Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2016ko abuztuaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3500

ERABAKIA, 2016ko uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, ente publiko horretako osasun-zerbitzuen erakundeei utzitako jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzeko eskumena zuzendari nagusiari eskuordetzeko dena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak, 38.1 artikuluan hau ezartzen du: «Lege honen arabera titulartasuna zein pertsona juridikori dagokion, hark erabakiko du jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzea». Halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 4. artikuluak hau ezartzen du: «Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legean ezarritakoarekin bat, Osakidetza Ente Publikoak nortasun juridiko bereizia eta jarduteko gaitasun osoa dauzka bereak dituen helburuak eta xedeak betetzeko». Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko lehendakaria Osasuneko sailburua izango da, zeinak, zuzendaritza-organo gisa, Ente Publikoaren eta haren Administrazio Kontseiluaren ordezkaritza izango baititu. Administrazio Kontseilua kide anitzeko zuzendaritza-organoa da, eta estatutuek aitortzen dizkion kudeaketa-arloetan administrazio-egintzei buruzko erabakiak hartzeko ardura dauka, betiere aipatu 255/1997 Dekretuko 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ente publikoaren osasun-zerbitzuetako erakundeei utzitako jarauntsiak onartzeko prozedurari buruz dagoen kasuistika aztertu ondoren, atera den ondorioa da horien izapidetzea azkartu egin behar dela. Azkartze horrek berekin dakar zuzendari nagusiari eskumena ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izenean eta hura ordezkatuz jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzeko.

Azaldutakoaren ildotik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutu sozialek Administrazio Kontseiluari ematen dizkioten ahalmenen arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluan eskumenak delegatzeaz ezarritakoa aplikatu ondoren, hona hemen hartu den

ERABAKIA

Lehenengoa.– Eskuordetzea ente publikoaren izenean jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzeko eskumena.

Eskuordetutako eskumena erabiliz burutzen dituen jarduketetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren zuzendari nagusiak Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak ezartzen dituen baimenak lortu beharko ditu une oro.

Bigarrena.– Urtero, ekitaldia amaitu eta gero, zuzendari nagusiak Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeei utzitako jarauntsiak, dohaintzak eta legatuak, dagokion ekitaldian gauzatu direnak, onartzeko prozeduren berri eman beharko du.

Hirugarrena.– Erabaki hau aplikatuko zaie ondorioak sortzeko unean izapideetan dauden jarauntsiak onartzeko prozedurei.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala