Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2016ko maiatzaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2005

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 26koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko prozedura arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako instituturako: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) atalean aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) letran institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da itzulpen-jarduera hauek diruz laguntzeko prozedura finkatzea:

– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.

– Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.

Deialdia kaleratzen denerako argitaratuta ez dauden lanak onartu ahal izango dira, jatorrizkoa eta itzulpena aldi berean argitaratuz gero.

2015eko urriaren 20ko ebazpena eman zenetik 2017ko abenduaren 15ra bitartean argitaratu diren edo argitaratuko diren itzulpenak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehieneko diru-zuzkidura hogeita hemeretzi mila (39.000) eurokoa izango da.

2.– Itzulpen-gastuak baino ez dira ordainduko, hemen zehaztutakoaren arabera:

a) Testuaren zailtasun maila oinarrizkotzat jotzen denean, 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

b) Testua poesia denean edo hizkuntzaren aparteko zailtasuna legokeenean, 0,017 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta. Balorazio-batzordeak erabakiko du zer testu den aparteko zailtasunekoa.

3. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 9. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.

2.– Obra berak ez du jasoko hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laguntzarik urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute diru-laguntza.

3.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.

4.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako emandakoekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, bere lanbide edo xedeen artean argitalpen- eta itzulpen-lanak dituena.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea jarduera ekonomikoen gaineko zergan, jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa bada.

Salbuespen gisa, baldintza hori ez dute bete beharko itzultzaileek, beraiek idatzitako lanaren itzulpena egingo badute.

2.– Laguntzaren eskaera egin duena itzultzailea edo editorea den kasuan, nahitaezkoa izango da liburua argitara emango duen argitaletxearekin izenpetutako kontratua aurkeztea. Eskatzailea argitaletxea den kasuan, itzultzailearekin izenpetutako kontratua aurkeztu beharko da.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital-ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten badu, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretuak. Zergak Nafarroako Ogasunean ordainduz gero, pertsona edo entitate interesdunek zerga-betebeharrak betetzen dituztelako agiria aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileak atzerrian jarduten badu, gizarte segurantzako eta ogasuneko betebeharrak betetzen dituztelako agiria aurkeztu behar dute, dagokion organo eskudunak egindakoa.

5.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote, eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte egongo da baldintzatua.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerari erantzutera.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta epeak.

1.– Proiektuko eskaera bakarra aurkeztuko da. Eskaera egiteko, eranskinetan adierazitakoez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itzuli nahi den liburu edo testua Word formatuko euskarri informatikoan.

b) Itzulitako lagina: 25.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.

c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.

d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.

e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Kontratuak ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko du.

f) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria edo jaiotza-ziurtagiria.

Eranskinak EEIren webgunean izango dira eskuragai, Word formatuan, eskatzaileak ordenagailuz bete ahal izateko.

2.– Ebazpen honen babesean aurkezten diren eskabideak helbide honetan aurkeztu beharko dira: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina 3, Andre Zigarrogileen plaza, 20012 Donostia. Eskabideak aurkezteko ordutegia hau da: 08:30etik 14:00etara. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan aurkez daitezke, 30/1992 Legeak ezarritako beste edozein bide erabiltzearen kalterik gabe (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Diruz lagundutako proiektuaren iraupena. Lana 2017ko abenduaren 15a baino lehen argitaratu beharko da.

7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Etxepareren web-orrian. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

8. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:

a) Batzordeburua: EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.

b) EEIko zuzendaria.

c) Batzordekideak: 3-5 kide artean, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.

d) Idazkaria: batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta Institutuaren webgunean argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoa parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz.

9. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:

a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30eraino.

b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25eraino.

c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15eraino.

d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 20raino. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko deialdietan diruz lagundutako lanak zabaltzeko egindako ekintzak.

e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den alekopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5eraino.

f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 5.

3.– Diru-laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, atalen batean puntuazioa zero bada, ezingo da diru-laguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi. Gauza bera gertatuko da b) letran aipatutako laginaren kasuan, puntuazioa ez bada atalari dagokion puntuazioaren erdira iristen.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5.b) artikuluak xedatutakoarekin bat.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean argitaratuko da ebazpena. Epe hori argitaratu gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren ebazpena argitaratu eta hurrengo hamabost eguneko epean. Onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2017ko abenduaren 15a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

4.– Itzulpen-lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan, EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo dena eskura) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako diru-laguntza jaso duela, honako esaldi honen bidez: «Liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza izan du / La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare», edo dagokion hizkuntzako itzulpena.

5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik aurrera, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

12. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan oinarrituta emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:

% 75, onartutzat ematen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 25, jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hileko epean.

2.– Justifikazioa. Bi hileko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2017ko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.

3.– Justifikazioa egiteko honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean badago, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.

b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen bankuko ordainagiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du onuradunak.

4.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

13. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez-betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da aldaketa hori. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.

Bigarrena.– Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352. zk., 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru-laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Izan ere, diru-kopuru hortik beherako diru-laguntzek ez omen dute eraginik merkataritzan, ezta lehia-baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen.

Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du atxikitako eranskinaren bidez, betiere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Deialdi honen harira jakinarazitako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira, eta deialdian parte hartzeak esan nahi du eskatzailea horren jakitun dela, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen ondorioetarako. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako, eta EIEk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusi, zuzendu edo ezabatzeko edo ez direla jarri nahi adierazteko, honako helbide honetara jo beharko da: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20006 Donostia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2016ko martxoaren 26a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala