Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2016ko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
656

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 29koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egiten duena.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, 33. artikuluan ezartzen duena betez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aldian-aldian antolatzen ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiak, dekretu honen esparruan zehazten diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuan diharduten langileek hizkuntza-eskakizuna egiazta dezaten.

Halaber, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoak, 15.2.b) paragrafoan ezartzen duena betez, Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioek ere aukera dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aldian-aldian antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi arruntetara aurkezteko.

Bestalde, 1999ko otsailaren 18ko dataz, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zenbait arlotan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Lankidetza hitzarmen honetako bosgarren klausulak bide ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kideei Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdietara aurkezteko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko eta Idazkarien Kidegoko kideek euskara ikasi eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari begira, 2005eko uztailaren 28an lankidetza hitzarmena sinatu zuten honakook: Justizia Ministerioak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.

Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmen horrek, laugarren klausularen bidez, aukera ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko eta Idazkarien Kidegoko kideei hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen diren deialdietara aurkezteko.

Azkenik, maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen 30/1998 Dekretua aldatzen duenak, hirugarren Xedapen Gehigarrian, aukera ematen die Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionarioei IVAPek egiten dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko.

Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearren euskara azterketak egiteko 2016 urteari dagokion lehen deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justizia eta Herri Administrazio sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 29a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

María TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
HIZKUNTZA ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN EBAZPENARENA
OINARRIAK

1. oinarria.– Deialdiaren helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatutako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aukera ematen du deialdi honek. Hizkuntza-eskakizun bakoitza Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila banarekin dago baliokidetuta: B1, B2, C1 eta C2, hurrenez hurren.

Izangaiek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.

2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.

Deialdi honen bidez deitutako azterketetara aurkeztu ahal izango dira:

– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ezarpen-esparru barruko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzuan diharduten langileak.

– Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioek, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren 15.2.b) paragrafoak ezartzen duena betez.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kide, kidegai, behin-behineko epaile, ordezko magistratu, ordezko epaile eta bake-epaileak, 1999ko otsailaren 18ko dataz, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren bosgarren klausulak ahalbideratzen duena betez.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Idazkari Judizialen Kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko Idazkari Judizialak, 2005eko uztailaren 28an Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.

– Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionarioak, Ertzaintzaren euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuko hirugarren Xedapen Gehigarriak ahalbidetzen duena betez.

3. oinarria.– Izena ematea.

Azterketetan parte hartu ahal izateko eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartu nahi dutenek eskaera Internet bidez egin ahal izango dute honako helbide elektronikoan: www.ivap.euskadi.eus/azternet. Hautagaiak, eskaera egin ahal izango du onartuta dauden eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus) kontsultatu daitezkeen ziurtagiri digitaletako batekin identifikatu ostean. Eskaera erregistro telematikoan sartu ahal izango da, eta eskaeraren egoera kontsultatu ahal izango da prozesuaren edozein fasetan. Helbide horretatik, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesu osoaren jarraipen indibiduala eta segurua egin ahal izango da, azterketen egutegia eta emaitzak kontsultatu ahal izango dira bertan. Idazmen probako ariketen kopia digitalizatua ere ikusgai egongo da.

Era berean, eskaerak azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4. atalak dioen edozein eratan aurkez daitezke.

Eusko Jaurlaritzako sare korporatibora sarbidea duten langileek era elektronikoan egingo dute deialdi honetarako eskaera. Horretarako, langileak intraneteko Jakina atariko IVAPen webgunean sartuko dira, eta horren barruan hizkuntza eskakizunak atalean. Handik, XL-Nets segurtasuneko sisteman sartuz gero, alta/aldaketa gunean agertuko da eskaera elektronikoa egiteko jarraitu behar duten sistema.

Eskaerak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak berariaz prestatutako eskabide-orriaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira. Eskabide-orri hori deialdi honen II eranskinean eta Interneteko www.ivap.euskadi.eus helbideko Euskara atalaren Hizkuntza-eskakizunak azpiatalean eskainiko da.

Interesatuek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein egoitzatan aurkeztuko dute eskaera. Hona hemen helbideak:

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Errekalde zumarkalea 18, 48009 Bilbo.

San Bartolomé 28, 20007 Donostia.

Unibertsitateko etorbidea, 20560 Ońati.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionario guztiek eskaera egin beharko dute saileko «Gurenet» intranetaren bitartez, han eskuragarri izango den eskabide eredua betez. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun natural izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak bidaliko du IVAPera eskaera aurkeztu dutenen zerrenda.

4. oinarria.– Deialdira lehenengo aldiz aurkeztuko direnak.

IVAPek antolatutako deialdietara lehenengo aldiz aurkezten direnek, edota inoiz aurkeztu arren, ondoren lanpostuz aldatu direnek, lanpostu berriaren izenaren eta kodearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera, hizkuntza-eskakizunen erregistroan jaso ahal izateko. Egoera honetan daudenek ezin izango dute eskaera Azternet aplikazioaren bitartez egin.

Ertzaintzari dagokionez, Segurtasun Sailak egiaztatuko ditu lanpostuei dagozkien inguruabarrak.

5. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.

Laugarren hizkuntza-eskakizuneko azterketa egin ahal izango dute, alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori daukaten langileek, eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo horren baliokidea den titulu edo ziurtagiriren bat lortu duten langileek.

Lehenengo aldiz aurkeztu eta 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokidea den titulu edo ziurtagiriren bat daukatenek, horren kopia ere bidali beharko dute eskaerarekin batera, ondorengo titulu edo ziurtagirien jabe badira bakarrik:

Iruńea, Tutera, Madril, Bartzelona eta Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako euskara ikasketak.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque erakundeak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ahal izango dira apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betez, Europarako Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere. Horretarako, C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuesten dituen ikasketak egin izana egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Unibertsitateak emanak, aipatutako Dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.

6. oinarria.– Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariak.

Azterketak egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariek eskabide-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Azterketari horiei hizkuntza gaitasun berdina eskatuko zaie.

7. oinarria.– Deialdira onartutakoen zerrendak.

Deialdi honetara aurkezteko eskaerak egiteko epea amaitu, eta horiek aztertu ondoren, deialdira onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko da IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez, www.ivap.euskadi.eus webgunean.

Interesdunek zazpi egun naturaleko epea izango dute, deialdian onartutakoen zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak IVAPeko zuzendariari idatziz aurkezteko. Epea agortuta erreklamaziorik ez bada, onartutako azterketarien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da. Erreklamaziorik izan bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, deialdira onartutako azterketarien behin betiko zerrenda argitaratuko da IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez, IVAPen webgunean.

8. oinarria.– Epaimahaia.

Azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak izendatuko ditu ebazpen bidez. Ebazpen hori, deialdira onartutakoen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko da IVAPeko webgunean.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikiderik gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.

Epaimahaiak, idazkari lanetarako, IVAPeko langile baten laguntza izango du.

Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

Epaimahairen jarduera azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 22. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.

9. oinarria.– Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.

Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu; azterketa horiek idatzia eta ahozkoa dira, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, idatzizko azterketa gainditzen dutenek baino ez dute ahozko azterketan parte hartzeko aukerarik izango.

10 oinarria.– Azterketa idatzia.

Lehenengo azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da, eta proba horrek ariketa bat baino gehiago izan ditzake. Irakurmen proba gainditu egin beharko da idazmen proba zuzendu ahal izateko, eta idatzizko azterketa gainditzeko trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira.

11.oinarria.– Ahozko azterketa.

Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta horretan mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da, eta proba horrek ariketa bat baino gehiago izan ditzake. Ahozko azterketa gainditzeko trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira. Mintzamena grabatu egingo da, ez bada azterketariak horretarako baimena propio ezezten duela.

12. oinarria.– Azterketa egunak eta toki-orduak.

IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak egokituko ditu, betiere eskaera-kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egun eta ekitaldi bakarrean bateratzeko.

Azterketen egunak, lekuak eta orduak IVAPen webgunean jakinaraziko dira. Bertan zehazten diren azterketa egunak eta tokiak ofizialak dira eta azterketariek, onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera, bakoitzari egokitu zaion egunean eta tokian egingo dute azterketa. Hala ere, onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa argitaratu bitartean, 7 egun naturaleko epea egongo da azterketa-lekuak aldatzea eskatzeko, betiere idatziz arrazoituta badago. Hortik aurrera ezin izango da leku aldaketarik eskatu.

Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariek NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea.

13. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.

Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagupen maila neurtzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena eta ezaugarriak IVAPen webgunean daude ikusgai.

14. oinarria.– Azterketak kalifikatzeko modua.

Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena, bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai». Trebetasunak ebaluatzeko proba bakoitzak bere emaitza izango du eta IVAPen webgunean publikatuko dira.

15. oinarria.– Trebetasunei dagozkien proben zuzenketa eta hurrenkera.

Irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena baztertzaileak dira eta emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunari dagokion proba zuzendu ahal izateko.

16. oinarria.– Azterketa idatziaren emaitza gordetzea.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2015-09-04ko deialdian azterketa idatzia (irakurmena eta idazmena) gainditu bai, baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten izangaiak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik; hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, izangai horiek guztiek izena eman beharko dute deialdi honetan, dagokion epearen barruan.

Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu bai, baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei edo aurkezten ez direnei, azterketa idatziaren emaitza gorde egingo zaie IVAPen 2016ko bigarren ohiko deialdirako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.

17. oinarria.– Azterketa idatziaren emaitzak eta erreklamazio epea.

Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzak Epaimahaiak onartu eta IVAPeko webgunean argitaratuko dira. Azterketa idatzia gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa, eta azterketa idatziaren behin-behineko emaitzaren kontra erreklamazioa jarri nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak argitaratu arte itxarongo du, hau da, ezin izango du erreklamaziorik egin fase honetan.

18. oinarria.– Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.

Ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera, Epaimahaiak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak onartuko ditu. Prozesuko behin-behineko emaitza orokorrak IVAPen webgunean argitaratuko dira IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez; era berean, argitalpenaren edukia labur-labur argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta han adieraziko da, halaber, interesdunek nora jo behar duten eduki osoa jakiteko (30/1992 Legea, 61. artikulua).

19. oinarria.– Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.

Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea irekiko da, emaitzak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota, erreklamaziorik jaso ez duten hizkuntza-eskakizunen egiaztapenak behin betiko bihurtuko dira, eta ondorioak izango dituzte argitaratzen diren egunetik hasita.

Azterketarien erreklamazioak aztertu eta ebatzita, epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu eta IVAPen webgunean eta EHAAn jakinaraziko dira, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez.

Prozesuaren behin betiko emaitzak jakinarazten dituen IVAPeko zuzendariaren Ebazpenaren aurka, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114 eta hurrengo atalen arabera, Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da.

20. oinarria.– Egintzak argitaratzea.

Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPen webgunean argitaratuko dira. Ertzaintzaren kasuan, horiek guztiak saileko Gurenet intranetean ere argitaratuko dira aldi berean. Hala ere, deialdia onartzen duen eta prozesuko behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak jakitera ematen dituzten IVAPeko zuzendariaren ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira.

21. oinarria.– Ziurtagiriak non jaso.

Azterketa hauen bidez hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen dutenek IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria eskuragarri izango dute Azterneten (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak). Era berean, eskabide-orrian lanean ari direla adierazi duten administrazioan jasoko dute paperezko alea.

22. oinarria.– Datu pertsonalak.

Prozesuan bildutako datu pertsonalak «Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan sartuko dira (Agindua, 2008ko urtarrilaren 15ekoa, Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, EHAA 30. zk., 2008ko otsailaren 12koa). Fitxategi horren xedea eta aurreikusitako erabilerak honako hauek dira: lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearen jarraipena eta kudeaketa, 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak araututakoaren arabera; ohiko deialdietako eskabideen kudeaketa; baliokidetzen kudeaketa; hautaketa prozesuen kudeaketa; ebaluatzaileen kudeaketa; egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa sortzea; eskatzaileen, historikoen, ziurtapenen eta egiaztapenen kudeaketa; azkenik, salbuetsitakoen erregistroa sortzea eta azterlanak eta estatistikak burutzea.

Fitxategi horren erabilerak bat egingo du datu pertsonalen babesari eta jabetza publikoko datu pertsonaleko fitxategiei buruzko legediarekin (Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapeneko araudia). Fitxategiaren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza da. Datuetara jo, datuak aldatu, aurka egin eta ezabatzeko eskubidea erabiltzeko zerbitzu edo unitate honetara jo behar da: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusia, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Bestetik, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautu zuen; bertan xedatzen den bezala, Erregistroak datuak jasoko ditu lehendik dauden erregistro batzuetatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko erregistrotik ere bai, besteak beste; horrela bada, Erregistro Bateratuaren ardura Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariarena da, eta datuetara jo, datuak aldatu, aurka egin eta ezabatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaritzara jo beharko da.

23. oinarria.– Errekurritzea.

Deialdia, bere oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaiaren jardunetatik datozen administrazio-egintza guztien aurkako errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek, beti ere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak – jasotako kasu eta moduetan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala