Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2016ko maiatzaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2195

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, «Al. 17 Esnabide» hiri-eremuari buruzkoa, Donostiako Udalak sustatuta.

AURREKARIAK

2016ko otsailaren 8an, Donostiako Udalak eskatu zuen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko, «Al. 17 Esnabide» hiri-eremuari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, 21/2013 Legea). Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi 2016ko otsailaren 24an, ohar horiek oinarritzat hartuz zegokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ingurumen-organo horrek. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, eta Uraren Euskal Agentzia; Ingurumen Zuzendaritza, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza, Kultura Zuzendaritza (horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundeak); Errenteriako Udala, eta Ekologistak Martxan.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaitu ostean, erakunde hauen txostenak jaso dira: Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak); Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, eta Errenteriako Udala. Txosten horien emaitza espedientean dago jasota. Hartarako, araudian jasotzen denez, espedientean diren txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua hau da: ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, honako hau bermatu beharko dute egokiro: planifikazio-prozesuaren lehen faseetan jasotzea, betiere alternatiba egokienak hautatzeko, ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa, jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Ikusirik: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, «Al. 17 Esnabide» hiri-eremuari buruzkoa, Donostiako Udalak sustatuta, honako hauen arabera:

A.– Planaren xedea da «AL. 17 Esnabide» hirigintza-esparruari buruz Donostiako HAPOan ezarrita dauden zehaztapenak aldatzea. HAPO horren testu bategina 2010eko ekainaren 25ean onetsi zen behin betiko. Esparru hori Altza auzoaren ekialdeko muturrean dago. 50.910 m2 inguruko azalera du, eta, indarreko legediaren arabera, lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta dago.

Planaren helburua da lurzoruaren aprobetxamendu arrazionala optimizatzea. Lurzorua okupatzeko eta garatzeko estrategia jasangarriagoa hartu nahi da, horrela, azpiegiturak eraikitzeko eta mantentzeko kostuak arrazionalizatzeko eta mugikortasunaren eta garraio publikoaren sareen funtzionamendua optimizatzeko.

Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako zehaztapenen aldaketa nagusi hauek planteatzen dira proposamenean:

– Esparruaren guztizko azalera zuzentzen da, hiri-multzoan integratzeko, eta, berariaz, Errenteriako Esnabide sektorearekin integratzeko.

– Erabilera bakoitzera bideratutako azalerak aldatu egiten dira: bizitegi-erabilerarako azalera txikitu egiten da, eta eremu libreetarako azalera, berriz, handitu.

– Handitu egiten dira partzelaren dentsitatea (29,07 etxeb/ha-tik 49,31 etxeb/ha-ra pasatzen da) eta eraikigarritasuna.

– Etxebizitzaren araubidea aldatu egiten da, eta babes ofizialekoa izatera pasatzen da.

– Zehaztapen xehatuak gehitzen dira.

B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: Planaren xedea da, zehazki, partzelaren urbanizazioa eta eraikuntza ahalbidetzea. Ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenak prebenitzeko, murrizteko eta, ahal den neurrian, zuzentzeko xedearekin ingurumen-agiri estrategikoak proposatzen dituen neurriak gidalerro egokitzat jotzen dira Planak ezarritako esparruko proiektuak garatzeko. Horien artean, honako hauek aipa genitzake:

– Azterlanaren xede den esparrua Donostiako hego-ekialdeko Babes Akustiko Bereziko Eremuaren parte da. Beraz, Planak dagokion Zonako Plan Akustikoaren neurriak hartu beharko ditu, eta, edonola ere, eraikuntza-proiektuek beharrezko isolamendu akustikoko neurriak gehituko dituzte, etxebizitzetarako eta bizitegi-erabilerarako barrualdeko kalitate-helburuak bete daitezen.

– Sor daitekeen paisaia-eragina murrizteko, organo sustatzaileak proposatzen du, neurri zuzentzaile gisa, urbanizazio-proiektuak paisaia-integrazioko azterlana jasotzea. Azterlan horretan, obra eta jarduera horiek paisaian egokitasunez integratzeko onartutako irizpideak eta neurriak azalduko dira. Planak azterlan hori eskatzea proposatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3.b) artikulua aplikatuz.

– Landaredia-afektazioa garrantzi gutxikoa eta onargarria bada ere, Planak hau jaso beharko du bere araudian: urbanizazio-proiektuak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, berroneratzen ari diren zuhaitz/zuhaixka masen kontserbazioa bermatzeko; horrez gain, eremu libreen zonan, harizti-baso misto atlantikoko serieko zuhaitz-espezieak landatzea bermatuko da, eta, hori diseinatzean, ahalegina egingo da landaketa horiek elkarri lotuta geratzeko, erretikula berde modura, eta zuhaizti gune mugakideekin.

– Planak jaso beharko du, baita ere, proiektuan honi buruzko berariazko azterlana egin beharko dela: arroken eta lurren soberakinen kudeaketaren eraginez sortutako ingurumen-afektazioak.

– Azkenik, ingurumen-agiri estrategikoak ezarritakoaren arabera aplikazio-eremuko baldintza geoteknikoak aldekoak badira ere, Planak egiaztatu beharko du behar besteko neurriak jasotzen direla, kota-diferentziak ingurumen-arazo kaltegarririk sor ez dezan.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei: ingurumen-agiri estrategikoak aztertzen ditu Planean eragina duten plan sektorialen eta lurralde-planen zehaztapenak, eta bateragarriak direla ondorioztatzen du.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Izatez, proposatutako zehaztapenak onartzearen azken ondorioa eraikigarritasuna handitzea da, eta horren ondorio nagusiak lurzoruaren optimizazioa eta erabilera arrazionala dira, horrek dituen eragin guztiekin: lurzoru berriak arrazoirik gabe ez okupatzea; urbanizazioaren eta azpiegituren eraikuntza- eta mantentze-kostuak murriztea; zerbitzu publikoen funtzionamendua optimizatzea, eta abar. Beraz, Planak ingurumen-gogoetak integratzen ditu, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

d) Ingurumen-arazoak: ez da Planarekin lotutako arazo adierazgarririk atzematen, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira afektazioarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

Ildo horretan, Planaren dokumentazioan jasota dauden eta aurreko a) epigrafean aipatu diren zenbait zehaztapen betetzea egokitzat jotzen da.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2. Eraginen ezaugarriei eta ziurrenera ukitutako eremuari dagokienez, ukitutako kokalekuaren inguruan ez dago espazio natural adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo zaurgarria den eremurik ere.

Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritako baldintzen arabera, adieraztea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Al. 17 Esnabide» hiri-eremuari buruzko aldaketak ez duela eragin garrantzitsurik izango ingurumenean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau eman eta bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

Alejandra Iturrioz Unzueta.


Azterketa dokumentala