Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2016ko uztailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3284

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, baimena ematen da Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluak proposatuta–, bai erkidegoaren beraren ekimenez, –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarekin ados–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan dago araututa nola egokitu Europako unibertsitate-eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan beharrezkoak diren egokitzapenak bultzatuko dituzte eta, horiekin batera, beharrezkoak diren gainerako neurriak hartuko, euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak, otsailaren 2ko 43/2015 Errege Dekretuak eta maiatzaren 29ko 420/215 Errege Dekretuak aldatua), eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluan dago xedatuta estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko direla: gradua, masterra eta doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2016ko ekainaren 8an, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onartu zuen graduko eta masterreko unibertsitate-titulu ofizial batzuk kentzea eta beste batzuk ezartzea 2016-2017ko ikasturtetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Unibasq - Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak Euskal Herriko Unibertsitateak graduko eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak (I. eta II. eranskinak) kentzeko eta ezartzeko egin duen proposamenaren aldeko ebaluazio-txostena egin du, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatutakoarekin bat (uztailaren 2ko 2010/861 Errege Dekretuak aldatua)

Hori dela eta, eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuta, eta 2016ko maiatzaren 25eko bilkuran txostena aurkeztuta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari, jakitun izan daitezen, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eranskineko graduko eta masterreko ikasketa ofizialak kentzeko.

2. artikulua.– Automatikoki baimena ematea II. eranskineko masterreko ikasketa ofiziala ezartzeko, bete egin baita Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluan eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.8 artikuluan xedatutakoa (1393/2007 Errege Dekretua aldatu egin zen uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez).

3. artikulua.– Ikasketak hauetan xedatutakoaren arabera kenduko dira: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatua) eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen berri eman behar zaie Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari, horrek Gobernuari proposa diezaion tituluak ofizialtzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan kendutakoak eta ezarritakoak inskribatzeko, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lau urte igaro aurretik berritu beharko da baimendutako master-ikasketa ofizialen egiaztapena, hasierako ikuskapen-egunetik hasita. Urriaren 16ko 205/2012 Dekretura egokituko da berriztapen hori; dekretu horren bidez xedatzen baitira prozedura eta epeak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 19. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Euskal Herriko Unibertsitateak urtero memoria bat egingo du matrikulazio-datuei buruz eta aurreko ikasturtean titulazio bakoitzak izandako kostu ekonomikoei buruz; eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari bidaliko dio ikasturte akademiko bakoitzaren matrikulazio-epea bukatu ondoren eta, betiere, abenduaren 30a baino lehen. Aipatutako dekretuaren II. eta III. kapituluetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateari behar diren neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuko dio. Aipatutako baldintzak bete gabe segituko balu, Euskal Herriko Unibertsitateak ikasketa hori beste prozedura batean sartu beharko du, egiaztapenari eutsi ahal izateko; edo, bestela, ez du berriz eskainiko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO GRADUKO TITULUAK KENTZEA
(Ikus .PDF)
UNIBERTSITATEKO MASTERREKO TITULUAK KENTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERREKO TITULUAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala