Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2016ko urtarrilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1

ERABAKIA, 2015eko azaroaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Ikastegien Oinarrizko Arautegia onartzeko.

Lehenengoa.– Kontuan hartuta Plan Estrategikoan aipatzen diren misioa eta ikuspegia, baita plan horretan agerian jartzen diren indarguneak eta ahuleziak ere, eta gure ikastegien egoeraren gainean unibertsitateko kideek elkarrekin egindako gogoetaren emaitza gisa, ikastegiak berrantolatzeko memoria aurkeztu zitzaion unibertsitateko Gobernu Kontseiluari 2014ko irailaren 25ean. Gobernu Kontseiluak, lehenik eta behin, berrantolaketa hori izapidetu eta onartzeko prozedura onartu zuen.

Ikastegien berrantolaketa goi milako irakaskuntzaren onerako izango da, prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren hobekuntza ekarriko baitu, eta ezagutzaren hedapena eta unibertsitatearen lidergo intelektuala. Eta, ikuspegi kualitatibotik ezeze, ikuspegi kuantitatibotik, eraginkortasunaren ikuspegitik: unibertsitatearen baliabideak, ekonomikoak barne, optimizatu egingo dira.

Bigarrena.– Aurkeztutako zuzenketak aztertu ondoren, 2014ko irailaren 25ean, Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko akordioa izapidetzeko eta onartzeko prozedura onartu zuen, eta Gizarte Kontseiluak aldeko iritzia agertu zuen 2015eko apirilaren 22ko bileran.

Hirugarrena.– Azkenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 3ko Aginduaren bidez, onartu egin zen unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta eratzea (2015eko uztailaren 9ko EHAA).

Laugarrena.– Aipatutako aginduko bigarren atalak honako hau dio: «Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetan, Ikastegien Esparru Erregelamenduan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera gauzatuko dira ikastegien jarduerak».

Bosgarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegien oinarrizko arautegi berria Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion urriaren 19an.

Ikastegien oinarrizko arautegi horri egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu, 2015eko urriaren 28ko diktamenean adierazitako moduan, eta irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari, onar dezan.

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Onartzea Ikastegien Oinarrizko Arautegia, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2015eko azaroaren 5a.

Errektorea ez dagoelako, 2013-01-30eko Ebazpena (2013-02-13ko EHAA)

Ikerketaren arloko errektoreordea,

FERNANDO PLAZAOLA MURUGURUZA.

Idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

IKASTEGIEN OINARRIZKO ARAUTEGIA
I. TITULUA
EREMUA, ARAUBIDE JURIDIKOA, OSAKIDEAK ETA ESKUMENAK

1. artikulua.– Eremua.

1.– Arautegi hau oinarrizkoa da eta UPV/EHUko ikastegi guztietan aplikatuko da.

2.– UPV/EHUko ikastegiak dira bere fakultateak eta eskolak.

3.– Eskolek eta fakultateek ikasketak antolatzeko ardura dute eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko dituzte.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Ikastegiek jardungo dute indarreko legeriaren, Estatutuen eta arautegi honen arabera. Arautegi hau zuzenean aplikatuko zaie.

2.– Aipatutako arautegietan jasotakoez gain, ikastegiek osatu egin ahalko dituzte arautegi honetako xedapenak ikastegi bakoitzaren arautegiaren bitartez. Barne arautegia Gobernu Kontseiluak onartu beharko du, legezkotasun txostena jaso ondoren.

3. artikulua.– Fakultateak eta eskolak sortu edo aldatzeko proposamenak.

1.– Ikastegiak sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat eta dagokien organoen txostenak aurkeztu behar dira, eta bete beharko dira legean eta arautegi honetan zehaztutako baldintzak.

2.– Aurreko atalean aipatutako baldintzetako bat da ikastegiari atxikitako arduraldi osoko plantillako irakasle eta ikertzaileen % 70 doktoreak izatea, eta, edozein kasutan, ikastegiak gutxienez arduraldi osoko 50 irakasle eta ikertzaile iraunkor izatea atxikita.

4. artikulua.– Osakideak.

1.– Ikastegia honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta berari lotutako gainerako langileek.

2.– Hauek dira ikastegiko kideak:

a) Ofizialki ikastegiari atxikita dauden irakasle eta ikertzaile guztiak.

b) Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

c) Ikastegiari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

3.– Ikastegiari lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegiari atxikita egon gabe bertan zerbitzuak ematen dituzten langileak.

5. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Ikastegiek titulu akademikoetako unibertsitate ikasketak eta bestelakoak antolatzen dituzte. Era berean, beste titulu batzuetako ikasketak eman ahal izango dituzte, eta UPV/EHUk zehazten dituen gainerako zereginak bete.

2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak:

a) Ikastegiaren ardurapeko ikasketak antolatu eta kudeatzea.

b) Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUren ikasketa programazioaren arabera eta Estatutuetako 84. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

c) Ikastegiaren ardurapeko ikasketei lotutako irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzea.

d) Irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek beren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

e) Ikastegiaren aurrekontua kudeatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

f) Ikastegiaren urteko plangintza egin eta betetzea.

g) Urteko memoria egitea.

h) Hizkuntza plangintza orokorra ikastegira egokitu eta garatzea.

i) Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen ezagutzen eguneratzea eta gaitasuna sustatzea.

j) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

k) Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, bai eta ikasketa osagarriak eta etengabeko prestakuntza ere.

l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea.

m) Prebentzio arloan erabakitakoak ondo gauzatzeko neurriak hartzea.

n) Legeak, Estatutuek edo unibertsitateko arautegiek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

ñ) Ikastegiko kide anitzeko organo guztietan norberak nahi duen hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatzea.

o) Euskarazko irakats eskaintza eta euskararen normalkuntza arlo guztietan bultzatzea.

II. TITULUA
IKASTEGIETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA AHOLKULARITZA ORGANOAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

6. artikulua.– Gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta kudeaketa organoak.

1.– Honako hauek dira ikastegiko gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta gestio organoak: ikastegiko batzarra, dekanoa edo zuzendaria, dekanordeak edo zuzendariordeak eta idazkari akademikoa. Administrazio arloan erantzukizun handiena duen pertsonak egingo du gestioa.

2.– Ikastegiko ikasleen kontseilua ikasleen ordezkaritzarako kide anitzeko organoa da. Ikastegiko ikasleen kontseiluko burua kide bakarreko ordezkaritza organoa izango da. Era berean, kide bakarreko ordezkaritza organoak izango dira Ikasleen Arautegian halakotzat jotzen direnak.

3.– Ikastegiko aurrekontuak sail bat izango du ikastegiko ikasleen kontseilurako.

7. artikulua.– Ikastegiko atalak.

1.– Ikastegiko atalak sortu ahal izango dira irakaslanaren antolaketak hala eskatzen duenean. Halakoetan, ikastegiak proposamena aurkeztuko dio Gobernu Kontseiluari eta honek onespena eman beharko dio. Proposamenean eta ikastegiaren arautegian zehaztuko da zeintzuk atal sortuko diren, baita beren osaera eta funtzionamendua ere. Ikastegiko atalak sortu edo kentzeko, ikastegiaren arautegia aldatu beharko da.

2.– Ikastegiko atal bakoitzak ataleko batzarra izango du, bere arautegian zehaztuko diren osaera eta eginkizunekin. Edozelan ere, hauteskunde talde guztietako ordezkariak egon beharko dira batzarrean.

3.– Ataleko koordinatzailea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasle bat izango da, edo, ezinezkoa bada, bertan irakasten duen irakasle bat. Errektoreak izendatuko du, dekano edo zuzendariak proposaturik, ataleko batzarraren iritzia entzun eta gero. Koordinatzailea dekanotza taldean edo zuzendaritza taldean sartuko da, zuzendariorde edo dekanorde karguarekin.

4.– Ikastegiaren aurrekontuan atali dagokion zatia bereizita azalduko da.

5.– Aurrekontuaren kudeaketa eta administrazio tramiteak atalak egingo ditu, baldin eta kasuan kasuko campuseko errektoreordetzaren baimena badauka; bestela atala kokatuta dagoen ikastegiak edo atalari dagokion campuseko ikastegi batek egingo ditu.

6.– Ataleko kide izango dira hari atxikitako irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, baita atalean emandako titulu eta ikasketetan matrikulatutako ikasleak ere.

7.– Ikastegiko atal bakoitzean ikasleen kontseilu bat eratuko da Ikasleen Arautegiari jarraituz, eta kontseilu hori izango da ikasleen ordezkarien kide anitzeko organoa.

II. KAPITULUA
KIDE ANITZEKO ORGANOAK

8. artikulua.– Definizioa.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: ikastegiko batzarra eta erabakimena duten batzordeak (berezko erabakimena izan nahiz eskuordetua izan), eta ataletako batzarrak, halakorik dagoenean.

LEHENENGO ATALA
IKASTEGIKO BATZARRA

9. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira ikastegiko batzarraren osakideak, gutxienez: dekanoa edo zuzendaria, batzarreko burua izango dena; idazkaria, erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; ikastegiko ataletako koordinatzaileak, halakorik dagoenean; eta ikastegiaren arautegiak zehaztuko duen kide kopuru bat, unibertsitateko kidegoen artean banatuko dena.

Era berean, ikastegiko batzarreko kide izango dira dekanoak edo zuzendariak horretarako izendatutako dekanorde edo zuzendariordeak, baina horiek ezingo dira izan ikastegiko batzarreko kide hautagarrien % 10 baino gehiago, hartara hauteskunde taldeen ordezkaritza ez desitxuratzeko.

2.– Hauteskunde taldeetako ordezkariak honen arabera banatuko dira:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: % 60tik % 65era bitartean.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 2tik % 5era bitartean.

– Ikasleak: % 20tik % 25era bitartean.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 10etik % 15era bitartean.

Edozelan ere, bermatuko da hauteskunde talde guztiek gutxienez ordezkari bana izatea ikastegiko batzarrean.

Arautegian ezer zehazten ez bada, honela banatuko dira taldeen ordezkariak ikastegiko batzarrean:

Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: % 63,75

Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 2,09

Ikasleak: % 22,08

Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08.

Ikastegi bakoitzak eutsi egingo dio orain batzarrean daukan kide hautetsien kopuruari bere arautegian kopuru hori aldatzen ez den bitartean.

3.– Ikastegiko batzarreko kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.

4.– Ikastegiko batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

5.– Kide hautetsi bat berezko kide bihurtzen bada, edo alderantziz, aukera izango du ordezkari izateari uzteko. Hori eginez gero, aplikatuko dira Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ordezkapenak egiteko jasota dauden arauak. Hala egingo ez balu, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko hirugarren xedapen gehigarria aplikatuko da quorumerako.

10. artikulua.– Ikastegiko batzarraren eskumenak.

1.– Ikastegiko batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa ikastegietan.

2.– Ikastegiko batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, eta zeregin hauek bete:

a) Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, onar dezan.

b) Ikastegiko dekano edo zuzendaria hautatzea, ikastegiaren arautegian hala aurreikusita badago.

c) Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

d) Unibertsitateko planetan jasotako helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

e) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta planoi jarraipena egiteko premien memoriak aurkeztea Campuseko errektoreordeari, gero hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

f) Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskarien txostena egitea.

g) Ikasketa planak, haien jarraipena eta aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

h) Ikastegiko atalen, sailen edo sail atalen proposamenez, irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak osotasunean aztertu eta onartzea, ikastegiari atxikitako sailen edo sail atalen proposamenez.

i) Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebalua dadin bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

j) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

k) Ikasleak ebaluatzeko arautegian zehazten diren kasuetarako, epaimahaiak hautatzeko prozedura zehaztea.

l) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

m) Hizkuntza plangintza eta txosten ekonomikoa jasoko dituen urteko kudeaketa plana onartzea.

3.– Edozelan ere, ikastegiko batzarrak ezin izango ditu eskuordetu arautegi honetako 10. artikuluko a), b), g) eta j) paragrafoetan aipatutako eginkizunak.

BIGARREN ATALA
BATZORDEAK

11. artikulua.– Ikastegiko batzorde iraunkorra.

Ikastegiko batzarrak batzorde iraunkor bati eskuordetu ahal izango dizkio bere eginkizunak. Batzordearen osaera ikastegiaren arautegiak zehaztuko du, baina, betiere, hauteskunde taldeek ikastegiko batzarrean dauzkaten ordezkarien ehuneko berberak izango dituzte. Arautegian jasoko dira, era berean, batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak eta ikastegiko batzarrak eskuordetu ahal izango dizkion eginkizunak, aurreko artikuluko 3. atalean zehaztutako mugak kontuan hartuta. Ikastegiaren arautegian aurreikusita badago batzorde iraunkor bat egongo dela baina haren osaera zehaztuta ez badago, batzorde iraunkorrak osakide hauek izango ditu: dekanoa edo zuzendaria (batzordeko burua izango da), idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da) eta hamaika kide hautetsi, hauteskunde talde guztien artean banaturik ikastegiko batzarrean dauzkaten ordezkarien ehuneko berberekin, eta betiere bermaturik talde bakoitzak gutxienez ordezkari bat duela. Orobat, ikastegiaren arautegian ezer zehaztu ezean, ikastegiko batzorde iraunkorrak eskuordetuta izango ditu ikastegiko batzarraren eginkizun guztiak, eskuordetu ezinak izan ezik, aurreko artikuluko 3. atalari jarraiki. Era berean, batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak arautegi honetan ikastegiko batzarrerako ezarritakoak izango dira.

12. artikulua.– Akademia antolakuntzako batzordea.

1.– Ikastegi bakoitzean akademia antolakuntzako batzordea eratuko da, jarduera akademikoa hobeto antolatzeko proposamenak egin diezazkion ikastegiko batzarrari.

2.– Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko dekanoa, zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (bera izango da burua); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); ikastegian ematen diren titulazioetako irakasle bana; eta ikasleen ordezkari bat. Ikastegiko arautegian horretaz ezer zehaztuta ez badago, gorago esandako osakideak izango ditu batzordeak. Betiere, hemen zehaztutako kideak izan beharko ditu gutxienez.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa ikastegiko batzarreko kidea izatea.

3.– Batzorde honek ebatziko ditu kredituak aitortzeko edo balioztatzeko eskariak, indarreko legeriari jarraiki. Batzordeak hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari. Era berean, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak proposamenak egin ahal izango dizkio ikastegiko batzarrari ikastegiaren jardun akademikoa hobeto antolatzeko.

13. artikulua.– Ikastegiko kalitate batzordea.

Arautegi honetako V. atalean («Kalitatea») aurreikusten diren baldintzetan, ikastegi bakoitzean kalitate batzordea eratuko da tituluetako curriculumaren plangintza eta jarraipena hobeto egiteko, eta irakaskuntzaren ebaluaziorako txostenak egiteko.

14. artikulua.– Beste batzorde batzuk.

1.– Ikastegiko euskara batzordea.

a) Ikastegi bakoitzean euskara batzordea eratu ahal izango da ikastegiaren arautegiaren arabera. Batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango da.

b) Ikastegiko euskara batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.

2.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordea.

a) Ikastegi bakoitzean emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordea eratu ahal izango da. Batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango da.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordearen helburua izango da berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan.

HIRUGARREN ATALA
KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA

15. artikulua.– Bilera motak eta bileren maiztasuna.

1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Ikastegiko batzarrak ohiko bilera bat egingo du, gutxienez, seihileko bakoitzean.

3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

4.– Premiazko bilerak ezohikoak izango dira, eta nahikoa izango da deia gutxienez 24 ordu lehenago egitea. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran.

Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

16. artikulua.– Bilerarako deia.

1.– Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Batzordeko kideen % 25ek edo talde bateko kide guztiek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.

2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian.

Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 48 ordu lehenago.

Bilera baino 48 ordu lehenagora arte gai berriak sartu ahal izango dira aztergaien zerrendan, egoerak hala eskatzen duenean.

3.– Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek edo talde bateko kide guztiek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.

4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta bere jarduna betetzen duen gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

17. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuen 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Bileretara justifikaziorik gabe hutsegitea segidako hiru bilerara edo txandakako bost bilerara justifikatu barik huts egitea izango da, ikastegiko arautegian kopuru handiagorik zehaztu ezean. Ikasleen ordezkarien kasuan, ikasleen arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

18. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Beraz, sailaren arautegian jasota egon beharko da zeintzuk izango diren horretarako prozedura eta epeak. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean gehienez ere, ikastegiak haren esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko idazkaritzan.

19. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Ikastegiaren arautegian zehaztuta egon behar da lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea. Ezer zehazten ez bada, lehenengo eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea ordu erdikoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

2.– Ikastegiaren arautegiak botoa kide anitzeko organoko beste kideren baten esku uzteko aukera jaso ahal du, hauteskundeetarako izan ezik. Edozelan ere, ahal den neurrian, zehaztuta egon behar dira mugak.

Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.

Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.

20. artikulua.– Bileraren nondik norakoa.

1.– Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

2.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.

3.– Beharrezko jotzen badu, organoko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere. Edozelan ere, bermatu egingo da talde guztiek iritzia eman ahal izatea.

4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan agerraraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, 48 orduko epean, aktan jasota gera dadin. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera. Bestalde, euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eskatzeko eskubidea dute organoko kideek. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

5.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

21. artikulua.– Botazioa.

1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu.

Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

2.– Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.

3.– Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta jasota geratzen bada aurkako botoa eman dutela. Horrela, botazioa isilpekoa denean, botazioaren unean boto txartela eman beharko zaio organoko idazkariari, edo abstenitzeko asmoa adierazi. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.

22. artikulua.– Bilerako akta.

1.– Bileren aktak bi hizkuntza ofizialetan jasoko dira. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da.

Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.

2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta bertaratu ez direnen zerrenda; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

3.– Boto partikularrak ere jasoko dira aktan, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.– Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituak egin beharreko lehenengo bileran onartu beharko dira.

23. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Ikastegiaren arautegiak zehaztuko du hartutako erabakiak argitara emateko prozedura. Beranduen jota hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete bat egongo direla ikusgai. Aldi hori kontuan hartuko da errekurtsoak jartzeko epea zenbatzean. Arautegiak ez badu zehazten nola emango diren argitara erabakiak, sailak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiria ikastegiko idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, bai eta ikastegiaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi egin beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

III. KAPITULUA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK

24. artikulua.– Dekanoa edo zuzendaria.

1.– Dekanoak eta zuzendariak dira ikastegietako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

2.– Zuzendariak eta dekanoak ikastegiari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko dira eta errektoreak izendatuko ditu. Halako irakasle eta ikertzailerik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko lirateke.

3.– Ikastegiaren arautegiak ikastegiko dekano edo zuzendaria hautatzeko sistema eta prozedura ezarriko ditu. Sufragio unibertsalaren bidez nahiz ikastegiko batzarraren bitartez aukeratu ahalko da zuzendari edo dekanoa. Ikastegiaren arautegian besterik zehaztu ezean, ikastegiko batzarrak hautatuko du. Arautegi honetako 19.2 artikuluan zehaztutako botoa ezin izango da eskuordetu.

4.– Ikastegiko dekano edo zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da. Ikastegiaren arautegiak mugatu ahal izango du zuzendariak zenbat agintaldi egin ditzakeen segidan. Ikastegiaren arautegian ezer zehaztu ezean, gehienez ere bi agintaldi egin ahal izango dira segidan.

25. artikulua.– Kargua uztea eta ordezkapena.

1.– Dekano eta zuzendariek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Ikastegiko kide izateari uztea.

f) Agintaldia amaitzea.

g) Ikastegiko batzarrak zentsura mozioa onartzea.

h) Hauteskundeak sufragio unibertsalaz egin badira, dekano edo zuzendariek Estatutuetako 172. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko dute kargua, horko aurreikuspenak ikastegiko batzarrari aplikatuta.

2.– Ahal den kasuetan, dekano edo zuzendariak jardunean jarraituko du dekano edo zuzendari berria izendatu arte.

3.– Dekano edo zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego edo arrazoi justifikaturen bategatik ezingo balu bere kargua bete aldi baterako, izendapenean beren-beregi zehaztutako dekanorde edo zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez badago, ikastegiko batzarrak izendatuko du bere ordez arituko den dekanotza edo zuzendaritza taldeko kidea. Ikastegiko batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Dekano edo zuzendariak sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jardunean dagoen dekanorde edo zuzendariordeak hauteskundeetarako deia egingo luke.

4.– Ikastegian kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasle eta ikertzaileak hartuko lituzke bere gain dekano edo zuzendariaren zereginak. Pertsona horrek ikastegiko dekano edo zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke, gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

26. artikulua.– Irakaslanetik salbuestea.

1.– Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu, neurri batean edo erabat, dekanoak eta zuzendariak.

2.– Agintaldia amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, eskubidea izango dute irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerketan eguneratze aldera.

27. artikulua.– Ikastegiko dekano edo zuzendarien eginkizunak.

1.– Hauek dira dekano edo zuzendariaren zereginak:

a) Ikastegiaren ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendari funtzionala izatea.

b) Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ikastegiko kide anitzeko organoetan buru izatea.

d) Ikastegiko batzarraren, gobernu organo orokorren eta dagokion campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

e) Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

f) Ikastegiko batzarrari aurkeztea urteko memoria eta plana.

g) Irakasleek beren irakaskuntza betekizunak betetzen dituztela gainbegiratzea, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lan eginez.

h) Horretarako eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higienea eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

i) Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

j) Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

k) Autobabes batzordea eratzea eta bertako buru izatea.

l) Borondatez onartzeko neurriak proposatzea ikasleen arloko gaietan diziplina mantentzeko.

m) Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo horiek garatzeko arauek esleitzen dizkiotenak eta, beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukaten eginkizunak.

2.– Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

28. artikulua.– Dekanotza edo zuzendaritza taldea.

1.– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritza taldeko burua dekanoa edo zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute taldea: dekanordeek, zuzendariordeek, idazkari akademikoak, administrazio eta zerbitzuen arloko arduradun nagusiak eta ataletako koordinatzaileek, halakorik balego.

2.– Ikastegietako dekanotza edo zuzendaritza taldeek laguntza eman behar diote dekano edo zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

– titulazioen kalitatea sustatzen, ikastegiaren ardurapeko titulazioak koordinatzen, irakasleen etengabeko prestakuntza planifikatzen eta ikastegiaren kudeaketaren etengabeko hobekuntza bultzatzen;

– titulazioen akreditazioa lortzen eta ikasketa planak eguneratzen, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

– ikasleen laneratzea bultzatzen;

– ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere gainbegiratzen, esparru akademikoari dagokionez;

– ikasketen plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzen, bai eta bere titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestioak egiten.

3.– Dekanotza edo zuzendaritza taldeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, edo arrazoi justifikaturen bategatik ezin badu aldi batean bere kargua bete, dekano edo zuzendariak horretarako aukeratzen duen dekanotza edo zuzendaritza taldeko pertsonak egingo du haren ordezkapena, baldin eta arazoak gehienez ere hilabete iraungo duela aurreikusten bada. Arazoak hilabete baino gehiago iraungo duela uste denean, ordezko bat izendatu ahal izango da gehienez sei hilabeterako, eta tarte horretan arazoa daukan pertsonaren izendapena etenda geratuko da, bere kargura itzultzen den arte. Arazoa sortu zenetik sei hilabete betetzen direnean titularra kargura itzuli ez bada, kargutik kenduko da eta beste dekanorde bat izendatuko da.

29. artikulua.– Dekanordeak eta zuzendariordeak.

1.– Errektoreak, dekano edo zuzendariaren proposamenez, dekanordeak edo zuzendariordeak eta ataleko koordinatzaileak izendatuko ditu ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik. Ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Dekanorde edo zuzendariordeek eta ataleko koordinatzaileek dekano edo zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio ikastegiko batzarrari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.

3.– Dekanorde edo zuzendariordeen kopurua ez da izango eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

4.– Aurreko atalean aurreikusitako karguak uzteko arrazoiak honako hauek izango dira: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak edo dekanoak proposatuta.

5.– Dekano edo zuzendariak dekanotza edo zuzendaritza taldean gertatutako aldaketen berri emango du ikastegiko batzarraren hurrengo bileran.

6.– Sortutako ikastegietako ataletan, dekanorde edo zuzendariordeen gutxieneko kopurua eranskinaren 1., 2. 3. eta 5. irizpideak aplikatuta kalkulatuko da, eta haien ardura izango da atalari dagozkion zuzendaritza lanak egitea, koordinatzailearekin lankidetzan. Dekanorde edo zuzendariorde kargua duen pertsonetako batek egingo ditu koordinatzaile lanak koordinatzailea ez dagoenean. Nolanahi ere, zuzendariorde edo dekanordeen kopuruak ez du gaindituko artikulu honen 3. puntuaren aplikazioari dagokiona, baina salbuespena izango dira: ataleko eta irakasguneetako koordinatzaileak eta 1., 3. eta 5. irizpidearen arabera ataletan lortutakoak.

30. artikulua.– Dekanordeak, zuzendariordeak eta ataleko koordinatzaileak irakaslanetik salbuestea.

1.– Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanordeak, zuzendariordeak eta ataleko koordinatzaileak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

2.– Agintaldia amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratze aldera.

31. artikulua.– Idazkari akademikoa.

1.– Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekanoak edo zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

2.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

32. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

a) Idazkari zereginak betetzea ikastegiko batzarrean, batzorde iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagozkion kide anitzeko organoetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

b) Bilerarako deia egitea ikastegiko batzarrerako, batzorde iraunkorrerako eta idazkari den kide anitzeko organo guztietarako, organoko buruaren aginduz.

c) Idazkariak ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota dauden edo bere aurrean gertatzen diren ekintza edo gertakarienak.

d) Ikastegiko Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arau eta irizpideak betez.

e) Ikastegiko batzarrak eta batzorde iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

f) Oro har, laguntza ematea ikastegiko dekano edo zuzendariari eta, era berean, ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

33. artikulua.– Idazkari akademikoa irakaslanetik salbuestea.

1.– Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu idazkari akademikoak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

2.– Agintaldia amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratze aldera.

34. artikulua.– Ikastegiko administrazio eta zerbitzuen arduradun nagusia.

1.– Administrazio eta zerbitzuetako langile bat izango da ikastegiko zerbitzu ekonomiko-administratiboetako burua.

2.– Administrazio eta zerbitzuetako arduradun nagusiak dekano edo zuzendariarekiko mendekotasun funtzionala izango du eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan, eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

3.– Ikastegiko administrazio eta zerbitzuen arduradun nagusiak eguneratuta izango du ikastegira atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio ikastegiko batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio dekanotza edo zuzendaritza taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du ikastegiko batzarrak.

IV. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA

35. artikulua.– Autonomia.

Ikastegiak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko behar beste langile izango ditu, eta autonomiaz gestionatuko dituen sail berezituak UPV/EHUko aurrekontu orokorrean.

36. artikulua.– Aurrekontua.

Ikastegiko aurrekontua hornituko da UPV/EHUk urtero esleituko dion aurrekontu sail orokorrarekin, eta, horretaz gain, honako hauekin:

a) Burutzen dituen jardueren etekinak.

b) Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

d) Zientziaren, teknikaren edo artearen alorreko lanak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatia, bai eta ikasketa berezituetarako edo prestakuntza jarduera zehatzetarako egindako kontratuetatik dagokiona ere.

37. artikulua.– Gestio ekonomiko eta administratiboa.

1.– Ikastegiaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen urteko aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

2.– Ikastegian atalik badago, kontuan hartuko da oinarrizko arautegi honetako 6.4 artikuluak dioena.

3.– Ikastegiak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez den bestelako baliabiderik badu, dekanotza edo zuzendaritza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko dio ikastegiko batzarrari, ontzat eman dezan.

V. KAPITULUA
KALITATEA

38. artikulua.– Araubide juridikoa eta helburuak.

1.– Ikastegiaren jardunaren kalitatea bermatzeko eta ebaluatzeko, atal honetan zehazten denari jarraituko zaio. Estatuetako 128.3 artikuluan aurreikusitako kalitate batzordeak egingo ditu zereginok.

2.– Kalitate batzordeak egiten dituen kalitatearen ebaluazioak UPV/EHUko Estatutuetako 106.1 artikuluan barne ebaluaziorako aurreikusten diren prozeduretan sartzen dira.

3.– Kalitate batzordeak helburu hauek ditu, besteak beste:

a) Gauzatutako ekintza eta programazioak sistematikoki ebaluatzea.

b) Irakaskuntzako eta ikerketako jarduerak eta administrazio eta zerbitzuetakoak hobetzeko eta berritzeko programazioak onartzea.

c) Titulazioei jarraipena egitea kalitatea bermatzeko barne sistemen bidez, zenbait ikastegiren artean ematen diren titulazioei egin beharreko jarraipen bateratua eragotzi barik.

d) Unibertsitateko plan estrategikoak gauzatzea eta haiei jarraipena egitea (adibidez emakumeen eta gizonen Berdintasun Planari, Jasangarritasun Planari eta abarrei).

39. artikulua.– Ikastegiko kalitate batzordea.

1.– Hauek dira ikastegiko Kalitate Batzordearen eskumenak:

a) Titulazioak kalitatea bermatzeko sistemaren bidez diseinatu, martxan jarri eta haiei jarraipena egin dakien bultzatzea.

b) Irakasleen lanaren ebaluazioan parte hartzea, Gobernu Kontseiluak zehazten dituen arauei jarraiki, UPV/EHUko Estatutuetako 107. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

c) Proposamenak egitea, ekintzak burutzea eta, oro har, lankidetzan jardutea unibertsitateko organoekin ikastegiaren jarduerak hobetu eta berritzeko eta ikastegiko kideen kualifikazioak hobetzeko.

d) Behar dituen laguntza batzordeak sortzea.

e) Arautegi edo eskuordetzaren bidez ematen zaizkion gainerako guztiak.

2.– Ikastegiko kalitate batzordeak, bere eskumenen alorrean, ebaluazioa egiteko behar duen informazioa eskuratu ahal izango du. Edonola ere, konfidentzialtasuna eta sekretua gorde beharko ditu, ezinbestean, emandako informazioa erabiltzean.

3.– Kalitate batzordeak modu hauetara jardun dezake:

a) Osoko bilkuran.

b) Irakaslanaren kalitatea ebaluatzeko «Docentiaz» azpibatzordearen bidez. Azpibatzorde hau irakasleak ebaluatzeko programetako informazio iturria da eta programa horietan ezarritako irizpideen arabera jardungo du.

c) Beste azpibatzorde batzuen bidez. Zehazki, ikastegiak zenbat titulu koordinatzen dituen, hainbat azpibatzorde sortu ahal izango dira titulu horien curriculumak garatzeko, eta zenbat plan estrategiko dauzkan unibertsitateak, horrenbeste azpibatzorde sortu ahal izango dira.

Edozelan ere, bere arautegiak zehazten duen moduan osatuko da.

40. artikulua.– Kalitate batzordearen funtzionamendua.

1.– Kalitate batzordearen arautegian besterik zehaztu ezean, eta aplika daitezkeen neurrian, ikastegiko batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauei jarraituko die, bai osoko bilkuran eta bai Docentiaz azpibatzordean, eta gehiengo soilaren bidez hartuko ditu erabakiak.

2.– Edozelan ere, irakaslana konfiantza giroan ebaluatuko da berdintasun irizpideei jarraituz.

3.– Bermatuko da irakasleek eskubidea izatea ebaluazioan lortutako emaitzen kontrako alegazioak egiteko eta errekurtsoak jartzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikastegiaren arautegiak berariaz aurkakorik aurreikusi ezean, ataleko batzarra jarraian adieraziko diren arauen arabera kudeatuko da.

1.– Koordinatzailea buru izanik, ataleko batzarra ikastegiko arautegian zehaztutako pertsona kopuruak osatuko du, eta kideak taldeen artean banatuko dira, batzarrean dauden proportzio berean.

Ataleko batzarraren idazkari lanak koordinatzaileak izendatutako ataleko dekanordeak egingo ditu edo, ikastegiko idazkaria atalekoa bada, idazkariak berak.

2.– a) Ataleko batzarreko kideak hautatzeko, UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrak kide anitzeko organoak hautatzeko ezarritako prozedura errespetatu beharko da. Ahal izanez gero, ataleko batzarrerako hauteskundeak ikastegiko batzarrerako hauteskundeen egun berean egingo dira. Hala behar bada, ataleko batzarrak berak zehaztuko du bere hauteskunde batzordearen osaera, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 9.3 artikuluan aurreikusitakoa oinarri hartuta.

b) Ataleko batzarreko hautetsien agintaldiaren iraupena ikastegiko batzarreko hautetsienen berbera izango da.

c) Ataleko batzarreko kide izateari uzteko arrazoiak ikastegiko batzarreko kide izateari uzteko arrazoi berberak izango dira, eta honako hau gaineratuko zaie: atalean matrikulatuta edo hari atxikita egoteari uztea.

3.– Gainerako alderdietarako, ataleko batzarra ikastegiko batzarraren funtzionamendu arau berberez gidatuko da.

4.– Ataleko batzarrak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Ataleko koordinatzailea izendatzeko dekanoaren proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontua proposatzea eta kudeatzea.

c) Koordinatzaileari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea, ataleko koordinatzaileak hala proposatuta.

e) Campuseko batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea. Ikasleak ikastegiko ikasleen kontseiluak proposatuko ditu.

f) Ataleko urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Ikastegiko batzarrari proposatzea ataleko ikasketen eskaintza adierazteko.

h) Taldeak kudeatzea (ikasleak taldeka banatzea, etab.). Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.

j) Ikastegiko batzarrari ikasturte bakoitzean ataleko numerus claususak finkatzeko proposatzea.

k) Ikastegiko batzarrak eskuordetzan emandako gainerako guztiak.

5.– Ataleko batzarrak bere barruan batzorde iraunkor bat izendatzea erabaki dezake, eta batzarrak berak zehaztuko du zer osaera, funtzionamendu erregimen eta eskumen izango dituen.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikastegiko KBBSk prozedura bat zehaztuko du atal bakoitzerako, kontuan izanda atalaren ezaugarri bereziak eta ikastegiko urteko planean zehaztutako helburuak. Bestalde, ikastegiaren atal bakoitzean kalitateko azpibatzorde bat eratuko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak irakasguneak sortu ahal izango ditu irakaskuntza klinikoa ematen duen unibertsitate ospitaletan. Irakasgune horiek koordinatzaile bat izan ahalko dute: dekanorde maila izango du eta ikastegiko barne arautegian zehaztutako eginkizunak izango ditu.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 27an onartutako ikastegien berrantolaketa ikastegien oinarrizko arautegi hau argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

2.– Sortutako ikastegiek 6 hilabeteko epea izango dute gehienez, arautegi honi egokitutako barne arautegi bat proposatzeko Gobernu Kontseiluari. Barne arautegi horiek ikastegi berriaren egoitza zein den adieraziko dute. Arautegiak onartu bitartean, ikastegi berriak arautegi honen arabera kudeatuko dira. Gainerako ikastegiek bere horretan utziko dituzte beren egungo arautegiak, baina arautegietako zehaztapenetan oinarrizko arautegia aipatzean, aipamena oinarrizko arautegi honi buruzkoa dela ulertu beharko da.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ikastegi berrien hasierako batzarrak.

Ikastegien oinarrizko arautegi hau indarrean sartzean, ikastegi berrien batzarretako hasierako kideak honako hauek izango dira: dekanoa edo zuzendaria irakasle eta ikertzaile iraunkor gehien dituen ikastegi elkartukoa izango da; ikastegi bereko idazkaria, eta erantzukizun handiena duen administrazio eta zerbitzuetako pertsona (berdinketa izanez gero, irakasle eta ikertzaile iraunkor gehien dituen ikastegikoa; gainerako ikastegi elkartuetako dekano edo zuzendariak eta idazkari akademikoak; eta, ikastegiko batzarreko talde bateko ordezkarien kopuruak talde horrek ikastegian daukan kide kopuru osoarekiko osatzen duen ehunekoa oinarri hartuta, ehuneko txikiena daukan ikastegiko batzarreko hautetsiak izango dira ikastegi berriko batzarreko kide, eta horiei gainerako ikastegietako hautetsiak gehituko zaizkie, ehuneko berean, eta horretarako haien kopurua murriztuko da, hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitzak aintzat hartuta. Kalkulu hori egin ondoren, talde jakin batek 9.2 artikuluan ezarritakoa baino ordezkari gutxiago edukiz gero, aurreko kopurua handitu ahal izango da ehuneko horretara iritsi arte; baldin eta, dagozkion hautagaitzek postu horiek betetzeko behar adina ordezko badituzte.

Batzarreko kideak izango dira, halaber, ikastegi elkartuetako ikastegiko batzarreko kide diren dekanordeak eta zuzendariordeak, ikastegi elkartu bakoitzetik etorritako hautetsiak, gehienez ere, % 10 izanik. Horiek guztiek bere agintaldian jarraituko dute, zortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

Ikastegi elkartuen batzarretako gainerako kideek karguak utziko dituzte Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 4.e) artikuluan eta Arautegi honen 29.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ikastegi berrien hasierako dekanotza taldeak.

Ikastegi berrietako hasierako dekanotza eta zuzendaritza taldeak ikastegi elkartuetako dekanoek, zuzendariek, dekanordeek eta zuzendariordeek osatuko dituzte.

Ikastegi berriko dekanoa, zuzendaria eta idazkaria irakasle eta ikertzaile iraunkor gehien dituen ikastegiko dekanoa, zuzendaria eta idazkaria izango dira.

Elkartu diren gainerako ikastegietako dekano eta zuzendariek karguan jarraituko dute, baina beren eginkizunak ataleko koordinatzailearenak izango dira.

Gainerako ikastegietako idazkariek beren izendapenei eutsiko diete, baina haien eginkizunak ikastegi berriaren idazkariarekin eta xedapen gehigarrian aipatutako ataleko idazkariarekin lankidetzan aritzera mugatuko dira.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Batzorde iraunkorrak.

Ikastegi berriek batzorde iraunkor bat izango dute, eta honakoak izango dira kide: dekanoa edo zuzendaria, ataletako koordinatzaileak, idazkari akademikoa, administrazio eta zerbitzuetako arduraduna, eta 10 eta 15 hautetsi artean. Hautetsiak batzarrak zehaztuko ditu, taldeen artetik eta ikastegiko batzarrean talde horiek duten ordezkaritza proportzio berberetan, talde bakoitzetik, gutxienez, ordezkari bat egongo dela bermatuta.

Oinarrizko Arautegian aurreikusitako eginkizunak izango ditu. Ikastegiko etorkizuneko barne arautegiak batzordea mantendu edo kendu ahal izango du, baita, hala behar bada, haren eginkizunak zehaztu ere, Oinarrizko Arautegiaren aurreikuspenak aintzat hartuta.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ikastegiko atalak.

Oinarrizko arautegi hau indarrean sartzearekin batera, eratuta geratzen dira ikastegi elkartuetako ikastegiko atalak, eta ataleko kide izango dira kasuan kasuko ikastegiko kide guztiak.

Ataleko batzarren osaera aurreko ikastegietako batzarretako osaeraren baliokidea izango da, eta, horrekin bat etorrita, ataleko koordinazio lanak aurreko dekanoak edo zuzendariak beteko ditu.

Haren hasierako eginkizunak lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoak izango dira.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Sistema.

Gobernu Kontseiluak ikastegiko kalitate araudiaren proposamena onartzen ez duen bitartean, ikastegiko ataletan ikastegi elkartuei dagozkien kalitate araudiak aplikatuko dira.

Kalitate batzordearen osaerari dagokionez, dekanoari edo zuzendariari eginiko erreferentziak elkarketaren uneko koordinatzaileari eta zuzendaritza taldeko ordezkariei egiten zaizkiela ulertuko da. Koordinatzaileak zehatuko ditu izan daitezkeen bajen ordezkapenak.

Fase honetan, ikastegiko batzarraren erreferentziak ataleko batzarrari egiten zaizkiola ulertuko da, eta ikasleen kontseiluaren erreferentziak, berriz, ikastegi elkartuan zenari.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Akademia antolakuntzako batzordeak.

Gobernu Kontseiluak ikastegi berrien barne arautegiak onartzen ez dituen bitartean, ikastegi elkartuetako akademia antolakuntzako batzordeek egungo osaerari eta eginkizunei eutsiko diete, eta ataleko batzarrak edo, hala badagokio, koordinatzaileak zehaztuko ditu egon daitezkeen bajen ordezkapenak.

ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hauteskundeak.

1.– Hasierako batzarrak ikastegiko batzarrari dagozkion eginkizunak beteko ditu, eta, ikastegi berriaren barne arautegia indarrean sartu eta hilabeteko epean, ikastegiko batzarrerako hauteskundeetarako deialdia egingo du, arautegi berriaren arabera. Modu berean, ikastegiko arautegiaren arabera sortutako ikastegien ataletarako hauteskundeak deituko dira.

Emaitzen behin betiko aldarrikapena hasierako batzarra osatzen zuten kideek kargua uzteko arrazoia izango da.

2.– Eratu eta hilabeteko epean, aukeratutako batzarrek dekanoa edo zuzendaria hautatzeko deialdia egingo dute.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko erabakiaren bidez sortutako ikastegiek 3. irizpidearen araberako dekanorde edo zuzendariorde bat izango dute 4 urtez, Ikastegien Oinarrizko Arautegi hau indarrean sartzen den unetik, baldin eta sortzeko unean ikastegi elkartuetako batek irizpide hori betetzen badu. Lau urte igaro ondoren, irizpide orokorra aplikatuko da.

HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 27an hartutako erabakiaren bidez sortutako ikastegiek ez badituzte betetzen 3. artikuluan zehaztutako kopuruak, konpromiso agiria sinatuko dute errektorearekin edo hark izendatutako pertsonarekin, eta agirian jasota egon beharko dira zein neurri ezarriko dituzten kopuru horiek lortzeko agiria indarrean dagoen aldian.

2.– Era berean, kopuru horiek betetzen ez dituzten egungo ikastegiek, konpromiso agiria sinatu ahal izango dute errektorearekin edo hark izendatutako pertsonarekin, eta agirian jasota egongo dira kopuru horiek ahalik eta eperik laburrenean betetzeko neurriak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek indargabetu egiten du Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 23an onartutako Ikastegien Oinarrizko Arautegia (2012ko martxoaren 27ko EHAA, 63. zk.). Era berean, indargabeturik geratzen dira arautegi honetan ezarritakoaren kontra doazen arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Oinarrizko arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

Ikastegi bakoitzeko dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko irizpideak eta prozedurak.

1. irizpidea: ikasle kopurua

– 1.000 ikasleko talde edo frakzio bakoitzeko: dekanorde edo zuzendariorde bat.

Irizpide hori zenbatzeko, oinarritzat hartuko da azken hiru ikasturteetan ikastegian izandako ikasle kopuruaren batez besteko balioa, barne hartuta zuzendaritzarako hauteskundeen deialdia egiten den egunean indarrean dagoen ikasturtea. Ikastegiko ikasletzat hartuko dira ikastegiaren menpeko graduetan eta UPV/EHUko masterretan matrikulatutako ikasleak. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.

2. irizpidea: titulazio kopurua:

– 3 eta 5 titulazio artean: dekanorde edo zuzendariorde bat

– 6 eta 9 titulazio artean: 2 dekanorde edo zuzendariorde

– 10 eta 14 titulazio artean: 3 dekanorde edo zuzendariorde

– 14 titulazio baino gehiago: 4 dekanorde edo zuzendariorde

Titulazioak zenbatzeari begira, ikastegien menpeko graduko eta masterreko titulazioak zenbatuko dira. Titulazioak gradua eta masterra badauka, bi titulaziotzat hartuko dira aipatutako ondorioetarako.

3. irizpidea: nazioarteko harremanak

Ikasleen % 3 4 edo gehiago eta, gutxienez, 50 ikasle nazioarteko truke programetan, kontuan hartuta joandako zein etorritako ikasleak: dekanorde edo zuzendariorde 1. Ikastegiak irizpide honen araberako zuzendariorde edo dekanorde bat baldin badauka, galdu egingo du jarraituko bi ikasturtetan irizpide hori betetzen ez badu. Irizpide honen ondorioetarako, kontuan hartuko da aurreko ikasturtean izandako ikasle kopurua, bai ikastegikoa bertakoa bai trukekoa. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.

4. irizpidea: Kalitatea

Gutxienez hiru urtez jarraian kanpoko akreditazioa duten programetan (ISO, Ekoskan, Ehundu, Q....) parte hartzen duten ikastegiek: dekanorde edo zuzendariorde bat.

5. irizpidea: Kanpoko praktikak

Curriculumeko kanpoko praktikak (30 ECTS baino gehiagokoak) dituzten titulazioak ematen dituzten ikastegiek, edo, bestela, kanpoko praktikak 30 ECTSkoak badira eta ikastegiko ikasle guztien % 20ak baino gehiagok egiten badituzte: dekanorde edo zuzendariorde bat. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.


Azterketa dokumentala