Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2015eko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5536

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 21ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko bi sortzaile aukeratzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

EEIren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean daudela artisten eta horien lanen ibiltaritzari laguntza ematea, arteak hedatzeko ekintza estrategikoak sustatzea eta kultura eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntza nazioarte mailan ezagutzera emateko.

EEIk eta Donostia 2016 Fundazioak, lankidetza hitzarmena sinatu dute 2015eko abenduaren 18an, eta aipatu hitzarmenaren 5. atalean, bi alderdiek bidezkoa irizten diote, 2016an Europako Hiriburu izateko aukeratutako Donostia eta Wroclaw (Polonia) hirietan 2014an martxan jarritako egoiliar programa 2016ean ere mantentzeari, euskal artisten mugikortasuna laguntzearren eta sortze-korronteen mesedetan, arte diziplina nahiz kultura ezberdinen elkarrizketa sustatu eta elkarren arteko aberastasuna elikatzeko xedearekin.

Aipatu hitzarmenaren 2. artikuluaren arabera, EEI izango da egonaldi artistiko horietan parte hartuko duten artistak hautatzeko deialdiaren organo kudeatzailea.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da bi euskal sortzailek Poloniako Wroclaw hirian, 2016an Donostiarekin batera Europako kultur hiriburu izango dena, egonaldi artistiko bat egiteko hautaketa egitea.

Sortzaileak ondorengo arte diziplinetakoak izan daitezke: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak.

2. artikulua.– Egonaldia eta proiektua.

Hautaturiko sortzaileek 6-8 asteetako egonaldia egingo dute Wroclaw-en 2016ko maiatza erdialdea eta uztaila erdialdea artean. Egonaldiaren data zehatzak Wroclaw 2016, Donostia 2016 Fundazioa eta artista aukeratuen artean adostuko dira, betiere Wroclaw-en antolatzen den BASK jaialdia barne hartuz.

Erresidentzia edo egonaldi artistiko honen helburua, bi sortzaile hauek Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburuetako ildoak oinarritzat hartuz, Poloniako hiri honetan eragin artistiko eta kulturala izango duen proiektu bat garatzea izango da. Esku-hartze artistiko edo kulturalak artearentzat ohikoak ez diren auzo eta lekuetan eginez, eragile edo hiritar kolektiboen lankidetza edo parte hartzea bilatuz, edota ezezagunak edo baztertuak dauden errealitateak ikusaraziz.

Sortzaileei erraztasunak emango zaizkie aurkeztu duten proiekturako interesgarri izan daitezkeen Wroclaweko gune, artista eta eragileekin harremanetan jartzeko.

Proiektua aipaturiko edozein arte diziplinetakoa zein diziplinartekoa izan daiteke.

Artistek bakarka zein beste euskal/poloniar artistekin batera landu ahal izango dute euren proiektua egonaldi horretan, azken helburua Wroclaw eta Donostiaren artean zubi artistiko eta kulturalak eraikitzea delarik.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Artista bakoitzak bi mila euroko (2.000) ordainsari garbia jasoko du.

Artistek proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa jasoko dute antolakuntzatik.

Hortik aurrerako gastu guztiak artisten esku geratuko dira.

4. artikulua.– Bidaia eta ostatua.

Bilbo-Wroclaw-Bilbo joan-etorri bat ordainduko zaio artista bakoitzari.

Donostia 2016 Fundazioa arduratuko da Bilbo-Wroclaw-Bilbo bidaiaren kudeaketa eta ordainketaz, eta horri dagozkionak jakinaraziko dizkie artistei. Hegaldiak maila arruntean egingo dira.

Artisten ostatua Wroclaw 2016 hiriburuaren kargura joango dira, Donostia 2016 Fundazioak egingo duen kudeaketaren testuinguruan.

5. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

– Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisikoak izatea, edo bere lan artistikoa euskaraz garatzen duten sortzaileen kasuan helbidea euskararen eremu geografikoan izatea.

– Ibilbide artistiko esanguratsua duten sortzaileak izatea.

– Wroclaw/Donostia 2016ko Europar hiriburuetako ildoekin lotura duen proiektu edo ideia bat proposatzea, eta proiektu edota ideia hori beste sortzaileekin partekatzeko borondatea eta asmoa izatea. Artista bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du.

– Ingelesez edo polonieraz moldatzea kontuan hartuko da.

– Poloniar eragileen parte-hartzea proiektuan era positiboan baloratuko da.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

6.1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 29ra arte egongo da irekita, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2.– Eskabidea (I. eranskina) eta dokumentazioa ondorengo helbidean aurkeztu beharko dira: EEI. Mandasko Dukea 52, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia. Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan, ala 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eranskinak http://www.etxepare.eus helbidean egongo dira eskuragarri.

7. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. (Ez dituzte agiri hauek berriz aurkeztu beharko 2015ean aurkeztu eta aurten proiektu bera aurkeztu nahi dutenek).

– NANaren fotokopia.

– Errolda agiria.

– Curriculum Vitae. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek ziurtagiri bidez frogagarriak izan beharko dute eta hala egin beharko dute epaimahaiak eskatuko balu. Luzera gehienez ere bi orrialdekoa izango da.

– Proiektua, ondoko puntuak jasoz: egonaldian garatu nahi den proiektu edo ideiaren nondik norakoak; proiektuak Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburuetako ildoekin izan lezakeen txertatzea; bete nahiko lituzkeen helburuak eta motibazioa; egin dezakeen ekarpena; proiektuaren laburpena ingelesez. Luzera gehienez ere bost orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz).

8. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.

Honako hauek izango dira bertako kide:

Lehendakaria: M. Aitzpea Goenaga Mendiola, EEIko Zuzendaria. Bozketan berdinketa balego harena izango da boto erabakigarria.

Batzordekideak:

Mari Jose Olaziregi Alustiza, EEIko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako Zuzendaria

Xabier Paya Ruiz, Donostia 2016 Fundazioko zuzendari kulturala.

Iker Tolosa Lafuente, Donostia 2016 Fundazioko Hazitegiak Kaiko arduraduna.

Idazkaria: Alex Aginagalde Lopez, EEIko Euskara eta Kultura teknikaria, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.

Batzordekideek parte hartu ezin badute batzordearen lanetan, ordezkatuko dituen beste pertsona bat izendatu ahalko dute bere funtzioak betetzeko.

9. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 100 puntu lortu ahal izango dira:

– Curriculum Vitae: gehienez 30 puntu.

Curriculumean ondorengoak kontuan hartuko dira: ibilbide artistikoa, nazioarteko proiektuetan eskarmentua, proiektu diziplinartekoetan parte hartu izana, elkarlaneko sorkuntzetan izandako beste esperientziak.

– Aurkeztutako proiektua edo garatu nahi den ideia: gehienez 50 puntu.

Proiektuan ondorengoak baloratuko dira: proiektua garatzeko motibazioa, kalitatea eta interesa, bideragarritasuna, Wroclaweko beste artista edo eragileekin elkarlanerako aukera, Wroclaw/Poloniako herria edo kulturarekiko edota 2016 Europar hiriburuen lan ildoekiko txertaketa, euskararen presentzia.

– Ingeles edo polonieraren ezagutza: gehienez 10 puntu.

– Beste meritu batzuk: gehienez 10 puntu.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, EEIren web orrian argitaratuko da diru-laguntza deialdian parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 5 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Aurkeztutako erreklamazioei dagozkienak ebatzita, EEIren web orrian hautapen prozesuan parte hartzeko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Behin betiko zerrenda aztertuta eta balorazio irizpideak kontuan hartuta, hautapen Batzordeak bi hautagai proposatuko ditu.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahalko dira ondoko kasuetan:

– Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

– Hautagaiek puntuazio orokorrean 50 puntu baino gutxiago lortzen badituzte.

– Deialdi hau argitaratu ondoren, dena delako arrazoiengatik EEIren eta Donostia 2016 Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

EEIren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere.

Ebazpena honako helbide honetan argitaratuko da: http://www.etxepareinstitutua.net.

EEIko zuzendaria izango da organo eskuduna deialdi honen betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gora beherak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

– Egonaldietan parte hartzea onartzea. Hautatutako pertsonak jasotzen dituen ebazpena argitaratu eta hamar egunera, hautatuek berariaz eta idatziz onartu beharko dute egonaldian parte hartu eta egonaldiaren baldintzak betetzea. Hala egiten ez badute uko egiten dutela ondorioztatuko da.

– 2016eko maiatza eta abuztua bitartean, aurrez Wroclaw 2016 eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren antolatzaileekin adostutako datetan, Wroclawen 6-8 asteetako egonaldia egitea.

– Erresidentziak BASK jaialdiaren ospakizunen datekin bat etorriko dira; jaialdia Wroclaw 2016 hiriburu kulturalaren taldeak ekaina/uztailean antolatzen du. Aukeraturiko artistek konpromisoa hartzen dute euren lanaren sorkuntza prozesua, emaitza, edo honen zati bat, ikastaro, erakusketa, edo antzeko topaketa baten bidez partekatzea, antolatzaileekin adosturiko formatuan.

– Egonaldi artistiko horren emaitza den sorkuntza lana, EEI eta Donostia 2016 Fundazioarekin adosturiko moduan aurkeztuko da. Aurkezteko azken epea 2016ko abenduaren 31a izango da. EEI eta Donostia 2016 Fundazioaren esku egongo da sorkuntza lan hori jendaurrean ezagutarazteko ekitaldi bat antolatzea ala ez.

– Sorkuntza lana ezagutarazteko ekitaldi hori antolatuko balitz, artistek konpromisoa hartuko dute horietan parte hartzeko. Data eta lekua EEI eta Donostia 2016 Fundazioarekin adostuko dira.

– EEIk eta Donostia 2016 Fundazioak sormen lan hauek erakutsi eta erabiltzeko eskubidea izango dute baldin eta erabilpen komertzialik ez bada.

– Egonaldi honen ondorioz sortutako lanen eskubideak sortzaileen esku geratuko dira, baina haiek hedatzean beren-beregi adierazi beharko da jatorria EEIk eta Donostia 2016 Fundazioak bultzatutako egonaldia dela.

14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuetako batek Wroclaw-era joan aurretik egonaldiari uko egin ezkero, EEIk ordezkoen zerrendatik hautagai berria proposatuko du, ordezkoen zerrendaren hurrenkeran.

15. artikulua.– Ordainketa.

Egonaldian parte hartuko duten artistei honela egingo zaizkie ordainketak:

– % 50 hautapena onartu eta gehienez 15 eguneko epean.

– % 50 jarduera amaitu eta 13. artikuluan aipatzen diren baldintzak beteta, beranduenik ere 2016eko abenduaren 31n.

16. artikulua.– Ez betetzeak.

Ebazpen honetako 13. artikuluan ezarritako betebeharrak beteko ez balira, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesua eta egonaldiak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin bat etorriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2015eko abenduaren 21a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala