Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2016ko abuztuaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3499

ERABAKIA, 2016ko uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Ente Publikoaren 2016rako lekualdatze-lehiaketako irizpide orokorrak onartzen dituena.

Lege hauetan aurreikusitakoaren arabera hartu du erabakia Administrazio Kontseiluak: 255/1997 Dekretuaren 8.5 eta 12.5 artikuluak (255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Servicio vasco de salud Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituena); eta, oro har, Ente Publikoko langileen arloko arauak (dekretu hori bera; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun Zerbitzuetako Pertsonal Estatutarioaren Estatutu Markoari buruzkoa; eta 7/2007 Legea, apirilaren 12koa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuarena –hain zuzen ere, 37.1 artikuluko c) letra, negoziazio kolektiboko gaien artean giza baliabideak hornitzeko irizpide orokorrak biltzen dituena–).

2016an zehar, Osasun Mahai Sektorialak negoziazio-prozesuari ekin zion Ente Publikoan beste lekualdatze-lehiaketa bat egitea onar zedin. Hainbat bilera egin dira prozesua zehazteko, baina ez da akordiorik lortu.

Adierazitakoaren arabera, zuzendari nagusiak hala proposatuta, eta Ente Publikoaren Estatutuetako 8.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hau erabaki du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak:

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Osakidetzan lekualdatze-lehiaketaren deialdia egitea, zerbitzu-erakunde batetik bestera behin betiko borondatezko mugikortasuna ahalbidetzeko.

Lehiaketa-sistemaren bidez ebatziko da behin betiko borondatezko mugikortasun-prozesua. Dagozkion kategorietako lekualdatze-lehiaketa arautuko duten oinarriek alderdi hauek zehaztuko dituzte: parte hartzeko eskakizunak, eskainitako destinoak, prozedura eta merezimenduen baremoa.

Erabaki honek eta hura garatzeko oinarriak biltzen dituzten ebazpenak birtualtasun juridikoa lortu eta berehala hasiko dira kudeatzen lekualdatze-lehiaketari hasiera emateko jarduerak.

Bigarrena.– Deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean zehaztuko dira Osakidetzaren 2016rako lekualdatze-lehiaketako kategoriak, eta bat etorriko dira 2014-2015erako lan-eskaintza publikoan txanda ireki bidez eskainitakoekin.

Honela multzokatuko dira deialdiak:

1.– Fakultatibo Mediko eta Teknikoen lanbide-taldea.

2.– Diplomatu Sanitarioen lanbide-taldea.

3.– Osasun-teknikari Espezialisten lanbide-taldea.

4.– Osasun-teknikari Laguntzaileen lanbide-taldea.

5.– Kudeaketa eta zerbitzuetako langileak.

Familiako Medikua LMT eta Pediatriako Medikua LMT fakultatibo medikoen lanpostu funtzionalak betetzeko lekualdatze-lehiaketaren oinarriak biltzen dituen ebazpenaren bidez zehaztuko da zenbat plaza eskainiko dituen lanpostu horietan 2016rako lekualdatze-lehiaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salako 3. atalak 2015eko apirilaren 14an emandako 247/2015 epaia exekutatu ondoren.

Gainerako kategorietan, 800 lanpostu funtzional eskainiko ditu lekualdatze-lehiaketak, eta agiri honen eranskinean adierazi bezala banatuko dira.

Hirugarrena.– Deialdien oinarrietan zehazten denaren arabera kudeatuko dira lekualdatze-lehiaketak garatzeko jarduerak.

Etengabeko prestakuntzarako merezimenduen baremoari dagokionez, erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioetsiko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, baldin eta titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

Laugarrena.– Nahitaezko mugikortasun-prozesuei lotuta dauden langile finkoek, arauz hala ezarrita badago, lehentasuna izango dute lekualdatze-lehiaketa honetan lanpostu funtzional berari dagokion destinoa lortzeko, baldin eta lanpostu berrian hasi zirenetik lehenengo lekualdatze-lehiaketa bada hau eta behin betiko barne-mugikortasuneko prozesuren batean lehentasun horretaz baliatu ez badira.

Behin bakarrik erabili ahal izango da lehenespen-eskubidea, salbuespenezkoa izango da, eta lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskaera formalizatzen denean alegatu behar dute interesdunek.

Lanpostu horiek esleitzeko, lekualdatze-lehiaketarako ezarritako baremazio-irizpide bera erabiliko da, baina langile horien lehentasuna errespetatuta.

Bosgarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren esku utziko dira behin betiko borondatezko mugikortasun-prozesuak kudeatzeko lanak. Hain zuzen ere, hauek egin behar ditu: lekualdatze-lehiaketaren oinarriak bilduko dituzten ebazpenak bideratu eta eman; eskainiko diren lanpostuak zehaztu; kalifikazio-epaimahaiak aukeratu; deialdiak ebatzi; eta destinoak esleitu. Martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretuaren eranskinean ageri den katalogoan daude kategoria baliokideak eta erreferentziakoak.

Seigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina erabaki honek.

Haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien Gasteizko epaitegietan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala