Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2015eko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5535

AGINDUA, 2015eko abenduaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2016-2017).

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta eragile zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati eutsi dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, modu askotariko eragileen arteko elkarrekintza ugarien emaitza da: ikerketa teknologikorako zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek tartean sartutako eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar berekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemak badu hutsune bat, unibertsitateen eta inguruko eragile zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko teknologia-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen –deialdiaren ondorioetarako, erakunde laguntzaile esango diegu– eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du. Lehenengoen eta azkenekoen parte-hartzea derrigorrezkoa izaki Agindu honetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) erakunde laguntzaileen parte-hartzea indartu eta bultzatu nahi da deialdi honetan.

Horrenbestez, deialdi honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Proiektu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate eta teknologi-zentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz, enpresek haiekiko interes handia baitute. Halaber, proiektu horiek garatuko dituzten ikerketa-taldeetan doktoreak sartzea ere balioetsiko da, haien laneratzea ez ezik, unibertsitatearen, ikerketa-erakundeen eta enpresen arteko lankidetza ere bultzatzearren; hartara, talentua ekoizpen-sarean txertatzea sustatuko da, sarearen lehiakortasuna areagotzeko.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Era berean, Agindu honetan, Zientzia eta Teknologiako Euskadi 2020 Planean bildutako estrategiak aintzat hartu dira; izan ere, Planak koherentzia lortu nahi du Europa 2020 Estrategiak zehaztutako helburu estrategikoekin, horrela, ezagutzan oinarrituta egongo diren, modu jasangarrian hazteko gai izango diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai izango diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua (2013ko apirilaren 24ko 78 zenbakidun EHAA) kontuan izanik.

Herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenetan ezarritako oinarrizko araudiarekin bat etorriz.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea laguntza ekonomikoak ematea da, ikerketa-proiektuak egiteko, betiere proiektu horien helburua izanik ezagutza unibertsitatetik enpresetara eramatea, enpresa horientzat interesgarriak diren arloetan. Unibertsitate-taldeak garatu behar ditu proiektuak, enpresako langileek ere parte hartuta; aukeran, erakunde laguntzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan egindako ekarpenekin. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahal izango da. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 15.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako 283.578 euro erabiliko dira, honela banatuta: 2016ko ekitaldirako, 179.902 euro; 2017ko ekitaldirako, 77.757 euro; 2018ko ekitaldirako, 25.919 euro, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura.

2.– Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, erakunde kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, laguntza horiek ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

3. artikulua.– Deialdian parte har dezaketen erakundeak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 6. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

2.– Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere know-howren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baititu.

3.– Enpresa parte-hartzaileek ezin izango dute jaso diru- laguntzaren parterik, ez zuzenen ez zeharka; beraz, proiektuaren esparruan unibertsitate onuradunak ezin izango ditu kontratatu lanak egiteko; eta, bestalde, ezin izango dute hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Baina, eskudirutan egindako ekarpen ekonomikoak egiteaz gain, honako hauek ipini beharko ditu enpresak: proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak; eta horrek, enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa uzten du agerian.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean kreditatutako eragileak ez dira enpresatzat joko kasu horretan.

4.– Deialdi honetan erakunde laguntzailetzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean ZTBES) Erregistroan kreditatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

Teknologia-zentroak.

Ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ).

Deialdi honetan, eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean erregistro horretan aipatutako kategorietan erregistratuta dauden erakundeak baino ez dira onartuko erakunde laguntzailetzat.

Erakunde laguntzaileak ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

5.– Ezin izango dute erakunde onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

4. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak urteko batetik bi urteko osora bitarte betearazteko eskaera egin ahal izango da, eta azken urtearen ondoren lau hilabeteko epealdi osagarri bat izango dute bukatzeko eta 16. artikuluan deskribatutako amaierako txosten zientifikoa eta gastuen egiaztagiriak aurkezteko.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, proiektuak 2016ko ekitaldian hasiko dira gauzatzen; hain zuzen ere, 13.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, emandako diru-laguntza onartutzat jotzen den unean.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

4.– Proiektuan parte hartzen duten erakunde guztietan garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den proiektuaren aurrekontua epigrafeetan eta urtekoen arabera egituratu eta justifikatuko da, deialdi honetan laguntzaren xede izan daitezkeen honako kontzeptu hauen arabera:

a) Laguntzaileak.

Zenbateko bat finantzatu ahal izango da proiektu eta urte bakoitzeko laguntzaile bakar bat ordaintzeko, honako baldintza hauekin:

a.1.– Doktore ez diren langileak.

Laguntzaileen kontzeptupean, lanaldi osoagatik –hau da, urtean 1.600 ordu sartzeagatik– 18.200 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urteetarako, eta 22.800 euro hirugarren urterako. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, zenbatekoa lanaldi horrekiko proportzionala izango da, urteko bakoitzeko.

Laguntzaileak graduko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako titulua izan beharko du; ezin izango du deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillan egon; ezin du beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ez dirurik, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik jaso; horretaz gain, proiektuan gutxienez urtebetez egon beharko du.

a.2.– Doktore diren langileak.

Doktore diren laguntzaileen lanaldi osoagatik – hau da, urtean 1.600 ordu sartzeagatik– urteko bakoitzeko 37.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, zenbatekoa lanaldi horrekiko proportzionala izango da, urteko bakoitzeko.

Laguntzaileak doktore titulua izan beharko du; ezin du beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ez dirurik, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik jaso; horretaz gain, proiektuan gutxienez urtebetez egon beharko du.

b) Material inbentariagarria.

Kontzeptu horregatik urtean gehienez ere 18.000 euro ordainduko dira, BEZaren gastua alde batera utzita. Proiektuaren kontura erositako ekipamendu bakoitzaren kostua ez da izango 18.000 eurotik gorakoa, eta unibertsitate onuradunaren inbentarioan jaso beharko da. Esanbidez deialdi honetatik kanpo uzten dira altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, baina behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Ez da sartuko bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak ere finantzatu ahal izango dira, betiere finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5eko balioa badute, gehienez, eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezkoak direla justifikatzen bada.

6. artikulua.– Eskabidean parte hartzen duten erakunde onuradunen eta ikertzaileen betekizunak.

1.– Nahitaez bete beharreko betekizuna da Unibertsitate onuradunetako bateko ikertzaile-talde batek eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresa batek, gutxienez, parte hartzea proiektuan. Erakunde laguntzaile baten parte-hartzea, berriz, aukerakoa izango da.

2.– Eskabidean, diru-laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guzti-guztien zerrenda aurkeztu behar da; ikertzaile horiek eskabidean parte hartzen duen erakunderen batekin kontratua izan beharko dute. Proiektuak irauten duen bitartean, ikerketa-taldea gutxienez hiru lagunek osatuko dute, honela:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia; doktore-titulua izan behar du.

b) Ikertzaileak; doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura nahiz ingeniaritza edo unibertsitateko gradua izan beharko dute. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean baldintza hori betetzen duen lagun bat, gutxienez, egon beharko du, eta erakundearen plantillakoa izan beharko du.

c) Enpresetakoak diren pertsonak; programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izan beharko dute eta ez dira sartzen aurreko lerrokadetan adierazitako kategorietan.

3.– Sinatutako erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak honako hau adierazi beharko du eskabidean: deialdi honetan eskatutako proiektua garatuko den urteetarako eman edo eskatu diren beste proiektu batzuetan zenbat orduko konpromisoa hartua duen, eta pertsona bakoitzaren lanaldi osoa gehienez 1.600 ordu/urtean dela aintzat hartuta, proiektu honetan esleitutako eta konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu izan beharko ditu libre.

4.– Erakunde parte-hartzaileek kontratatu beharko dituzte ikertzaileak deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta kontratuaren iraupenak eta lanaldiak, gutxienez, proiektuan izango duen parte-hartzean aurreikusitakoaren berdina izan beharko dute. Ikertzaile nagusiak kontratua izan beharko du unibertsitate eskatzailearekin, gutxienez, proiektuaren iraupen osoari dagokion aldirako; aldi horretan sartzen dira betearazteko fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hilabeteko aldi osagarria.

5.– Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko frogagiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta enpresaren adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, lanaldi osoa gehienez 1.600 ordu/urtean dela aintzat hartuta, proiektu honetan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bada (prestakuntza-aldian diren doktoretza aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), finantzaketa ematen dion erakundearen izendapena aurkeztu beharko du; agiri horretan, finantzaketa-epealdi osoa zehaztu beharko da, eta horretaz gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu dedikatzeko baimena ematen dion adierazten duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da –ordu kopuru horrek bateragarri izan behar du doktore-tesiaren proiektua gauzatzearekin–; ziurtagirian, proiektuan egin beharreko jarduera eta tesia zenbateraino gainjartzen diren (portzentajea) zehaztu beharko da, bai eta tesia zein zentrotan egin behar den ere. Proiektu-eskabide bakoitzean, prestakuntzan den doktoretza aurreko ikertzaile batek bakarrik parte hartu ahal izango du.

7.– Research Professo edo Research Fellow kategorietan Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako plantillakotzat joko dira, deialdi honi dagokionez.

8.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide batean soilik parte hartu ahal izango du. Eskabide batera baino gehiagotara aurkeztuz gero, bakarrean parte har dezakeela jakinaraziko zaio, eta aukeratu egin beharko du.

9.– Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartu duten edo parte hartu izan duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta proiektu horiek, 2015eko abenduaren 31n, jarduerak bukatu gabe badituzte, betetzeko obligazioak –emaitzak argitaratzea izan ezik– dituztelako. Onartzeko kontuan izan zen azkeneko data baino lehen ezeztatzen bada finantzatutako proiektu bat, parte hartu duten ikertzaileek ezin izango dute beste proiektu batzuetan parte hartu, harik eta proiektu hura onartu zenean aurreikusitako amaierako data iritsi arte. Egoera horietan dauden proiektuen eskabideei ezezkoa emango zaie.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko erakundea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabidea bi urratsetan beteko da, EAEko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan (http://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44Login.do) bide telematikoz eskura daitekeen aplikazioak eskaintzen duen eskabide-formularioaren bitartez.

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta hartu beharko du aplikazioaren erabiltzaile gisa, lehendik erabiltzaile ez bada; edo bestela, ziurtagiri elektroniko pertsonalaren (adibidez, NAN elektronikoa) bitartez saioa hasi beharko du, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die, eskabidea oso-osorik bete arte.

Gero, aurreko urratsari jarraiki eskabidea aplikazioaren bitartez oso-osorik bete ostean, eta Agindu honen II. eranskinean zehaztutako dagokion dokumentazioa eskabideari atxikitakoan, unibertsitateak edo legezko ordezkariak eskabidea elektronikoki sinatu beharko du; orduan baino ez da geratuko eskabidea erregistratuta. Horretarako, unibertsitate eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskabidea elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak alta hartuta egon beharko du edo alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistro elektronikoan (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena), esteka honetan: https://euskadi.eus/

3.– Parte hartzen duten beste ikertzaileek beren NANaren edo AIZren zenbakia jarri beharko dute eskabidean; hori eginez gero, deialdia kudeatzen duen erakundeari baimena ematen diote, egoki iritziz gero, nortasun-datuak dagokion administrazioan egiaztatu, ziurtatu edo alderatzeko, dela baliabide elektronikoen bitartez, dela eskura dauden bestelako baliabideen bitartez.

4.– Nolanahi ere, eskabidean honako bi adierazpen hauek ere aurkeztu behar dira: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena; eta bestetik, I. eranskinean bildutako printzipio bioetikoak errespetatzeari buruzko adierazpena.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epea duten jakinarazpenen kasuan –hala nola, zuzentzeko errekerimendua eta deialdia ebazten duena–, prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Diru-laguntza eskabidea oso-osorik beteta etorri ezean, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkeztu ez bada, interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar laneguneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epearen barruan zuzenketarik egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena EAEko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpenaren ondorioak.

2.– Ebazpena EAEko Herri Administrazioaren –Eusko Jaurlaritzaren– egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpenaren ondorioak.

Hori horrela izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpena argitaratu izanaren abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara SMSak eta helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordea honela osatuta egongo da: Zientzia Politikarako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría andrea izango da buru; Unibertsitateetako zuzendari Francisco Javier Alonso Aldama jauna, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari Juan José Ruiz de Mendoza Chávarri jauna. Ebaluazio egokia egin ahal izateko, Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak egiteko eska diezaioke Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalari (ANEP). Ebaluazio-batzordeak deialdiaren irizpideak behar bezala aplikatuko ditu eta agentzia horren interpretazioa homogeneizatuko du.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko:

(Ikus .PDF)

2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzearekin lotutako alderdien xehetasunak, ebaluatzaileei beren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskabideak soilik lagun daitezke diruz.

3.– Balorazio-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraiki esleituko dira laguntzak; laguntzen gehieneko zenbatekoa emango da, onartutako aurrekontuaren arabera betiere, 2. artikuluaren arabera horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte. Puntuazioan berdinketa izanez gero, eskabideak betetzeko aplikazioak eskabide bakoitzari esleitzen dion ausazko zenbakiaren arabera ebatziko dira, beheranzko ordenari jarraiki; zenbaki hori aplikazio telematikoak sortzen duen eskabide-orrian inprimatuta agertzen da.

4.– Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak; bestalde, onartutako aurrekontu hori honelaxe zehaztuko da: eskabidean planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren –onartutako kofinantzaketak barnean hartuta– eta ANEPen gomendioen arabera. Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa urteka banatuko da, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planen arabera.

13. artikulua.– Ebaztea eta onartzea edo uko egitea.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta sailburuordeak esleipenak egin edo, ahal badagokio, ukatuko diren edo kanpoan utziko diren eskabideak zehaztuko ditu, ebazpen bakar eta arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei emango zaie.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna(k).

– Parte hartzen duten enpresen izena edo helbide soziala.

– Ikerketa-proiektuaren izenburua.

– Unibertsitate onuradun bakoitzari proiektua garatuko den urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan aurreikusitako jarraiki, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak irauten duen bitartean, baina gehienez bi hilabeteko etenaldia izango da.

4.– Unibertsitate onuradunei diru-laguntza urteka nola banatu den jakinaraziko zaie, Ebazpena jakinarazi ostean. Ebazpena EAEko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan argitaratu denetik kontatzen hasita 10 egun naturaleko epean (9.2 artikulua) unibertsitate onuradunak ez badu esanbidez uko egiten, diru-laguntza onartzen duela ulertuko da. Une horretatik aurrera, proiektuak betearazten hasiko dira, urtebetez edo bi urtez, ebazpenean xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzaren beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezin izango ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Eskatzaileak argi eta garbi egiaztatu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Parte hartzen duen unibertsitate onuradun bakoitzari ordainduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.– Urteari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, betearazpen-faseko urte bakoitzean. Lehenengo urteari dagokion ordainketa 13.4 artikuluan deskribatutako onartzeko aldia igaro ostean egingo da, eta enpresaren hitzarmena eta ordainagiria jasotakoan (16.3 artikulua). Bigarren urteari dagozkion ordainketa aurreratuak egin ahal izateko, aurreko urteari dagokion urteko txostena aurkeztu beharko da, eta diru-laguntzaren kontsumoak eta helburuen betetze-maila behar bezala justifikatu beharko dira, betiere onartutako proiektuaren planean aurreikusitakoari jarraiki.

Proiektua burutzeko azken urtea denean, diru-laguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa –gainerako % 25a– 4.1 artikuluaren arabera erakunde onuradunak dagokion dokumentazio guztia –Aginduaren 16. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan xedatuta dago– aurkezteko duen aldi osagarria igarotakoan egingo da, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak oniritzia eman beharko dio.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubideari eutsiz bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

4.– Unibertsitate onuradunak egunean egon beharko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagokionez, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (1992ko uztailaren 8ko EHAA) xedatutakoari jarraiki.

5.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du laguntzak eskatu dituzten unibertsitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzia jaso beharrik gabe, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

1.– Laguntzaileen kontratua: Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua berariaz jaso beharko da, bai eta bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdiaren ebazpena baino lehenagokoa, eta proiektua gauzatzen hasten den lehen sei hilabeteetan egin beharko da. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa ordaintzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango dio, eta horretarako, zentroak berak erantsiko dio zenbateko bat diru-laguntzari harik eta kostu osoa ordaindu arte. Hori gertatuz gero, proiektuarekin batera, zentroak esleitzen dizkion bestelako egiteko osagarri batzuk ere egin ahal izango ditu laguntzaileak.

2.– Parte hartzen duten erakundeen arteko hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, bai eta erakunde laguntzaileen artean ere, baldin badaude, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea, erabilera eta baliatzea zein izango diren; eta deialdiari dagokionez enpresak/enpresek bere egin ditu(zt)en obligazioak.

Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita gehienez hilabeteko epean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako hauek aurkeztu beharko dira: sinatutako Hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria; diru-laguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza izango da.

3.– Urteko txostena: 15.2 artikuluan aipatzen diren 2. eta hurrengo ordainketak egin aurretik nahitaez aurkeztu beharko da. Unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua betearazteko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko du Zientzia Politikarako Zuzendaritzan. Honako datu hauek jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

4.– Gastua egiaztatzea: proiektua betearazteko azken urtea amaitu ondoko segidako bi hilabeteko epean, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du.

5.– Amaierako txosten zientifikoa: nahitaezkoa da azken urteko diru-kopurua ordaintzeko. Proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

6.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, sail laguntzailearen babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

7.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zera adierazi beharko du: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, burututako patenteak eta lortutako irabaziak.

8.– Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira enpresaren txostenak, enpresaren legezko ordezkariak izenpetuko baititu.

9.– Aipatutako txosten horiek egiteko formulario elektronikoak bide telematikoz eskuratu ahal izango dira.

10.– Urteko txostenek, amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa jaso dezakete. Dagokion ezagutza-alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia onartua aitortua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazio negatiboa dela eta, proiektua garatu den modua ebazpen- eta ebaluazio-prozesuan onartutako eta eskabidean proposatutako lan-planarekin eta helburuekin bat ez datorrela ondorioztatzen bada, 19.2.d) artikuluan xedatutakoa beteko da.

17. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.– Ikertzaile-taldeko kideek Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideekin eta Agindu honetan ezarritakoarekin bat etorrita egin beharko dituzte gastuak; eta arau horietan zehaztu gabekoari dagokionez, dagokion unibertsitate onuradunean diren arau orokorrei jarraiki egin beharko dituzte. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, baimendutako pertsonentzako onartutako jardueren arabera, eta, bestalde, gastuaren faktura eta frogagiri egokien bidez egiaztatu beharko dira.

2.– Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo partzialei, eta bermeen araubide orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzei dagokienez, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori jarraituko zaio.

3.– Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

4.– Unibertsitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

5.– Proiektua amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa, eskatu ahal izango dio, aipatutako eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu ondoren.

6.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du unibertsitate onuradunak, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.). Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbuespen izanik eskabidean alderdi hori esanbidez ukatu izana; kasu horretan, unibertsitateek betebehar horiek beteta dituztela egiaztatzen duten dokumentu eguneratuak aurkeztu beharko dituzte, oraingoan kobratu ahal izateko.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa.

1.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

2.1.– Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2.2.– Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

2.3.– Ikerketa proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, deialdia kudeatzen duen erakundearen baimena izan gabe.

2.4.– Taldeko kideek berek ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

2.5.– Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

2.6.– Deialdi honetako oinarriak (osorik edo partzialki) ez-betetzea, kasua larria denean.

2.7.– Datuak ezkutatzea, aldatzea edo eskabidea manipulatzea, kasua larria denean.

20. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak– fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubidea baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko eta egoki den kreditua egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 31.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean –Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute.

Era berean, Lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa eskuratzea edo elkartrukatzea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, bestetik, Elikadura eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, eta hirugarrenik, Mintegietako Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

II. ERANSKINA

1.– Eskabidean honako informazio hau jasotzen da:

a) Unibertsitatearen identitatea, sinadura digitalaren bitartez; eta ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren zenbakiaren bitartez.

b) Ikerketa-taldeak egin behar duen lan-planari buruzko informazioa; hala nola, helburuak, lanen banaketa eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Ikerketa-taldeak parte hartuko duen ikerketa-proiektu aktiboak edo eskabide-fasean dauden proiektuen identifikazioa, eskatutako proiektuaren garapenarekin bat etorrita; proiektu parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak proiektu horietarako izango duen ordu-dedikazioa; hala badagokio, beste erakunde batzuek kofinantzatutako proiektuei buruzko informazioa, baldin eta eskatutako proiektuaren eduki zientifikoan eta betearazteko aldian gainjarri egiten badira.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren identifikazioa, NANaren edo AIZren bitartez; gainera, datu pertsonalak; titulazio akademikoa, kontratu mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera; eta kostu ekonomikoa, urteen arabera, 5. artikuluari jarraiki.

f) Kofinantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena; diru-laguntzei eta laguntzei dagokienez, desgaitzen duen zehapen-prozedura, bai eta genero-diskriminazioarekin ere, 3.2 artikuluaren arabera; eta 4.3 artikuluan bete beharreko printzipio bioetikoei buruz xedatutakoa betetzen dela dioen adierazpena.

2.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

2.1.– Dokumentazio teknikoa:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Hipotesiak eta Helburu orokor eta operatiboak.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek atazei eskainitako dedikazioa

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldearen esperientzia gaiari buruz.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta atarramentua.

– Kofinantzaketaren deskribapena, hala badagokio.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

– Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

b) Ikerketa-taldeko ikertzaile guztien Curriculum Vitae-a.

c) Hala badagokio, kofinantzatutako proiektuaren eskabidearen kopia

d) Hala badagokio, kofinantzatutako proiektuaren ebazpenaren kopia. (Kofinantzaketen kasuan, eskabidearekin batera kofinantzaketa-eskabidearen kopia dutenak baino ez dira aintzat hartuko, eta ebazpena eman aurretik organo kudeatzailean emakida-dokumentuaren kopia aurkeztu baldin bada; beraz, erakunde eskatzaileek, hala badagokie, arreta handia jarri beharko diote alderdi horri).

e) Hala badagokio, eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak.

2.2.– Administrazio-dokumentazioa:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako dokumentua; dokumentu horretan, 2016-2018 aldian proiektu aktiboetan izandako dedikazioa adierazi beharko da, kofinantzatutako proiektua ere barnean hartuta, eta ikertzaileak eskatutako proiektuan izango duen dedikazioa, 6.2 artikuluaren arabera.

g) Ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailearekin duen lan-kontratuaren kopia; kontratuaren hasierako eta amaiera data, iraupena eta urteko dedikazioa zehaztu behar ditu. Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko frogagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa ere, 6.4 eta 6.5 artikuluen arabera.

h) Erakunde onuradunaren, erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; azken horrek adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

i) Hala badagokio, unibertsitate eskatzaileari atxikitzeko dokumentua, betiere Ikerbasquek kontratatutakoa baldin bada, 6.7 artikuluaren arabera.

j) Hala badagokio, doktoretza aurreko beka emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta beka aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

k) Hala badagokio, 3.2 artikuluan diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz jasotakoarekin lotutako dokumentazioa.

l) Unibertsitate onuradunaren, erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; azken horrek adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

m) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

n) Esleipen-irizpideen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa.

II. ERANSKINA

Ebaluazio-irizpideak

UNIBERTSITATEA-ENPRESA IKERKETA PROIEKTUAK

2015-2016

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala