Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2015eko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5534

AGINDUA, 2015eko abenduaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016-2018 aldian egin beharreko Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatuko proiektuak egiteko laguntzak deitzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerketa egitea bermatu eta sustatu nahi da; hots, dela beren jarduerak nazioartekotzea eta beren emaitzak garrantzi zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitaratzea, dela euskal gizartearen gizarte-, teknologia- eta ekonomia-arazoak konpontzen laguntzea. Horregatik guztiagatik, sail honek sustatzen dituen proiektuak –oinarrizko ikerketakoak eta ikerketa aplikatukoak– egiteko programarekin aurrera jarraitu behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotu egiten da deialdi honekin; bertan ezagutzaren garapena faboratzen da, bai eta erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioa ere. Aldi berean, modu koordinatuan artikulatzen da, enpresekin lankidetzan, garapen teknologiko berritzailera, baliabide materialen eta giza baliabideen bultzapenera eta bikaintasuneko ikerkuntza-taldeen eta unitateen funtzionamendura zuzendutako beste deialdi batzuekin.

Era berean, agindu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planean jasotako estrategiak aintzat hartzen ditu –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta egongo diren, modu jasangarrian hazteko gai izango diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai izango diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatzeko.

Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan zehaztutako administrazio-baldintzetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua hauxe da: beherago zehaztutako modalitateekin bat, oinarrizko ikerketak eta/edo ikerketa aplikatuak gauzatzeko laguntza ekonomikoak ematea.

1. modalitatea: erakunde bakarreko ikerketa-taldeen proiektuak.

2. modalitatea: erakunde ezberdinetako ikertzaile-taldeek proiektu berean parte hartzen duten lankidetza-proiektuak.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honek xede dituen laguntzetarako 688.000 euro izango dira, guztira, honela banatuta: 304.000 euro 2016ko ekitaldirako; 192.000 euro 2017ko ekitaldirako, 144.000 euro 2018ko ekitaldirako eta 48.000 euro 2019. ekitaldirako. Diru hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura emango da.

2.– Aurrekontuaren % 50 izango da 1. modalitateko proiektuak finantzatzeko, eta beste erdia 2. modalitatekoak finantzatzeko. Modalitateetakoren batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta ebaluazioa gainditu badute eta, ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute diru-laguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako zuzkidura ekonomiko nahikorik ez zegoelako.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatutako erakundeak izango dira (aurrerantzean, ZTBES) –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, honako kategoriatan:

Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak (EHU izan ezik).

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak.

Aipatu erregistroan eta adierazitako kategorietan eskaera egiteko epea amaitu baino lehen dauden erakundeek baino ezingo dute onuradun izan.

2.– Ezingo dute agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen ez dituztenek.

4. artikulua.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak 1 eta 3 urte osotan egiteko eskatu ahal izango dira, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko; horretarako, gastu-ziurtagiriak eta 16. artikuluan deskribatutako amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.

2.– Deialdiaren ondorioetarako, 2016ko ekitaldian hasiko dira proiektuak garatzen; hots, 13.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, emandako diru-laguntza onartzen denean. Bestalde, gauzatzeko fasea 2019ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko da.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagunduko den jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen hurrengo kontzeptuen arabera:

a) Laguntzaileak:

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

Laguntzailearentzako, 18.200 euroko diru-laguntza emango da lehenengo eta bigarren urteetan eta 22.800 eurokoa hirugarren urtean, lanaldi osoa aintzat hartuta, hots, 1.600 ordu urtean. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, kopurua urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da, proportzioan.

Lizentziaduna, industria-ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak; ezin du deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillakoa izan aurrez; ezin izango du beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ordainketarik jaso, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik. Gainera, urtebete baino gehiago eman beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria:

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 18.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZ kanpo, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra:

Mugarik gabe ordainduko da, baina behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Finantziazio horretatik kanpo da bulegoko material orokorra.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastu batzuk.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen ebazpenaren aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako gauzatzeko aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– 1. artikuluan deskribatutako 2. modalitateko eskaeren kasuan, honako hau joko da: kontzeptuetarako aurreikusi diren mugak parte hartzen duten erakundeetako bakoitzari aplikatzen zaizkio, modu independentean.

5.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Erakunde bakoitzaren eskaeran ikertzaileen zerrenda jasoko da; ikertzaileok, bada, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldea osatuko dute. Hiru pertsonek osatuko dute gutxienez taldea proiektuak irauten duen bitartean. Horietatik gutxienez bik doktoregoa egiaztatzen duen titulua izan behar dute, eta horien artean egon behar du taldea zuzenduko duen ikertzaile nagusiak.

Gainerako ikertzaileak ikerketa-laguntzaile izan ahalko dira, eta gradu-, lizentziatura-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu bidez, parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetan emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan zenbat ordu konprometitu dituzten adieraziko du. Hori horrela, urteko 1.600 ordu aintzat hartuko dira pertsonako dedikazio osoan, eta ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko dizkio proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

3.– Erakunde eskatzaile bakoitzeko ikertzaile guztiek proiektuari gutxienez zenbat ordu eskainiko dioten adierazi beharko da eskaeran. Gutxieneko dedikazioa, bada, urteko 1.400 ordukoa izan beharko da, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiak urteko 420 ordu eskaini beharko ditu gutxienez.

4.– Erakunde eskatzaileak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, proiektuan parte hartzeko aurreikusitako aldi eta dedikazio berberarako, gutxienez. Ikertzaile nagusiak, bestalde, kontratua izan beharko du erakundearekin, proiektuaren iraupen osoaren aldi berberarako edo handiagorako, 4.1 artikuluan zehaztutako gauzatze-epea eta lau hileko aldi gehigarria barne.

5.– Ikertzaileek obra-kontratu bat badute, agiri bidez frogatu beharko dute obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar zaizkion adierazi beharko du enpresak, argi adierazteko zenbat ordu eskaini behar zaizkien proiektutan konprometitutako jarduerei. Gehienez ere, urteko 1.600 orduko dedikazioa aintzat hartuko da.

6.– Doktorego-tesia egiteko kontratatutako pertsonak (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera) finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita. Horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkion azaltzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du –bere doktorego-tesiaren proiektuarekin bateragarria izan behar du–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar batek parte hartu ahal izango du proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako bati atxikitako EHUko irakasleak BERCeko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikaziorako. Lan-dedikazio osoa, EHUn egingo dituen zereginei dagokiona barne, ez da urteko 1.600 ordukoa baino gehiagokoa izango.

8.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera batean soilik parte hartu ahal izango du. Eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio.

9.– 2015eko abenduaren 31 baino lehenagoko deialdietan parte hartu eta egiteko obligazioak dituztela-eta –emaitzak argitaratzea salbu– jarduerak burutzeke badituzte ikertzaileek, horiek parte hartu duten edo parte hartzen duten proiektuak ez dira finantzatuko. Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute proiektu berritan parte hartu, harik eta proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Gorabehera horiek dituzten proiektuen eskaerak ukatu egingo dira.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

2.– Eskaera agindu honen II. eranskinaren arabera bete beharko da. Horretarako, eskaera-formulario bat dago eskuragarri EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan (http://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44Login.do). Bi urrats eman behar dira:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, eskaera aipatu aplikazioan bete ondoren eta agindu honen II. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, erakunde eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskaera elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan alta emanda egon beharko du (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Segurtasun, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena), esteka honetan: https://euskadi.eus/.

3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia, aipatu aplikazioan, elektronikoki.

4.– Lankidetza-proiektuen kasuan (2. modalitatea), parte hartuko duten erakunde guztiak izango dira eskatzaileak –3. artikuluan aurreikusitako erakundeak izan beharko dute–. Horietako bat proiektuaren koordinatzailea izango da, proiektuaren garapenaz arduratu eta Administrazioarekiko elkarrizketak eta harremanak bere gain hartzeko. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta laguntza-erakundeak zeintzuk diren ere. Urrats hori eman ondoren baino ezingo dute laguntza-erakundeek beren eskaera aurrekoari lotu. Gainerakoan, banakakoaren modu berean egingo dute.

5.– Eskaerak honako deklarazioa izan beharko du: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatutako erantzukizunezko deklarazioa –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura–, baita diru-laguntzetatik eratorritako betebeharrak betetzen direla adierazten duen deklarazioa eta I. eranskinean jasotako printzipio bioetikoak errespetatuko direla adierazten duen deklarazioa ere.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adieraziko duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebaztea eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko. Epe horretan eskaera zuzendu ez bada, ulertuko da eskaera bertan behera utzi dela.

Hutsak zuzentzea jakinarazteko, iragarki bat jarriko da EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko iragarki-oholean, eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.

2.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea: Zientzia Politikarako zuzendari Amaia Esquisabel Alegríak –presidentea izango da, gainera–, Unibertsitateetako zuzendari Francisco Javier Alonso Aldamak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari Juan José de Mendoza Chávarrik. Batzordeak eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkio Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalari (ANEP), behar bezala ebaluatu ahal izateko. Ebaluazio Batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta aipatu agentziak egindako txosten teknikoak bateratuko ditu.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, ebaluazio-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

A) 1. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

B) 2. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean jaso dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaerak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Laguntzak bi prozedura independenteren bitartez emango dira: bat 1. modalitaterako eta beste bat 2. modalitaterako.

4.– Onartutako aurrekontuak 5. artikuluan ezarritako kontzeptuetara egokituko da eta honelaxe zehaztuko da: eskaeran planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren –onartutako kofinantzaketak barne– eta adituen gomendioen arabera. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

5.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraiki esleituko dira, proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera. Gehienez ere diruz lagun daitekeen zenbatekoko diru-laguntzak emango dira, 1.2 eta 5. artikuluei jarraikiz.

Puntuazioan berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat lehendabizi, eta, berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa, 11.A eta 11.B artikuluko irizpide-zerrenda betez. Bi irizpideak berberak dira bi modalitateetarako.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta azken horrek esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Zein modalitateri lotzen zaion.

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna(k).

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Proiektua burutuko den urtealdi bakoitzari esleitutako zenbatekoa.

Elkarlanean egiteko proiektuak badira, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari dagokion finantzaketa ere jasoko da.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan argitaratu eta 10 egun naturaleko epean ez bada berariazko ukorik egin, ulertuko da erakunde onuradunak diru-laguntza onartzen duela. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua gauzatzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

14. artikulua.– Bateragarritasuna/bateraezintasuna beste diru-laguntza eta laguntza batzuekin.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzaz beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Proiektuaren ikertzaile nagusia atxikita dagoen erakunde onuradunari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa. Proiektu koordinatua bada, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari ordainduko zaio.

2.– Urte bakoitzari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, gauzatze-aldiko dagokion urtean. 13.4 artikuluan deskribatutako diru-laguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urteari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urteetako ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena entregatu beharko da, bai eta diru-laguntzaren helburuen eta kontsumoaren betetze-mailaren justifikazio zuzena ere, onartutako proiektuaren planean aurreikusiko litzatekeen bezala.

Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa egiteko –gainerako % 25ari dagokiona–, 4.1 artikuluan adierazitako aldi gehigarria igaro ondoren egingo da; hots, erakunde onuradunak dagokion dokumentazio guztia, aginduaren 16. artikuluaren 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoa, bidali eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, horien erregimena eta obligazioak ere aipatzen dira.

4.– Erakunde onuraduna ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde bat, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta izan behar ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991eko urriaren 7ko Aginduan zehaztutakoaren arabera (1992ko uztailaren 8ko EHAA), baita diru-laguntzen itzulketengatiko betebeharrak ere.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

Diru-laguntza 13.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, gauzatzeko fasea hasiko da, baita jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak honako agiri hauek entregatu beharko ditu bide telematiko bidezko aplikazioa erabiliz:

1.– Laguntzaileen kontratua: laguntzaileentzako zuzkidurarik egonez gero diru-laguntzan, laguntzailea erakunde onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua jaso beharko da, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdi-ebazpenaren aurretikoa. Kontzeptu horrengatik esleitutako diru-laguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk bete ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagozkien dedikazioa bete arte.

2.– Urteko txostena: 15.2 artikuluan aurreikusitako 2. edo ondorengo ordainketak baino lehen aurkeztu beharko da nahitaez. Erakunde onuradun bakoitzeko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu denaren zenbatespena.

3.– Gastuaren ziurtapena: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, erakunde onuradunak, egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko bi hilabeteko epean aurkeztu behar da.

4.– Amaierako txosten zientifikoa: nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

5.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesletza utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari.

6.– Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia.

7.– Aipatutako txostenak egiteko formulario elektronikoak bide telematikoz eskuratu ahal izango dira.

8.– Urteko txostenei, amaierako txosten zientifikoari eta argitalpenei ebaluazio zientifikoa egin dakieke, 10. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. artikuluari jarraikiz jardungo da.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Erakunde onuradunak, ikerketa-taldearen bitartez, agindu honetan zehaztutakoari eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideei jarraikiz egingo ditu gastuak. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, onartutako jardueren arabera, bai eta behar bezala egiaztatu ere, gastuen fakturak eta frogagiriak aurkeztuta.

2.– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenerako.

3.– Erakunde onuradunak informazioa eman beharko die: Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, hain justu ere bi erakunde horiek, beren eginkizunen barruan, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez, eska diezaioketen edozein gaiz.

4.– Salbuespenez, ikerketa proiektua bukatzea eta, ondorioz, diru-laguntza erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon direnean, proiektuaren azken urtea bukatzen den epealdian, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziz, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatzea eskatu ahal izango dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea, eta eskaera hori egiteko arrazoiak egiaztatu beharko dira.

5.– Diru-laguntzaren eskaera aurkezteaz batera, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiaztatu dezan 15.4 artikuluan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituela.

Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, aurreko zenbakian aurreikusitakoak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, diru-laguntza kobratu ahal izateko.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, diru-laguntzaren helburua bete egin dela uste bada, eta, kasua bada, beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako diru-laguntza eta laguntza batzuk batera eskuratu badira, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak bidezkoa den likidazio-ebazpena emango du, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko, banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion lege-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

1.– Proiekturako eskaera egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2.– Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

3.– Ikerketa-proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

4.– Ikertzaile-taldeko kideek berek proiektuan jarduteko finkatu duten dedikazioa nabarmen ez betetzea, proiektuaren ikertzaile nagusiaren kasuan bereziki.

5.– Deialdi honen oinarriak erabat edo zati batean ez betetzea, kasua larria denean, 16.8 artikuluan aurreikusitako ebaluazioari buruzkoa barne.

6.– Datuak ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea, kasua larria denean.

20. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 31.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean –Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –laneko arriskuen prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

II. ERANSKINA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Erakundearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez; eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZren bidez.

b) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Ikerketa-taldeak, eskatutako proiektuaren aldi berean, parte hartuko duen ikerketa-proiektuen zehaztapena (aktibo daudenak edo eskera-fasean daudenak); parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien; eta, dagokionean, beste erakunde batzuek kofinantzatutako proiektuei buruzko informazioa, eskatutako proiektuarekin gainjartzen badira eduki zientifikoari nahiz gauzatzeko denborari dagokienez.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitekeen kontzeptuaren arabera; eta kostu ekonomikoa, urtearen arabera. Biak ere 5. artikuluari jarraikiz.

f) Kofinantzazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (diru-laguntzei eta laguntzei, baita genero-diskriminazioari ere, lotutako zehapen-prozedura desgaitzailea), 3.2 artikuluaren arabera; eta bete behar diren printzipio bioetikoei buruz 4.3 artikuluan zehaztutakoa betetzeko adierazpena.

2.– Eskaerarekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

2.1.– Agiri teknikoak:

a) Ikerketa-proiektuari buruzko memoria, non honakoak jasoko baitira:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Hipotesiak - Helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuak duen interesa.

– Metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

– Zereginen eta erantzukizunen banaketa handitzea, hala badagokio.

– Ikertzaile-taldearen esperientzia gaiari buruz.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta errendimendua.

– Kofinantzaketaren deskribapena, hala dagokionean.

– 2. modalitatekoa bada: parte hartuko duten erakundeetako taldeen kudeaketa, komunikazioa eta integrazioa.

b) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitaea. Sinatzearekin batera, ziurtatzen da dokumentuan emandako informazioa egiazkoa dela.

c) Kofinantzatutako proiektuaren eskaeraren kopia, hala dagokionean.

d) Kofinantzatutako proiektuaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean. (Eskaeran jasotako kofinantzazioak aintzat hartuko dira soil-soilik ebazpena eman baino lehen organo kudeatzaileari aurkezten bazaio horien eskaeraren kopia eta ematearen agiriaren kopia. Erakunde eskatzaileek, beraz, arreta berezia jarri beharko diote puntu honi).

e) Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

2.2.– Administrazio-dokumentazioa:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2016-2018 aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, kofinantzatutako proiektua barne, eta bakoitzak eskatutako proiektuari zenbat denbora eskainiko dion, 6.2 artikuluaren arabera.

g) Ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailearekin duen lan-kontratuaren kopia, hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu,agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 6.4 eta 6.5 artikuluei jarraikiz.

h) Hala dagokionean, doktoratu aurreko beka izendatzearen eta/edo ematearen agiriak, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta bekaren aplikazio-zentroarena, 6.6 artikulua betez.

i) Hala dagokionean, Ikerbasquek edo EHUk kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 6.7 artikuluaren arabera.

j) Hala dagokionean, diru-laguntza eta laguntzetarako zehapenei eta gaitasungabetzeei buruz 3.2 artikuluan jasotakoaren gaineko agiriak.

k) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 17.5 artikuluan aipatutakoak, organo kudeatzaileari egiaztapen automatikoa egiteko baimenik eman ezean, 8.6 artikuluan aurreikusi bezala.

l) Proposamena esleipen-irizpideen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

II. ERANSKINA
1. MODALITATEA
OINARRIZKO IKERKETAKO ETA IKERKETA APLIKATUKO PROIEKTUAK
2015-2017
(Ikus .PDF)
2. MODALITATEA
ELKARLANEKO PROIEKTUAK
2015-2017
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala