Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2016ko urtarrilaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
109

AGINDUA, 2015eko abenduaren 23koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, enpresen I+G Hazitek programa 2016ko ekitaldirako arautzen eta deitzen duena.

Euskal erakundeek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu tinkoa egin dute denboraren joanean, beti enpresen hobekuntza lehiakorrari eta ongizate ekonomikoaren eta sozialaren sorkuntzari laguntzeko ikuspegiarekin. Halere, asko dira azken hamarkadan esparru honetan izandako aldaketak, eta honek egokitzapen-prozesu bat ekarri du hainbat alorretan eta beharrezko bilakatzen ditu I+Gari laguntza emateko programak.

Egokitzapen-prozesu jarraitu hori hainbat eratan mamitu da. Batetik, Europatik sustatutako Euskadiko RIS 3 espezializazio adimentsuko estrategia definitu eta ezarri da. Bestetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Plana ere abiarazi da; hartan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrordenatzeko prozesua dago jasota. Prozesu hori bikaintasun-, espezializazio- eta hurbiltasun-ardatzetan oinarrituz sortu da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan irudikatu da.

Era berean, kontuan hartu dira Europako Horizonte 2020 esparru-programaren abiaraztea eta, I+G enpresentzako aurreko laguntza-programen kudeaketan, ebaluazioan eta segimenduan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azken urteotan erdietsitako esperientzia.

Faktore horiek guztiek nabarmendu egiten dute I+G enpresei laguntza emateko programa berri bat diseinatzeko beharrizana. Horregatik, enpresen I+Gari laguntza emateko Hazitek programa berriak bat egiten du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Plan berriarekin –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta egongo diren, modu jasangarrian hazteko gai izango diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai izango diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatzeko.

Hala, enpresen I+Gari laguntza emateko programa berriaren ikuspegia ezagut daitezkeen arauetan dago oinarriturik. Arau horiek programaren diseinua bideratzen dute, eta loturik daude espero den inpaktuarekin, eskaintzen duten laguntzaren orientazioarekin eta funtzionamendu operatiboarekin.

Enpresen I+Garen bitartez euskal industria indartzea da programaren azken buruko helburua, euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasuna modu erabakigarrian bultzatuz eta inpaktu ekonomiko esanguratsua izateko ahalmena duten emaitzak sorraraziz. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio estrategikoko esparruei eta merkatutik hurbilen dauden I+Garen faseei laguntza kontzentratua eman behar zaie. Horrek guztiak lan- eta lankidetza-dinamika eraginkorrak ditu euskarri, produktu, prozesu eta zerbitzu erako emaitzak lortzea ahalbidetuz. Emaitza horien ustiapen komertzialak ahaleginak sostengatzeko eta apustu berriak egiteko gai diren baliabideak sortu behar izango ditu.

Arau horiekin, Hazitek programa berria konfiguratu da, eta bi laguntza-lerro ezberdin uztartu ditu arau bakarrean:

– Batetik, izaera lehiakorreko I+G proiektuei laguntza emateko lerro bat du, produktu berrien garapenera nahiz oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzera bideratutako proiektuak sustatzea helburu duena. Produktu berrien garapenera bideratutako proiektuak produktu originalak garatzean datza, badaudenak hobetuz merkatu eta gizartearen eskaria hobeto asetzeko.

– Bestetik, izaera estrategikoko I+G proiektuak garatzen laguntzen du programa honek. Proiektuok enpresa-lidergoan eta Euskadiko gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzean dute sorrera, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan lankidetzan zein bakarka gauzatu daitezke.

Proposatutako berrikuntzaren dimentsio globalak eta enpresen banakako helburuak eta, bereziki, Euskadiko ekonomian trakzio- eta nazioartekotze-efektua izateko I+Gan egin beharreko inbertsioaren intentsitateak definitzen dituzte izaera estrategikoko proiektuok.

Hala, laguntza-lerro honen bitartez, ikerkuntza industrialeko, esparru estrategikoetako eta dimentsio eta irismen zientifiko eta tekniko handiko garapen esperimentala finantzatu nahi da. Etorkizunerako jarduera-eremu estrategiko eta teknologikoetan gauzatzeko ikerkuntza planifikatu batera daude bideraturik laguntza-lerrook.

I+G+B arloko estatu-laguntzei buruzko EBren araudiak aldaketa batzuk izan ditu oraintsu: izan ere, 2014ko uztailaren 1ean, indarrean jarri dira ikerkuntza, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparrua (EBAO, C198, 2014-06-27) –aurrerantzean, I+G+B erkidego-esparrua– eta 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014-06-26).

Testu biek –I+G+B erkidego-esparruaren 127. puntuak eta 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorrak– laguntzak EBko araudi berriari egokitzera derrigortzen dituzte Estatu kideak.

Hala, agindu hori dela bide, 2016ko ekitaldian, Hazitek Programa egokitu egiten zaio aipatutako 651/2014 (EB) Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014-06-26) –aurrerantzean, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorra–.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) ekarpenak egin ditzake programa hau finantzatzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hazitek Programaren oinarri arautzaileak jasotzen dituen I. eranskineko baldintzei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen I+G+Bren laguntza-programaren deialdi hau onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraikiz, ebazpen honetan bildutako laguntzak emateko, Autonomia Erkidegoko 2016. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Oinarriek prozedurari dagokionez aurreikusten ez dituzten kasuetan, urriaren 1eko 40/2015 Legea –sektore publikoaren araubide juridikoari buruzkoa– ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
HAZITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak burutzeko laguntza ez-itzulgarrietan datzan laguntza-araubidea garatzea du xede agindu honek. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira.

Laguntza-araudi honek kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko 25. artikuluari heltzen dio –651/2014 (EE) Erregelamendua– eta, agindu honen xedeetarako, aipatutako kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetako definizioan ezarritakoa hartzen da ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaltzat.

2. artikulua.– Iraupena.

Laguntza-programa hau 2016ko ekitaldi osoan egongo da indarrean.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluaren xederako bideratutako diru-baliabideak hirurogeita zortzi milioi (68.000.000,00) euro izango dira. Zenbateko horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan Hazitek Programari esleitutako aurrekontu-kredituetan izango du jatorria, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) ere ekarpenak egingo ditu programa finantzatzeko.

Agindu honetako 6. artikuluan definitutako proiektu-tipologien arabera, 38.000.000,00 euro bideratuko dira izaera lehiakorreko I+G proiektuak finantzatzera, eta 30.000.000,00 euro izaera estrategikoko proiektuak finantzatzera –8.000.000,00 euro 2016. urtean, 12.000.000,00 euro 2017. urtean eta 10.000.000,00 euro 2018. urtean–.

2.– Izaera lehiakorreko I+G proiektuen kasuan, oinarri teknologiko edo zientifikoa duten enpresen abiarazte-proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera lehiakorreko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 10.

3.– Izaera estrategikoko I+G proiektuen kasuan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan garatutako eta hiru lehentasun estrategikoetan ez jasotako proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 20. Era berean, izaera bereziko proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 20.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Programa honetan aurreikusitako diru-laguntzen entitate onuradunak honako hauek izan daitezke:

a) Enpresak: enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat joko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien forma legala edonolakoa dela ere.

c) Oinarri zientifiko edo teknologikoko enpresa berrien abiarazte-proiektuen kasuan (agindu honen 6. artikuluan definitutakoak), onuradunak izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak ere, akreditatu egiten baititu 109/2015 Dekretuak, ekainaren 23koak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen konposizioa arautu eta eguneratzekoak.

2.– Ez dira onuradun izango:

a) Administrazio publikoekin lotutako edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten erakunde eta sozietate publikoak, hala nola administrazio instituzionalarenak, zeinahi dela ere administrazioa.

b) Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz, krisian dauden enpresak (EBAO, C 249, 2014-07-31).

c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo erakundeak.

3.– Laguntza hauek eskuratu ahal izateko baldintzek bere horretan iraun behar dute onartutako diru-laguntzaren likidaziora arte.

5. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

Entitate onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza edo ekoizpen-instalazio bat.

b) Diruz lagun daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea.

c) Erakunde onuradunek bere nortasun juridikoa eta bere kabuz jarduteko gaitasuna izan behar dituzte nahitaez, eta ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

e) Erakunde onuradunek Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak zeintzuk diren jakitun izan beharko dute. Horri dagokionez, esandako betebeharrak beteak direla behar bezain maiz egiaztatuko du, automatikoki, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, erakundeek berariazko baimenik eman beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorra onetsi zuen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.

Araubide honen helburua diruz lagun daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.

a) Izaera lehiakorreko I+G proiektutzat joko dira ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektu-tipologia hauek:

1) Produktu berriak garatzeko proiektuak.

2) Zientzian eta teknologian oinarritutako enpresa berriak sortzeko proiektuak.

b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G+B jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu originalak eta existitzen direnak baino hobeak garatzera argiro bideratuak. Horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskaria hobeto asetzea izan behar da, edo merkatura daitekeen ezagutza erabili edo sortzera argiro egon behar dira bideraturik, honako elementu hauek uztartzen dituzten enpresak sortzeko asmoarekin:

1) Ezagutza zientifiko edo teknologiko maila altua eskatzen duten produktu eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduera edo komertzioaren garapena.

2) I+G+B jarduera ugariren garapena.

3) Jabetza intelektualari buruzko eskubideen erabilera, bai enpresak berak sortuak, bai negozioko gako-abantaila lehiakortzat esklusibotasun-lizentzien bitartez eskuratuak.

4) Enpresaren garapenean, goi-mailako prestakuntza zientifiko eta teknologikoa duen langileriaren partaidetza aktiboa.

c) Existitzen diren produktuak hobetzera bideratutako proiektuek edo produktu berritzat jotzeko nahikoa berritasun-mailarik ez duten produktuak garatzekoek ez dute «produktu berriak garatzeko proiektu» izendapena izango. Ez dute diru-laguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.

2.– Sektore estrategikoetako ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerkuntza eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar izango dute, Euskadiko ekonomian trakzio-efektua eraginez eta ETEen esku-hartzeari eta 2020 Ostertza Programari mesede eginez.

b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak sortu eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak integratu ere. Hori guztia lanpostuak sortzera eta euskal enpresa-ehundura dibertsifikatzera bideraturik egon beharko da, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

7. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak.

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.

a) Diruz lagun daitezkeen proiektu hauen jokaeremu zientifiko eta teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.

b) Diruz lagun daitezkeen proiektuak bi eratara eska daitezke: banaka, edo lankidetzan bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Ituneko 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.

Euskadin kokatutako enpresa batek edo gehiagok, Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan, estatuz haraindiko lankidetza-proiektuetan parte hartzen dutenean (Eranet proiektuen kasuan, konparazio batera), lankidetza-proiektutzat joko dira agindu honen xedeetarako. Eranet ekimenak Horizonte 2020 programaren esparruaren barruan daude.

c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez, 100.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu behar izango du eta, lankidetza-proiektua bada, lankide den enpresa bakoitzak, gutxienez, 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko du.

d) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.

e) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, gutxienez bost urtez.

f) Oro har, erakunde onuradunak ezin izango die hirugarrenei ordaindu laguntzan jasotako diruaren % 50 edo gehiago jarduera kontratatua egin dezaten. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baimendutako diru-laguntzen kasuak; izan ere, oso arlo espezializatuak dira eta ezinezkoa da erakunde onuradunek, beren baliabideekin soilik, jarduera horiek burutzea.

2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagun daitezkeen proiektuon jarduera-esparru estrategiko zientifiko eta teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean/Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS 3) ezarritako lehentasun hauen barruan egongo dira gehienbat:

1) Energia.

2) Manufaktura aurreratua.

3) Biozientziak/osasuna.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren/Espezializazio Adimentsuaren (RIS 3) hiru lehentasun hauen barruan ez dauden jokaeremuak dituzten eta aukera-hobietan jasotako esparruetan garatzen diren diruz lagun daitezkeen proiektuek ezin izango dute eduki agindu honen 3.3 artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez lau milioi eurokoa eta gehienez hiru urteko irauten duena; hau da, 2016, 2017 eta 2018ko ekitaldiak hartu ahal izango ditu.

c) Proiektuak enpresa-partzuergoek garatuko dituzte lankidetzan. Partzuergo horiek, gutxienez, hiru enpresaz osaturik egon behar dute eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dira lankidetzan azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu, kontratista nagusitzat, proiektua zuzentzeko lidergoa eta partzuergoaren ordezkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin proiektuak era egokian aurrera egiteko beharrezko diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez arduratuz.

2) 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. puntuko definizioaren arabera, beharrezkoa izango da, gutxienez, ZTBESko agente batek aipatutako partzuergoko enpresa baten edo gehiagoren azpikontratatutzat parte hartzea. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.

3) Partzuergoko parte den enpresa batek ezin izango du partzuergo bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

d) Programa honen izaera estrategikoko proiektuen linean aurkeztutako proiektu batek artikulu honetako c) puntuko 1. eta 2. zenbakietan jasotako ezaugarrietako batekin bat egiten ez badu, era berezian garatutako proiektutzat hartuko da. Proiektu hauek berezitzat jo daitezke; dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 3.3 artikuluan adierazitakoa baino diru-esleipen handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

e) Programa honek barne har ditzakeen proiektuak zeintzuk diren zehazteko, arreta berezia jarriko zaie oinarrizko baldintza hauei:

– Euskadirentzako interes estrategikoa.

– Enpresa-lidergoa.

– Enpresek I+G+Bn egindako inbertsioaren intentsitate garrantzitsua.

– Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

– Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.

f) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.

g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez.

h) Oro har, erakunde onuradunak ezin izango die hirugarrenei ordaindu laguntzan jasotako diruaren % 50 edo gehiago diruz lagundutako jarduera buru dezaten. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baimendutako diru-laguntzen kasuak; izan ere, oso arlo espezializatuak dira eta ezinezkoa da erakunde onuradunek, beren baliabideekin soilik, jarduera horiek burutzea.

8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko –651/2014 (EB) Erregelamendua– 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.

a) Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 3 mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak, eraldatuak edo hobetuak prestatzeko. TRL 6 mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko –651/2014 (EB) Erregelamendua– 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek dira diruz lagun daitezkeen jardueren diruz lagun daitezkeen gastuak:

a) Langileen kostu zuzenak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.

b) Zeharkako kostuak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 zirkularraren araberako kostu sinplifikatuen sistema eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67.1. eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritakoak aplikatuz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da diruz lagun daitezkeen pertsonalaren kostu zuzenen % 15.

c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidea eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioa barne), kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera. Zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiliko dira eta kanpo-hornitzaileei erositakoak izango dira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko hartarako akreditatutako agenteak azpikontratatzearen ondoriozko gastuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.

e) Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera, proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak; haien artean, barne hartu ahal izango da diru-laguntzaren justifikazioko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, erakunde onuradun eta urteroko bakoitzeko.

f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.

g) Ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean hartutako ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen gastuak).

h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen gastuak: ikerkuntza-jardueretan soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, doan emanda lortu direnean salbu.

i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) letretan aipatutako gastu diruz lagungarriak kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.

10. artikulua.– Laguntzen izaera, emateko prozedura eta mugak.

1.– Eman beharreko laguntzak itzuli ezin daitezkeen diru-laguntzak dira, eta publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiz emango dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira agindu honetan aurreikusitakoaren arabera hautagai izateko beharrezko dena betetzen duten eskaerak.

Proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko, 4. letran aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.

Deialdia finantzatzera bideratutako zenbateko osoa ez bada nahikoa aurreko lerrokadako baldintzetan eskaera guztiei aurre egiteko, onuradunen artean proportzionalki hainbanatuko da diruz lagun daitezkeen proiektuen kategoria bakoitzeko diru-laguntzetara bideratutako zenbateko osoa. Horretarako, kontuan hartuko da proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuazioa.

3.– Diru-laguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Izaera estrategikoko proiektuen kasuan, berriz, hainbat urtean behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, 3 ekitalditarako izango dira.

4.– I+G+B jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (diru-laguntza ez-itzulgarriak), eta 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, onetsitako diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira, gehienez:

a) Ikerkuntza industrialeko edo izaera lehiakorreko teknologia-garapeneko proiektuen kasuan:

1) Oro har: diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

2) Estatuz haraindiko lankidetzako Eranet proiektuetarako, gehienez, gastu diruz lagungarrien % 30, baldin eta enpresa batek ere ez badu gastu diruz lagungarrien % 70 baino gehiago bere gain hartzen.

3) Edonola ere, diru-laguntza ez-itzulgarri hau gehienez 250.000 eurokoa izango da urteko eta erakunde onuradun bakoitzeko.

b) Ikerkuntza industrial edo izaera lehiakorreko garapen teknologikoko proiektuen kasuan:

1) Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 40, gehienez.

2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunek beste diru-laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, diru-laguntzen izaera edo beroiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein dela. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Proiektu berari emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu, berak bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin bateratuz, aurreko paragrafoko jarduera-kostua edo mugak inola ere gainditu, eta erakunde onuradunek jakinarazi egin beharko dizkiote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari. Kasu horietan, agindu honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, gehiegizko kopurua adina.

12. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– 651/2015 salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

2.– Era berean, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, erakunde arduradunek txosten bat egingo dute urtero, laguntza-erregimen honen aplikazio eta garapena xehatuz.

3.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin sustagarria bermatzeko, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak eskaera egin ostean abiarazi behar izango dira.

13. artikulua.– Eskaerak eta agiri osagarriak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2016ko martxoaren 18an bukatuko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei heltzeko eskaerak eta agiri osagarriak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzara bidali behar izango dira, eta zuzenean nahiz Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legean aurreikusitako bideetako baten bitartez aurkeztu behar izango dira udalaren auzo-bulegoan (Zuzenean). Gainera, webgune honetan bete ahal izango dira: https://www.spri.es/idi/idi

3.– Eskabidearen eta inprimakien ereduak Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak emango ditu, edo webgune honetan egongo dira eskuragarri: https://www.spri.es/idi/idi

4.– Lankidetza proiektuetan, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzerako.

Ondorioz, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko asmoz, proiektuko partaide diren enpresetako batek hartu behar izango ditu bere gain administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, bai interes teknologikoagatik, edo bai kontratista nagusia delako eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa duelako. Hala, proiektua bide onetik doala bermatuko du, eta berorren zuzendari eta partzuergoaren ordezkari izango da eta, beraz, proiektuaren lider ere izango da.

Egoera hau berariaz adierazi behar izango du enpresa liderrak eskaeran eta, beraz gain, gainerako enpresa partaideek ere izenpetu behar izango dute. Gainera, bai enpresa liderrari eta bai gainerako enpresa partaideei, ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, enpresa partaide bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek beste erakunde europar batzuekin burututako estatuz haraindiko lankidetzako Eranet proiektuen kasuan, EAEn kokatutako enpresek izango dute eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.

5.– Proiektu bakoitzaren eskaera egitean, ondoko dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Proiektuko enpresa liderrak aurkeztu beharrekoa:

1) Enpresa liderrak eta gainerako enpresa partaideek izenpetutako eskaera-idazkia. Eranet proiektuen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak edo enpresek soilik izenpetu behar izango dute.

2) Proiektuaren memoria tekniko eta ekonomikoa, paperezko euskarrian eta elektronikoan.

3) Izaera estrategikoko proiektuen kasuan, partzuergoa eratzeko hitzarmena; hartan, gutxienez, honako aspektu hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industriala eta intelektuala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.

b) Proiektuko partaide diren enpresa guztiek aurkeztu beharrekoak, enpresa liderra barne:

1) Proiektuan parte hartu izana ziurtatzen duen agiria.

2) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskripzioko memoria.

3) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

4) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.

5) Zinpeko aitorpena, honako hauek ziurtatzeko:

– ETEa bada, haren ezaugarriak bat datozela Europako Erkidegoko arauei jarraiki jasotzen den ETEaren definizioarekin. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat joko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

– Ez daudela administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.

– Enpresa handi edo ertaina izatekotan, ez dagoela berregituraketa-fasean eta, hala bada, Europako Batzordeari dagokion berregituraketa-laguntza jakinarazi zaion.

– Proiektu berarentzat beste erakunde publiko zein pribatu batzuetan onartu edota eskatu diren laguntzak.

– Enpresa handia izatekotan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.

– Eskabidea egiten duen entitateari dagokionez, administrazio-zehapenik edo zehapen penalik duen ala ez egiaztatzeko deklarazioa, zeinak diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten duen; eta bai aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat ez izateari buruzko deklarazioa ere. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera, sexuaren inguruan egindako diskriminazioren ondoriozkoak ere aipatu galarazpenen barruan sartu behar dira.

– Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta Merkatu Erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki ondoren, enpresa eskatzailea ez dela berreskuratze-agindu baten menpe dagoen enpresa edo erakunde bat.

6) Laguntzaren eragin sustagarriaren adierazpena.

6.– Izaera lehiakorreko banakako proiektuen edo proiektu berezien kasuan, 7.2.d) artikuluan definiturik dagoen moduan, honako agiri hauek aurkeztu behar izango dira:

a) Enpresak aurkeztu beharrekoak eta, hala badagokio, proiektuko liderra den enpresak:

1) Enpresak izenpetutako eskaeraren inprimakia eta, liderra bada, parte hartzen duten gainontzeko enpresek ere izenpetua.

2) Proiektuaren memoria tekniko eta ekonomikoa, paperezko euskarrian eta elektronikoan.

3) Hala badagokio, partzuergoa eratzeko hitzarmena; hartan, gutxienez, aspektu hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.

b) Enpresa eskatzaileak aurkeztu beharrekoak eta, hala badagokio, liderra den enpresak ere bai:

Gainerako proiektuetarako eskatutako agiri berak, artikulu honetako 5.b) letran adierazi moduan.

7.– Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasun Sailak, edo, horren ezean, Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.-k (SPRI) –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzerakoan entitate laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezazkiekete eskabidea egiten duten enpresei: aurkeztutako eskabidea egokiro ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

8.– Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozedura bideratzeko, erakunde eskatzaileek ez dute beharrik izango organo eskudunak badituen agiriak aurkezteko, eta eskabidean adierazi egin beharko dute hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik zenbatzen hasita bost urte igaro ez badira. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

9.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.-rekin (SPRI) ahoz zein idatziz mantentzen dituzten harremanetan, pertsona fisikoek, enpresek, fundazioek eta enpresa-elkarteen ordezkariek bermaturik izango dute beren hizkuntza, euskara nahiz gaztelania, erabiltzeko eta arreta hartan jasotzeko eskubidea.

14. artikulua.– Eskaeren onarpena eta zuzenketa.

1.– Eskabidea oso-osorik beteta etorri ezean, edo agindu honetan exijitutako gainerako agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzea edo manuzko agiriak aurkeztea. Hori egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, aldez aurretik erabaki horri buruzko ebazpena emango baitu Teknologia eta Estrategiako zuzendariak, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen 71.1 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

2.– Lankidetzan burutu beharreko proiektuak direnez gero, ekintza hau proiektuko lidergoa bere gain hartu duen enpresarekin egingo da.

15. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta bai esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio Batzordeko lehendakaria Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da. Kideak izango dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendaria, zeinak lehendakariorde lanak egingo baititu Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeak aurreikusitako kasuetan; Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.-ko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoko ordezkari bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako talde teknikoko pertsona bat, zeinak idazkaritza-lanak egingo baititu. Ahaleginak egingo dira balorazio-batzordearen eraketan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin.

3.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.-ko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak Ebaluazio Organoan aurkeztuko baititu.

4.– Ebaluazio Organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo beren ordezkoak), eta gutxienez gainerako kideetako bat bertan egotea. Ebaluazio Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta idatzi-zati honetan aurreikusi ez den orotan, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legearen II. tituluko II. kapitulua aplikatuko da, osagarri modura.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarri jotzen bada, planetan aldaketak egitea iradoki dakieke erakunde eskatzaileei, zehaztutako helburuetara hobeto egoki daitezen.

16. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Izaera lehiakorreko I+G+B proiektuak, produktu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak hautatzeko, kontuan hartuko dira irizpide hauek:

a) Gako-irizpideak, bakoitzak % 20ko garrantzi espezifikoa izanik:

1) Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuko meritu zientifiko eta teknikoa, erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko gaitasunaren analisia eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzea.

2) Merkatuko arriskua. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek berau erdiesteko duten gaitasuna, produktu berriaren erabilera eta erabilgarritasunaren arabera.

3) Merkataritza-ustiapeneko aurreikuspenak – Inpaktu ekonomikoa. Enpresaren lehiakortasunean, salmentetan, enpleguan etab. izango den inpaktuaren aurreikuspena. Produktua tokiko, Estatuko eta, bereziki, nazioarteko merkatuan merkaturatzeko aurreikuspena.

b) Irizpide gakoak, bakoitzak % 10eko garrantzi espezifikoa izanik:

1) Proiektuan beharrezkoak diren giza baliabideen egokitzapena.

2) Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituratze egokia; hurbilketa tekniko eta zientifiko justifikatua; proiektuaren lehentasunak argiak izatea; planteatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturburuen egokitzapena, eta laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren eragin sustagarria) eta, hala badagokio, genero-ikuspegia barne hartzea.

3) Aurrekontuaren egitura eta banakapena argiak izatea.

4) Proiektuaren planteamenduan ingurumen-aspektuak kontuan hartzea, bai eta EAEn enplegua sortzeko inpaktu potentziala ere.

2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 7.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak:

1) Proiektuko jardueren kalitate zientifikoa eta teknologikoa. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren xedeak ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.

– Proposamena Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS 3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planari egokitzea.

– ZTBESk gauzatutako jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerkuntza-proiektuetan (bukatutakoak nahiz unekoak) aprobetxatzea edo integratzea emaitzak.

– Euskadiko klusterretako sektore eta elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekiko bat-etortzea.

– Proiektuak dakarren berrikuntza-osagaia eta erronka teknologikoa (haren ekarpen zientifiko eta teknikoa artearen egungo egoerarekin alderaturik).

– Proiektua Horizonte 2020 Programan txertatzea.

2) Proiektuak espero dituen emaitzen eragina. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko eta patente eta eduki teknologikodun enpresa berriak sortzeko aukerak.

– Proiektuan partaide diren erakundeek komertzialki ustiatzeko aukerak.

– Merkatuko arriskua. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-analisia.

– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.

– Erakunde partaideak eta oro har Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia nazioartekotzeko ekarpena.

3) Partzuergoaren oreka eta gaitasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Erakunde partaideen kopurua, profila eta elkar osagarriak izatea.

– Erakunde partaideen esperientzia eta haien I+G+B gaitasuna proiektuak jorratutako gaian.

– Proiektuaren buruzagitza eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuz.

b) Irizpide orokorrak.

1) Metodologiaren sendotasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren planifikazioa (atazen egitura, mugarriak, entregagaiak, genero-ikuspuntuaren integrazioa, hala badagokio, eta partaide eta arduradunak).

– Proiektua kudeatzeko sistema.

2) Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako ikerkuntza estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.

– Aurrekontuak xehatua izan behar du proiektuko partaideen eta jardueren arabera.

– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.

c) Lankidetzan gauzatutako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 30eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak; a.3) atalean zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1) eta b.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 10eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak.

Bereziak diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 35eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak, eta b.1) eta b.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 15eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak.

3.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean aukeratuko da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztirako notak goreneko guztirako notaren % 50 edo handiagoa denean eta irizpide bakoitzean lortutako guztirako notak gako-irizpide hauetako bakoitzari dagokion goreneko notaren % 40 edo handiagoa denean.

17. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazio Batzordeak, ezarritako irizpideak kontuan hartuz aurkeztutako eskabideak baloratu eta gero, Teknologia eta Estrategiako zuzendariari prozeduraren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

2.– Ebazpen proposamenak gutxienez honakoak jasoko ditu:

a) Deialdiaren betekizunak bete ez direlako ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda eta, horrekin batera, ezesteko proposamenaren arrazoia.

b) Diruz lagundu nahi diren proiektuen zerrenda, bakoitzean honako hauek adieraziz: proiektua burutzeko epemugak, proposatutako diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa eta erakunde partaide bakoitzari esleitutako laguntzaren zenbatekoa.

18. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenak erabakiko du diru-laguntzak ematen diren edo, hala badagokie, ukatzen diren. Lehenengo kasuan, honako hauek eman beharko da aditzera: emandako guztizko zenbatekoa, erakunde onuradunen identitatea (banakakoak zein lankidetza-proiektuko kideak) eta horietako bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

Ebazpen honekin batera erakunde onuradun bakoitzari helaraziko zaion eranskinean, onetsitako proiektuak adieraziko zaizkio, eta jakinarazi egingo zaizkio burutze-epeak eta espedientea burutu arte egin beharreko urratsak eta deskargu-fasean eman behar den dokumentazioa. Era berean, kasuan kasuko ereduak ere erantsiko zaizkio.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, dagokion laguntzen deialdia argitaratzearen hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Hartutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie entitate interesdunei, bai proiektuko lidergoa bere gain hartu duen enpresari, eta bai proiektuan parte hartzen duen enpresa bakoitzari ere, ezertan galarazi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratzea, denek horren berri izan dezaten.

6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoan ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.

19. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa zuzenean erakunde onuradunei egingo zaie, jarraian azaldu moduan zatikaturik:

1.– Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 70, betiere 20.4.a) artikuluan zehaztu epean berariaz egindako ukorik ez bada.

b) Gainerako % 30 urteko programa bukatu ondoren ordainduko da. Horretarako, gainera, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lurralde-bulegoetan, sail horretan bertan edo Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorreko Sozietatea, S.A.-n (SPRI), diruz lagundutako jarduerak burutu direla eta haien xedeak zenbateraino erdietsi diren egiaztatzea ahalbidetzen duen dokumentazio zurigarria aurkeztu behar izango da.

Proiektuaren justifikazioa amaitutako urtearen ondorengo lehenengo hiruhilekoan egin beharko da, eta diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuz egingo da, proiektuaren kostuen auditoretza-txosten bat eta gainerako beharrezko agiriak barne hartuz eta laguntza-ematearen ebazpenarekin batera erakunde onuradun bakoitzari helaraziko zaizkion argibideei jarraiki.

2.– Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da lehenengo urteari dagokion diru-laguntzaren % 50, betiere 20.4.a) artikuluko zehaztu epean berariaz egindako ukorik ez bada.

b) Lehenengo urterokoaren ordainketa, bai ondorengoena ere, honako hauek baldintzaturik egongo dira: aurretiko dokumentu-justifikazioa, dagokion urteko jarduera burutzea, finkatutako xedeen erdiespen-maila eta egindako gastua. Azken honek, gutxienez, emate-ebazpenean urteroko bakoitzerako onartutako aurrekontuaren bolumena izan beharko du.

Proiektuaren urte bakoitzean egindakoaren justifikazioa amaitutako urtearen ondorengo lehenengo hiruhilekoan egin beharko da eta, gutxienez, diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuz egingo da, proiektuaren kostuen auditoretza-txosten bat eta gainerako beharrezko agiriak barne hartuz eta laguntza-ematearen ebazpenarekin batera erakunde onuradun bakoitzari helaraziko zaizkion argibideei jarraiki.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50ari dagokien aldibereko ordain-agindua egingo da.

c) Azken urterokoari dagokion azken % 50aren ordainketa egiteko, gainera, ekitaldi horretan egindako jardueraren azken kitapena eta proiektuaren betetze globalaren justifikazioa aurkeztu beharko dira, memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituz eta, batez ere, honako hauek adieraziz: egindako jarduerak; erdietsitako emaitza kuantifikatu edo baloratuak; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urteko eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin izandako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren betetzearen txostena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Europar Batasuneko I+G esparru-programan aurkeztutako proiektuen, ondorioen eta abarren zerrendarekin.

d) Laguntza eman ondorengo ekitaldiren batean diruz lagundutako proiektuan jarduten hasi ziren erakundeen kasuan, haiei egindako lehen ordainketa ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainontzeko ordainketei dagokienez, aurreko atalean ezarritako erregimena aplikatuko da.

3.– Laguntzak jaso baino lehen eta aldez aurretik eskatu ondoren, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 13. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.

4.– Erakunde onuradun guztien kasuan, derrigorrezkoa izango da kontu-auditoreen erregistro ofizialean (ROAC) inskribatutako auditoretza-enpresa baten txostena aurkeztea. Onetsitako proiektu bakoitzagatik, auditoretza-txosten bana aurkeztu behar izango dute. Horretarako, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduak (125. BOE, 2007ko maiatzaren 25ekoa) onetsitako jarduketa-araua aplikatuko da.

5.– Egiaz egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo balio frogagarria duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da fakturak edo jatorrizko gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFk lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.

6.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien egiatasuna frogatze aldera. Alde horretatik, laginketa-tekniken bitartez, proiektuen lagin esanguratsua izateko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diruz lagundutako jardueraren guztizkoaren justifikazioko agiriak aurkeztea eskatuko du.

20. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Inbertsio eta gastuak, edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, diru-laguntza eman den urteetan egin beharko dira (gehienez, hiru urte) eta emate-ebazpenean adierazitako epeetan.

2.– Laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek bereizitako kontabilitate-sistema bat izan beharko dute, edo diruz lagundutako proiektuei kargatutako transakzioen kontabilitate-kodeketa egokia.

3.– Erakunde onuradunek nahitaez diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatu behar dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu ere, ezertan galarazi gabe I+G jardueraren zati bat hortik kanpo azpikontratatzeko ahalbidea.

4.– Gainera, entitate onuradunek honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza jarduera jakin batzuetarako esleitu bada, bada horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz-eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak onar ditzakeen, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta, agindu honetan ezarritako moduan, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen berariazko baimena lortu bada.

c) Enpresa handiek laguntza jasotzeko, ezin ukatuzko betebehar dute I+G jardueren izaera osagarria frogatzea, normalean gauzatzen dituztenez gain. Hartarako, nahitaezko izango dute urteko txosten bat aurkeztea, proiektuaren egoeraz beste, laguntzaren izaera sustagarria xehatuz.

d) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari, edo hark izendatutako auditoreari, sarbide osoa ematea proiektuaren garapena eratzen duten lanetara eta hari lotutako gainerako agirietara.

e) Publikoki hedatzeko asmoz egindako dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» agertu beharko da. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Esleitutako diru-laguntzei buruz Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari laguntza eskaintzea egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiterakoan, eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek. Halaber, hala badagokio, zein enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute entitate onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urteko epean.

h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu badira edo jaso, horren berri eman beharko diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.

j) Administrazioarekin kontratu edo hitzarmenak egiten dituzten edo administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei otsailaren 18ko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea.

k) Programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

5.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira diru-laguntzak (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50 izango da). Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende daude laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak legedi nazional eta erkidea betetzeko betebeharra du.

b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskineko 2.2. atalaren arabera jakinarazi beharko da alderdi hori. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, aipatu egin behar da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa hedapenari lotutako material edo euskarrietan, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa bere webgunean, Batasunaren diru laguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz gutxienez A3 tamainan, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendearen ikusgai.

c) Laguntza onartuz gero, onartu egingo da 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea ere.

d) EGEFren kofinantzaketak derrigortu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik aurrera. Testuinguru horretan, onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

21. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako erregulazioarekin bat esleitutako diru-laguntzak kudeatze aldera, Sociedad para la Transformación Competitiva/Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. erakunde laguntzaile deklaratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutakoan–, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duenean– eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintza, erregimen eta betebeharrak ezartzen dira, agindu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.

2.– Sociedad para la Transformación Competitiva/Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), erakunde kolaboratzailetzat, honako funtzio hauek hartuko ditu bere gain:

a) Aurkeztutako eskabideak jaso eta hasiera batean aztertzea.

b) Egindako proposamenak aztertzea eta ebaluatzea.

c) Justifikazioko agiriak hartzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskapen-errekerimendua izaera estrategikoko proiektuen kasuan.

e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hala aginduta, programaren kudeaketa zuzenerako behar diren jardueretan laguntzea.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak buru dezan kudeaketa frogatzeko jarduerak onartzea.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak ez baditu betetzen erakunde onuradunak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituenak– ezarritako kasuetan, eta laguntzen esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzak ez baditu betetzen erakunde onuradunak, organo eskumendunak, interesdunari audientzia emango zaion ez-betetze espedientea izan eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa izango du, eta, halaber, bidezkoak diren gainerako egintzen eragina izan dezake. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez-betetzat hartuko dira honako egoera hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologia eta Estrategiako zuzendariak emandako aldaketa-baimenik edo luzapen-baimenik izan ezean.

b) Proiektu batean izandako gastuek onetsitako aurrekontuaren zenbatekoaren % 25 baino handiagoa den beheranzko desbideratzea ekartzen badute, ez-betetzeko arrazoia izan daiteke eta jaso beharreko diru-laguntza galtzea eta aurrez jasotako kopuruak itzuli beharra ekar dezake, betiere enpresak ez badu desbideratze hori behar bezala motibatu eta justifikatu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren aurrean.

c) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, eta Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI) proposatuta gerta daiteke, proiektua amaitu baino lehenagoko arazoak direla bide.

23. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal du, betiere, agindu honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabiderik jasotzea.

2.– Halaber, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta onuradunak eskatu eta behar bezala justifikatzen badu, hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

3.– Jarduerek aintzat hartuko dituzte nahitaez eskaerari erantsitako memorian jasotakoak; hala ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta aldez aurretik erakunde onuradunak Teknologia eta Estrategiako zuzendariari aldaketa horiek egitea eskatu badio, aldaketak erabat justifikaturik badaude eta jarduera horien ezaugarri eta helburuak aldatzen ez badira.

4.– Proiektu batek porrot teknikoarekin amaitzen badu, hau da, eskaera egitean emandako ikerkuntza-proiektuaren memoria deskribatzailean aurreikusitako xedeak bideraezin bilakatzen dituzten eta konpondu ezin daitezkeen akats teknikoak azaltzen badira bere garapenean edo honen bukaeran, laguntzak emateko administrazio-ebazpena aldatzeko eska dakioke erakunde onuradunak Teknologia eta Estrategiako zuzendariari, proiektuaren burututako zatiari egokitzeko asmoz. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, eskaera onartzeko administrazio-ebazpenean, proiektuaren emaitzen ustiapen-eskubideen helburua ezarri ahal izango du.


Azterketa dokumentala