Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2016ko maiatzaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2198

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 9koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenean aurreikusitako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko kreditua zabaltzeari buruzko informazioa argitaratzeko dena. Ebazpen horren bidez, 2016. urtean geotermia ustiatzeko instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeko deialdia argitaratu zen.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez, 2016. urtean geotermia ustiatzeko instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeko deialdia argitaratu zen.

Aipatutako deialdiari dagokion Oinarrien 3. atalean, «Programaren aurrekontua eta eskabideak aurkezteko epea» izenekoan (2016ko apirilaren 15eko EHAA, 71. zenbakia) azaltzen da programa horri esleitutako gehieneko diru-saila edo aurrekontua hirurehun mila (300.000) eurokoa dela; betiere, horretarako Energiaren Euskal Erakundearen (aurrerantzean «EEE») aurrekontuetan ezarritako kredituaren arabera.

Eskuragarri dagoen aurrekontua amaituz gero, betiere programaren indarraldia bukatu ezean, eta aldez aurretik Zuzendaritza Kontseiluak onartzen badu, programaren aurrekontua zabaldu edo gehitu ahal izango da; aurrekontu berriaren informazioa eskuragarri egongo da EEEren webgunean (www.eve.eus), eta, ebazpen baten bitartez, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da.

Programa abian jarri eta lehen asteetan eskaera-kopuru handia aurkeztu da, aurreikuspenak alde handiz gainditu dituztenak, hain zuzen ere. Hori horrela, eskari handia dagoenez eta diruz laguntzen diren jardueren interesa kontuan hartuz, EEEko Zuzendaritza Kontseiluak aurrekontu gehigarri bat onartu zuen 2016ko maiatzaren 2an egindako bileran, aipatutako diru laguntza programari begira, 2016ko ekitaldirako bederatziehun mila (900.000) euroko aurrekontu gehigarria dena.

Era horretan, aipatutako Zuzendaritza Kontseiluak aurrekontu gehigarri hori onartu duenez gero, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenaren 3. atalean aurreikusten diren diru laguntzen finantzaketa zabaltzea 2016ko ekitaldirako. Ebazpen horren bidez, 2016. urtean geotermia ustiatzeko instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeari begirako diru laguntzen deialdia argitaratu zen. Zabaltze edo gehitze horren zenbatekoa bederatziehun mila (900.000) eurokoa da. Beraz, programaren gehieneko aurrekontu berriaren guztizko zenbatekoa milioi bat eta berrehun mila (1.200.000) eurokoa da.

Bigarrena.– Ebazpen honen testu osoa EEEren webgunean (www.eve.eus) argitaratzeko agindua ematea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beraz, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke EEEko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Bilbao, 2016ko maiatzaren 9a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

PILAR URRUTICOECHEA URIARTE.


Azterketa dokumentala