Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2016ko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2053

1/2016 FORU ARAUA, martxoaren 14koa, Zergen Foru Arau Orokorra aldatzen duena Foru Ogasunarekin zerga zorrak edo zehapenak dituztenen zerrendak aldizka argitaratzea ezartzeko, zordun horiek zirkunstantzia jakin batzuetan daudenean.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «1/2016 FORU ARAUA, martxoaren 14koa, Zergen Foru Arau Orokorra aldatzen duena Foru Ogasunarekin zerga zorrak edo zehapenak dituztenen zerrendak aldizka argitaratzea ezartzeko, zordun horiek zirkunstantzia jakin batzuetan daudenean»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2016ko martxoaren 14a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Zerga iruzurraren aurkako mekanismoak indartzeko Herri Ogasunak hartu dituen neurriak portaerak zigortzera bideratu dira orain arte; beharrezkoa da, hala ere, joera hori osatua izatea bestelako jarduketa hertsagarriei toki egiteko, eta, jarduketa horietako bat, esate baterako, izan daiteke gizartean gaitzespen handia duten jokabideei publikotasuna ematea.

Zordunen zerrendak argitaratzeko neurria, Zergen Foru Arau Orokorrean foru arau honen bitartez sartzen dena, zerga betebeharrak borondatez betetzen lagundu dezaketen tresna prebentibo eta hezigarriak direla medio uztartzen da zerga iruzurraren aurkako borroka horretan, eta errespetua erakusten dio zerga alorreko datuen erreserbari eta, beraz, erreserba hori oinarritzen duten printzipioei.

Arauaren aldaketa honek ez du ahazten intimitaterako eskubidea babesteak eta zerga sistemaren eraginkortasuna indartzeak beharrezko oreka gorde behar dutela, eta, horren ondorioz, jokabide tributario gaitzesgarriak argitaratu egingo dira baldin eta, aldi berean, kuantitatiboki garrantzitsuak badira Herri Ogasunari kalte ekonomiko handiago bat sortzeagatik.

Orekaren bilatze horretan, erregela tasatuak ezarri dira argitaratu behar diren zerrendak osatzeko. Labur esanda, aintzat hartu dira bai zaindu behar diren era askotako interesak eta bai datuen proportzionaltasun, zehaztasun eta kontserbazio printzipioak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan jasotakoak. Horren ondorioz, gai honi ematen zaion tratamendua guztiz koherentea da gure ingurune ekonomiko eta juridikoaren araudian jasotakoarekin, non datu tributarioen konfidentzialtasunari buruzko printzipio orokorra salbuesteko hainbat kasu ere aurreikusten diren.

Gai honen inguruan ezarritakoa berria gertatzen dela aintzat hartuta, eta haren testutik eratortzen diren ondorioak garrantzi handikoak direnez, azkenean erabaki da interesdunei aukera ematea administrazioarekiko auzien jurisdikziora zuzenean jotzeko, beren datuak argitaratzea ez dela zuzenbidezkoa irizten badute.

Erregulazio hau osatua gelditzen da irailaren 10eko 10/2015 Lege Organikoan jasotakoarekin –10/2015 Lege Organikoa, zerga iruzurrari buruzko sententzietan jasotako informazioa eskuratzea arautzekoa–. Izan ere, inkoherentzia bat izango litzateke zerga betebeharrak ordaintzen ez dituztenen identitatea argitaratzea, eta, hain zuzen ere, izaera horretako delituengatik sententzia irmo bidez kondenatuak izan diren iruzurgile handiena ezkutatzea.

Artikulu bakarra.– Zergen foru arau orokorra aldatzea.

92. ter artikulua gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrari, eduki hau duena:

«92. ter artikulua.– Zerga betebeharren ez-betetze kasu esanguratsuen publikotasuna.

1.– Zerga Administrazioak erabaki dezake Foru Ogasunarekin zerga zorrak edo zehapenak dituztenen zerrendak aldizka argitaratzea, zirkunstantzia hauek betetzen direnean:

a) Ordaindu gabeko zerga zorren eta zehapenen zenbateko osoa 1.000.000 euro baino handiagoa denean.

b) Borondatez ordaintzeko epea behin igarota, zerga zor edo zehapen horiek ordaindu ez direnean.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kanpoan geratzen dira geroratuta, zatikatuta edo etenda dauden zerga zorrak eta zehapenak.

2.– Zerrendetan informazio hau jaso beharko da:

a) Zordunen identifikazioa, jarraian zehazten den eran:

– Pertsona fisikoak: izena, abizenak, eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

– Pertsona juridikoak eta foru arau honen 35.3 artikuluko entitateak: sozietate izena, osorik idatzita, eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Argitalpenaren ondorioetarako aintzat hartu diren zorren eta zehapenen baterako zenbatekoa.

3.– Artikulu honetan arautzen den publikotasuna Gipuzkoako Foru Aldundiak aplika ditzakeen tributuetara mugatuko da –zehapen eta berrikuspen ahalmenak ere hari dagozkionean–, eta, beraz, ez da aplikagarria izango Gipuzkoako toki entitateek Foru Aldundiaren alde eskumenak eskuordetu dituztenean.

4.– Zerrendan sartzeko beharkizunak betetzearen ondorioetarako hartuko den erreferentzia data hura argitaratzeko erabakia hartu aurreko urteko abenduaren 31 izango da, erabakiaren egunean ordaindu gabe dagoen zenbatekoa edozein dela ere.

Zerrendan sartzeko proposamena zordunari komunikatu behar zaio, eta zordunak 10 egun izango ditu alegazioak aurkezteko, komunikazioa jaso eta biharamunetik aurrera. Ondorio horietarako, komunikazioa egindakotzat jotzeko aski izango da zerga Administrazioak frogatzea gutxienez behin saiatu dela komunikazioaren testu osoa interesdunaren zerga helbidean jakinarazten.

Alegazioek 1. apartatuan adierazitako beharkizunekin lotutako akats material, egitatezko edo aritmetikoei buruzkoak izan behar dute soilik.

Alegazioen tramitearen ondorioz, Administrazioak erabaki dezake zerrenda zuzentzea sinesgarriro egiaztatzen bada 1. apartatuan adierazitako legezko beharkizunak ez direla betetzen.

Zuzenketa hori ofizioz ere erabaki daiteke.

Bidezko zuzenketak egin ondoren, argitaratzeko erabakia hartuko da.

Erabakia jakinarazitzat joko da erabakia eta zerrenda argitaratzen direnean.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko ditu bai argitalpen data eta bai argitaratu beharreko fitxategi eta erregistroak. Argitalpena urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan egingo da beti.

Argitalpena bide elektronikoz egingo da, eta, beraz, beharrezko neurriak hartu beharko dira edukia interneteko bilaketa motorren bitartez indexatzea galarazteko. Hiru hilabete igarotakoan, argitalpen egunetik kontatuta, zerrendak ez dira eskuragarriak izango.

Zerrendak argitaratzeko beharrezkoak diren datuen tratamenduak aintzat hartuko ditu abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, lege horren erregelamendua onartzen duena.

5.– Artikulu honetan araututako argitaratze-erabakiak hartzeko eskumena Ogasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

6.– Zerrenda argitaratzen denean, zehaztu behar da bertan islatzen den egoera 4. apartatuan adierazitako erreferentzia-datakoa dela, eta zordunak, erreferentzia-data horren ondoren, jarduketak egiten baditu zerrendan jasotako zorrak eta zehapenak ordaintzeko, jarduketa horiek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio ezertan ere eragingo foru arau honetan ezarritako inpugnazio araubideari, zerga zorrak eta zehapenak ekarri dituzten jarduketa eta prozedurei dagokienez. Orobat, ez du inolako eraginik izango zor eta zehapen horien ondorioz tributuak aplikatzeko hasita dauden edo geroago hasi daitezkeen jarduketa eta prozeduretan.

Informazioa artikulu honetan araututakoaren arabera argitaratzearren bertan ezarritako prozeduran garatzen diren jarduketek ez dituzte etengo foru arau honen 67. artikuluan aurreikusitako preskripzio epeak.

7.– Zerrenda argitaratzeko erabakiak amaiera emango dio administrazio bideari.»

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerga-betebeharren ez-betetze esanguratsuen lehenengo argitalpena.

Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92. ter artikuluan xedatutakoa aplikatuz osatzen den lehen zerrendan sartzeko beharkizunak betetzearen ondorioetarako, 2016ko martxoaren 31 hartuko da erreferentzia-datatzat. Lehen zerrenda hori 2016ko bigarren seihileko naturalean argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala