Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2016ko ekainaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2530

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 25ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroaren barruan erakundeetan eta enpresetan egin beharreko praktika-aldia arautzen duena.

2015eko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak 2015eko uztailaren 1eko Ebazpena eman zuen, eta, horren bidez, dei egin zen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroa egiteko (Bilbon, 2015-2016). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) barruan dago eskola hori. Horrekin batera, deialdia egin zen ikastaro horietako 4 matrikula-beka eskatzeko (Ebazpena 2015eko uztailaren 9ko EHAAn argitaratu zen, 128. zenbakian).

Ikastaro horren barruan, erakundeetan eta/edo enpresetan praktikak egiteko denboraldia ezarri da, hirigintza-arloan hamabi hilabete baino gehiagoko esperientziarik ez duten ikasleentzat.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroko ikasleek erakundeetan edo enpresetan egiteko praktika-aldien deialdia onartzea; Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen barruan dago eskola hori.

Praktika horiek egiten dituzten ikasleentzako diru-laguntza ezartzea, HAEEren Diru Laguntzen Plan Estrategikoaren barruan.

2. artikulua.– Helburuak.

Ikasleek modulu bidezko Hirigintzako ikastaroetan eskuratutako ezagutzak erabil ditzaten sustatzea eta bultzatzea, zehazki, Bilbon egitekoa den 2015-2016 ikasturteko Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroari begira. Horretarako, aukerako eta borondatezko praktika-aldiak antolatu dira erakunde publikoetan edo enpresetan, ikasleek zuzenean izan dezaten arlo publikoko hirigintzako jardueraren berri.

Diru-laguntzak ezarri dira, ikasleek laguntza izan dezaten praktikak egiteko eta praktika-tokietarako joan-etorriak egiteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte, hala nahi izanez gero. Hirigintzako XLI. (41) ikastaroko (Bilbon egitekoa, 2015-2016) ikasleak izango dira onuradunak, betiere deialdi hauetako edo aurreko deialdietako sei moduluak edo ikastaro osoa gainditu badituzte eta hirigintza-arloan hamabi hilabeteko esperientziarik ez badute. Baldintza horiek bete behar dituzte eskabide-epea bukatzean.

Praktikak egiteko ikasleak aukeratzerakoan, azterketak balioesteko sei moduluetako puntuak gehituta puntuaziorik onenak lortu dituzten ikasleak hautatuko dira. Horretarako, eskabidea egin duten erakunde eta enpresen zerrenda jakinaraziko zaie, eta ondoren egingo da esleipena, ikasleek egindako hautespena kontuan hartuta. Berdinketarik baldin badago, zozketa egingo da.

Dena dela, praktikak egin ahal izateko, erakundeek eta/edo enpresek praktikako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lehendabizi. Aurreko deialdian betebehar guztiak bete arren haurdunaldia zela-eta praktikak egin ezin izan zituzten ikasleek ere aukera izango dute oraingo deialdi honetan jarduteko.

Praktikaldiak 300 orduko iraupena izango du. 2016ko urriaren 3 eta 5 bitartean hasiko da, eta 2016ko abenduaren 31 baino lehen amaituko dira. Ikasleak hartzen dituzten erakundeek eta/edo enpresek eta LHIEEk egingo dute praktika-aldien ebaluazioa. Praktikak egiteko hautatu duten ikasleak praktika horiek amaitzeko konpromisoa hartu behar du.

Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapenen bat edota zigor-zehapenen bat izan duten pertsona fisikoak ezin dira deialdi honetara aurkeztu –kontuan izanda zehapen horien barruan direla emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehazpenak–.

4. artikulua.– Praktiketako ikasleak hartu ditzaketen erakundeak/enpresak.

Erakunde hartzaileei dagokienez, goi-mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako prestakuntza duten ikasleak praktiketan hartu nahi dituzten euskal administrazio publikoak edo enpresak izango dira. Praktika-aldia 300 ordukoa izango da.

Erakunde eta/edo enpresa hartzaileak ez du inolako erantzukizunik izango praktiketako ikasleak hartzeagatik.

Gradu, litzentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako goi mailako unibertsitate-titulua eta hirigintzako ezagutza teoriko egokiak dituen pertsonaren bat hirigintzaren eta/edo ingurumenaren arloan praktikak egiteko hartu nahi duten EAEko erakunde publikoek lehentasuna izango dute praktiketako ikasleak hartzeko, kontuan hartuta praktika-aldia 300 ordukoa izango dela eta dagokion eskaera egin beharko dutela. Ondorio horretarako, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak toki- eta foru-erakundeei eta Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuei aukera emango die praktiketako ikasleak edukitzeko. Era berean, hirigintzaren eta/edo ingurumenaren esparruari lotutako enpresek praktiketako ikasleak eduki ahal izango dituzte, erakundeen baldintza berberekin.

Ikaslea hartzen duen erakundeak edo enpresak praktiketako arduraduna izendatuko du; praktiketako arduraduna praktikak bideratzeaz, zuzentzeaz eta ikuskatzeaz arduratuko da.

Praktikak bukatzean, arduradunak txosten bat egingo du alderdi hauek azaltzeko: praktiketako pertsonak bete duen zereginaren zer-nolakoak, erakutsi duen prestakuntza-maila eta egindako lanaren balorazioa. Txosten hori Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidali beharko du, hilabeteko epean, praktika-aldia bukatzen denetik hasita.

5. artikulua.– Praktiken funtzioak eta egitura.

Praktiketako ikasleek laguntza teknikoa eta/edo juridikoa emango dute –nork bere unibertsitateko titulazioaren arabera– hirigintzako gaietan eta, salbuespenez, ingurumeneko gaietan ere bai, erakundeak eta/edo enpresak horrela agintzen badie.

Nolanahi ere, lanbide-jarduera eta funtzionarioen jarduna arautzen dituzten arauak errespetatu beharko dituzte ikasleek; bereziki, bete-betean gorde beharko dute lanbide-isilpekotasuna. Hala ere, praktiketan egindako lanak ez dio ikasleari lanbide-erantzukizunik sortuko.

Praktiken ordutegiak, erakundearen edo enpresaren lan-ordutegiarekin bat etorrita, praktikak egiteko aukera eman behar du; ikasleak gehienez sei orduko lanaldia egin behar du egunean, guztira 300 orduko praktika-aldia bete arte.

Ikasleak bi txosten egin behar ditu, praktikaldi horretako erakundean edo enpresan zer zeregin bete duen azaltzeko. Lehendabiziko txostena 2016ko urriaren azken astean entregatu behar du; bigarrena, berriz, 2016ko abenduaren 12tik 15erako tartean bidali behar du Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara.

6. artikulua.– Praktiketako ikasleen poltsa.

300 orduko praktikaldia egiteko moduan diren ikasleen zerrenda eskatu ahal izango diote erakundeek eta/edo enpresek LHIEEri.

7. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta praktiken ordainketa.

2016ko ekitaldian, 21.000,00 euro (19.000,00 € ikasleen diru-laguntzentzat eta 2.000,00 € Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzeko) bideratuko dira «Hirigintzako XLI. (41) Ikastarorako» EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen partidaren kargura.

Aurreikuspenen arabera, guztira 9 ikaslek egingo dituzte praktikak «Hirigintzako XLI. (41) Ikastaroan», eta, hortaz, ikasle bakoitzak 2.111,11 euro jasoko ditu gehienez. Ikastaroan eskaerak 9 baino gehiago badira, laguntzetarako bideratutako zenbatekoa hainbanatu egingo da onartutako eskabide guztien artean.

Praktikak aldi bakarrean ordainduko dira, praktika-aldiaren bukaeran, praktikei buruz ikasle bakoitzak egingo duen txostena aurkeztu ondoren.

Oro har, arau orokor modura, praktikei dagokien laguntza jasotzeko eskubidea izateko, beharrezkoa izango da praktikak erabat bukatzea; gainerakoan, ez da horretarako inolako eskubiderik izango.

Ildo beretik, praktikak hasi eta lehendabiziko hamar egunen barruan ikasleren batek praktikak egiteari uko egiten badio eta haren ordez praktikak egitera doan ikasleak geratzen den praktikaldi osoa burutzen badu, ulertuko da praktikak erabat amaitu direla.

Salbuespen modura, praktiken zati bat egin dela onar daiteke, baldin eta ikasleak ezinezkoa izan badu praktikak amaitzea ikaslea hartzeko eta praktikak egiteko ardura duen erakundeari eta/edo enpresari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta. Horrelakoetan, egindako praktika-aldiari dagokion zati proportzionala ordainduko zaio.

Praktikak egiteko laguntza horrek eta, orobat, ikaslearen egonaldiak eta egiten duen jarduerak ez dute inolako lan-, lanbide- edo zerbitzu-harremanik sortuko ikaslearen eta Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundearen artean (azken horren barruan dago Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola) ezta ikaslearen eta erakunde/enpresa hartzailearen artean ere; izan ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bera da erakunde horrekin lankidetza hitzartu duena.

8. artikulua.– Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartzea.

Praktiketako ikasleak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko dira, ondorengo dekretuan araututako moduan eta baldintzetan: 1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituena, abuztuaren 1eko 27/2011 Legeak, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzeko.

9. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaritzari dagokio, erakunde horren barruan baitago LHIEE, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileak izango du, azken batean, ikasleen goi-mailako zuzendaritzaren ardura.

10. artikulua.– Prozedura. Epaimahaia, jakinarazpenak, eskabideak eta esleipenaren ebazpena.

1.–Epaimahaia:

LHIEEko Kontseilu Errektorea da.

2.–Epaimahaiaren akordioen jakinarazpenak:

www.ivap.euskadi.eus/ EVETUri dagokion helbide elektronikoan eta, ondoren, aipatzen diren lekuetako iragarki-tauletan argitaratu dira epaimahaiaren akordio guztiak:

a) Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Donostia kalea 1 (Lakua), 01010 PK.

b) Bilbo: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Recalde zumarkalea 18, 48009 PK.

c) Donostia: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, San Bartolome kalea 28, 20007 PK.

d) Oñati: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Unibertsitate Zaharra, 20560 PK.

3.– Eskabideak aurkezteko epea:

Ikasleek: Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 30 egun balioduneko epea izango dute.

Erakundeek eta/edo enpresek: Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 32 egun balioduneko epea izango dute.

4.–Eskabidearen eredua:

Ikasleek I. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz aurkeztu beharko dute eskabidea. Erakundeek eta/edo enpresek, berriz, II. eranskinean jasotako eskabidea bete beharko dute.

5.– Aurkeztu beharreko agiriak:

Ikasleek agiri hauek gehitu behar dituzte eskabidean:

a) Errolda-egiaztagiria.

b) Eguneratutako curriculum vitaea.

c) Erantzukizunpeko adierazpenak (eskabide-ereduan daudenak).

6.– Eskabideak aurkezteko lekua:

Eskabideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari andreari bidaliko dizkiote, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzara (helbidea: Errekalde Zumarkalea 18, 1. 48009, Bilbao; Tel.: 94 403.16.16.00/04; Faxa: 94 403.16.01.

Halaber, honako leku hauetan ere aurkeztu ahal izango dira: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko edozein bulegotan, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38.4 artikuluan aipatzen diren moduetatik edozeinetan.

7.– Onartukoen eta bazterturikoen behin-behineko eta behin-betiko zerrenda:

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, IVAPeko zuzendariak onartuko ditu hartu diren eta bazter utzi diren ikasleen behin-behineko zerrendak eta erakundeen behin-behineko zerrendak, epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamena aurretiaz hartu ostean. Hamar egun balioduneko epea emango du zerrenda horien aurkako erreklamazioak aurkezteko. Egon litezkeen erreklamazioak azterturik, epaimahaiak onartuen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrendak onartuko ditu.

Erreklamazioren bat bada, erreklamazioak ebatzi eta IVAPeko zuzendariak onartuko ditu hartu diren eta bazter utzi diren behin-betiko zerrendak.

Alegazioak egiteko epea amaitzen denean, edo, alegaziorik aurkeztuz gero, horiek ebazten direnean, praktikak egin ahal izango dituzten enpresa eta/edo erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie ikasleei, lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera horietako bat hauta dezaten.

8.– Praktikak esleitzeko ebazpena:

Diru-laguntzen ebazpena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak emango du, LHIEEko Kontseilu Errektorearen proposamena ikusita, gehienez lau hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpenak, ikasle esleipendunekin batera, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, ikasleren batek uko egiten badu ere. Sei moduluen azterketetan lortutako emaitzak batuko dira, eta horren arabera ordenatuko da zerrenda. Halaber, ordezko erakunde eta/edo enpresen zerrenda bat ezarriko da ebazpenean, nahikoa ikasle ez badago ere edo eskatutako titulazioarekin nahikoa jende ez badago ere.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epe hori amaitu ondoren interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Esleipendunek praktikak erakunde edo enpresa zehatz batean egiteko proposamenak jasoko dituzte, eta proposamen horiek onartu beharko dituzte; izan ere, erakundeek eta/edo enpresek LHIEEri egindako eskaera ere kontuan izan behar da. Hortaz, norbaitek proposamenen bati ezezkoa ematen baldin badio, praktikak egiteko eskabidea atzera botako zaio. Praktika-aldia onartzeaz batera, onuradunak onartu egiten du eman zaion diru-laguntza.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebehar guztiak bete beharko ditu onuradunak.

Orobat, diru-laguntzen helburua bete beharko du, eta, praktiketara joateaz gain, etekina atera beharko die praktikei.

Onuradunek zorrotz bete beharko dute bidegabe jasotako diru-kopuruak itzultzeko beharra ezartzen duen araubide orokorra; eta, era berean, dagozkien berandutza- interesak ordaindu beharko dituzte, eta berezkoak dituzten eginbeharrak ez betetzeagatik finkatutako zigorrak ezarriko zaizkie.

Hargatik, praktikak egin bitartean arazoren bat sortzen bada eta, hori dela-eta, ikasleak praktikak egiten jarraitzerik ez badu, horren berri eman beharko dio Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileari, gehienez egutegiko hamar eguneko epean. Jakinarazpena idatziz egingo du. Hamar eguneko epean berariazko jakinarazpenik egiten ez bada, emandako adjudikazioa baliogabetuta geratuko da.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Praktikak egiteko laguntzarik ezin izango da eman, baldin eta eginkizun berbera egiteko laguntzak jasotzen badira diru publikoetatik.

13. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako formakuntza eta hobekuntza ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.

AZKEN XEDAPENetatik LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justizia sailburuari. Errekurtsoari buruz berariaz ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 25a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala