Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2016ko ekainaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2535

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika Kulturako sailburuarena, 2016ko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko diru-laguntzak emanez: musika partituren edizioa, musika-proiektu unitarioak, musika-ekimen enpresarialak eta musika programazioa. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.

Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web-orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.

1.– Agindu honen bitartez, 2016ko ekitaldiko musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.

2.– Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:

– II. kap.: Musika-partituren edizioa.

– III. kap.: Musika-proiektu unitarioak.

– IV. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.

– V. kap.: Musika-programazioa.

3.– Modalitate honen bitartez, musika-ekoizpen profesionala sustatuko da. Aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 30era garatu behar dira eta data bi horien artean lagundutako obra edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea aurreikusi behar dute. Musika programazioaren modalitateari dagokion epea 27.1 artikuluan zehaztu da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 475.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: a) Musika-partituren edizioa: 30.000; c) Musika-proiektu unitarioak: 120.000; d) Musika-ekimen enpresarialak: 185.000; Musika-programazioa: 140.000.

2.– Eskabide kopuruagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik, modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendariak gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramatea proposatu ahalko du. Kasu horretan hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidego» formapean aurkeztutako eskabideak ez eta nortasunik gabeko bestelakorik ere.

b) Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.

3.– Ezin dute laguntzarik jaso diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste diru-laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

5.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Bideragarritasuna, lagun daitezkeen gastuak, azpikontratazioa eta laguntzen muga orokorra.

1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza zehatzei atxikitakoak izango dira, inbertsio gastuak eta BEZari dagozkienak kanpo gelditzen direlarik. Pertsonal gastuei dagokienez, horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.

3.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

4.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago.

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitako edozein erregistrotan, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza-elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. paragrafoan adierazten diren helbideen bidez.

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

4.– Deialdi honetako modalitate guztien tramitazioari dagozkion argibideak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, hala nola eskaera, formularioak eta justifikaziorako ereduak euskadi.eus-en honako helbide elektroniko hauetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/musika_jarduera/y22-izapide/eu/, baita Administrazio egoitzetan ere.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta gainontzeko dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta ekarri beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.– Identitateari buruzko datuak eta Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean alta:

Administrazio publikoak esleituta dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, pertsona edo entitate eskatzaileak, espresuki eman dezake baimena organo kudeatzaileak datu horiek lortu edo egiaztatzeko.

1.2.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Nafarroako Haziendan zergak ordainduz gero, pertsona edo entitate interesatuek zerga-betebeharrak betetzen dituztelako agiria aurkeztu beharko dute.

1.3.– Pertsona juridikoak: legezko eraketa eta ordezkaritza.

– Administrazio honetan inskribatutako entitateak: dagokion erregistroaren azalpena.

– Beste Administrazioetan inskribatutako entitateak: inskripzio agiria, sortze-eskritura eta estatutuak.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Legezko ordezkariaren nortasun eta ordezkapen-maila egiaztatzea.

– Deialdi honetan parte hartzeko entitatearen gobernu organoaren akordioa.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

2.1.– Partituren edizioen, Musika proiektu unitarioen eta Musika ekimen enpresariaren modalitateak:

a) Oroitza orokorra, eduki hauekin: a) egindako eskaeraren markoan garatu beharreko jardueren zehaztapena: b) pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta c) 2015eko jarduera eta ekoizpenari dagokion oroitza.

b) Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.

c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– Hala badagokio, artistaren edo musika taldearen datuak (baita, ikus-entzunezko erreferentziak); 4.– Hala badagokio, Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 5.– Proiektuaren aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

2.2.– Musika-programazioaren modalitatea:

a) Aretoaren dokumentazio administratiboa:

a.1.– Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea.

a.2– Aretoaren erantzukizun zibileko asegurua.

a.3.– Deskribapena, ibilbidea eta rider teknikoa.

a.4.– Eskatzailea ez bada aretoaren gerentea, gerente horrek sinaturiko agiria: deialdi honi dagokion musika programazioa kudeatzeko diru-laguntzaren eskatzaileari emandako ahalmena.

b) Aretoaren jarduera kulturalari dagokion oroitza: planteamendua eta 2015ean garatutako jarduerak.

c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– 2015ean aretoak programaturiko kontzertuak; 4.– Proiektuaren aurrekontu orokorra; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

3.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.

Eskabide orrirekin batera, eta erabilitako bidea edonolakoa dela ere (presentziala edo elektronikoa), dokumentazio guztia, ahal delarik, euskarri elektronikoan aurkeztu behar da, honako ezaugarrien arabera:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Musika edo ikusentzunezko erreferentziak, web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion formularioan.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako «minimis» motako diru-laguntzei buruzko adierazpena jakinaraztea.

– Egunean izatea indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehaztu den bezala.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta Zuzendaritza kudeatzailea.

1.– Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira, deialdi honen 10. eta 11. artikuluetan aurreikusten den bezala.

2.– Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Onartutako proiektuak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.– Balorazio Batzordeetako burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da edo horrek izendatutako pertsona.

Idazkari gisa Zuzendaritza bereko teknikari bat izango da, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak bi gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

5.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Musika ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (1. Formularioan). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da. Hala ere, Musika programazioaren modalitatean emango diren behin-betiko kopuruak, 28.3. artikuluan azaltzen den modulu prozeduraren arabera finkatuko dira.

3.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta 4.4 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.– Agindu honetako 4.4. artikuluan eta artikulu honen gainontzeko paragrafoetan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

3.– Deialdiko modalitateren batean diru-laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako diru-laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Musika programaziorako modalitatean emandako diru-laguntzaen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika ekoizpenei dagokienez.

4.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera diru-laguntzarik eman Musika proiektu unitarioen eta Musika-ekimen enpresarialen modalitateetan.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean interesatu guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

3.– Jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

14. artikulua.– Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea. Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailaren diru-laguntza espresuki adieraztea. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

e) Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak, baita Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 50, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 14.a) artikuluan aipatutako epea igarota, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 50a, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, beti ere 2017ko azaroaren 30a baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute (argibideak eta formularioak 5.4 artikuluan aipaturiko euskadi.eus-eko helbide elektronikoetan):

2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.

2.2.– Dagozkion ondorengo agiri edo materialak:

a) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren 2 ale gutxienez.

b) Zuzeneko musika ekoizpenak: kontratua edo obraren estreinaldia egin izanaren egiaztagiria.

c) Partituren edizioa: obra ISMN-ko (International Standard Music Number) erregistroaren egiaztagiria.

d) Musika programazioa: deialdi honen eremuan programaturiko kontzertu eta taldeen zerrenda.

e) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.

2.3.– Justifikazio ekonomikoa:

a) Burututako proiektua dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

b) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda (5.4 artikuluan aipaturiko euskadi.eus-eko helbide elektronikoan ezarritako ereduaren arabera).

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak.

Hala ere, behin dokumentazioa aztertu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak gastu zerrendan aitortutariko beste edozein frogagiria eskatu ahalko dio onuradunari.

d) Musika Programazioaren modalitatean, aurreko a), b) eta c) paragrafoak betetzeko erreferentzia diru-laguntzaren zuriketa moduan aurkeztutako kontzertu zerrenda izango da (artikulu honen 2.2. paragrafoa) eta kitatu beharreko gastuen tipologia 27.4.a artikuluan zehazten direnak.

e) Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unea, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

16. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzekin lotutako beste edozer eta, zehazki, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).

II. KAPITULUA
MUSIKA PARTITUREN EDIZIO EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

18. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bidez Euskal Herrian jaio edo bizi diren egileen obretako partituren argitalpen profesionala sustatuko da, obra horiek zuzenean zabalduak izateko.

2.– Diruz lagunduko diren proiektuek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

– Argitalpen inprimatua eginez gero gutxienez, 300 aletako tirada bat egitea (ganbarako obrak edo formatu handiko obra sinfonikoak izan ezik, non, obraren eta edizioaren helburuaren arabera, ohiko usuak kontuan hartuko baitira,).

– Banaketa digitalaren kasuan, salementarako plataforma komertzial egokia izatea.

3.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

4.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun bati ezingo zaio 10.000 euro baino gehiagoko kopurua eman.

19. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (puntuazio orokorraren % 50).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana–; proiektua argitaratzeko plana eta zabalkunderako plana.

2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2015. urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 25).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

4.– Emakumeek konposaturiko obren partiturak editatzea (puntuazio orokorraren % 5).

III. KAPITULUA
MUSIKA-PROIEKTU UNITARIOETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

20. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

2.– 21.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:

a) 2 disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2011. urtea baino lehen.

b) bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.

3.– 21.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2011. urtearen ondoren.

4.– Proiektua bultzatzen duen pertsonaren edo taldearen curriculum-ari edo ibilbideari dagokionez, egungo izen desberdina duten proiektuen erreferentziak onartuko dira, baldin eta Balorazio Batzordearen iritziz, proiektuotan pertsona edo talde horren inplikazioa behar bezala egiaztatuta gelditzen bada.

21. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen Euskal Herrian jaio edo bizi direnen musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatuan edo fonografikoan.

Deialdi honen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Modalitate honen barnean kontenplatzen diren aktibitateak etorkizunean garatzeko ikerketa edo formakuntza espezifikoa.

Jarduera hauei dagokienez, beharrezkoa izango da garatu nahi den musika-proiektuaren oinarriak aurkeztea.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

b) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.

c) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun batek ezingo du 10.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

22. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, proiektuak duen interes orokorra (puntuazio orokorraren % 50).

Proiektu bakoitzaren Atal honetan proiektuaren ondorengo alde zehatzak kontuan hartuko dira:

– Balio musikal-artistikoa edota ondarezkoari dagokiona.

– Musika zabalkunde, formakuntza eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.

– Musika jarduera profesionalaren egungo panoramaren inguruko planteamenduak eta berrikuntza-maila.

– Garapen eta zabalkunde plana.

2.– Musika taldea edota proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira:

– Ibilbidea, esperientzia eta proiekzio profesionala.

– Aldez aurretik eginiko disko, zuzeneko edo proiektu kopurua.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 15).

4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

5.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (puntuazio orokorraren % 5).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

23. artíkulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

a) Enpresa jarduera garatu izana 2013. urtea baino lehen, hauetako arloren batean:

– Ekoizpen fonografikoa.

– Zuzeneko musika ekoizpena edo ordezkaritza.

– Musika-zabalkundea.

– Publikoen sentsibilizazioa.

b) Testuinguru horretan, jarduerak 2015. urtean zehar 4 euskal artistari edo talderi sustapen enpresariala eman izana.

24. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen Euskadiko musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatuan ala fonografikoan (Ekoizpentzat 21.1.1 artikuluan aipatzen dena hartuko da aintzat).

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren jardueraren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Entitatea musika jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Izaera komertzial soila edo entitatearen katalogo historikoa ustiatzea helburu duten musika ekoizpenak.

b) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jarduerak edo materialen edizioa.

d) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (gehienez bost). Dena den, onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

25. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura-musika, ondare edo artearen ikuspuntuen aldetik, proiektuak duen interes orokorra baita bere garapen eta zabalkunderako plana ere (% 35).

2.– Eskatzailearen balorazioa, euskal musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2015 urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) euskal musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Entitatearen ibilbidea eta gogoeta musika jardueraren egungo panoramaren aurrean (puntuazio orokorraren % 10).

Atal honetan honelakoak hartuko dira kontuan: entitatearen historiala; egungo proiektuen berrikuntza-maila; enpresaren bideragarritasunerako planteamenduak.

4.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

5.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen jarduera orokorra ere, 2013an eginiko musika ekoizpenak erreferentzia izanda.

6.– Emakumeen partaidetza proiektuaren jardueretan (puntuazio orokorraren % 5).

V. KAPITULUA
MUSIKA PROGRAMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK

26. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.

Agindu honetako 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, honako baldintzak betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla egiaztatu behar dute eskatzaileek:

a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.

b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.

c) Gutxienez 120 lagunentzako edukiera legala izatea.

d) Musika programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.

e) Ordain-sarrerako ondorengo musika-ekitaldi kopurua gutxienez, programatu izana 2015. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, amateurren kontzertuak eta ospakizun partikularrak:

– 100.000 biztanle baino gehiagoko herriak: 20.

– gainontzeko herriak: 12.

27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.

1.– Modalitate honen helburua da 2016ko urriaren 1etik 2017ko irailaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea.

2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edota beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.

3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek, beren formatua edozein delarik, ordain sarreraren gutxienez 6 euroko ordin-sarrera aurreikusi behar dute.

4.– Modalitate honen bitartez diru-laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:

a) Deialdi honen bitartez jasotako diru-laguntza artikulu honetako 1 eta 2 paragrafoetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten kontzertu eta Musika taldeen programazioari dagozkien ordainsarien, ekoizpen eta promozio gastuetan erabiltzea.

b) Lokal publiko eta kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.

c) Deialdi honen bitartez lagundutako kontzertuetan parte hartzen duen edozein talderen ordainsaria ez da inoiz 300 euro baino txikiagoa izango.

d) Modalitate honen eremuko taldeen kontzertuak zabalkundea egitea, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren «Zuzen-Zuzenean» zirkuituaren eta «Euskadiko Soinuak» programaren goiburuak erabiliz.

28. artikulua.– Balorazio irizpideak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.– Areto bakoitzari eman beharreko diru-laguntza zehazteko, Balorazio batzorde batek aurkeztutako proiektuak kontrastatu eta puntuatuko ditu, ondorengo balorazio irizpideen arabera:

a) 2015. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioa (puntuazio orokorraren % 75).

a.1.– Programatzen diren musika taldeen kopurua (% 30).

a.2.– Talde nagusi gisa programatzen diren euskal taldeen kopurua (% 25).

a.3.– Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua (% 15).

a.4.– Emakumeen lidergoa edo beraien presentzia nagusi den taldeen kopurua (5%).

b) Aretoaren profil kulturala eta 2015 urteko jarduera programa (puntuazio orokorraren % 25).

Atal hau baloratzeko honako aldeak kontuan hartuko dira:

– aretoaren planteamendu orokorra, dagokion herriko kultur testuinguruaren aurrean eta bertako kolektibo eta elkarteekiko harremanak.

– ohiko musika programazioaz gain, Kultur jardueren antolaketa edo beraietan partaidetza.

2.– Modalitate honetan, behin-betiko puntuazioa kalkulatzeko, eta 11.1 artikuluan finkatutakoa betetze aldera, areto bakoitzak balorazioaren a) atalean lorturiko puntuazio zuzena 75 (gehienezkoa) eta 35 (gutxienezkoa) puntuen arteko tartera haztatu egingo da.

3.– Areto bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko honela egingo da: aretoari, lortutako puntuazioaren arabera, 2 eta 9 arteko indizea ezarriko zaio. Indize hori, areto horren edukiaren arabera dagokion hurrengo modulu estandarrekin biderkatuko da:

(Ikus .PDF)

4.– Aurreko eragiketen emaitzak modalitate honetan erabilgarri den aurrekontu-zuzkidura osoarekiko proportzioan haztatuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala