Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2893

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 31koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren» estatutuetako 3. (helburuak), 5., 9., 16., 17. eta 20. artikuluen aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko martxoaren 22an sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan Martín Recalde Llanos jaunak, Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren idazkari denak, aurkeztutako eskabidea, fundazio horren estatutuen aldaketak inskribatzeko. Patronatuko kide izan barik, soilik Fundazioko idazkari gisa aurkeztu zuen eskabidea jaun horrek.

Eskabidearekin batera, Estatutu Sozialak aldatzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2016ko martxoaren 17an egiletsi zen. Arrasateko notario Iñigo Irache Varona jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 281).

Eskritura publiko horretan sartu zen Martin Recalde Llanos jaunak –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2016ko martxoaren 2an, Barakaldon emandako ziurtagiria, 2015eko abenduaren 16an Patronatuak egindako bilerarena, zeinetan, besteak beste, aho batez onartu baitzen Fundazioaren estatutuetako 3. (helburuak), 5., 9., 16., 17. eta 20. artikuluen aldaketa.

Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitako babeslaritza-funzioetan jardunez, 2016ko maiatzaren 30ean Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariak emandako Ebazpenaren bidez, Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu egin da, betiere dekretu horretako 33.1 artikuluarekin bat etorriaz eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 31.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZPEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren estatutuetako 3. (helburuak), 5., 9., 16., 17. eta 20. artikuluen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori –hor, estatutuetako artikulu horien aldaketa jasotzen da– Arrasateko notario Iñigo Irache Varona jaunaren aurrean egiletsi zen, 2016ko martxoaren 17an (protokolo-zenbakia: 281).

Estatutuen 3. artikulua aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«3. artikulua.– Fundazioaren helburuak.

Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioak honako hau du helburu nagusitzat: Euskadiko Osasun Sisteman, berrikuntza eta ikerketa sustatzea; eta halako jardueren bitartez, batetik, herritarren osasuna babesteari dagokionez osasun-sistemak esku hartzeko dituen gaitasunak etengabe hobetu eta garatzea nahi da, eta, bestalde, osasun sistemak balioa sortzen laguntzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoa bultzatzea.

Daukan funtsezko helburua lortzeko, lankidetza, komunikazio eta elkarlanerako esparru bat da Fundazioa Erkidegoan, Estatuan eta Nazioartean, osasun arloko ikerketa, garapen eta berrikuntzan diharduten sektoreei dagokienez.

Programa eta politikek –sanitario eta sektoreen artekoek– oinarria izaten laguntzen du Fundazioak, Euskadiko Osasun Sistemak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izateko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko.

Helburu orokor horien barruan, jardueratzat honako hauek izango ditu, gutxienez:

– Ikerketa eta berrikuntzako jarduerei dagokienez, plan estrategiko eta operatiboak diseinatu, planifikatu, kudeatu eta ebaluatzen kolaboratzea osasun-arloan eskumenak dituen sailarekin

– Osasun-zerbitzuak eta kudeaketako sistemak eta tresnak etengabe berrasmatzeko, Euskadiko Osasun Sistemarentzako laguntasuna sustatzea; hartarako, honako hauek bultzatuz: eskakizun, aldaketa eta joerei dagokienez debatea, prospektiba eta joerak aurreikustea, halako eran ezen sistema aldioro egokitzen baita herritarren atentzio-premiei.

– Euskadiko Osasun Sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatu eta erraztea:

• sistemaren lehentasun estrategikoenetakoa orientatuz jarduerak;

• prozesu hauetarako egitura eta/edo antolaketa egokienak diseinatuz;

• baliabide materialak eta giza-baliabideak arrazionalizatzeko irizpideen arabera dedikazioa aldeztuz;

• kudeaketa integrala erraztuz;

• prozeduren harmonizazioa eta kudeaketa-jardueren koordinazioa ziurtatuz; betiere, osasun-arloan eskumenak dituen sailaren jarraibideekin bat etorriz eta lankidetzan arituz sistemak dituen edo izango dituen egitura, zentro eta unitateekin.

– Osasun Sistemako lagin biologikoen kudeaketa integratua sustatzea, eta, orobat, beste erakunde batzuei dagokienez, bere kudeaketak hala eskatzen badio; betiere, ikerketa biomedikoaren eta bioteknologikoaren garapena erraztearren.

– Berrikuntzaren eta ikerketaren aprobetxamendua eta erabilpena erraztu eta sustatzea; hartarako, sortutako teknologia eta ezagutza eraginkortasunez transferitzea eta balioestea ziurtatuz; betiere, osasun sistema eta herritarren osasuna hobetzearren eta aberastasuna sortzearren.

– Eragile akademikoekin, zientifiko-teknologikoekin eta sozialekin kolaboratzea erraztea, eta, orobat, enpresekin, erakunde publikoekin eta sektoreekin, balioa eta EAEren garapen sozioekonomikoa sortzen duten sinergiak aprobetxatzearren.

– Nazioarteko bazkide eta erreferente gisa, osasun sistema eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzen laguntzea, eta, era berean, izen ona eta prestigioa sendotu eta proiektatuz».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 31.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala