Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2016ko uztailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3044

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 16koa, Energia, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena: horren bitartez, Zeleta SLk eskatuta ohiko prozedurari jarraituz desjabetze-izapidearen barnean hartutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharra erabaki da, harrobia ustiatu ahal izateko jarraian aipatzen diren lurrak desjabetzeko espedienteari hasiera emate aldera. Adierazitako merkataritza-sozietate hori da ustiapen horren emakidaren titularra, Baliabideak Ustiatzeko «Duquesa» izeneko C) ataleko 4745 zenbakiko zuzeneko emakida ematen dion 2000ko maiatzaren 22ko Ebazpenaren arabera.

I.– «Duquesa» izeneko C) sekzioko baliabideak ustiatzeko emakidaren titularra denez, Zeleta, S.L. baltzuak ondokoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailari: Deba udalerrian kokatutako «Duquesa» izeneko meategi-esplotazioaren lanek, instalazioek eta zerbitzuek eragiten dieten ondasunak eta eskubideak okupatzeko, desjabetze-espedientea hastea.

II.– Meategien Legearen 105.3 artikuluak bere erregelamenduaren 131.3 artikuluari loturik ezarritakoaren arabera, «Duquesa» ustiategiko Harrobia Ustiatzeko eta Urteko Lan Planen Proiektua onartzeak lurrak okupatu beharra deklaratzea dakar. Alabaina, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunak desjabetu beharrekotzat joko diren ondasun edo eskubideen zerrenda zehatza eta indibidualizatua egin beharko du eta, hain zuzen ere, zerrenda hori, merkataritza-sozietateak idazki batean jaso du, desjabetzea hastea eskatzeko idazkian.

III.– 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko indarreko Legearen 17. artikuluaren eta ondorengoen arabera, ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri da, 2016ko urtarrilaren 29an, hamabost eguneko epearen barruan interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten, ondasunen okupazioaren edo erabilgarritasunaren bidezkotasunari eta ondasunen egoera materialari edo legezkoari dagokienez, baita egokitzat jotzen duten beste edozein gairi dagokionez ere.

IV.– 2016ko ekainaren 15a, Energia eta Meategien Zuzendaritzaren aholkularitza Juridikoak txosten hau eman zuen, interesdun gisa ageri direnek egindako alegazioak aztertuta.

Aipatutako lege-aginduak eta oro har, eta haiekin bat etorriz, aplikatu beharreko gainerako xedapenak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energia, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 29ko iragarkian barne hartutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra onartzea. Hain zuzen ere, iragarki horren bitartez jendaurrean jarri zen, Zeleta, SLk eskatuta abian jarritako desjabetze-izapidearen barnean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ohiko prozedurari jarraituz harrobia ustiatu ahal izateko lurrak desjabetzeko espedienteari hasiera emate aldera.

Bigarrena.– Desjabetzearen eraginpeko ondasun nahiz eskubideen eta interesdunen deskribapena honako hau da:

Eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda:

I.– Debako 1731. finka

Ugarte-Zarreko­Saletxe-Aldea izeneko haitz-lekua eta pagadia, Debako jurisdikzioko Lastur auzunean kokatua, hirurehun eta laurogeita hiru area eta zentiarea bateko neurria duena; eta ekialdean Faustino Aguirregabiriaren terrenoekin egiten du muga; hegoaldean, Juán José Martija eta Julían Lojendiorenekin; mendebaldean, Francisco Aramberri eta Juan Agustín Oñederrarenekin; eta iparraldean, Albizuri baserriaren eranskinekin. Saletxe bat dauka.

Desjabetu behar den azalera: 27.340 m2.

Titularra/k: Nicolas Unanue Uranga.

Jesus Maria Unanue Uranga.

David Unanue Uranga.

II.– Debako 1323. finka (Katastroko erreferentzia: 30-005).

Landa-lurra: ehun eta hogeita hamabost areako terreno zatia, Retilluaran izeneko handiago baten ekialdean kokatua, Debako jurisdikzioan, iparraldean Pedro Iturrioz eta Señor Duque de Grandad-arenarekin muga egiten duelarik; ekialdean, aipatu Señor Duquearenarekin; hegoaldean, Francisco Orbegozoren zati batekin, eta sartaldean, José Miguel Martijarenarekin. Hogeita hamargarren poligonoko bosgarren partzelari dagokio. Katastroko partzela horretan kokatzen da jabe berberaren 1324. Finka.

Titularra: Sabino Aguirregabiria Aguirregabiria.

III.– Debako 1324. finka (Katastroko erreferentzia: 30-005).

Landa-lurra: Retilluaran izeneko terreno-zatiaren ekialdeko partearen zatiki bat, Debako jurisdikzioan, hirurogeita hamaika area dituena, iparraldean José Miguel Martijarenarekin egiten du muga, lehenago, egun Faustino Aguirregaviriarenarekin; ekialdean, Señor Duque de Granadarenarekin; hegoaldean, Duque horrenarekin, sartaldean, Francisco Orbegozorenarekin. Hogeita hamargarren poligonoko hogeita seigarren partzelari dagokio.

Desjabetu behar den azalera, 1323. eta 1324. finkak: 7.932 m2.

Titularra: Sabino Aguirregabiria Aguirregabiria.

IV.– Debako 15. zenbakiko katastroko finka (Katastroko erreferentzia: 30-015).

Administrazio-espedientean jasotako katastro-planoaren eta datuen arabera. Hostozabalekoen basoa; 30. poligonoko 15. zenbakiko partzela, Errettilloa izenekoa, iparraldean muga egiten du Hermanos Unanue Urangaren jabegokoekin (Ugartezaharra-Saletxealdea partzela, 34. poligonoko 30. zenbakikoa) eta Troyakontrolekoekin (30. poligonoko 13. zenbakikoa, ekialderantz ere ematen duena). Hegoaldean, Sabino Agirregabiriaren jabetzako Etxeko Basoa partzelarekin egiten du muga (30. poligonoko 5. zenbakikoa); eta sartaldean, Jose Miguel Martija jabegokoekin, katastroko 30. poligonoko 2. zenbakikoa delarik partzela).

Desjabetu behar den azalera: 6.537 m2.

Titularra: Simón Goicoechea Ormaechea.

Guztiarekin ere, min/004/2016 administrazio-espedientean zehazki azaltzen dira da aipatu partzelen desjabetzeari buruzko detaileak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren eta Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren bulegoetan kontsulta dezakete espediente hori interesdunek.

Hirugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. eta 21. artikuluek eta Lege horren Arautegiaren 19. eta 20. artikuluek zehazten dutena betez, ebazpen hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» eta «Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean» argitaratzea, baita «Diario Vasco» egunkarian eta Deba Udaletxeko iragarki-taula ofizialean ere. Orobat, interesdun guztiei ebazpenaren berri emango zaie.

Laugarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Industria Sailburuordetzan, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 16a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala