Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2016ko maiatzaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2221

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 12koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-ordezkariei ematen baitzaie zehatzeko eskumena, arau-hauste arin eta astunetarako, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren eremuan.

Ikusita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta indarrean sartzear daudenez, komenigarri iritzi zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak ematen duen zehatzeko eskumena berrantolatzeari. Horretaz eztabaidatu ondoren, komenigarri iritzi zaio neurriak hartzeari, zehapen-prozedura arintzeko eta, ezartzen diren zehapenak, kasuan kasu, eredugarriak izan daitezen; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektorean, kalitatea eta segurtasuna lortzea da helburu.

Helburu hori izanik, hartu beharreko lehen neurria izango da zehapen-prozedura osorik izapidetzea kontrolatu beharreko enpresetatik, instalazioetatik edo makinetatik hurbilen dauden erakundeetan (lurralde-ordezkaritzak), eta organo zentraletarako uztea (Zuzendaritza eta Sailburuordetza) irizpideak batzeko ezinbesteko eginkizuna eta oso astuntzat hartutako arau-hausteei loturiko garrantzi bereziko zenbait prozedura.

Horrenbestez, testuinguru horretan oinarrituta, eta hauek kontuan hartuta:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Zehatzeko ahala zeinena den Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan dago adierazita (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Dekretu horren 7. artikuluan, saileko zuzendariei eman zaie zehatzeko ahala, honela:

«7. artikulua.– Zuzendariak.

Zuzendariei dagokie, zuzenean eta hierarkian dagokien sailburuordearen menpe, edo sailburuaren menpe Kabinete eta Komunikazioko zuzendariaren eta Zerbitzu zuzendariaren kasuan, honako eskumen orokor hauek baliatzea:

h) Beren eskumen-eremuan zehapen-ahalmena baliatzea, eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz arintzat eta astuntzat tipifikatutako arau-hausteak ezartzea.»

Zuzendaritza honen eskumen-eremua izango da dekretu horren 13. artikuluan adierazitakoa, honen arabera:

«Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Industria Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:

a) Industriako produktuei, ekipoei eta instalazioei buruzko araudiak betetzen direla egiaztatzeko kontrola eta jarraipena egitea, honako arlo hauetan bereziki:

– Produktu kimikoak biltegiratzea.

– Produktu kimikoekin gerta daitezkeen istripu larrien prebentzioa.

– Gas-erregaiak biltegiratzea.

– Gasa jasotzen duten instalazioak.

– Transformazio-zentroak eta goi-tentsioko linea liberalizatuak.

– Behe-tentsioko instalazio elektrikoak.

– Jasogailuak (igogailuak, dorre-garabiak eta garabi mugigarri autopropultsatuak).

– Presioko ekipoak.

– Erregai likidoen instalazioak.

– Ibilgailuak.

– Suteen aurkako babes-instalazioak.

– Instalazio termikoak.

– Industria-segurtasunari buruzko arauak bete behar dituen beste edozein gai.

b) Honako hauei lotutako jardun guztiak: Industria Establezimenduen Erregistroari, metrologiari, industriaren esparruko kalitaterako eta segurtasunerako azpiegiturari, industria-jabetzari eta industria-produktuen eta makinen segurtasunaren kontrolari.

c) 2. eta 3. kategorietako instalazio erradioaktiboen eta medikuntzako X izpien baimena eta kontrola, inguruneko erradiologia-ikuskapena eta arlo horretan esleituta dituen beste funtzio guztiak, bai hala araututa dagoelako, bai Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak hala agindu diolako. Nolanahi ere, Osasun Sailak arlo horretan esleituta dituen eskumenak errespetatu behar dira.

d) Energiaren, meategien, Industria-administrazioaren, industria-segurtasunaren eta instalazio erradioaktiboen arloetan aldez aurreko administrazio-baimena behar duten espediente guztiak kudeatzea, tramitatzea eta ebaztea.

e) Energia-iturrien energia-erregimena, produkzioa, prospekzioa, sustapena eta aprobetxamendua.

f) Energia berrien arloko ikerketa-planak aztertzea eta egitea.

g) Energia kontserbatzea eta aurreztea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta Europar Batasuneko energia-plangintzan parte hartzea eta haren berri ematea.

i) Hidrokarburoen arloan indarrean dagoen oinarrizko legerian aurreikusitako parte-hartze funtzioak betetzea.

j) Meategietako jardueren eragina jasan duten naturaguneak leheneratzea, hargatik eragotzi gabe beste sail batzuek gai horretan esleituta dituzten eskumenak betetzea.

k) Meatze-eremuari lotutako industria-produktuak, -ekipoak eta -instalazioak legeen arabera bete diren kontrolatzea eta horren jarraipena egitea.

l) Mineral-meategien eta gainerako erreserba geologiko eta geotermikoen meatze-erregimena, ikerketa eta aprobetxamendua.

m) Energiaren, meategien, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloan, dekretu honetan edo berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoa aplikatu ondoren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzei esleitu ez zaizkien funtzio guztiak betetzea.»

Bigarrena.– Emandako eskumena eskuordetzeko aukera adierazita dago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean.

Lege horren arabera, oro har, onartuta dago edozein ebazte-eskumen baliatzeko eskuordetza ematea baldin eta organo titularrak komenigarritzat jotzen badu, legean adierazitako inguruabarrak kontuan hartuta.

13. artikuluan dago aurreikusita hori baldin eta bertan ezarritako eskakizunak betetzen badira:

«13. artikulua.– Eskumenak eskuordetzea.

1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.

2.– Eskumen hauek ezin dira inola ere eskuordetzan eman:

a) Estatuko burutzarekin, Estatuko gobernuko lehendakaritzarekin, Gorte Nagusiekin, autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluetako lehendakaritzekin eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrekin diren harremanei buruzko eskumenak.

b) Xedapen orokorrak emateko eskumena.

c) Errekurtsoa ebazteko eskumena, errekurtsopeko egintza eman duen administrazio-organoari.

d) Lege-mailako arauetan hala agindutako gaietako eskumenak.

3.– Eskumenak eskuordetzan ematea eta horien eskuordetza kentzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar da; non argitaratu jakiteko, kontuan hartuko da zer administraziotakoa den organo eskuordetza-emailea eta eskumena zer lurralde-eremutan duten.

4.– Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emadakotzat joko dira.

5.– Legeren batek espresuki baimenduta ez bada, ezin zaizkio inori eskuordetzan eman norberak eskuordetzaz baliatuz erabiltzen dituen eskumenak.

Nahiz eta prozeduraren arauan, nahitaezko izapide gisa ezarri irizpena edo txostena eman behar dela, hori ez da eragozpen izango prozedura ebazteko eskumena eskuordetzan emateko; dena den, ezin da eskuordetzan eman gai jakin bat ebazteko eskumena, dagokion prozeduran aldez aurretik gai horri buruzko nahitaezko irizpena edo txostena emanda dagoenean.

6.– Eskuordetza eman duen organoak edozein unetan ken dezake.

7.– Kide anitzeko organo batek bereak dituen eskumenak erabiltzerakoan quorum berezia behar badu ohiko jardueran, quorum bera beharko du beti eskumen horiek inori eskuordetzan ematerakoan ere.»

Logikoa denez, oinarrizko agindu hori osatu beharra dago, Administrazio publiko bakoitzaren eremuan aplikatu beharreko arauen bidez; beraz, berriro jo behar da 190/2013 Dekretura, hor baitago transkribatuta gaiko eskumena duen organoak berak eman behar duela eskumena eskuordetzan. Horrenbestez, kasu honetan, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak.

Ikusita ohartarazpen horiek eta arau aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskuordetzea zehatzeko ahala baliatzeko eskumena, zuzendaritza honi emana Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren arabera (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Arau-hauste arin eta astunetarako baino ez da eskuordetuko, dekretu horren 13. artikuluan aipatutako gaien eremuan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-ordezkariei emango zaie eskuordetzan, bakoitzari dagokion lurralde-eremurako.

Eskuordetzaren ondorioz, indargabetu egiten dira gai honi buruzkoak diren eta eskuordetza-ebazpen honen aurretik eman diren ebazpen, jarraibide eta barne-zirkular guztiak.

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau osorik eraginpeko arlo, zerbitzu eta organo guztiei, behar bezala bete dezaten.

Hirugarrena.– Eskuordetze honen bitartez ematen diren ebazpenetan, adierazi egin beharko da zirkunstantzia hori, hain justu ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitalpen-eguna eta aipamen bat jasoaz; eta, bestalde, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak emandakotzat joko dira.

Aipatutako ebazpenen aurka aurkeztutako administrazio-errekurtsoez arduratzea Industriako sailburuordeari dagokio.

Laugarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak noiznahi ezezta dezake eskuordetze hau, eta edozein espedienteren ardura beregana dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ondorioak sortzen dituen unetik, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak ebatziko ditu izapidetzen ari diren espedienteak.

Seigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea, denek honen berri izan dezaten eta ondorioak izan ditzan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.3 artikuluarekin bat.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 12a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana