Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2016ko ekainaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2491

AGINDUA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Paisaiaren Ekintza Planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia iragartzen.

2000ko urriaren 20an, Paisaiaren Europako Hitzarmena onartu zuen Europako Kontseiluak, eta, 2009ko uztailaren 21ean, hitzarmen horri atxikitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Atxikitze horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu zituen bertan ezarritako edukiak, eta edukiok bere erantzukizun-eremura eramatera behartu zuen bere burua, paisaia lurraldearen ordenamendu-politiketan sartuz eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak abian ezarriz.

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren hitzaurrean jasotzen den bezala, paisaiarena gai garrantzitsua da kultura, ingurumena, gizartea eta ekonomiaren arloetan, eta, gainera, Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagai da, gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria. Halaber, bizi-kalitatearen funtsezko elementu gisa tratatzen du paisaia, bai hiriguneetan bai landa-guneetan, gune degradatuetan zein kalitatezkoetan eta gune bereziki ederretan zein ohikoetan.

Aipatu hitzarmenaren artikuluetan zehazten denez, haren helburuen artean dago, besteak beste, paisaiaren babesa sustatzea, hura kudeatzea eta ordenatzea, eta atxikitako alderdiak engaiatzen dira hori bideratzeko politikak ezartzera berariazko sentsibilizazio-neurrien, prestakuntza- eta hezkuntza-neurrien, identifikazio- eta kalifikazio-neurrien bidez; neurriok definitzen dituzte paisaia-kalitatearen helburuak eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta/edo ordenatzeko behar diren esku hartzeko tresnen aplikazio-neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea, paisaiaren dimentsioa esplizituago eginez lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuz lurraldean eragina duten eta, euren eskumenak betez, Administrazio Publikoei garatzea dagokien ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren Ekintza Planak daude aipatu dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren paisaia babesteko, kudeatzeko eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean biltzen denez, lurraldea ordenatzeko programaren helburua da, besteak beste, paisaiaren balioa azpimarratzea, eta, hori lortzeko, erakundeei Paisaiaren Ekintza Planak idazteko diru-laguntzak emateko agindu berri bat izapidetzea aurreikusten du, aipatu ekainaren 3ko 90/2014 Dekretua garatzeko, betiere, paisaia desberdinei balioa ematea bilatuz, eta neurri horiekin biztanleek paisaia horietaz duten pertzepzioari eutsiz. Aurreikuspen hori burutzeko, aurrekontu partida bat aurreikusten du, hain zuzen ere, «Udalentzako diru-laguntzak, paisaiaren arloan jarduerak egin ditzaten, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren arabera» izenekoa.

Bestalde, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen (Diru Laguntzen Lege Orokorra) 8.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zen, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 29ko Aginduaren bidez, non sailak ekitaldian zehar emango dituen diru-laguntzak jasotzen baitira, diru-laguntza hauek besteak beste.

Azkenik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 9. artikuluaren b) letraren arabera, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa sustatzea, lurralde-antolamenduaren tresnen alorrean.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu, aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuz –dekretu hori Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen–; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoekin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainontzeko xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Paisaiarako Ekintza Planak prestatzeko oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko+deialdia iragartzea. Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira diru-laguntzok.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen Paisaiaren Ekintza Planen betekizunak.

1.– Paisaiaren Ekintza Planak paisaiaren kudeaketan eta antolamenduan esku hartzeko tresnak dira. Jakineko lurralde-eremu batera mugatu beharko da horien jarduketa, eta lurralde-helburu zehatzak izango dituzte.

2.– Paisaiarako Ekintza Planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez:

a) Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.

b) Lortu nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak.

c) Ekintzak definitzea. Jarduketa-programa.

3.– Irizpide hauetakoren baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute Paisaiarako Ekintza Planek:

a) Narriadura edo degradazioagatik, batez ere hiri-landa trantsizioko hiriguneen periferietako lurraldeak, ibai ertzetakoak edo industrialak (itsas- eta erreka-fatxadak, industria-eremuetako indargetzea...).

b) Gune hauen gaineko azpiegituren ondoriozko eraginagatik (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, parke eolikoak...).

c) Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).

d) Biztanleriarentzako ingurune oso ikusgarriak izateagatik (lurraldeko gune altuak, eszenaren atzeko planoak...).

e) Gune funtzionalaren nortasuna era erabakigarrian osatzeagatik (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko identitate-elementuak...).

4.– Nolanahi ere, eragile publiko nahiz pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da Paisaiaren Ekintza Planak lantzeko prozesuan.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko aitorpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari –aurrez aurre zein bide elektronikoak erabilita– buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/paisaia/eu

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bitarteko elektronikoak erabilita, helbide elektroniko honetan eginen dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek, baina udal eta kontzeju bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta Paisaiaren Ekintza Plan bakarrari egin beharko diote erreferentzia; plan hori kanpoko ekipo batek prestatu ahal izango du.

2.– Arabako udalen eta kontzejuen kasuan, Paisaiaren Ekintza Planaren xedea ezingo da bat etorri, eta, beraz, hori gertatzen bada, agindu honetako 9. artikuluan aurreikusitako balorazioaren arabera puntu gehien lortzen dituen proiektua bakarrik lagunduko da diruz.

3.– Ezingo dira onuradun izan aurreko ekitaldietan diru-laguntzaren esleipendun izan diren entitateak, non eta laguntza horri berariaz uko egin ez badiote.

5. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Erakunde eta enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzekin edo diru-laguntzekin lotuta abian jarritako edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, erakunde eskatzaileak ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. paragrafoan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie diru-laguntzok.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/paiasaia/eu).

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskaerari:

a) Ekintza Planaren proiektua:

● Proiektuaren azalpen-memoria, proposamena 2.3 artikuluan zehaztu irizpideetara egokitzen dela dioen justifikazioa barne dela, eta adieraziko da horietako zeini eragiten zaion lehentasunez.

● Ekintza Planaren bidez lortu nahi den paisaia-kalitatearen helburuei buruzko memoria.

● Paisaia Planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze eta genero metodologia.

b) Ekintza Plana idazteko egutegia.

c) Ekintza Plana idazteko zerbitzu-sarien aurrekontua.

d) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da, honako betebeharrak eta alderdiak egiaztatuko dituena:

● Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– xede bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

● Erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galtzeko zigorrik jaso ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean, akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango horiek zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik dagokion ebazpena emango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatuari jarraituz, zeina aldatu baitzen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez.

9. artikulua.– Balorazio-epaimahaia eta esleipen-irizpideak.

1.– Kide anitzeko balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

a) Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendaria, lehendakari izango dena.

b) Lurralde Antolamenduko eta Plangintzako zerbitzuburua.

c) Zuzendaritzako arlo teknikoko ordezkari bat, zeinak idazkariaren lanak egingo baititu.

2.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordeari, honako esleipen-irizpide hauen arabera eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatu eta gero, zeinek gehieneko puntuazio hau izango baitute:

a) Aurkeztutako Ekintza Plana 2.3 artikuluan ezarritako irizpideei egokitzea: 6 puntu.

Horretarako, lehentasuna izango dute aipatu artikuluan zehazten diren ordena berean:

● Gehienez 6 puntu a) irizpidearentzat.

● Gehienez 4 puntu b) irizpidearentzat.

● Gehienez 2 puntu c) irizpidearentzat.

● Gehienez 2 puntu d) irizpidearentzat.

● Gehienez 2 puntu e) irizpidearentzat.

b) Ekintza Planaren eta ekintzen bidez lortu beharreko helburuak: 2 puntu.

c) Eragile publiko nahiz pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea: 2 puntu.

3.– Aipatu proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, zehaztutako irizpideetarako aurreko atalean ezarritako puntuazioaren arabera ezarri ere. Honako hauek adierazko ditu: onuradun izateko proposatutako udal edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa –aurrekontu-kreditua amaitu arte–. Halaber, ezetsiko dituen eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere jasoko ditu.

4.– Ez dira diruz lagunduko balorazio orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusirik, Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera hiru hilabeteko epean, gehienez. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu diru-laguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ezetsiko ditu, eta diru-laguntza jasoko duten udal edo kontzejua, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ezetsitako eskabideen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira. Aipatu ebazpena, jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpen horren aurka, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

3.– Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

11. artikulua.– Erakundearen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, laguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta, laguntza eman izanaren jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost egunera ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten.

b) Eman den xede horretarako erabiltzea diru-laguntza.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatutako informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzen inguruan.

d) Prestatutako Paisaiaren Ekintza Planak berariaz jakinarazi beharko du, agirian bertan, diru-laguntza publikoak jaso dituela, eta jaso beharko da, halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak duela diruz lagundu.

e) 2.2 artikuluan aipatzen den diagnostiko-agiria aurkeztea, ezarritako data baino lehen.

12. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, xede bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, emate-ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzeko prozedura.

Baldin eta eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu diru-laguntza erakunde onuradunak, diru-laguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gehieneko aurrekontua.

Paisaiaren Ekintza Planak idazteko zerbitzu-sarien % 90 lagunduko da diruz, planeko 30.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. BEZa edo bestelako zergak ez dira inolaz ere diruz lagunduko.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez deitzen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek xede bererako deitutako bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; betiere, gainfinantzaketarik eragiten ez badute laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntzek. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

17. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Orotara, 280.000 euro bideratuko dira diru-laguntzak emateko, 16.0.1.09.12.0000.4.722. 01.43130.004.C aurrekontu-partidaren kontura: horietatik 84.000 euro 2016. urteari dagozkio, eta 196.000 euro 2017. urteari.

18. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.

1.– Udal eta kontzeju onuradunek justifikatu egin beharko dute jasotako diru-laguntza, ezartzen diren datak baino lehen, dokumentazio hau aurkeztuta honako egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

a) 2016ko azaroaren 15a baino lehen:

● Diagnostikoaren agiria, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen dena.

b) 2017ko azaroaren 15a baino lehen:

● Paisaiaren Ekintza Plana, agindu honen 2. artikuluan aipatzen dena.

● Ordaindutako zerbitzu-sarien egiaztagiria.

19. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Bi zatitan ordainduko da kasu bakoitzean emandako diru-laguntza, honela:

● Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 30, 18.1.a) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu ondoren.

● Bigarren ordainketa, azkena, emandako diru-laguntzatik jasotzeko dagoen zenbatekoari dagokiona, diru-laguntza justifikatu ondoren; horretarako, 18.1.b) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

20. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, aginduaren jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala