Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2016ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
999

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduko deialdia ebazten duena. Azken ebazpen horrek garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste tokiko erakunde batzuei, tokiko organismo autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu eta diru-laguntzak emateko deialdia egiten du.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste tokiko erakunde batzuei, tokiko organismo autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei 2015eko ekitaldian diru-laguntzak emateko deialdia egiten da. Aipatutako agindua argitara eman zen 2015eko maiatzaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 140. zenbakian.

2015eko irailaren 15ean, eskaerak aurkezteko epea amaitu zen, eta Ingurumen Sailburuordetzak egoitza elektronikoan 150 eskaera jaso ditu.

2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 15. artikuluaren arabera, organo ebaluatzaileak diru-laguntza eskabideak aztertu eta ebaluatu ditu, eta bidezko ebazpen-proposamena prestatu du. Proposamen horrek zehaztu du zeintzuk diren, betiere esleipeneko irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituta, aipatutako agindu hori aplikatuz diru-laguntza lortzeko modukoak diren proiektuak, bai eta diru-laguntzaren zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

Deialdiko 18.2 artikulua kontuan izanik, ebazpenean, aurrekontu-zuzkidura falta dela-eta diru-laguntzarik jasoko ez duten proiektuak lehentasun-ordenan eman behar dira erakunde onuradunek uko egiteren bat egiten duten kasuan, zuzkidura faltagatik laguntzarik gabe gelditu ziren proiektuak diruz laguntzeko.

2015eko uztailaren 22ko Aginduko 4.2 artikuluari jarraikiz eskaerarik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehituko zaio organo ebaluatzaileak ezarritako eran.

Kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan ez da hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu eta organo ebaluatzaileak adostu du soberako zenbateko hori, lehenik, lurzoruen lerroaren aurrekontu-zuzkidura igotzeko erabiltzea eta, bigarrenik, atmosferaren lerroko aurrekontu-zuzkidura igotzeko erabiltzea.

Aurrekontu-zuzkidura egokitu ondoren, behar besteko aurrekontu-zuzkidura dago lurzoruen lerroan diruz lagun daitezkeen proiektu guztien zenbateko osoa diruz laguntzeko, baita 58ko puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa duten eta atmosfera-lerroan diruz lagun daitezkeen proiektu guztien zenbatekoa diruz laguntzeko ere.

Ez dago behar beste kreditu klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan diruz lagun daitezkeen proiektu guztien gehienekoa laguntzeko; horregatik, organo ebaluatzaileak proposatu du 56 puntu dituzten proiektuen artean soberako kreditua banatzea lerroko aurrekontua agortu arte, diruz lagun daitekeen maximoarekiko proportzioan.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren diru-laguntzak arautzeko 2015eko uztailaren 22ko Aginduan ezarritakoari jarraikiz, 11. artikuluan aurreikusitako dokumentuak aurkeztu ez dituzten erakundeei edo 2.2 artikuluan adierazitako baldintzak edo Agindu horretan ezarritako beste edozein baldintza betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu ez dituztenei dokumentazio hori aurkezteko eskatu zaie. Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren ez badira eskatutako dokumentuak aurkeztu, II. eranskinean agertzen diren erakundeen eskaera ezetsitzat joko da.

Ingurumeneko sailburuordeak eskumena du behin betiko diru-laguntzen onuradunak eta zenbatekoak zehazteko, 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 18. artikuluari jarraikiz.

Deialdiko Aginduko 17. artikuluaren arabera, bertan araututako laguntzak (jasangarritasunerako hezkuntza-lerroa izan ezik) norgehiagoka-prozeduraren bidez eman behar dira, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 51.5 artikuluarekin bat, eta 50 puntutik gora dituzten proiektuen lehentasun-hurrenkera soilik izango da kontuan, balorazio-fasean 50 puntutik gora lortzen dituzten proiektu guztietarako aurrekontu-zuzkidurarik ez badago; hala, lehenengo, puntuazio handiena duten proiektuak lagunduko dira diruz jarduketa-lerro bakoitzaren aurrekontu-kreditua agortu arte.

Honako arau hauek aztertu dira: 2015eko uztailaren 22ko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, 2015eko ekitaldirako, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, tokiko organismo autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak ematea arautzen duena; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena; eta, aplikazio orokorreko gainerako arauak. Horiek guztiak azterturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honetako I. eranskinean jasotako erakundeei diru-laguntzak ematea, eranskinean zehaztutako proiektuetarako eta zenbatekoen arabera.

Diru-laguntzak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 24. artikuluan zehaztutako moduan emango dira.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean, atzera egindako diru-laguntza eskaeren zerrenda argitaratzea.

Hirugarrena.– Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatutako diru-laguntza ukatzea ebazpen honen III. eranskinean aipatzen diren erakundeei, bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Laugarrena.– IV. eranskinean, aurrekontu-zuzkiduraren faltagatik hasiera batean diruz lagundu ez diren proiektuak lehentasun-hurrenkeran ezartzea, I. eranskineko erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten dioten kasuan, hasieran diru-laguntzarik jaso ez duten proiektuak diruz lagun daitezen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen bidez I. eranskinean zerrendatutako erakundeei emandako diru-laguntzen lehen ordainketa agintzea.

Diru-laguntzaren gainerako ordainketak jasotzeko, onuradunek egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 23. artikuluan adierazitako baldintzei jarraikiz.

Halaber, onuradunek Aginduaren 20. artikuluan bildutako beharrak bete beharko dituzte.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea, onuradunei horren berri emateko, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren 18.1 artikuluaren arabera, eta diru-laguntzak emateko prozedura orok bete behar duen publizitate-printzipioa betearaztea.

Zazpigarrena.– Diruz lagunduko den proiektua gauzatzeko nahitaez bete beharreko baldintzen pleguak era indibidualizatuan jakinarazteko agintzea, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduko 19. artikuluaren arabera.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IOSU MADARIAGA GARAMENDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala