Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2016ko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2064

IRAGARKIA, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren erabakiari buruzkoa. Erabaki horren bidez onartu zen Elkarrizketa Zibilerako Mahaian beste bi kide izendatzeko deialdia egitea, baita deialdirako oinarriak ere; kide horiek gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkariak izango dira.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak 2016ko apirilaren 18ko bileran erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Onartzea deialdia egitea Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bi kide izendatzeko, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkariak izan daitezen.

Bigarrena.– Deialdiaren oinarriak onartzea, honela zehaztuta.

I.– Xedea.

Eskabidea aurkeztea Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide izateko, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkaria izateko.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratzen eta arautzen duen abenduaren 11ko 283/2012 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea «erakunde pribatu jakin batzuek osatzen dute: erakunde pribatu horiek formalki antolatuta daude, ez dute irabazteko asmorik eta, nagusiki, gizarte-elkartasuna sustatzen dihardute, hala nola pertsonen parte-hartze soziala, gizarte-eskubideak, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa bultzatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan».

Halaber, haren jarduerak zenbait hartzaileri zuzentzen zaizkie, ardatz hartuta zaurgarritasun edo bazterkeria, babesgabetasun, desgaitasun edo mendetasun handiko egoerak jasaten dituzten pertsonak, familiak, taldeak, kolektiboak eta komunitateak.

II.– Eskakizunak.

Oro har, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak 2015eko martxoaren 11ko bileran onartutako eskakizunak bete behar dituzte eskabidea aurkezten duten erakundeek. Honako eskakizun hauek dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute egoitza.

2.– Jardute-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa izan behar du; izan ere, ez da nahikoa hiru lurraldeetatik bitan jardutea.

3.– Antolakunde edo sare horiek erakunde-elkarteak izan behar dute: horien barruan sartu ahal izango dira beste batzuen ordezkari diren bigarren mailako eta maila goragoko antolakundeak, bai eta kolektibo jakin baten ordezkari diren Euskadiko gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko esku-hartze zuzeneko antolakundeak ere, baldin eta kolektibo hori ordezkatzen duen beste sarerik ez badago lurralde edo jardute-eremu geografiko jakin horretan.

4.– Gizarte-ekintzako hirugarren sektorea izango da jardute-eremua; jardute-eremu horretakoak izango dira talde jakinetan esku-hartze sozialeko jarduerak egiten dituzten erakundeak, jarduera horien helburua hauxe izanik: zaurgarritasun edo bazterkeria, babesgabetasun, desgaitasun edo mendetasun handiko egoerak jasaten dituzten pertsonak, familiak, taldeak, kolektiboak eta komunitateak gizartera daitezen eta dagozkien eskubideak benetan balia ditzaten sustatzea.

5.– Erakundeak ez du Elkarrizketa Zibilerako Mahaian ordezkatuta egon behar gaur egun bertan parte hartzen duten gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko sare edo federazioen bitartez.

III.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea egutegiko 15 egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan –Zuzenean– edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke eskabideak, eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaira zuzenduko zaizkio (Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

IV.– Zer dokumentu aurkeztu behar den nahitaez eskabidearekin batera.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak 2015eko martxoaren 11n onartutako eskakizunen egiaztagiriekin batera aurkeztuko dira eskabideak, eta, edozein kasutan ere, hauek:

1.– Erakundearen estatutuen kopia (erakundearen egoitza, jardute-eremua, helburuak eta jarduera-hartzaileak eta jarduerak egiaztatzeko).

2.– Alderdi hauen egiaztagiriak:

a) zenbat erakundek osatzen duten;

b) zenbat bazkide diren;

c) zenbat boluntario diren;

d) zenbat erabiltzaileri eman zaien arreta, hala badagokio.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria.

V. Eskabideen balorazioa eta hurrenkera ezartzeko irizpideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aurkeztutako eskabideak lehen bilera batean baloratuko dira; horretarako deitutako bilera izango da, eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak egingo du.

Edonola ere, bilera hori egiteko hiru hileko epea izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ez da baloratuko nahitaezko dokumentazioa ez duen eskabiderik (nahitaezko dokumentazioa IV. puntuan dago adierazita).

3.– Eskabide guztiak baloratuta, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide izateko eskatu duten erakundeek II. puntuan adierazitako eskakizunak betetzen badituzte, Elkarrizketa Zibilerako Mahaian sartzeko eta parte hartzeko ondorioetarako, hurrenkera ezartzeko irizpide hauei erreparatuko zaie, adierazten diren ordena berean:

1) Gaur egun Elkarrizketa Zibilerako Mahaian ordezkaritzarik ez duten taldeei zuzendutako jardute-eremuren bateko erakundea izatea.

2) Erakundearen gizarte-ehunaren bolumena; kontzeptu horren barnean hartuko dira lau elementu hauek (adierazten den hurrenkera berean):

– Lehenik, bazkide-kopurua.

– Bigarrenik, arreta izan duen erabiltzaile-kopurua.

– Hirugarrenik, boluntario-kopurua, eta,

– Laugarrenik eta azkenik, bera osatzen duen erakunde-kopurua.

3) Antzinatasuna, erakundearen sortze-dataren arabera.

VI. Ebaztea.

Aurreko puntuan adierazitako moduan ebaluatuko dira eskabideak, eta hautatu egingo da zer erakundek hartuko duten parte Elkarrizketa Zibilerako Mahaian; horren ostean, kide anitzeko organo horrek berak hartuko du erabakia, zeinaren bidez onartuko baita bi erakunderen izendapena Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide izan daitezen gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkatzeko.

VII. Errekurtsoak.

Bi erakunde horiek Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkari izendatzea onartzen duen erabakiaren aurka, erabaki horrek administrazio-bidea amaitzen duenez, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko presidenteak eta idazkariak betearazi eta kudeatuko dituzte erabaki hau betetzeko behar diren jarduerak eta, batez ere, idazkariari ahalmena ematen zaio erabaki hau EHAAra igorri eta argitara dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 20a.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko idazkaria,

MIGUEL ANGEL HURTADO PEDROSO.


Azterketa dokumentala