Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2016ko abuztuaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3422

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 14koa, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena (Osasun Sailaren kontratazio-organoa), zeinaren bidez Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzen baitzaio Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarako segurtasun-zerbitzuaren eta zerbitzu osagarrien kontratazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren V. kapituluan eta lehenengo xedapen gehigarrian, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organiko eta funtzionala onartzen duen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuaren 12.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa zentralizatuko eraikinetarako erabilpen orokorreko arloak edo zerbitzuak kontratatzea, betiere Baliabide Orokorren Zuzendaritzari egotzi bazaizkio.

Era berean, 192/2013 Dekretuaren 12.a) artikuluak Zuzendaritza horri ematen dio eskumena, era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak garatzeari begirako proposamenak egin ditzan.

Une honetan uste da ezen, Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren eraikinetan eta hari atxikitako beste erakunde autonomo eta sozietate publikoetan, zaintza- eta segurtasun-zerbitzua modu zentralizatuan kontratatzeak hobetu egiten dituela zerbitzuen kudeaketa eta gastuen arrazionalizazioa.

Goraxeago aipatutako 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak ahalbidetzen du Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskumenak kudeaketa zentralizatukoak ez diren eraikinetara ere zabaltzea. Eskumen horren zabaltzea hitzarmen bidez, administrazio-klausula zehatzen pleguetan aurreikuspen berariazkoak ezarriz edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotako formulen bidez gauzatuko da.

Zaintza- eta segurtasun-zerbitzua –lehen aipatu eremuan– modu zentralizatuan kontratatu ahal izateko formularik egokiena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan eskumenen eskuordetzerako jasotakoa da, honako hau xedatzen baitu:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira –nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan–, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».

Horregatik, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 6.2 artikuluko eskumenak betez (2013ko apirilaren 18ko EHAA, 74. zk.), Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariari dagokio Sailaren ohiko kontratazio-organoa izatea, hargatik eragotzi gabe arlo honetan eta kontratazio-organo espezifiko legez, dekretu honetan Saileko beste organo batzuei ematen zaizkien ahalmenak.

EBAZTEN DUT:

I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzea, 2017-2018 urteetarako (eta, kasuaren arabera, 2019-2020 urteetarako), Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarako segurtasun-zerbitzua eta zerbitzu osagarriak kontratatzeko eskumena.

Haren esku utzitako eskumena Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 14ko 3/2011 LEDn aurreikusitako eta kontratuari aplikagarriak zaizkion honako gai hauek ere bideratzeko bada:

– Kontratua prestatzea (II. liburua).

– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskuduntzak, aldaketa, iraungitzea, lagapena eta azpikontratazioa, izaera orokorrarekin IV. liburukiko I. tituluko I. kapituluan aurreikusten direnak, eta izaera partikularrarekin –hornidura-kontratuetarako– IV. liburukiko II. tituluko IV. kapituluan aurreikusten direnak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Eskuordetzaileak izango du kontratazio organoari dagozkion gainerako eskumenak eta, bereziki, emandako zerbitzuak gauzatzeari oniritzia emateko eta zerbitzuak ordaintzeko agindua emateko ahalmena.

III.– Eskuordetze hau sinatu eta hurrengo egunean indarrean jarriko da.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 14a.

Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria,

MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.


Azterketa dokumentala