Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2016ko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2056

73/2016 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, 2016. Urteko Estatistika-Egitaraua onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, euskal estatistika-plana da jarduera hori antolatzen duen tresna. Plan hori 2014-2017 Euskal Estatistika Planari buruzko azaroaren 13ko 3/2014 Legearen bidez onartu zen, eta barnean hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak 2014-2017 aldian egin beharreko estatistika-eragiketak.

Era berean, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak bere 7. artikuluan dioenez, urteko estatistika-egitarauak dira plana garatzeko eta burutzeko tresnak, eta Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko dira. Egitarau edo programa horiek zerrenda batean biltzen dituzte estatistika-eragiketak eta izaera horretako beste jarduera batzuk, eta horietako bakoitzerako jasotzen dituzte, banakako fitxetan jaso ere, aipatutako legearen 7. artikuluan zehazten diren ezaugarriak.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betez, Euskal Estatistika Erakundeak prestatu du 2016. urteko estatistika-egitarauaren proiektua. Proiektuaren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta Euskal Estatistika Batzordeak eman du apirilaren 23ko 4/1986ko Legearen 34.b) artikuluak dioen nahitaezko txostena.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2016ko maiatzaren 10ean egindako Gobernu Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2016. urteko estatistika-egitaraua onartzea.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatu duenarekin, 2016. urteko estatistika-egitaraua onartzen da, zeina Dekretu honen eranskin gisa doan eragiketen multzoak osatzen duen.

2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoarekin, estatistika-eragiketa bakoitzaren fitxan informatzaile gisa ageri direnek nahitaez bete behar dituzte 2016. urteko estatistika-egitarauan sartutako estatistikak.

3. artikulua.– Estatistika ofizialen emaitzak zabaltzea.

1.– 2016ko Urteko Estatistika-Egitarauko emaitza nagusiak zabalduko dira, gutxienez Euskal Estatistika Erakundeko-Eustaten webean. Gainera, sail bakoitzaren ardurapeko estatistika emaitzak zabalduko dira Eusko Jaurlaritzako haien atalean, Interneten.

2.– Estatistika eragiketa bakoitzaren ardura duen erakundeak Euskal Estatistika Erakundera bidali behar ditu lortu dituen emaitza nagusiak; bidali ere, argitaratzen diren egunean. Excel formatuan bidaliko dira Euskal Estatistika Erakundearen Zabalkunde eta Marketin Arlora, horretarako jakinaraziko diren jarraibideen arabera.

3.– Euskal Estatistika Erakundeak hauek eskuratuko dizkie erakunde arduradunei: excel-txantiloiak, estatistika-eragiketen emaitzak bidaltzeko egokituak.

4.– Euskal Estatistika Erakundeak iragarki baten bitartez emango du emaitza horien berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4. artikulua.– Informazioa Euskal Estatistika Erakundera bideratzea.

Euskal administrazio publikoetako erakundeek estatistikarako informaziorik emanez gero Estatuko Administrazioaren erakundeei, emandako informazioaren kopia bidaliko dute Euskal Estatistika Erakundera.

LEHEN AZKEN XEDAPENA.– Arau-garapena.

Ahalmena ematen zaio Ogasun eta Finantzetako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

BIGARREN AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea eta indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2016ko abenduaren 31ra arte izango du indarra. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorrita, programa honen indarraldia amaitzen denerako onartu gabe badago urteko estatistika-egitarau berria, luzatutzat joko da, besterik gabe, egitarau berria indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeak edo aldiak direla eta kanpoan utzi beharreko estatistika-jarduketak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala