Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2905

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Leintz-Gatzagan (Gipuzkoa) gatz-baliabideak ustiatzeko proiektuaren -herri horretako udalak sustatuaren- ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena.

AURREKARIAK

2015eko martxoaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak honako eskabide hau osotu zuen: gatz-iturburu bat aprobetxatzeko proiektuaren -Leintz-Gatzagako udalak sustatuaren- ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren irismena zehazteko dena, betiere ingurumen-ebaluazioari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 34. artikuluarekin bat etorriz. Eskabidearekin batera aurkeztu zen proiektuaren hasierako dokumentua, 2014ko azaroko data zuena.

2015Eko martxoaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egi zien eraginpeko administrazioei eta pertsona interesdunei, hain justu ere ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren irismen-dokumentua prestatzeko informazio interesgarria biltzeko, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 34.3 artikuluarekin bat etorriz. Zehazki honako hauek egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritza, guzti horiek Eusko Jaurlaritzaren organismoak dira; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia, eta Ekologistak Martxan-Gipuzkoa eta Greenpace-Euskadi elkarteak.

2015Eko uztailaren 31n, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak emandako Ebazpenaren bitartez formulatu zen honako dokumentu hau: Leintz-Gatzagan gatz-iturburu bat aprobetxatzeko proiektuaren -herri horretako udalak sustatuaren- ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren irismen-dokumentua.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak 2016ko otsailaren 22an emandako Iragarkiaren bitartez, jendaurren jarri ziren ustiatze-proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana, Lintz-Gatzagako gatz-baliabideei dagozkienak, hain justu ere Ingurumen-inpaktuari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 36. Artikuluan xedatutako konplitzearren; aipatu iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2016ko martxoaren 1eko 41. zenbakian. Organo substantiboak jakinarazi du, jendaurrean jartzeko epea amaitu ondoren, ez dela jaso proiektuarekiko inongo alegaziorik.

Halaber, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 37. artikuluarekin bat etorriz, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak 2016ko otsailean kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei, hain justu ere euren eskumenen barruan egoki irizten zien oharrekin txostena eman zezaten; eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei egindako kontsulten emaitzei dagokienez organo substantiboak adierazten du ezen prestatutako ingurumen-inpaktuari begira ez dagoela ezer esanguratsurik.

2016ko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion ingurumen-inpaktuaren adierazpen bat emateko, zehazki, Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) gatz-baliabideak ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena; betiere Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatuarekin bat etorriz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Aipatu arauaren I.B) eranskinaren 6.1 epigrafean barne hartuta dago ebazpen honen xede den jarduera (harrikatza, lignitoa eta beste mineral batzuk erauztea); beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ohiko ebaluazioa beharko du.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Leintz-Gatzagan (Gipuzkoa) gatz-baliabideak ustiatzeko proiektuaren -herri horretako udalak sustatuaren- ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau formulatzea, aldeko irizpenarekin.

Leintz-Gatzaga udalerrian, Productos Leniz gatz-fabrika zaharrean diren instalazioak egokitzean datza proiektua; udalerri horretan dagoen ur gaziko iturburua erabilita, oraindik ere, badago aukerarik delako baliabide hori ustiatzeko. Gehienez ere, urteko 7.800 m3-ko emaria duen iturburua ustiatzea proposatzen da.

Instalazioak egokitu ostean egingo diren jarduerak, besteak beste, honako hauek izango dira: gatza artisau-eran egitea; gatzuna komertziala ekoitzi eta saltzea (gatzuna biltzeko, 35.000 litroko depositua paratuko da); bisitarientzako pedilubio bat instalatzea.

Instalazioak egokitzea -laburbilduz- honexetan datza: gatzuna ateratzeko bonba hidrauliko bat; gatzuna biltzeko deposituak; ura eroateko ubideak; ura berotzeko depositua; gatzuna prestatzeko aldea egokitzea; pedilubioa instalatzea.

Kanalizazio berrietako eta pedilubioaren aldeko terrenoa nibelatzeko, lur-mugimendu txikiak egongo dira.

Ingurunean honako hauek nabarmendu daitezke:

- Azaleko ur-laster bi; Deba ibaia eta Olaun errekastoa.

- Haltzadi kantauriarraren gunetxo batzuk ibai-ertzetan eta baso autoktonoak mazelatan.

- Bisoi europarrarentzako interes bereziko gune bat.

- Proeiktuaren eremuan, Dorletako santutegia dago eta bai kultura-ondareko beste elementu batzuk ere (gatzagak, Erakina-Dorlaseko zubia, Dorlaseko zubia, Santa Koloma baseliza).

Bigarrena.- Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

2.A.- Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, espezifikoki, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

2.B.- Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

2.C.- Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak betearaziko dira, betiere, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentuetan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta horiek kontrolatzeko ardura izango duten langileek bermatu behar dute beteko direla ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Honako atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Gainera, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

2.c.1.- Ondare naturala babesteko neurriak.

Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatutakoa betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:

2.c.1.1.- Proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, eta, betiere, ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako 2.c.9 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2.- Obrako sarrerak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua -obraren burutzapen-proiektuan sartu beharrekoak- ezarriko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako baldintzak aintzat hartuz, eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

2.c.1.3.- Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak. Eremu horiek ezin izango dira inolaz ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan eta ubidetik 5 metro baino hurbilago diren lurretan. Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak arras txikiagotzeko.

Horretarako, obrak hasi aurretik, beharrezkoa bada, obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek okupatzen dituzten eremuak zehazki zedarrituko dira xehetasunezko kartografian. Zedarritze hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.9 idatzi-zatian aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak. Ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatiko lan-programan jaso beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.

2.c.1.4.- Zuhaitz eta landarediaren belar-sastrakak garbitzea saihestu beharko da zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den guneetan, non behin-behineko sarbideek eta obrako instalazioek eragina izan baitute. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehazki zedarrituko eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak, zeinak ez baitira nahitaez moztu behar obrak egiteko. Arreta berezia eskaini behar zaie interes komunitarioko habitatei, hala nola 6510 - Altitude txikiko sega-belardi xumeak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) eta 91E0* - Haltzadiak eta lizardiak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.9 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.5.- Deba ibaitik urrean egiten diren eremuetan -bisoi europarrarentzako interes berezikotzat jotzen direnetan- egiten diren jarduketetan arreta berezia jarri beharko da, hain justu ere oro har ibaien ekosisteman ahalik eta afektazio tenporal eta espazial txikiena sortzeko, eta, bestalde, baztertu egin beharko da bisoi europarrari ezein afektazio sortzea; edozelan ere, kontuan izan beharko da: Gipuzkoako Lurralde Historikoan espezie horrentzako Kudeaketa Planak (2004-05-12ko Foru Aginduaz onartutakoak) ezartzen duena.

2.c.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

2.c.2.1.- Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.

Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta/edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

2.c.2.2.- Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, behar badira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemadunak, betiere.

2.c.2.3.- Ibaiatik hur egiten diren lur-mugimenduek isuri zehaztugabeak sor baditzakete, iragazkiak jarriko dira obren eraginpeko eremuan zehar.

Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

2.c.2.4.- Drainatze naturaleko saretik bereiziko dira obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

2.c.2.5.- Lanen eta ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isurketa-baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte isuriek.

2.c.2.6.- Lurzorua babesteari dagokionez, baldin eta, obrek dirauten artean, antzematen bada lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten partzelak badaudela adierazten duen zantzurik, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusten den ingurumen-organoaren baimena beharko da.

2.c.3.- Airearen kutsadura prebenitzeko neurriak:

2.c.3.1.- Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan, Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitezkeenetarako.

2.c.3.2.- Beharrezkoa bada, obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailuok egoera onean mantenduko dira obren faseak dirauen artean.

Ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

2.c.3.3.- Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

2.c.3.4.- Horrez gain, ustiatze-fasean zehar, airera partikula gutxiago isurtzeko neurri egokiak hartuko dira; batez ere, berotegi-efektuko gasekin zerikusia dutenei dagokienez.

2.c.4.- Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

2.c.4.1.- Obren fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusi obrako babes-neurri egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei dagokienez eta zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.4.2.- Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.4.3.- Soinu-isurien fokuak ezartzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren muga-balioak bete beharko dituzte. Era berean, aipatutako dekretuaren 35 bis artikulua aplikatuko da.

2.c.5.- Hondakinak kudeatzeko neurriak:

2.c.5.1.- Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinak balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman beharko dira.

Hondakinak deuseztatu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada ezen haiek ezin direla balioztatu alde teknikotik, ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

2.C.5.2.- Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko, honakoak aplikatuko dira: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketako azterlan bat gehitu beharko dio obraren oinarrizko proiektuari; I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du azterlan horrek.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

2.c.5.3.- Zabortegira bidali beharreko hondakinak, honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 4/2015 Legearen I. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

2.c.5.4.- Hondaketetan soberaniak sortzen badira, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak erabiltzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, eta atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Kudeaketarako araubide hori ez da aplikatuko, induskatutako material horiek baldin badaude uztailaren 21eko 22/1973 Legeak, meategien erregimenari buruzkoak, xedatutakoaren aplikazio-eremuan.

Edozein inguruabar dela medio indusketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakora egokitu beharko da. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

Kasua bada, lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira. Horrez gain, erabilera-baimenak aurkeztu beharko dira, meatzeen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.

2.c.5.5.- Olio erabiliak Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

2.c.5.6.- Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izango dira, eta, gainera, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.

2.c.5.7.- Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, jardueraren fasetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak izan beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.

2.c.5.8.- Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak, eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazioak eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan zehar, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak, eta abar.), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

2.c.5.9.- Txosten bat egingo da obretan sortzen diren hondakinen jarraipenari buruz, ingurumenaren ikuspegitik, eta hondakinak kontrolatzeko eta onartzeko eta haien jarraipena egiteko dokumentuak erantsiko zaizkio, indarrean dagoen legediari jarraituz.

2.c.6.- Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten ezein ondare-ondasuni eragingo zaionik; hala ere, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak xedatutakoari eta foru-organo eskudunak zehazten duenari kalterik egin gabe, inguru-inpaktuari buruzko azterlan aurreikusitako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira.

Gainera, obrak dirauen bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu behar diren.

2.c.7.- Obrak lehengoratu eta integratzeko neurriak:

2.c.7.1.- Obrak eragina duen eremu guztietan gauzatuko dira paisaian obra integratzeko lanak, baita ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, obra amaituta, aldaketak jasan dituzten eremuetan. Lehengoratze-lan horietan, landareberritzeak egingo dira landare-estaldura izan dezaketen espazio guztietan.

2.c.7.2.- Lur mugimenduen garaian, lur begetala bereizirik kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eraginpeko espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak errazteko. Landaraberritze-lanetan erabiliko den landare-lurra erretiratu egingo da; eta modu egokian biltegiratuko da; hala, ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Horrez gain, pilaketak era egokian mantendu beharko dira.

2.c.7.3.- Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

2.c.7.4.- Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez daitezen zabaldu, zenbait ekintza burutuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

2.c.8.- Garbiketa eta obraren akabera.

Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian xedatzen dena aplikatuko da.

2.c.9.- Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu bitartean eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Aipatu gaiei buruzko baldintza-pleguak esleitzen dizkion funtzioei dagokienez, obren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko da aldez aurretik.

2.c.10.- Lanak egiteko programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpi idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte kontratistek. Proposamen horiek lanen gauzatze-programetan jasoko dira, eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako idatzi-zatietan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere. Hauek dira dokumentuak:

- Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.1 idatzi-zatian aurreikusitakoari jarraikiz.

- Ebazpen honen 2.c.1 idatzi-zatian ezarritakoaren arabera babestu beharreko zuhaitzak eta zuhaitz-unadak zehaztea eta mugarritzea.

- Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.2 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

- Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.3 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

- Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta -materialak kudeatzeko plana.

2.D.- Ingurumena zaintzeko programa

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna).

Obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da programa hori.

2.d.1.- Gertakizunen erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko du erregistro horrek, eta, obrak amaitzen direnean, sailburuordetza horretara igorri beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.

2.d.2.- Uren kalitatearen kontrola.

Deba ibaiko eta Olaun errekastoko uren egoerari begiratu beharko zaio aldian behin.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeen lekuetan, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da, astean behin.

Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo aurreko idatzi-zatietan aurreikusitako solido atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Gutxienez, honako parametro hauek aztertuko dira: pH, solido esekiak, oiloak eta koipeak edo, kasua bada, baimen egokian ezartzen direnak.

Ustiatze-fasean, ingurumena zaintzeko programak honako hau ziurtatuko du: ingurunera egiten diren isurketek bete egiten dituztela uren arloan eskumenak dituen organoak ezartzen dituen parametroak.

2.d.3.- Obrak hartzen duen eremuaren mugak kontrolatzea.

Egiaztatu egingo da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena eta makinen egoera, instalazio osagarrien eremua, soberakinen biltegiak; gainera, horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, eta abar).

2.d.4.- Zarata eta dardara kontrolatzea:

2.d.4.1.- Obrek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren erabakiekin. Azterketa hori eraikitze-proiektuari erantsiko zaio. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduketa-motak tipifikatzea ahalbidetuko da, soinu-isurien arabera.

2.d.4.2.- Kontrolak diseinatzeko, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan xedatutakoari ere.

2.d.5.- Airearen kalitate-kontrola.

Aire-ingurumenean dauden partikulen kontzentrazioa neurtzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

2.d.6.- Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guzti hori gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

2.d.7.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira obrak amaitu ostean. Bidalketa horri txosten bat erantsi beharko zaio, zehazki, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde bat egina. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.- Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

2.F.- Aurreko ataletan xedatutakoa eragotzi gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sartu ahal izan daitezen:

2.f.1.- Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena argitaratu eta hilabeteko epean, ebazpen honetako 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

2.f.2.- Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzentze-neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.f.3.- Kasua bada, obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, horiek gauzatzean sortutako hondeaketen eta hondakinen soberakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat.

Hirugarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako.

Laugarrena.- Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasia, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Bosgarrena.- Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Seigarrena.- Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leintz-Gatzagako udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.

Zazpigarrena.- Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana