Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2016ko abuztuaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3526

12/2016 LEGEA, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa.

Eusko Legebiltzarrak 12/2016 Legea, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

ZIOEN AZALPENA
I

Eusko Legebiltzarrak, 2011ko martxoaren 31ko osoko bilkuran, 61/2011 Legez besteko Proposamena onetsi zuen, motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimendu bidegabeak jasan dituzten biktimei buruz. Proposamen hartan, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion neurriak eta jarduerak martxan jar zitzala biktima haien errekonozimendua ahalbidetzeko eta haien sufrimendua konpontzeko. Hura betetzeko, 107/2012 Dekretua onetsi zen, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, diktadura frankistan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa. Lehenengo urrats horrek denbora mugatua zuen, eta geroagoko legegintza-une baterako utzi zen biktimei laguntzeko politika hura luzatzeko lana.

Eusko Legebiltzarrak, 2015eko ekainaren 11n egindako bilkuran, 70/2015 Legez besteko Proposamena onartu zuen, testu honekin:

«1.– Eusko Legebiltzarrak berresten du ez dagoela giza eskubideen gainetik egon daitekeen kausa politikorik, eta etorkizuneko elkarbizitzak eskatzen duela indarkeriaren injustiziaren eta sortutako kaltearen errekonozimendua, bai eta biktimen duintasunaren errekonozimendua ere, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik.

2.– Eusko Legebiltzarrak Espainiar Gobernuari eskatzen dio batu dadila giza eskubideak urratu zaizkien baina errekonozimendurik izan ez duten biktimen erreparaziorako politiketara, hala nola den 1960-1978 tartean poliziaren abusuen biktimen kasua, abiapuntu izanik biktima guztien errekonozimenduaren aldeko adostasun sozial, politiko eta instituzionala.

3.– Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jarrai dezala garatzen, botere-abusuagatik edo indarkeria polizialaren erabilera ez-legitimoagatik giza eskubideak urratu zaizkien biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako politikak, aurreko legealditik bultzatzen ari direnak. Alde horretatik, eta aipatutako jokabideari jarraipena emanez, eskatzen du ezen Ganbera honetan aurkeztea iragarrita dagoen biktima horien errekonozimendu eta erreparaziorako lege-proiektuak hasieratik beretik bilatu dezala ahalik eta adostasun sozial, politiko eta instituzional zabalena».

Lege honekin, beraz, aurrera egiten da lehenago hasitako bidean eta gauzatzen da 1978ko abenduaren 29tik aurrera giza eskubideen urraketen biktima izan zirenak artatzeko borondatea.

Data hartatik aurrera giza eskubideen urraketa larrien biktimak, errekonozitu eta erreparatu gabeak, egoteak ematen du, funtsean, lege honen beharra. Biktima horiek existitzen baitira, agindu etiko eta demokratiko bat da haiek errekonozitzeko eta erreparatzeko baliabide bat sortzea.

1978an onetsi zen Espainiako Konstituzioak, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak arautzeko epigrafean, 15. artikuluan, adierazten du ezen guztiek bizitza eta osotasun fisiko nahiz moralerako eskubidea dutela, eta ezin dela inoiz torturarik egin, ez eta zigor edo tratu jasanezin edo apalesgarririk ere. Sistema demokratiko batean funtsezko eskubide hori urratzen denean, botere publikoek lan egin behar dute, jokabide horiek saihesteaz gainera, jokabide horien erreparazioan eta errekonozimenduan ere, hala badagokie, eta Euskal Autonomia Erkidegoak arlo horretan lan egiteko eskumenak ditu.

107/2012 Dekretuak eta lege honek biltzen dituzten garaietan Euskadin pairatu ziren giza eskubideen urraketen diagnostiko oso batek bere barruan hartu behar ditu terrorismoaren biktimak eta agente publikoek beren lanean, zuzenean edo zeharka, eragindako urraketen biktimak, errealitate erabat ezberdin horiek, giza eskubideen urraketak inolaz ere justifika ezin ditzaketenak, parekatu dituen diskurtsorik egin gabe. Baina bai 107/2012 Dekretua bai legea lotzen zaizkie bi garai horietako biktima errekonozitu gabeei, testuinguru konpartitu gisa ETAren existentzia zutenei. Ekintza terroristek ez dute justifikatzen botere-abusuaren bidez eragindako urraketa bat bera ere ez, baina giza eskubideen urraketak egotea ezin da azaldu gatazka politiko batek eragindako bi bortizkeriaren arteko enfrentamendu gisa. Hori horrela, lege hau mugatzen da errekonozimendurik eta erreparaziorik izan ez duten biktimak artatzera, bestela interpretatzeko biderik gabe.

Biktima horiek egon badaudela frogatu dute giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeen txostenek, bai eta hainbat kronika eta informaziok eta akademikoek eta adituek gidatutako txosten ugarik.

Ondorioz, orain arte ez errekonozimendurik ez erreparaziorik jaso ez duten biktima horiek berak dira lege honen beharra justifikatzen dutenak; izan ere, lege hau estuki loturik dago zuzenbide-estatuarekiko konpromiso demokratikoarekin eta horren oinarri diren printzipio, eskubide, askatasun eta bermeekin. Lege honen helburua da, beraz, motibazio politikoko egoera batean eragin zitezkeen giza eskubideen urraketak errekonozitzea eta erreparatzea. Errekonozimendu horrek ez du zuzenbide-estatua ahultzen, ezta bere erakundeak ere; alderantziz, sendotu egiten ditu, marko demokratiko batean onartezinak diren jokabideen ondorioak konpontzeko nahia eta konpromisoa inplikatzen baititu. Zuzenbide-estatuaren balioa ez dago bere baitan akatsik edo legez kanpoko ekintzarik ez gertatzean, baizik eta horiek identifikatzeko, zuzentzeko eta, ahal den neurrian, horien ondorioak konpontzeko gaitasunean.

Politika publikoa izanik, lege honen bitartez, asmoa da balio eta printzipio demokratikoak sustatzea, 1978tik 1999ra bitartean izandako gertaerak eta egoerak ezagutaraziz eta denboraldi historiko horri lotuta dauden eta artxibategi publikoetan dauden dokumentuak ondo zaintzen direla bermatuz.

Lege honen asmoa da, halaber, bizikidetza normalizatzen eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen laguntzea. Euskal gizarteak bost hamarkadaz baino gehiagoz jasan ditu terrorismoa eta indarkeria. Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguru honetan, giza eskubideen urraketen biktima kopuru garrantzitsu bat izan da, batez ere hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eta laurogeiko hamarkadan. Egun indarrean dauden legeek ez dituzte biktima horiek babesten. Hori dela eta, errekonozimendu hori beharrezkoa da bizikidetza normalizatzeko eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzeko.

Azken batean, hauxe da lege honen helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan 1978ko abenduaren 29 eta 1999ko abenduaren 31 bitartean giza eskubideen urraketa bat gertatu bada motibazio politikoko indarkeria-egoera batean, giza eskubideen urraketa horien biktimak errekonozitzea eta haiei jasandako kaltea erreparatzea. Izan ere, biktimak gizalegez eta zuzen tratatu behar dira.

II

Lege honek 1978tik aurrera izandako biktimei eskaintzen dien babesa 1999. urtera arte luzatzen da, momentuz, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren exekuzioaren bitartez bildutako esperientziari bidea emanda. Preskripzioaren instituzioak eskatzen du denbora-tarte hori zehaztea. Horrek aukera ematen du preskribatu egin direlako merezi zuten egiaren, justiziaren eta erreparazioaren errekonozimendua jaso ez duten kasuei heltzeko. Horrela, ez da interferentziarik gertatuko oraindik ere justizia-epaitegien aurrera eraman eta legezko ekintzak har daitezkeen gaietan.

Bigarrenik, 107/2012 Dekretuaren exekuzioaren bitartez bildutako esperientziak gomendatzen du biktimen arretari modu progresiboan heltzea, politika publikoak esku hartzeko denbora-tarteak ezarriz.

III

Lege honen oinarrian dago giza eskubideen babesaren arloko nazioarteko tratatu eta itunek –tartean, Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, Nazio Batuen 1966ko itunek zein Europako Kontseiluaren Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Hitzarmenak– ezarritako doktrina, joan den mendean aurrerapen handia ekarri zuena pertsonaren funtsezko eskubide batzuen definizioan eta babesean. Eskubide horiek funtsezkoak dira pertsona guztientzat eta barne hartzen dituzte, zalantzarik gabe, bizitzeko eskubidea eta osotasun fisiko, psikologiko, moral eta sexuala izateko eskubidea. Eskubide horiek izaera ia absolutua dute eta, egun, pertsonaren babesaren funtsezko edukiaren muintzat hartzen dira; oinarrizko zati komun demokratikoa osatzen dute, berenez, eta gure gizartearen babes-esparru eztabaidaezin eta intenporala.

Ildo berean, ezinbestekoa da oinarrizko eskubideei buruzko corpus juridikoa aipatzea, zeinak, Espainiako Konstituzioaren 10.2 artikuluari jarraituz, interpretatu behar baitira Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta Espainiak gai horien inguruan berretsi dituen nazioarteko tratatu eta itunak kontuan hartuta, zeinen artean azpimarratu behar baititugu torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako konbentzioa, New Yorken 1984ko abenduaren 10ean egin eta Espainiak 1987ko abenduaren 19an berretsia, eta derrigorreko desagertzeen aurka pertsona guztiak babesteko nazioarteko konbentzioa, New Yorken 2006ko abenduaren 20an egin eta Espainiak 2009ko uztailaren 14an berretsia.

Oinarrizko eskubide horiek botere publikoen babesa jaso behar dute, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren esparruan, eta, bereziki, pertsonen bizitzarako eta osotasunerako eskubidea babestearen inguruko jurisprudentziari dagokionez. Eta hori guztiori, «Giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko urraketei eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketei begira, biktimek errekurtsoak jartzeko eta ordainak jasotzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipioetan eta jarraibideetan» oinarrituta, zeinek jatorria baitute Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2005eko abenduaren 16ko 60/147 Ebazpenean. Printzipio horiek, zalantzarik gabe, justizia, egia eta erreparazio tripodean kokatzen dute estatuek giza eskubideen urraketa larriei erantzuteko oinarria, biktimekiko arreta, prestazioak eta eskubideak taxutzean.

Oinarrizko giza eskubide horien urraketa larrien biktimentzako arretaren gaineko nazioarteko estandarrak lotuta daude, oro har, Europako eskualde-mailako estandarrekin eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/EB Zuzentarauarekin. Delituen Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legeak garatu ondotik, horiek guztiek biktima guztientzako prestazioen eta eskubideen katalogoa osatzeko aukera ematen dute; nolanahi ere, beharrizan bereziak dituzten biktima-kolektiboei arreta emateko araudi zehatzak ere eratu ahal izango dira horietatik kanpo.

Euskal Autonomia Erkidegoko legediari dagokionez, Autonomia Estatutuko 9. artikuluak xedatzen du euskal botere publikoek herritarren oinarrizko eskubide eta eginbeharren erabilera egokia zaindu eta bermatu behar dutela, eta bizi-baldintzak hobetzeko politikak bultzatu beharko dituztela. Botere publikoei dagokie, baita ere, baldintzak sortzera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurriak hartzea, gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen. Betebehar hori bat dator Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan ezarritakoarekin, eta, beraz, pertsonaren eta, ondorioz, gure gizartearen babes- eta erreparazio-esparru ezbairik gabe intenporal bat gaitzen du. Hori oinarri, giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko politika Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen barne dago, zehazki, Gernikako Estatutuaren 10.12 artikuluaren (gizarte-laguntza), 18. artikuluaren (osasuna) eta 10.39 artikuluaren (komunitatearen garapena) bitartez.

Ildo horretan, legeak zuzendu egin nahi ditu giza eskubideen urraketa larri baten ondoriozko desberdintasunak; horretarako, kasu bakoitzari egokitutako ikuspegi pertsonalizatu eta asistentzial bat eskaintzen du. Bestalde, komunitatearen garapen adiskidetzailea eta erreparatzailea sustatzera bideratuta dago, hainbat hamarkadatan zehar terrorismo-, indarkeria- eta eraso-ekintzak direla-eta bizipen traumatikoa pairatu duen gizarte batean.

IV

Legeak, aurrekari duen ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak bezala, errekonozimendu eta erreparazio-sistema bat ezartzen du, eta, gainera, biktimaren eta bere eskubideen definizioa garatzen du, edukiak legea aplikagarri den denbora-esparru berriari egokituta, eta kontuan hartuta aipatutako 107/2012 Dekretuko Balorazio Batzordearen gomendioak eta esperientzia, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 267/2015 Epaiak ezarritako jarraibideak. Biktimen erreparazioen edukietan sakontzeko xedea ere badute aldaketok, lehenik kalte-ordaina jasotzea dagokielako, baina ez du izan behar urrats bakarra, pairatu zuten giza eskubideen urraketa bidegabea aitortzeko bidean.

Horretarako, lege honek zazpi kapitulu, zazpi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu.

I. kapituluak legearen xedapen orokorrak artikulatzen ditu, xedea eta aplikazio-esparrua (bai geografikoa bai denborazkoa) identifikatzen ditu, eta biktimaren definizioa zehaztu eta onuradunak identifikatzen ditu.

II. kapituluak biktimei merezi duten errekonozimendua eta erreparazioa emateko jarduketa-printzipioak arautzen ditu, elkartasun- eta azkartasun-printzipioak oinarri hartuta, beste biktimizazio-prozesu batzuk ekidinez, erakundeen artean elkarlanean jokatuz eta eskubideak bermatuz.

III. kapituluak errekonozimendua eta erreparazioa ditu ardatz, eta errekonozimendu publikoa, justizia eta egia izateko eskubideak jasotzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekin bateragarriak diren heinean. Tratu txar larriak edo iraunkorrak ez diren lesioak jasan direla egiaztatzen eta ziurtatzen bada, pertsona horri biktima-izaera emango zaio, eta merezi duen errekonozimendua jasoko du, baina ez du konpentsazio ekonomikorik jasoko. Konpentsazio ekonomikoa zor zaienentzat baremazio-sistema bat ezarriko da, jasotako kalteen izaeraren araberakoa. Kapitulu honek osasun-asistentzia integrala ere aintzat hartzen du erreparazio-neurri gisa.

IV. kapituluak hauek arautzen ditu: prozedura, prozedura izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen organoa, eta abiarazte-, instrukzio- eta ebazpen-moduak. Izapidetzea Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloan eskumena duen organoaren esku egongo da; instrukzioa Balorazio Batzordearen esku uzten du, eta prozeduraren ebazpena Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren esku.

Prozedura honek ez du erregelamendu-garapenik, eta 2 urteko epea ematen du eskaerak aurkezteko eta 2 urteko epea espedientea ebazteko. Horrez gain, epe hori luzatzeko aukera ematen du, hori justifikatuko duen salbuespenezko egoera bat gertatuz gero. Horren guztiaren helburua da, batetik, eskaerak aurkezteko modua erraztea eta, ahal den heinean, eskaerak samaldaka ez aurkeztea, eta, bestetik, eskaera horiek modu zorrotz eta ordenatuan ebaluatu ahal izatea; izan ere, kasu batzuetan, egoera konplexuak eta duela urte asko gertatutakoak aztertu beharko dira.

V. kapituluak Balorazio Batzordea sortzen du, eta haren osaera eta funtzionamendua arautzen ditu. Hain zuzen ere, batzorde hori Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritza duen pertsonak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak izendatutako bi auzitegi-perituk eta psikologo batek eta legeak arautzen duen esparruko sei adituk osatuko dute; azken sei pertsona horietako hiru Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, eta gainerako hirurak Eusko Legebiltzarrak. Batzorde horren funtzio nagusia izango da, egitateak egiaztatuta, aurkezten zaizkion giza eskubideen urraketa-kasuetan ageri diren kalteen, lesioen eta ondorioen balorazioa egitea, baina ez ditu gertakarien inplikazio penalak aztertuko.

VI. kapituluak biktimaren betebeharrak zehazten ditu, eta horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak deskribatzen ditu.

VII. kapituluak xede horretarako aurrekontu-legearen bitartez esleituko den kreditu-hornidura arautzen du, bai eta horretarako onetsiko diren zuzkidura ekonomikoen beharrezko publizitatea ere.

Legeak zazpi xedapen gehigarri ditu. Lehenengo hiruei esker posible da arauaren atzeraeraginezko aplikazioa, lehenik, bere garaian, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren babesean, errekonozimendua jaso zuten pertsonentzat; hala, aukera izango dute legeak aipatzen dituen osasun-prestazio berrien onuradun izateko. Bigarrenik, aukera emango du 1960 eta 1978 bitartean izandako legez kontrako errepresio-egoeretan gertatutako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak errekonozitzeko, lege honek ezartzen dituen baldintza guztiak bete arren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren babesik ez duten kasuetan. Hirugarrenik, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak jasotako baldintza guztiak bete arren errekonozimendua eskatu ez duten edo epez kanpo eskatu duten pertsonentzat. Laugarren xedapen gehigarriak baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak direla-eta ematen diren kalte-ordainei aplikatzen zaien arautegia ezartzen du. Bosgarrenak Balorazio Batzordea eratzeko epea ezartzen du. Seigarrenak erruduntasun-lotura jakin bati buruzko salbuespena ezartzen du. Zazpigarrenak ezartzen du Balorazio Batzordearen prozedurei buruzko erregelamendu bat egin behar dela.

Bukatzeko, azken xedapenetako lehenengoak baimena ematen dio giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularrari legea garatze eta exekutatze aldera behar diren beste xedapen emateko; azken xedapenetako bigarrenak, berriz, legea indarrean sartzen den uneari egiten dio erreferentzia.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoera batean izandako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak errekonozitzeko eta, hala badagokio, erreparazioa emateko eskubideak eratzea, lege honetan aurreikusitako ondoreekin eta irismenarekin.

2. artikulua.– Non aplikatuko den.

1.– Lege hau honako kasu honetan aplikatuko da: 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoera batean giza eskubideen urraketaren bat gertatu bada, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

2.– Lege honen ondoreetarako, motibazio politikoko indarkeria-egoera batean gertatutako giza eskubideen urraketatzat hartuko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Motibazio politikoko indarkeria-egoera batean gertatu izana.

b) Motibazio politikoko helburuekin egindako jardueraren batean edo jarduera batzuetan egin izana eta bertan funtzionario publikoek parte hartu izana, hala beren zereginen exekuzioaren baitan nola beren zereginen exekuziotik kanpo, edo norbanakoek parte hartu izana, hala taldean jardunez nola era isolatuan, bakarka eta kontrolatu gabe jardunez.

c) Giza eskubideak urratu izanaren ondorioz pertsonen bizitzari edo osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin izana.

3.– Orobat, legearen aplikazio-eremuko giza eskubideen urraketatzat joko dira defentsa-gabezia justifika dezaketen pertsonen kasuak, defentsa-gabezia hori egiaztatzeko zuzenbidean onartzen den edozein frogabideren bidez, legeak aipatzen dituen giza eskubideen urraketak direla-eta aurkeztu diren salaketak ez ikertzeagatik.

4.– Motibazio politikoko indarkeria-egoera batean giza eskubideen urraketa egiaztatu ahal izango da legez kontrako egitate horien errealitatea aitortzen duten administrazio-ebazpenaren edo ebazpen judizialaren bitartez, egitate horiek alegatzen diren kalteekin edo eskubideen afekzioarekin kausazko lotura badute. Bestela, zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahal izango da, aurretik prozesu judizial bat egon beharrik gabe.

5.– Lege honetan aurreikusitako motibazio politikoko indarkeria-egoera batean izandako giza eskubideen urraketa Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gertatu dela ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Egitateak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean gertatu direnean.

b) Egitateak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo gertatu arren, kalteak jasan dituen pertsonak bizilekua, une hartan, aipatu Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bazuen.

c) Egitateak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo gertatu baziren eta biktimak 10 urtez Euskal Autonomia Erkidegoan izan bazuen bizilekua.

6.– Lege honek errekonozitzen dituen eskubideak eta prestazioak lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketak zuzenean jasan dituzten biktimen esku egongo dira, kasu bakoitzean adierazitakoarekin bat etorriz.

7.– Berariaz, lege honen aplikaziotik kanpo gelditzen dira indarkeriazko ekintza bat egite aldera armak edo lehergailuak erabiltzean hil edo zauritutako pertsonak, baita segurtasun-indar eta -kidegoen zilegizko jarduerei erantzuteko edo jarduerak saihesteko asmoz gertatu zenean ere.

3. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketak jasan zituztela egiaztatzen duten pertsona guztiak izango dira lege honetan errekonozitutako eskubide guztien zuzeneko onuradunak.

2.– Baldin eta norbaiten giza eskubideak urratu eta, urraketaren ondorio zuzen modura, pertsona hura hil egin bada, honako hauek eska dezakete biktima-deklarazioa eta izan daitezke hari dagokion ordain ekonomikoaren onuradun, hurrenkera baztertzailean:

a) Hildako pertsonaren ezkontidea, legez bananduta ez bazeuden, edo harekin modu iraunkorrean, antzeko afektibotasun-harreman batean, gutxienez hil aurreko bi urteetan, bizi zen pertsona, bien artean seme-alabarik izan ez badute, kasu horretan nahikoa izango baita elkarrekin bizi izana; eta hildako pertsonaren seme-alabak.

b) Aurretik aipatutakoak egon ezean, jasotzaileak hauek izango dira, elkarren segidako hurrenkera baztertzailean: hildakoaren aita eta ama, bilobak, neba-arrebak eta aitona-amonak.

c) Aurretik aipatutakoa egon ezean, bizikidearen seme-alabak eta hildakoak familia-harrera iraunkorrean zituen adingabeak, ekonomikoki haren mendean bazeuden.

3.– a) letran aurreikusitakoa gertatzen den kasuetan, diru-laguntza erdibituko da, erdia ezkontidearentzat edo bizikidearentzat izango da, eta beste erdia seme-alabentzat (zatiak, azken honetan, berdinak izan behar dira).

4.– Ahaidetasun-harreman berdina duten pertsonak badaude, zenbateko osoa haien artean banatuko da, zati berdinetan.

5.– Lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketak jasan zituen pertsona baldin eta egitateen ondoren eta egitateenak ez diren beste arrazoi batzuengatik hiltzen bada, artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako pertsonek eskatu ahal izango dute biktima-deklarazioa. Kasu horretan, giza eskubideen urraketen ondorioz lesio iraunkorrak gertatzen badira, lesio horretarako aurreikusitako kopuruaren % 65 ordainduko da, lege honen 10.2 artikuluko a) letran heriotzetarako aurreikusitako kalte-ordainaren gehienezko mugarekin.

6.– 11.4 artikuluan aurreikusitako arreta psikologikoari dagokionez, artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako pertsonak izan daitezke onuradun, betiere lege honen babespean biktima-deklarazioari dagokion ebazpena eman bada aurretik.

II. KAPITULUA
JARDUTEKO PRINTZIPIOAK

4. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Euskal botere publikoek, biktimekiko solidaritate-printzipioa oinarri hartuta, beharrezko neurriak hartuko dituzte:

a) Zorroztasun, egiazkotasun eta koherentziarik ahalik eta handienarekin dokumentatzeko, lege honek definitutako markoaren barruan, aurkeztutako kasuetan egon daitezkeen giza eskubideen urraketak, eta aintzat hartzeko kasuetan egon daitezkeen aniztasuna eta desberdintasunak.

b) Lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimek erakundeetan eta gizartean merezi duten errekonozimendua jaso dezaten sustatzeko, haien ikusgarritasuna, haien ohorearen berrezarpena eta haien satisfakzio morala aldeztuz.

c) Benetako erreparazioa bermatzeko; horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira biktimek jasandako kalte fisikoak, psikikoak, moralak eta sexualak, ahal den neurrian, arintzeko, lege honetan aurreikusitako osasun-prestazioen eta konpentsazio ekonomikoen bitartez.

2.– Prozeduren instrukzioa eta ebazpena printzipio hauen arabera bideratuko da:

a) Biktimen aldeko tratuaren printzipioa, izan dezaketen ahultasun- eta desberdintasun-egoera berezia kontuan hartuta, eta prozedurak berak prozesu traumatiko gehiagorik ez eragitea zainduz.

b) Azkartasun-printzipioa, biktimen eskubideak eta erreparazioa aitortzea inolako beharrik izan gabe zaildu edo luzatu dezaketen izapide formalak saihestuz. Zentzu horretan, ez zaio interesdunari agiririk aurkezteko errekerituko egitate ezagunak edo egoerak frogatzeko, horien froga administrazio jardulearen artxiboetan edo aurrekarietan badago.

c) Erakundeen arteko elkarlanaren printzipioa; erakunde horiek, legezko epean eta eran, eskatzen zaizkien datu guztiak emango dituzte, eta egitateak argitzeko zein espedienteak ebazteko beharrezkoa den elkarlana ahalbidetuko dute, hala agintariekin nola teknikariekin.

d) Hirugarrenen eskubideen bermearen printzipioa, lege honen babesean izapidetzen diren administrazio-espedienteetan hirugarren pertsonak egoteak ezin die pertsona horien berme juridikoei eta konstituzionalei eragin edo kalterik ekarri; edonola ere, lege honen 7.b artikuluan ezarritakoa aplikatu ahal izango da.

III. KAPITULUA
ERREKONOZIMENDUA ETA ERREPARAZIOA

5. artikulua.– Biktima-deklarazioa.

Lege honen ondoreetarako, motibazio politikoko indarkeria-egoera batean gertatutako giza eskubideen urraketen biktimak deklaratzeak inplikatuko du biktima-izaera publikoki errekonozitzea. Errekonozitze publiko horrek bateragarri izan beharko du biktimak, berariaz eskatuta, bere intimitatea gordetzeko duen eskubidearekin eta, ondorioz, errekonozitze hori jakitera ez ematearekin eta hirugarrenei ez jakinaraztearekin, non eta hirugarren horiek ez duten zilegizko interesa frogatzen edo jakinarazte hori justifikatzen duen bestelako arrazoi zilegizkorik ez dagoen. Botere publikoen eskumen-esparruak ahalbidetzen duen neurrian, botere publikoek sustatuko dituzte egia jakiteko eskubidea ahalbidetzen duten jarduerak.

6. artikulua.– Errekonozimendu publikorako eskubidea.

Euskal botere publikoek neurri aktiboak bultzatuko dituzte lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketen biktimak gogoratzen eta errekonozitzen direla ziurtatzeko, betiere biktimei erabateko errespetua adierazita eta haien duintasuna sustatuta ekintza, sinbolo eta antzeko bestelako baliabide egokiak erabiliz.

7. artikulua.– Egia jakiteko eskubidea.

1.– Euskal botere publikoak elkarlanean arituko dira giza eskubideen, memoriaren eta elkarbizitza demokratikoaren arloan diharduten Eusko Jaurlaritzako organoekin eta organismoekin, euren eskumenak baliatuz ahal dutena egin dezaten lege honetan aipatzen diren giza eskubideen urratzeei buruz egia ezagutzen laguntzeko, honako ekintza hauen bidez:

a) Biktima guztiek gertatu zenari buruz egiaztatuta dauden egitateak jakiteko duten eskubidearen alde egingo dute, eta, horretarako, edozein artxibo ofizialetara edo bestelako edozein informazio-iturritara iristeko erraztasunak emango dituzte.

b) Biktimen identitatea behar bezala errespetatuta eta kasuen aniztasuna eta desberdintasunak aintzat hartuta, ezagutzera emango dituzte Balorazio Batzordeak, lege honen arabera, motibazio politikoko indarkeria-egoera batean gertatutako giza eskubideen urraketatzat jo dituen egitateen zerrendak.

2.– Euskal botere publikoek lagunduko dute, beren ahalbide eta eskumenen neurrian, biktima guztiek honako ekintza hauetarako irispidea izan dezaten:

a) Informazioa emango diete lege honetako 3. artikuluan aurreikusitako onuradunei eskuragarri dauden baliabideei buruz, bai eta, hala dagokionean, kasu bakoitzean egoki izan daitezkeen prozedura judizialak hastea ahalbidetzen duen informazioa ere.

b) Balorazio Batzordeak uste duenean espedientearen edukitik preskribitu gabeko legez kontrako jardueraren bat ondoriozta daitekeela, auzitegi eskudunei eta, hala badagokio, administrazio eskudunari jakinaraziko die.

c) Halaber, lege honek errekonozitutako biktimen espedienteak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutura igorriko dira beti; hala, institutuak, betiere datu pertsonalak babesteko legedia errespetatuz, bere eskumeneko politikak gauzatu ahal izango ditu.

8. artikulua.– Erreparazioa jasotzeko eskubidea.

Giza eskubideen urraketak jasandako biktima deklaratutako pertsonek, lege honek aurreikusitako kasuetan, erreparazioa jasotzeko eskubidea izango dute; horrek barne hartuko ditu konpentsazio ekonomiko bat eta, kasuan kasu, jasandako giza eskubideen urraketaren ondorioz pairatutako kalteak gainditzeko osasun-asistentzia, ondorengo bi artikuluetan ezarritako arauei jarraikiz.

9. artikulua.– Kalte-ordaina.

1.– Lege honetan aurreikusitakoen arabera motibazio politikoko indarkeria-egoera batean gertatutako giza eskubideen urraketen biktimatzat jo direnek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute jasandako kalteengatik, artikulu honetan ezartzen diren arauen arabera.

2.– Eskubideen urraketek eragindako kalteen heinekoa da ordainaren zenbatekoa, honako baremo honen arabera:

a) Heriotzagatik: 135.000 euro.

b) Baliaezintasun handiagatik: 390.000 euro.

c) Ezintasun iraunkor absolutuagatik: 95.000 euro.

d) Ezintasun iraunkor osoagatik: 45.000 euro.

e) Ezintasun iraunkor partzialagatik: 35.000 euro.

f) Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrengatiko konpentsazioen zenbatekoa kalkulatzeko, hirurekin biderkatuko dira behin betikoak eta baliaezintasunik gabekoak diren lesio, mutilazio eta deformazioen kalte-ordainei aplikatzekoa zaien araudi orokorrean ezarritako zenbatekoak. Kontzeptu horri dagokion kopuruaren zenbateko osoak ezin izango du inolaz ere gainditu aurreko letran ezintasun iraunkor partzialerako adierazitako zenbatekoa, ezta zenbateko horretara iritsi ere.

3.– Tratu txar larriak zein iraunkorrak ez diren lesioak jasan dituzten pertsonek ez dute konpentsazio ekonomikorik jasoko, nahiz eta lege honek aurreikusten dituen gainerako ondoreetarako biktima-deklarazioa jasotzeko eskubidea izango duten.

4.– Konpentsazioa diru-emate bakarrean ordainduko da, betiere erreparazioa jasotzeko eskubidea aitortu ondoren.

5.– Heriotzagatik onartutako konpentsazioen kasuan, Administrazioa, onuradunetatik edozeini ordaindu ondoren, libre geratuko da konpentsazioa jasotzeko eskubidea duen beste edozeinekiko obligazioetatik, onuradunek beren artean zeinahi egintza abiarazten dutela ere.

10. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoen bateragarritasunak.

Konpentsazio ekonomiko horiek bateragarriak dira biktimek bai egitate berberengatik, Administrazioaren funtzionamendu ohikoa edo ezohikoa dela-eta ondare-erantzukizunari buruzko espedienteen markoan, jaso dituzten edo jasotzeko eskubidea duten zenbatekoekin bai memoria historikoari edo terrorismoaren biktimei buruzko legedian jaso dituzten edo jasotzeko eskubidea duten zenbatekoekin, baldin eta haiek lege honetan onartzen diren konpentsazio ekonomikoak baino txikiagoak badira. Kasu horretan, jasoko da dagokion araudiaren arabera jaso edo onartu diren zenbatekoen eta lege honetan aurreikusitako zenbatekoaren arteko aldea.

11. artikulua.– Osasun-asistentzia.

1.– Lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketen ondorioz kalte pertsonal fisiko edo psikofisikoak jasan dituzten pertsonek euskal osasun-sistemaren prestazioen zorroan dauden behar adina osasun-prestazio jaso ahal izango dute, ahalik eta hobekien berreskura dezaten kalte horiek eragin zituen egitatearen aurretik zeukaten osasun-egoera.

2.– Osasun-arreta Euskadiko osasun-sistemak dituen baliabideen bitartez emango da. Hala ere, gaixoaren beharrizanek hala eskatzen badute eta tratamenduaren egokitasuna objektiboki justifikatuta badago, baina osasun-sare publikoan horretarako aukerarik ez badago, esparru horretatik kanpoko mediku-tratamenduak baimendu daitezke. Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloan eskumenak dituen sailak ordainduko ditu aipatu tratamenduen kostuak, baita artatutako pertsonari laguntzeak eragin ditzakeen gastuak ere.

3.– Administrazioak bere gain hartuko ditu protesiak jartzeagatik eragindako gastu guztiak, eta, aldizka protesietan hobekuntzak egin behar badira, horien gastua ere beretzat hartuko du, baita Euskadiko osasun-zerbitzu publikoak diagnostikatutako errehabilitazioak dakartzan gastuak ere. Diagnostikatu den baina osasun-babesaren sistema arruntak estaltzen ez duen guztia Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloan eskumenak dituen sailak ordainduko du.

4.– Motibazio politikoko indarkeria-egoera batean giza eskubideen urraketak jasan izanagatik pairatutako kalteak gainditzeko laguntza psikologikoa (laguntza psikosoziala eta psikopedagogikoa barne) eskainiko zaie 3. artikuluan aipatutako pertsona guztiei, betiere horretarako beharra dutela justifikatzen badute profesional publiko batek horretarako emandako ziurtagiri baten bitartez. Paragrafo honetan aipatzen den laguntza psikologikoa Euskadiko osasun-sistemaren parte diren bitarteko publikoen bidez emango da, eta, salbuespen kasuetan, objektiboki justifikatuta dagoenean, profesional pribatuen bidez emango da laguntza psikologikoa; bigarren kasu horretan, Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloan eskumenak dituen sailak ordainduko du zerbitzu hori.

Kasu horietan, konpentsazio ekonomikoa hiruhilean ordainduko da, hiruhilekoa bukatu ondoren; horretarako, aurretik gastuen eta ordainsarien fakturak aurkeztu beharko dira (muga 3.500 eurokoa izango da pertsonako). Medikuak egindako diagnostikoak hala aginduz gero, emandako laguntza beste hainbeste handitu ahal izango da.

5.– Laguntza horrekin batera ezin izango da gisa bereko laguntzarik jaso beste administrazio publiko batzuen eskutik arrazoi berberengatik.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA

12. artikulua.– Organo eskuduna.

Lege honetan jasotako eskubideen aitorpena egiteko prozedura Eusko Jaurlaritzako giza eskubideen arloko erakunde eskudunak tramitatuko du eta Eusko Jaurlaritzan arlo horretan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularrak ebatziko du. Izapide horrek bete egin beharko ditu aplikagarri zaizkion administrazio-prozedurei buruzko xedapen orokorrak.

13. artikulua.– Abiaraztea.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko edo gauzatzeko aurrez aurreko bitartekoak edo bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte.

2.– Prozedura lege honetako 3. artikuluan adierazitako pertsonek eskatu ostean abiaraziko da. Aurkeztea errazagoa izan dadin, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpenak, eskariak aurkezteko epea zabalduko duenak, eskaera egiteko eredu normalizatua izango du.

3.– Pertsona kaltetua hil egin bada, eskaerarekin batera, biktimaren heriotza-ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita honako agiri hauek ere, hildakoaren eta eskatzailearen ahaidetasunaren arabera:

a) Legez banandu gabeko ezkontidea edo banatzeko edo ezkontza ezereztatzeko prozesuan ez dagoen ezkontidea bada, familia-liburuaren kopia edo ezkontzaren inskripzio-ziurtagiri literala, biktima hil ondoren Erregistro Zibilak emana; eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena, zeinean adierazten duen ez dagoela banantzeko edo ezkontza ezereztatzeko prozesurik abian.

b) Eskatzailea hildakoarekin antzeko afektibotasun-harreman batean bizi izan zena baldin bada, harreman hori honako agiri hauetako baten bidez egiaztatu beharko da:

– Izatezko bikotea zirela egiaztatzen duen agiri publikoa.

– Elkarrekin seme-alabarik izanez gero, familia-liburuaren kopia edo jaiotza-agiri literalak, Erregistro Zibilak emanak, bai eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena ere, zeinean adierazten duen hildakoarekin bizi izan dela.

– Udalaren elkarbizitza-agiria edo heriotza gertatu aurreko bi urteetan elkarrekin bizi zirela egiaztatzeko notarioak emandako nabaritasun-akta, eta horiekin batera ezkontidearen antzeko afektibotasun-harremana egiaztatzen duen edozein agiri. Balorazio Batzordeak baloratuko ditu agiri horiek.

c) Hildakoaren seme-alabak baldin badira, familia-liburuaren kopia edo jaiotza-agiri literalak aurkeztu beharko dira, Erregistro Zibilak emanak.

d) Eskatzaileak hildakoaren gurasoak, bilobak edo neba-arrebak baldin badira, kalte-ordainaren kausatzailearekin ahaidetasuna zutela erakusteko agiriak aurkeztu beharko dituzte: familia-liburuaren kopia, edo jaiotzako edo ezkontzako ziurtagiri literalak, Erregistro Zibilak emanak.

e) Onuradunen arteko balizko lehentasuna zehazteko edo eskubide bera daukaten onuradunak dauden zehazteko, honen aurreko d) letran sartzen direnek beren eskaeran adierazi beharko dute ez daukatela kalte-ordaina jasotzeko eskubide handiagoa daukan inoren berririk, edo, eskubide bera izan dezaketen hartzaileen berri baldin badute, haien izen-abizenak eman beharko dituzte.

4.– Eskabidean giza eskubideen urraketa egin den inguruabarraren deskribapena jasoko da, betiera legeak aurreikusitako inguruabarren barruan. Deskribapen horretan lege honen aplikazio-eremuan jasotako gertakari horren ezaugarriak azaldu behar dira. Gertakaria Zuzenbideak onartzen duen edozein froga motaren bidez ziurtatu daiteke, eta, bereziki, lege honetan arautzen den biktima-izaera frogatzeko baliagarritzat jotzen den edozein txosten eta agiriren bidez.

5.– Lege honetan aurreikusitako giza eskubideen urraketen biktima-deklarazioa egiteko eskaerak, Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloko organo eskudunari igorriko zaizkio bi urteko epean, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpena, eskariak aurkezteko epea zabalduko duena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.– Eskaerekin batera giza eskubideen urraketa eta eragindako ondorioa egoki baloratzea ahalbidetzen duten mediku-txosten eta -ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

14. artikulua.– Instrukzioa.

1.– Eskabidea bera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa jasotakoan, giza eskubideen arloko organo eskudunak, espedientea tramitatu behar duenak, lege honetako V. kapituluan araututako Balorazio Batzordera igorriko du, eta batzordeak agiriotan adierazitako egitate edo datuak benetakoak direla egiaztatzeko egin beharrekoa egingo du ofizioz.

2.– Edonola ere, beharrezkoa iruditzen bazaio, Balorazio Batzordeak aukeran izango du honako hauetakoren bat egitea:

a) Eskatzaileari entzun, hark aurkeztu dituen agirien eta frogen gainean informazioa osatzeko. Horretarako dei egingo zaio eskatzaileari Eusko Jaurlaritzaren egoitzan edo lurralde-ordezkaritza edo bulegoren batean, edo, besterik ezean, biktimarekin adosten den lekuan, elkarrizketa bat egiteko, haren bizilekutik hurbilen dagoen lekua zein den kontuan hartuta. Balorazio Batzordeko idazkari teknikoak elkarrizketa horren akta egingo du, eta, eskatzailea ados bada, ikus-entzunezko bitartekoez ere graba daiteke haren adierazpena.

b) Aurrekariak, datuak edo txostenak bildu, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail eta organismoetatik edota horiek jasota egon daitezkeen Administrazio bereko beste erregistro batzuetatik.

c) Espedienteak tramitatzeko beharrezkoak izan daitezkeen aurrekari, datu edo txostenei buruzko informazioa eskatu beste administrazio publiko, entitate edo organo pribatu nahiz publiko batzuei, betiere datu pertsonalen babesaren eta gardentasunaren arloan indarrean dagoen legeriak finkatzen dituen mugen barruan.

d) Txostenak edo lekukotzak eskatu lekukoei eta beste pertsona batzuei, baldin eta, egitateen zuzeneko edo zeharkako ezagutza dutelako edo gaian duten esperientziagatik edo trebetasun teknikoagatik, aurkeztutako eskaeraren gaineko informazio garrantzitsua eskain badezakete; kasu horretan ere, lekukotzak grabatu ahalko dira.

e) Beharrezkotzat jotzen dituen urrats guztiak egin egitateak hobeki argitzeko eta aurkeztutako eskaera hobeki ebazteko.

3.– Lege honen 3. artikuluan adierazitako pertsonetako batek edo batzuek aurkezten badute eskaera, eta Balorazio Batzordeak, bere eginkizuna betetzen ari dela, ezagutuko balu egon daitezkeela beste pertsona batzuk eskubide bera edo hobearekin, eskaeraren berri eman beharko die pertsona haiei, haiek ere prozeduran interesdun gisa aurkeztea izan dezaten.

4.– Balorazio Batzordearen helburuak betetzearekin zerikusia duten erakunde publikoek eta pertsona pribatuek egitateak argitzeko errekeritzen zaien laguntza eman beharko diote batzordeari lege honen babesean izapidetzen diren espedienteen esparruan. Hartarako, errekeritzen zaizkien datu guztiak eta langile teknikoen laguntza emango dizkiote, garaiz eta behar bezala, eta, zitaziorik jasotzen badute, agerraldia egingo dute, pertsonalki edo baimendutako ordezkari baten bidez, Balorazio Batzordean, errekeritu zaien informazioa emate aldera. Balorazio Batzordeak, bere eskumenen barruan, beharrezkotzat jotzen dituen harremanak izan ahalko ditu edozein agintaritzarekin edo haren agenteekin, baita organismo eta erakunde publiko eta pribatuekin informazioa trukatu eta haien laguntza jaso ere.

5.– Balorazio Batzordeak jakiten badu auzi judizialen bat zabalik dagoela, espedientea ebazteaz arduratzen den organoak eten egingo du prozeduraren izapidetzea, auzibidea amaitu arte. Izapidetzea eten egingo da, era berean, jakiten bada administrazio-prozedura zehatzaileren bat irekita dagoela, harik eta prozedura horiek administrazio-bidean irmoak izan arte.

6.– Espediente bakoitzean txosten tekniko bat egon beharko da, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko bi auzitegi-perituk, gutxienez, Balorazio Batzordeko kide ere direnek, egina, zeinean, Balorazio Batzordeari esleitu zaizkion funtzioen esparruan, adieraziko baitute alegatutako tratu txarrak edo lesioak bat datozen egitate kausatzaileekin. Agintaritza eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatutako baliaezintasun handien, ezintasun iraunkor partzialaren, osoaren edo absolutuaren kasuan, txosten teknikoak adierazi beharko du zein lotura-maila dagoen egiaztatutako lesioen eta alegatutako egitateen artean, espediente bakoitzean. Txostenak ondorioztatzen badu badagoela agintaritza eskudunak emandako agirien bidez egiaztatu gabeko baliaezintasunaren edo ezintasun iraunkorraren maila jakin bat, Balorazio Batzordeak zehaztuko du zein den maila hori lortzea ahalbidetzeko prozedura.

7.– Balorazio Batzordeari dagokio, eta ez beste inori, askatasunez eta ondo arrazoituta proposatzea eskaeren izapidetzea ez dadila onartu, bai eta onartutako eskaerak aztertzea eta arrazoituz erabakitzea biktima-izaera deklaratzea edo aurkeztutako eskaerari uko egitea ere.

8.– Horretarako, batzordeak espedienteko dokumentazioa eta froga-elementuak aztertuko ditu, eta osotasunean balioetsiko. Batzordeak txosten bat egingo du, arrazoitua, aurkeztatutako eskaera bakoitzari buruz. Bertan, aztertu egingo du lege honen 2.2 artikuluan xedatutako baldintzak betetzen diren ala ez; laburbildu egingo ditu biktimaren giza eskubideen urraketa eragin duten egitateak, bere ustez frogatuta daudenak; balorazio bat egingo du egitate horien eta egiaztatutako lesioen arteko kausa-harremanari buruz, oinarritzat hartu dituen froga-bideak zehaztuta; eta, hala badagokio, proposatu egingo ditu lege honen ondorioetarako biktima-deklarazioa eta egokitzat jotzen dituen neurri zuzentzaileak.

9.– Baliaezintasun handiaren, ezintasun iraunkor partzial, oso edo absolutuaren, edo baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorren arabera ordaindu beharko konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa zehaztearren, batzordeak agintaritza eskudun batek egindako ziurtagiria, halakorik badago, aplikatuko du irizpide erabakitzaile gisa. Ziurtagiri hori modulatuta egongo da egiaztatutako lesioen eta alegatutako egitateen arteko loturaren arabera, auzitegi-perituen aginduzko txosten teknikoei jarraikiz.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularrari jakinaraziko zaio Balorazio Batzordearen proposamena, eta hark dagokion ebazpena emango du aurkeztutako eskaerari buruz, eta, hala dagokionean, errekonozitu egingo dio biktima-izaera lege honetan aurreikusitako eskubideen urraketak jasan dituen pertsonari eta, hala badagokio, zehaztu egingo du zein diren errekonozimendu horretatik eratorritako eskubidea, edo baztertu zein ezetsi egingo du eskaera.

2.– Organo eskudunak ebatzi beharko du planteatutako eskaera, eta ebazpena jakinarazi beharko dio interesdunari gehienez ere hogeita lau hilabeteko epean, epe hori luzatzea arrazoitzen duten egoera berezietan izan ezik. Luzapena indarreko legediak ezartzen dituen mugetara egokituko da beti.

3.– Epe horretan ebazpenik izan ezean, eskaerak Administrazioaren isilbidez ezetsitzat jo direla pentsatu beharko dute interesdunek.

V. KAPITULUA
BALORAZIO BATZORDEA

16. artikulua.– Sorrera.

1.– Batzorde bat sortuko da, aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta, lege honen babespean, honako hauek proposatzeko: eskaerak ez onartzea; hala dagokionean, biktima-deklarazioa eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak edo aurkeztutako eskaeraren ezespena.

2.– Giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak haren zereginetarako beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jarri beharko ditu.

3.– Balorazio Batzordeko kideek bete egin beharko dituzte legezkotasun-, independentzia-, konfidentzialtasun-, lankidetza- eta eraginkortasun-printzipioak euren jardunean.

17. artikulua.– Osaera eta osatzea.

1.– Honako hauek izango dira Balorazio Batzordeko kide:

a) Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria.

b) Giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titularrak izendatutako hiru pertsona, non haietako bat Zuzenbide penaleko legelari espezializatua izango baita, beste batek esperientzia izango baitu biktimen arloan, eta hirugarrena legeak hartzen duen garaian espezializatutako historialaria izango baita.

c) Lege honek arautzen duen gaian aditu diren hiru pertsona, haietako bat gizarte zibilaren ordezkaria izango dena, giza eskubideen jarraipena egin behar duen Eusko Legebiltzarreko batzordeak izendatuak.

d) Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak izendatutako bi auzitegi-peritu eta psikologo bat, denak ala denak esperientziadunak biktimen arloan.

e) Batzordeko idazkari teknikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langile bat (Zuzenbidean lizentziatutako teknikaria) izan beharko da, hitzarekin baina botorik gabe, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak proposatuta.

2.– Balorazio Batzordeko presidentea kideek hautatuko dute gehiengoz.

3.– Interesdunen errekusatze-eskubidea bermatzeko, Balorazio Batzordeko kide titularren eta ordezkoen identitatea giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpenaren bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Hala erabakiz gero, Balorazio Batzordeak behar dituen peritu adituak deituko ditu, baldin eta haien ekarpena beharrezkotzat jotzen bada lege honen xede diren bizitzaren, osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualaren urraketarik egon den egiaztatzeko. Peritu horiek egin beharreko balorazio-, analisi- eta azterketa-lanak batzordeko idazkaritza teknikoak zuzenduko ditu.

18. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Balorazio Batzordeak gutxienez hilean behin egingo du ohiko bilera, eta, lehenengo bileran, urteko bileren egutegia zehaztuko du. Salbuespenez, batzordeburuaren ekimenez bil daiteke batzordea, edo bederatzi kideetatik bostek eskatzen dutenean; hartarako deialdia gutxienez bost egun lehenago egin beharko da. Edonola ere, legez osatuta geratzeko, kideen erdiek, gutxienez, egon beharko dute bileran, batzordeburua eta idazkari teknikoa barne.

2.– Bileran diren kideen botoen gehiengoz hartuko dira batzordearen akordioak; botoetan berdinketa gertatuz gero, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du. Batzordeko kideek eska dezakete aktan jaso dadila akordioaren aurka eman dutela botoa, edo, aldeko botoa emanez gero, horren arrazoia jasotzeko. Era berean, kideren bat ez dagoenean ados gehiengoaren akordioarekin, idatziz azal dezake bere boto partikularra, akordioa onartu denetik bi eguneko epearen barruan, eta hura ere testu onartuari erantsiko zaio.

3.– Balorazio Batzordeko kideek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetatik edozein erabili ahalko dute bileretan. Orobat, bermatuko da Balorazio Batzordeak egiten dituen bileren deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta idazkietan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiliko direla.

4.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arauak osatu ditzake, aplikagarri den araubide juridikoko legeriak kide anitzeko organoei buruz ezarritakoaren arabera.

5.– Balorazio Batzordeak urteko txosten bat egingo du. Bertan, egindako lanaren emaitzak, ikerketak, bildutako datuen ezaugarriak, aurkeztutako eskaerak eta jazotakoaren berri zehatz eta egiazkoa izaten lagunduko duen beste edozein datu azalduko ditu. Datu horiek guztiak sexuaren arabera bananduko ditu, eta emakumeen zein gizonen egoerak aztertuko ditu. Nolanahi ere, lana amaitzean, lortutako emaitzak orokorrean azalduko dituen azken txosten bat ere egingo du Balorazio Batzordeak.

6.– Balorazio Batzordea osatzen dutenek, Administrazio publikoko kideak ez badira, dietak jasotzeko eskubidea izango dute, egindako lanaren truke.

VI. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

19. artikulua.– Giza eskubideen urraketen biktimen betebeharrak.

Giza eskubideen urraketen biktimek betebehar hauek dituzte:

a) Aurkeztu dituen datuak eta agiriak egiaztatzen utzi beharko dio beti giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiari edo sailburuordetzari, eta eskatzen zaion informazioa eman beharko dio hari, espedientea behar bezala kontrolatzeko eta osatzeko.

b) Araudi orokorrak onuraduna izateko ezartzen dituen baldintzak beteko ditu, araudi horrek onuradunentzat ezartzen dituen betebeharrekin batera, baldin eta biktima-izaeraren adierazpenak berekin badakar lege honetan aurreikusitako konpentsazio ekonomikoren bat.

c) Laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jarduketen mende jarriko da, baita, laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen denean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten diren jarduketez gain.

20. artikulua.– Baldintzak eta betekizunak ez betetzea.

Giza eskubideen urraketen biktimak ez baditu betetzen lege honetan jarritako baldintzak, edo datu faltsuak aurkezten baditu, biktima-aitorpena galduko du, eta, hala badagokio, aitortutako ordain eta prestazio ekonomikoa galduko du, prozesu hori abiarazteko espedientea izapidetu eta interesdunari hitz egiteko aukera eman ostean, eta, horren ondorioz, jasotako dirua Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzularaziko zaio; gainera, legez dagozkion interesak ere ezarriko zaizkio, kasu horretan egoki diren bestelako egintzak ere baztertu gabe. Hori guztia, betiere, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoak– xedatzen dutenaren arabera.

VII. KAPITULUA
BALIABIDE EKONOMIKOAK

21. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Lege honetan aurreikusitako ordain ekonomikoak finantzatzeko, ekitaldi bakoitzerako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarritako ordainketa-kredituak erabiliko dira. Eta horren ondoreetarako, behar bezala zabalduko da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpena argitaratuta.

2.– Kopurua eguneratu ahal izango da, baldin eta laguntza hauen sekzioko bestelako laguntza-programa batzuk bete ondoren aurrekontuan zenbateko erabilgarriak geratu badira, onar daitezkeen aurrekontu-aldaketen araubidearen bidez edo aplikatzekoak diren kreditu-loturen bidez ezartzekoak diren heinean.

3.– Urte batean horretarako bideratutako aurrekontu-zuzkidura bukatu dela-eta eskaeraren bati ezin bazaio erantzun, eskumena daukan organoak administrazio-ebazpena emango du, hurrengo ekitaldira igaro dadin eskaera.

4.– Deialdi honetarako jarritako dirua agortuko balitz edo gehituko balitz, bi kasuetan, behar bezala zabalduko da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpena argitaratuta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Atzeraeraginezko aplikazioa, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak aitortutako biktimei.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, aitortza eta, hala balegokio, ordain ekonomikoa jaso dutenek lege honen 11. artikuluan araututako osasun-asistentzia eskatu ahalko dute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Atzeraeraginezko aplikazioa, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak aitortu gabeko biktimei.

Lege hau atzeraeraginez eta salbuespen gisa betearaziko da 1960. urtera arte, lege honen 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete baina ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak babestu ez zituen giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 107/2012 Dekretua, ekainaren 12koa, aplikatzeko ezohiko epea.

Hamabi hilabeteko ezohiko epea irekitzen da, behin lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak jasotako baldintza guztiak bete arren errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ez duten edo epez kanpo eskatu duten pertsonentzat.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrengatiko ordainei aplikatzekoa zaien indarreko araudia.

Lege honen 10.2.f artikuluan jasotako baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrengatiko ordainak zehazteko, urtarrilaren 28ko ESS/66/2013 Agindua aplikatuko da, indarrean dagoen bitartean. Agindu horren bidez eguneratu ziren behin betikoak eta baliaezintasunik gabekoak diren lesio, mutilazio eta deformazioen kalte-ordainei aplikatzekoa zaien indarreko araudiaren oroharreko zenbatekoak.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balorazio Batzordearen eraketa.

Balorazio Batzordea presidenteak eskatuta eratuko da, gehienez, hilabeteko epean, batzordea osatzen duten pertsonen identitatearen ebazpena Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legearen aplikazioa, giza eskubideen urraketa horiek eragin dituzten egitateen gainean erruduntasun-lotura jakinik argitzerik ez duten giza eskubideen urraketei.

Lege honen ondoreetarako, giza eskubideen urraketatzat joko dira botere-abusuek edo motibazio politikoko egoera batean izandako poliziaren indarkeriaren legez kontrako erabilerak eragindakoak, non funtzionario publikoek parte hartu ahal izan duten, hala beren zereginen exekuzioaren baitan nola beren zereginen exekuziotik kanpo, edo norbanakoek parte hartu ahal izan duten, hala taldean jardunez nola era isolatuan, bakarka eta kontrolatu gabe jardunez, eta non ez den beharrezkoa erruduntasun-lotura jakin bat egotea urraketatzat hartutako egitate horietan, betiere urraketaren ondorioz pertsonen bizitzari edo osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin bazaio.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregelamenduzko garapena.

Eusko Jaurlaritzak erregelamendu baten bidez garatuko ditu biktima-izaera errekonozitzeko aurkezten zaizkion eskakizunetako kasuei heltzeko erabiliko dituen prozedurak, Balorazio Batzordeak hartzen dituen ebazpen administratiboek erabateko segurtasun juridikoa izan dezaten.

AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Legea betetzea.

Lege hau garatzeko eta betetzeko behar adina ebazpen emateko baimena ematen zaio giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularrari.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 29a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana