, hala Helduen Hezkuntzako ikasleenarekin nola adin txikiko ikasleen gurasoenarekin, indarrean dagoen legediak ezarritakoaren arabera eratutako elkarteen bitartez.

Halaber, aipatutako dekretuaren 29.5. artikuluak hau ezartzen du: familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dituzte gurasoentzat eta legezko tutoreentzat, betiere inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

Parte-hartze horrek, ordea, gastu handiak eragiten dizkie legeak ezarritakoaren arabera eratutako erakunde guztiei, eta, beraz, sistemak berak lagundu egin behar die partaidetza hori gauza dadin.

Horren guztiaren ondorioz, agindu honen bidez, laguntzetarako deia egiten da, hau izanik laguntza horien xede nagusia: Helduen Hezkuntzako (HHE) ikastetxeetako ikasleen elkarteak eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteak egon daitezen sustatzea, bai eta elkarte horiek gauzatzen dituzten jarduera osagarriek eta eskolaz kanpoko ekintzek eragiten dituzten gastuen zati bat ordaintzea ere, eta bereziki hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko jarduerak.

Mota horretako laguntzetarako baliabide gutxi dagoenez, emango den laguntza guztiaren zenbatekoa honako hauen araberakoa da: elkarteak egoitza duen ikastetxean dauden bekadunen kopurua eta ikastetxe hori sare publikokoa edo itunpekoa den. Izan ere, bi baldintza horiek dira babestutako kolektiboaren egoera sozioekonomikoaren adierazle.

Hori dela-eta, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan jasotako xedapenetan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 4. artikuluko entitate onuradunei 2016. urtean 3. artikuluko jarduerek eragindako gastuei aurre egiteko laguntzak emateko deialdia egitea da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xederako, bostehun mila (500.000) euroko kreditua izendatu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuetarako.

b) Jarduerek eragindako gastuetarako eta Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastegietako ikasleen guraso-elkarteek beren jardunerako behar dituzten azpiegitura-gastuetarako.

c) Eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien gastuetarako –a) atalekoak ez direnak–; jarduera horiek unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

2.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuek eskatutako kopuruaren % 50aren bestekoak edo hortik gorakoak izan beharko dute. Azken justifikazioan, ikasleen eta/edo gurasoen prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Ondorengo entitateek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, eta onuradun suertatu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Helduen Hezkuntzako ikastegi publikoetako ikasleen elkarteak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastegietako ikasleen gurasoen elkarteak.

2 Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Horrez gain, aipatutako erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan izena eta alta emanda egotea.

b) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita.

4.– Deialditik kanpo geratzen dira derrigorrezkoa ez den 0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntza mailako haurren guraso-elkarteak.

5. artikulua.– Izapideak modu elektronikoan egitea.

1.– Baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte erakunde interesdunek, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampas/y22-izapide/eu

4.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak (izapidetze presentziala edo telematikoa) ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera (otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa).

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6.– Beste pertsonaren bati ordezkaritza ematen bazaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aurrean bide elektronikoaz aritu dadin, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan (https://euskadi.eus).

6. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko dira inskripzioa eta alta-egoera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Onuraduna edo erakunde laguntzailea ez daudenean behartuta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan aipatzen diren agiriak edo aitorpenak aurkeztera, betebehar hori erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez egiaztatuko da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluetan xedatutakoa aplikaturik (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hura), eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez honako hauek egiaztatuko dira:

a) Eskabidea eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskariek aukera bat izango dute diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Herri Administrazioaren egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak kaltetu barik.

5.– Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsita, bai oniritzia emanda, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea eta epeak.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» (I. eranskina) eta «Gastu-aurrekontua» (II. eranskina) izeneko inprimaki normalizatuak aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta. Halaber, administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo diru-laguntza eskatu dioten erakundeek (laguntza hori eman bazaie edo oraindik ebazteko badago) «Beste finantziazio-iturri batzuk» inprimakia (III. eranskina) aurkeztu beharko dute. Ereduak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampas/y22-izapide/eu

2.– Dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Dokumentazioa bide elektronikoaz aurkeztu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampas/y22-izapide/eu

4.– Era berean, eskabideak bide presentzialaz aurkeztu ahal izango dira eta dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako ordezkariari zuzenduko zaio. Eskaera hauek, Eusko Jaurlaritzan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuen bitartez aurkeztu ahal izango dira. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna ziurtatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute dokumentazioa, nahi duten hizkuntzan. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

6.– Guraso elkarte batek bi ikastetxetan lana egiten duenean, bi eskabide egin behar izango ditu (ikastetxeko bat). Ikastetxe batean bi eskabide izanez gero, bai guraso elkarte bik eginda, bai elkarte batek eta kooperatiba batek eginda, ikasleen kopurua banatuko da «Gastu-aurrekontua» inprimakian aipatutako portzentajearen arabera.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez dagoela edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz edo posta bidez egingo da, eskabidean aukeratutakoaren arabera.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat hartuko da.

4.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean ikusi ahal izango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorrita, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Elkarteetarako laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango elkarte horietako bakoitzak eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

2.– Banaketa-sistema hau da:

a) Hasiera batean, 162na euro esleituko zaie onartutako eskaera guztiei.

b) Gero, elkarte horietako bakoitzari bi puntuazio hauen emaitza esleituko zaio:

I.– Ikastetxeak dituen ikasleen guztizko kopuruaren arabera dagokion puntuazioa. Elkarte bakoitzari esleituko zaio jarduten duen ikastetxean matrikulatutako ikasle-kopurua adina puntu; horretarako, eskaera epearen amaierako estatistika-dokumentazio ofiziala hartuko da kontuan.

II.– Ikastetxeak dituen bekadunen kopurua bider 3 eginda lortutako puntuazioa; horretarako, eskaera epearen amaierako estatistika-dokumentazio ofiziala hartuko da kontuan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako elkarteen kasuan, berriro egingo da aurreko puntuazio hori bider 2, eta, elkarteak Hamaika Esku programaren barruan dagoen ikastetxe batean parte hartzen badu, berriro ere bider 2.

Ikastetxe bakoitzeko puntuazioa ez da inoiz izango aurreko bi puntuazio horien arteko batura baino handiagoa.

c) Deialdiaren zenbatekotik kenduko da hasierako laguntzen guztizkoa. Hori egin ondoren lortutako zenbatekoa izango da banatu beharreko soberakina.

Erakunde bakoitzak ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore finko batez, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati elkarte guztiei emandako puntuen guztizko batura.

d) Ateratako zenbatekoari hasierako 162 euro gehituko zaizkio, elkarte bakoitzari emango zaion laguntza zehazteko.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta interesdunei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa adieraziko da, eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honek arautzen dituen laguntzak bateragarriak izango dira Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, baldin eta jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

c) Administrazioaren egiaztatze-jarduerak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduerak erraztea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

e) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman dion erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

15. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» (IV. eranskina) izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako diru-laguntzako edo gehiagoko ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko azken eguna, 2016ko abenduaren 10a da, hau barne.

2.– Erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoan dagoen datu-basean egon beharko du, Administrazioak laguntza eta diru-laguntzak ordaindu baditu. Alta emateko edo hirugarren interesdun gisa dituen datuak aldatzeko, bide hauek daude:

a) Bide elektronikoa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak duen hirugarrenen erregistro telematikora jo behar da: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

b) Bide presentziala. Horretarako, inprimaki bat bete beharko da eta adierazitako lekuetan aurkeztu. Hirugarrenei alta emateko edo haien datuak aldatzeko argibideak helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

3.– Ematen diren epeetan diru-laguntza ez justifikatzeak edo eman den baino gutxiago justifikatzeak ebazpenaren aldatze prozesua eragingo du, dagokion kopuruaren heinean, eta bere kasuan laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea eragingo da.

4.– Erakunde onuradunari diru-laguntza ematea eta, kasurako, ordaintzea baldintzapean izango da; hau da, itzultze-prozesu oso edo zehatze-prozesu oro amaituta egon beharko da, baldin eta halakorik izapidetzen ari bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita.

16. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Justifikazioak honako bi bideetako batez aurkeztu beharko dira:

a) Bide elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampas/y22-izapide/eu

b) Bide presentziala, herritarren arretarako bulegoetan (Zuzenean) edo Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan. Eskabideak aurkezteko, halaber, beste bulego batzuk ere erabil daitezke, hain zuzen ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan azaltzen direnak. Eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta funtzionarioak, gutuna ziurtatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskaera-orriari.

2.– Bi kasuetan, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da. Horretarako, prozeduraren fitxan eskuragarri dagoen inprimakia erabili beharko da (bilatu Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampas/y22-izapide/eu helbidea), behar bezala bete ondoren, eta behar diren ordainagiriak erantsita.

3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko ziurtagiriak aurkezteko.

4.– 2. artikuluan agertzen den kopuruarekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute.

5.– Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

a) Balioaren % 100 unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuei dagokienez.

b) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek funtzionatzeko beharrezkoak diren azpiegituren gastuak eta jarduera-gastuak.

c) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien gastuak –17.5.a) artikulukoak ez direnak–; jarduera horiek unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

6.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

17. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

2.– Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. Tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen gaietan, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
HELDUEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ELKARTEENTZAKO ETA UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZEN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
HELDUEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ELKARTEENTZAKO ETA UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZEN GASTU-AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BESTE FINANTZIAZIO-ITURRI BATZUK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
HELDUEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ELKARTEENTZAKO ETA UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZEN GASTUAREN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala