Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2016ko abuztuaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3498

ERABAKIA, 2016ko uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, lanpostuak betetzeko irizpide orokorrak zehazten dituena, Uribe Erakunde Sanitario Integratuaren menpe dagoen Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea jarri eta ireki ahal izateko.

ZIOEN AZALPENA

Laster irekiko da Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea. Aurrerapauso handia izango da hori asistentziaren ekitatea, eskuragarritasuna eta kalitatea hobetzeko bidean, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak euskal osasun-sistema publikoarekin eta osasunarekin hartutako konpromisoaren eredu izango da. Horretaz gain, aukera emango du Uribe eskualdeko biztanle guztiei beren ingurunean arreta eskaintzeko, eta horrek arindu egingo du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko presio asistentziala.

Ospitale berria pixkanaka irekitzeko, profesional guztien interesei erantzun behar die lanpostuak betetzeko sistemak; hau da, bai zentro horretan zerbitzuak eman nahi dituzten Osakidetzako langileenei, bai aldi baterako kontratuen bidez apurka-apurka bertan lanean hasten diren profesional berrienei.

Hori lortzeko, hautapen-prozesu bizkorra eta eraginkorra behar da, Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietan lanpostuak betetzeko egun ezarrita dagoen sistema baino eraginkorragoa eta bizkorragoa; hala ere, kontuan izan behar da aurrez ezin dela egin lan-eskaintza publikorik lanpostu horiek betetzeko.

Horretaz gain, pixkanaka irekiko da ospitalea, hainbat fasetan; aurten ekin dio lehenengoari, eta 2017an zehar erabat martxan egotera iritsiko da.

Hori guztia kontuan hartuta, garbi dago ezin dela erabili Administrazio Kontseiluak 2011ko maiatzaren 9an onartutako erabakian aurreikusita dagoen aldi baterako kontratazio-sistema, eta beste prozesu bat behar dela lanpostuak betetzeko.

Osasun Mahai Sektorialari eman zaio Osakidetzaren eskaintzaren berri, baina ez da akordiorik lortu Mahaia osatzen duten ordezkari sindikalekin.

Ondorioz, Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartu du, Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleko hasierako lanpostuak betetzeko prozedura arau dadin.

ERABAKIA

1.– Lehentasun-hurrenkera honen arabera hautatuko dira Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleko hasierako lanpostuak beteko dituzten profesionalak:

1) Barne-egokitzapena / Behin betiko barne-mugikortasuna.

2) Zerbitzu-eginkizunak.

3) Aldi baterako kontratuak.

2.– Hala ere, barne-egokitzapeneko / behin betiko barne-mugikortasuneko prozesua amaitutakoan, lanpostu kopuru bera beteko da beste bi prozeduren bidez ospitalea irekitzeko prozesua amaitzen denerako.

3.– Uribe ESIko Gerentzia Zuzendaritzaren ebazpen bidez, izena emateko epea zabalduko da barne-egokitzapeneko / behin betiko barne-mugikortasuneko prozesuan eta zerbitzu-eginkizunetakoan parte hartzeko.

Lanpostu jakin batzuen ezaugarriei erreparatuta beharrezkoa bada ezagutza zehatz batzuk egiaztatzea, ebazpenean adieraziko dira ezaugarri horiek, baita egin beharrekoak egiteko zer esperientzia eta ezagutza tekniko izan behar diren ere.

4.– Barne-egokitzapeneko / Behin betiko barne-mugikortasuneko prozedura 2015eko ekainaren 10eko erabakian xedatutakoaren arabera gauzatuko da (2015eko ekainaren 10eko erabakia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetan lanpostuak aldi baterako edo behin betiko barne-mugikortasunen bidez hornitzeko irizpide orokorrak onesten dituena).

5.– Barne-egokitzapeneko / Behin betiko barne-mugikortasuneko prozeduraren bidez betetzen ez diren lanpostuak zerbitzu-eginkizuneko edo bitarteko lanpostu gisa eskainiko dira, plazak banatzeko 2. zenbakian zehaztu den proportzionaltasun-irizpidearen arabera.

6.– Salbuespen gisa, Urdulizko Ospitalea irekitzeko faseetan, eta zerbitzuak eskaintzen hasteko langile egokiak egongo direla ziurtatzeko, berariazko deialdiaren bidez bete ahal izango dira aldi baterako, zerbitzu-eginkizunetan, osasun-langileen, fakultatiboen eta erizainen lanpostuak, baldin eta lanpostu horietan eginkizun bereziak egin behar badira edo prestakuntza-maila zehatza behar bada. Berariazko deialdia egin ahal izateko, zentroko zuzendaritzaren justifikazio-txostena aurkeztuko da, eta deialdiko lanpostuak baldintzak betetzen dituzten profesionalei emango zaizkie; hain zuzen ere, eginkizunekin eta prozesuak eta taldeak sustatu eta kudeatzearekin erlazionatutako alderdi esanguratsuenei dagozkien baldintzak betetzen dituztenei.

7.– Uribe ESIko Gerentzia Zuzendaritzak ebazpena eman aurretik lanpostuetara behin-behinean zerbitzu-eginkizunetan atxikitzeko baimena emateko, atxikitzearen aldeko txostena egin behar dute hasierako hautagaien zerbitzu-erakundeek, eta atxikitzeak egiteko baimena eman behar du Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, erakunde horietan izan behar den laguntza-estaldura bermatze aldera.

8.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen bidez, epea zabalduko da Uribe ESIko aldi baterako kontratazio-zerrenda espezifikoetan izena emateko, Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalean dagozkion kategoriak edo lanpostu funtzionalak bete daitezen.

9.– Beharrezkoa bada, Osakidetzak Bizkaiko osasun-arlorako indarrean dituen kontratazio-zerrendak erabili ahal izango dira.

10.– Bigarren fasean (2017) behar izan daitezkeen lanpostuak aldi baterako betetzeko ere aplikatuko da erabaki honetan ezarritako sistema.

11.– Hala ere, ospitale berria irekitzeko prozesuaren amaieran (2017) zerbitzu-eginkizunetan edo bitarteko lanpostu gisa aldi baterako betetzen diren lanpostuak estatutupeko langile finkoek beteko dituzte, lan-loturaren arabera kasuan kasu dagozkion prozedurei jarraikiz. Prozedura horiek pixkanaka ezarriko dira denboran zehar, zehazten diren prozesuen arabera, eta Osasun Mahai Sektorialarekin negoziatu ondoren.

12.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean erabaki hau, eta indarrik gabe geratuko da 2011ko maiatzaren 9ko erabakian adierazitakotik erabaki honetan xedatutakoarekin bat ez datorren guztia.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala