Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2016ko maiatzaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2209

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 6koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinarekin bigarrenez aldatzen baita honako agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan -fondo publikoekin ordaindutakoetan- ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 3ko Aginduaz aldatu egiten da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Agindua, zeinetan finkatu egiten baitira honako oinarrizko arauak: egutegiak prestatu eta onartzeko kontuan izan beharrekoak; guztia ere, koherentzia pedagogikoa eta antolaketakoa bateragarri egitekotan, betiere, ikastetxeen autonomiarekin.

Lanbide-trebakuntzako programak desagertu direnez gero, aipatu aginduko testutik kendu egin behar da 3 bis artikulua, zeinetan ezartzen baitira aipatu programetako -jada ez direnetako- eskola-egutegia prestatzeko arauak.

Halaber, egoki da aipatu aginduko 9. artikulua aldatzea, zeinetan erregulatu egiten baita egutegia prestatu eta onartzeko prozesua, prozedura hori egokienik arautzekotan.

Horrenbestez,

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.- Ezabatu egiten da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Aginduko 3 bis artikulua; agindu horretan finkatu egiten baitira ondoko egutegia erregulatzeko oinarrizko arauak: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako -fondo publikoekin ordaindutakoetarako- ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia.

Bigarren artikulua.- Aldatu egiten da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Aginduko 9 bis artikulua, «Egutegia egitea eta onestea»; agindu horretan finkatu egiten baitira ondoko egutegia erregulatzeko oinarrizko arauak: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako -fondo publikoekin ordaindutakoetarako- ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia. Eta aurrerantzean idazketa hauxe izango du:

«9. artikulua- Egutegia egitea eta onestea.

1.- Urte bakoitzeko ekainaren 1a baino lehen, ikastetxeetako zuzendariek hurrengo ikasturteko eskola-egutegiaren proposamena prestatuko dute, hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak hartarako diseinatutako aplikazio informatikoaren bitartez eta Hezkuntzako Ikuskaritzak komunikatzen dizkien jarraibideak jarraituz.

Halaber, Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak proposamena zein egunetan onartu duen, horixe jaso beharko dute aipatu aplikazioan, eta bilkuraren akta Hezkuntzako Ikuskaritzak eskura izateko moduan jarri beharko dute.

Ezohiko inguruabarrek hala eskatzen duten urteetan, Hezkuntzako sailburuordeak, ebazpenaren bidez, aldatu ahal izango du aurreko paragrafoan zehaztutako data.

2.- Maila bat baino gehiagoko ikastetxeak maila ezberdinei dagozkien eskola-egutegiak bateratzen ahaleginduko dira.

3.- Egutegiak aztertu ostean, Hezkuntzako Ikuskaritzak baiezkoa emango die arautegian ezarritako betekizun guztiak konplitzen dituzten proposamenei. Lurralde-ordezkari egokiak onartu beharko ditu proposamen horiek.

Bestalde, Hezkuntzako Ikuskaritzak txosten bat prestatuko du baztertutako egutegien gainekoa, non azaldu egin beharko diren bazter uzteko izan diren motiboak. Txostena dagokion ikastetxeari helaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio beste proposamen bat prestatzeko; aplikazio informatikoaren bidez egin beharko da hori, eta, bestalde, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak onartu beharko du.

Hezkuntzako Ikuskaritzak aztertuko du proposamen berria, eta arautegian ezarritako betekizun guztiak konplitzen baditu baiezkoa emango du, eta dagokion lurralde-ordezkariak onartuko du. Onartua izateko ezarritako betekizunak ez baditu konplitzen proposamen berriak, Hezkuntzako Ikuskaritzak proposamena baztertzeari buruzko txosten bat prestatuko du, non bazter uzteko kausak adieraziko diren. Txosten berria ikastetxeari helaraziko zaio, eta adieraziko zaio ezen esleitzen zaion egutegia konplitu beharko duela.

4.- Finkatutako epeen barruan, Ikastetxeren batek ez badu prestatzen bere egutegi-proposamena, edo ez bada onartzen bere proposamena, Hezkuntzako Ikuskaritzak dena delako ikastetxerako egutegi-proposamen bat prestatuko du, zeina Hezkuntzako lurralde-ordezkariak onartu beharko duen.

5.- Behin Hezkuntzako lurralde-ordezkariak onartutakoan, EAEko ikastetxe publikoek zein itunpeko pribatuek ezinbestean bete beharko dituzte egutegiak, eta ikastetxeko zuzendaria arduratuko da haiek konplitzeaz eta Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio haien aplikazioa ikuskatu eta kontrolatzea.

6.- Ikastetxeko iragarki-taulan eta ikasturtean zehar, ikastetxe orotan erakutsi beharko da egutegia, eta Hezkuntzako Ikuskaritzaren idatzizko baimenik gabe, ezin izango da aldatu, betiere gobernu-organo eskudunaren aldez aurretiko eskabidea delarik.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala