Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2016ko urtarrilaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
264

HUTSEN ZUZENKETA, honako lege honena: 11/2015 Legea, abenduaren 23koa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzekoa.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.a) artikuluak xedatzen duenez, aldizkariaren argitalpena prestatzerakoan egiten diren hutsak, baldin eta dokumentuaren edukia aldatzen badute edo zalantzak sortzen badituzte, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, ofizioz nahiz organo edo entitate interesdunak eskatuta.

Era horretako hutsak aurkitu dira abenduaren 23ko 11/2015 Legearen testuan, zeinaren bidez Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzen baitzen (2016ko urtarrilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 3. zk.). Hain zuzen, zioen azalpenean [2016/34 (18/1) orritik 2016/34 (18/4) orrira arte] paragrafoen zenbaketa ez da aipatu. Hori dela-eta, aipatutako zioen azalpenaren argitaratze osoa egingo da orain, Eusko Legebiltzarraren onartutako testuaren arabera:

«ZIOEN AZALPENA
I

Herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidea bermatuko da, zehazki aldian aldiko boz-keta unibertsal bidezko hauteskundeen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hauteskunde-prozesu demokratiko orok jarraitu beharreko printzipio hori Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen ekainaren 15eko 5/1990 Legean dago jasota; lege horrek garatzen du Autonomia Estatutua, eta kontuan izan behar da estatutuak autonomia-erkidegoari eskumen esklusiboa ematen diola gai hauetan: «Eusko Legebiltzarrari, Batzar Nagusiei eta foru-aldundiei eragiten dien barruko hauteskunde-legedia arautzea, baina Estatutu honen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera Lurralde Historikoei dagozkien ahalmenei kalterik eragin gabe».

Gorago aipaturiko ekainaren 15eko 5/1990 Legea onartu zenetik, zenbait aldaketa izan ditu lege horrek, eta Eusko Legebiltzarreko lau legetan jaso dira: ekainaren 19ko 15/1998 Legea, urriaren 4ko 6/2000 Legea, martxoaren 28ko 1/2003 Legea, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legea. Aldaketa horiek hauteskundeei buruzko euskal legea politikaren eta gizartearen egoerara egokitzeko egin dira, indarrean zen legediarekin bat jarriz. Gaur egun, ekainaren 15eko 5/1990 Legea indarrean sartu zenetik izan diren autonomia-erkidegoetako hauteskunde-prozesuen ondorioz ikasitakoak, oinarrizko zenbait gairi dagokienez Hauteskundeei buruzko gure Legeari eragiten dion 5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Estatuko Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzkoa, hainbat aldiz aldatu izanak, eta orobat Konstituzio Auzitegiaren doktrinak eta Hauteskunde Administrazioak proposatutako gomendioek garbi utzi digute erabat komeni dela lege hori aldatzea.

Ekainaren 15eko 5/1990 Legean egin beharreko aldaketak jarraian aipatzen diren kontuen ingurukoak dira, eta duten garrantziagatik, xehekiago azalduko dira.

II

Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organiko horretan egindako azkeneko aldaketek Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeari eragiten diote, eta, aipatu legea egokitu beharra eskatzen dute; izan ere, ez datoz lege horren artikuluetan esaten direnekin bat, eta lege horrek kontuan hartu ez dituen gai berri batzuk arautzen ditu.

Zehazki esanda, urtarrilaren 28ko 2/2011 Lege Organikoak, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Legean oinarrizko eta ez-oinarrizko artikulu batzuk zenbait kontu tekniko eta hobekuntzakoei dagokienez aldatzekoak, areagotu egiten du eskualdeko hauteskunde batzordeen aurrean Hauteskunde Batzorde Zentralak doktrina bateratzeko duen ahalmena, eta jarrera hori lege honetan islatu da Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari ahalmena indartuz eskualdeko batzordeen erabakien gainetik. Era berean, erreforma hartatik lege testu honetan sartu da hauteskunde batzordeek hauteskunde aldian eta handik kanpo errekurtsoak ebazteko epeen zehaztapena. Lege honetan garrantzi handiagoko beste arlo batzuk ere jasotzen dira, ondorengo gaiekin zerikusia dutenak: mahaiak eratzea, Eusko Jaurlaritzaren kanpaina instituzionala, hauteskunde-kanpainan eta kanpaina-aurrean publizitatea eta propaganda egitea, hedabide pribatuetan hauteskundeei buruzko informazioa ematea, bozketako eta botoak zenbatzeko prozesua, eta hauteskundeetako bigarren aurrerakina ordaintzea.

Hauteskunde-mahaiak eratzeari dagokionez, hauteskunde-mahaiko kide izateko adina hirurogeita hamar urtera arte luzatu da, baina hautesle horientzat ez da nahitaezkoa izango kide izatea. Era berean, mahaiko kide izatea egokitu eta aitzakiaren bat jarri duenari ukatu egiten bazaio arrazoia, eskualdeko hauteskunde-batzordeek ukatzeko arrazoiak zein diren labur azaldu beharko dute.

Lege honen xedapen-zatian kanpaina instituzionala mugatzen da hainbat gairi buruz informazioa ematera, herritarrei botoa emateko eskubidearen eta hauteskunde-prozeduraren gainean, aipatutako urtarrilaren 28ko 2/2011 Lege Organikoaren edukian egindako egokitzapenak tarteko. Hauteskunde-kanpainei dagokienez, esan beharrekoa da hobetu egin dela hauteskundeei buruzko lege autonomikoaren 71. artikuluaren idazkera, argi eta garbi bereiztu baitira hauteskunde-kanpaina eta kanpaina-aurrea; hori dela eta, hauteskundeei buruzko propaganda kanpainak dirauen artean baino ezin izango da egin. Ondorioz, kanpaina-aurrean debekaturik egongo dira publizitatea jartzea eta propaganda egitea, kartelen bidez edo prentsa eta irratietan halakoak sarturik. Horren helburua da informazioa sustatzea eta alderdi politikoen artean eztabaida programatikoa areagotzea, eta gainera, kostuak gutxiagotzea. Murrizketa horretan sakontzen da, % 20 jaisten baita hautagai-zerrendak egin dezaketen gastua hauteskunde-propaganda egiteko, hauteskunde-kanpainaren barruan kartelak jarriz baimendutako eremu komertzialetan.

Hedabide pribatuetan hauteskundeei buruzko informazioa zabaltzeari dagokionez, hedabide horiek hauteskunde-kanpainan bete beharreko arau eta printzipioak zehaztu dira, hain zuzen ere hedabide publikoentzat araututakoaren ildotik, eta hori guztia Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak kontrolatuko du.

Aipamen berezia merezi dute bozkatzeko aukeretan izandako aldaketek; izan ere, legeak aurreikusten du ikusmen-arazoak dituztenek berenez eta erraztasunez bozkatu ahal izate aldera Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan erregulatuta dagoen prozedura aplikatzea Eusko Jaurlaritzak. Horrez gainera, hautesleek zuzenean sar dezakete boto-papera hautestontzian; orain arte, hauteskunde-mahaiko buruak soilik sar zezakeen.

Hauteskundeetako bigarren aurrerakina eta hauteskundeetako diru-laguntzak ordaintzeari dagokionez, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordeak hala erabakitzen badu, hautagaiak erakutsi beharko du legebiltzarkide kargua benetan hartu dela eta kargu horretan benetan diharduela.

III

Lege honetan Konstituzio Auzitegiaren doktrina eta Hauteskunde Administrazioak proposatutako oharrak sartzeak suposatzen du kontuan izan behar dela, hala Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 1eko 149/2000 epaia, hauteskunde-batzordeetako administrazio-jardueraren legezkotasunaren kontrol judizialari buruzkoa, nola Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen erabakiak, hauteskunde-legearen hautaezintasun-arrazoiei buruzko hainbat alderdi argitzearen gainekoak. Horrekin batera, kontuan hartu da Hauteskunde Batzorde Zentralak hauteskunde-garaian aginte publikoek egiten dituzten kanpaina instituzionalen helburuen eta mugen inguruan esandakoa, eta baita Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordeak egindako iradokizuna ere, kanpaina horien inguruan zehapen-araubide bat egotea eskatzen baitzuen. Esandakoaren ondorioz, hauteskunde-garaian erakundeek ezin izango dute kanpainarik egin aginte publikoek lortutakoei edo egindako lanei buruz, ez eta obra edo zerbitzurik inauguratu ere, nahiz eta haiek funtzionamenduan hasteko aukera izan garai horretan. Azkenik, mahaiaren boto-kontaketari dagokionez, argitu egiten da zein kasutan kontsideratu behar den boto bat baliogabea, martxoaren 15eko Hauteskunde Batzorde Zentralaren 1/2012 instrukzioari jarraiki.

IV

Hautatua izateko ezintasunari dagokionez, beste bi arrazoi gehitu dira, zeinek eragiten baitiete euskal sozietate publikoetan edo nagusiki horien parte-hartzea duten sozietateetan lehendakari, zuzendari nagusi, gerente edo pareko beste edozein kargu dutenei, bai eta Euskal Irrati Telebista erakunde publikoko zuzendari nagusiari, erakunde hori osatzen duten sozietate publikoetako zuzendariei eta organikoki sozietate horietan kokatzen diren komunikabideetako zuzendariei. Hori guztia bat etorriko da Estatuko, foru-aldundietako edo udaletako sozietate publikoetan pareko karguak dituztenek hautatuak izateko ezintasunarekin, edo RTVE korporazioaren lurralde-ordezkariek hautatuak izateko ezintasunarekin bat, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legean biltzen baita.

Bestalde, lege honetan hautaezintasunen zerrendan egiten diren aldaketen artean, hautagarri gisa definitzen dira Lan Harremanen Kontseiluko presidentea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzendariordea eta lurralde-ordezkaria, indarrean dagoen Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak funtzionarioen arteko izendapen askeko lanpostu gisa hartzen dituelako.

Bateraezintasunei dagokienez, ez dira legebiltzarkide-karguarekin bateragarriak Lan Harremanen Kontseiluko presidentea eta Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluko kideak, salbu eta Eusko Legebiltzarreko kide izanik Legebiltzarrak eginkizun horretarako izendatu dituenak.

Indarrean den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ildotik, beste batzuen artean, emakumeen aldeko zenbait ekintza positibo jaso dira, Autonomia Erkidegoko hauteskunde-prozesuetako berdintasunari begira; izan ere, hauteskunde-mahaietan egon beharra izatetik salbuesteko arrazoi gehiago zehaztu dira: haurdunaldian aurrera eginda eta edoskitzaroan egotea.

Lege honetan jasotzen den beste hobekuntza tekniko bat da ekainaren 15eko 5/1990 Legean pezetatan ematen ziren kopuru guztiak eurotara bihurtzea, eta gainera, bihurtze hori euro konstantetan egin da. Gainera, hauteskunde-dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez betetzea onartzen da, baita aldatu diren zenbait organismoren eta erakunderen izenak eguneratu beharra ere.

V

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen xedapen-atalean aldaketa batzuk erantsi zaizkio bi xedapen gehigarriri. Lehen xedapen gehigarriak euro konstanteetan eguneratzen ditu lege honen 151.1 eta 2. artikuluan aurreikusitako hautagaientzako diru-laguntzen zenbateko guztiak. Eta bigarren xedapen gehigarriak gaitasuna ematen dio Eusko Jaurlaritzari erakustaldi eta proba pilotuak egin ditzan, bozkatu, botoak zenbatu edo hauteskunde-mahaiak kudeatu ahal izateko beste sistema elektroniko batzuekin, etorkizunean horiek abian jartzea komeni den edo ez ikusteko.

Era berean, lehen xedapen iragankorrak, kontuan izanda krisi ekonomikoko garai batean bizi garela, hauteskunde-garaian egin dezaketen gastuari murrizketa nabarmena jarri die hautagai-zerrendei; eta bigarren xedapen iragankorrak, berriz, hautagai-zerrendei boto kopuruaren, jarlekuen eta hauteskunde-barrutiaren arabera eman beharreko diru-laguntzak izoztea proposatu du, eta beste horrenbeste egiten du hauteskundeei buruzko publizitatea eta propaganda bidaltzeko diru-laguntzari dagokionez. Murrizketa horiek guztiak indarrean sartuko dira 2012. urtearen ondoren egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

Azkenik, azken xedapenetako lehenengoan, Eusko Jaurlaritzari gaitasuna ematen zaio erregelamendu bidez gara dezan ezintasunen bat duten pertsonek nola hartuko duten parte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bereizkeriarik jasan gabe; hau da, pertsona horiek bozkatu ahal izateko baldintza zehatzak arautuko ditu irisgarritasunari dagokionez».

Halaber, lehen aipatutako abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.b) artikuluan xedatzen denez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Zuzenketa egiteko eskaria, testua argitaratzeko agindua eman duen organoak egingo du.

Era horretako hutsak aurkitu dira abenduaren 23ko 11/2015 Legean bertan, zeinaren bidez Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzen baitzen (2016ko urtarrilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 3. zk.). Hori dela eta, dagokion zuzenketa egiten da hemen:

2016/34 (18/14) orrialdean, artikulu bakarraren barruan,

Honako hau dioen lekuan:

Berrogeita bost.– 1.b apartatua eransten zaio 128. artikuluari, testu honekin:

«1.b Hauteskunde-barrutiko boto-kontaketaren akta euskarri digitalean emango zaie hauteskunde-zerrenden ordezkariei dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordearen aurrean».

Honela esan behar du:

Berrogeita bost.– 1 bis apartatua eransten zaio 128. artikuluari, testu honekin:

«1 bis Hauteskunde-barrutiko boto-kontaketaren akta euskarri digitalean emango zaie hauteskunde-zerrenden ordezkariei dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordearen aurrean».

2016/34 (18/15) orrialdean, artikulu bakarraren barruan,

Honako hau dioen lekuan:

Berrogeita hamaika.– V. tituluko XI. kapituluaren numerazioa eta izenburua honela geratzen dira:

«X. KAPITULUA
POSTA BIDEZKO BOTOA ETA ATZERRIAN BIZI DIREN EGOILIARRENA»

Honela esan behar du:

Berrogeita hamaika.– V. tituluko XI. kapituluaren numerazioa eta izenburua honela geratzen dira:

«XI. KAPITULUA
POSTA BIDEZKO BOTOA ETA ATZERRIAN BIZI DIREN EGOILIARRENA»

2016/34 (18/15) orrialdean, artikulu bakarraren barruan,

Honako hau dioen lekuan:

Berrogeita hamabi.– 132.octies artikulua honela numeratuta eta idatzita geratzen da:

«132 bis artikulua

1.– Bozketa-egunean hautesleek aurreikusiz gero boto eskubideaz baliatzea dagokien herrian ez direla egongo edo ezingo direla bertaratu, postaz eman dezakete botoa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Hauteskundeen deialdia egin eta haiek izan arte atzerrian aldi baterako daudenek posta bidezko botoa eman dezakete, berme guztiekin, aipaturiko lege organikoaren 74. artikuluan ezarritakoaren arabera eta hori garatzen duen indarreko hauteskunde-araudian ezarritako prozeduraren arabera».

Honela esan behar du:

Berrogeita hamabi.– 132 octies artikulua honela numeratuta eta idatzita geratzen da:

«132 octies artikulua

1.– Bozketa-egunean hautesleek aurreikusiz gero boto eskubideaz baliatzea dagokien herrian ez direla egongo edo ezingo direla bertaratu, postaz eman dezakete botoa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Hauteskundeen deialdia egin eta haiek izan arte atzerrian aldi baterako daudenek posta bidezko botoa eman dezakete, berme guztiekin, aipaturiko lege organikoaren 74. artikuluan ezarritakoaren arabera eta hori garatzen duen indarreko hauteskunde-araudian ezarritako prozeduraren arabera»

2016/34 (18/15) orrialdean, artikulu bakarraren barruan,

Honako hau dioen lekuan:

Berrogeita hamahiru.– 132 ter artikulua eransten da, honela idatzita:

«132 ter artikulua

Egoiliar absenteen hauteskunde-erroldan inskribatuta egonik atzerrian bizi diren hautesleek, aldez aurretik eta modu presentzialean erabili ahal izango dute botoa emateko eskubidea, kontsuletxera joan eta hango bulego edo sailetan hartarako jarritako hautestontzian botoa eta beharrezkoa dokumentazioa utziz, edo posta bidez bozkatuz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 75. artikuluan ezarritakoaren arabera».

Honela esan behar du:

Berrogeita hamahiru.– 132 nonies artikulua eransten da, honela idatzita:

«132 nonies artikulua

Egoiliar absenteen hauteskunde-erroldan inskribatuta egonik, atzerrian bizi diren hautesleek aldez aurretik eta modu presentzialean erabili ahal izango dute botoa emateko eskubidea, kontsuletxera joan eta hango bulego edo sailetan hartarako jarritako hautestontzian botoa eta beharrezkoa dokumentazioa utziz, edo posta bidez bozkatuz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 75. artikuluan ezarritakoaren arabera».


Azterketa dokumentala