Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2015eko abenduaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5341

AGINDUA, 2015eko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Ikertzaileentzako Mugikortasun Programarako deialdia egiteko dena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren ustez, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatzen baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua.

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.

Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak kontuan izanda.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Norgehiagoka-erregimenean, honako deialdia egitea da agindu honen helburua: dedikazio esklusiboarekin, ikerketa-zentroetan egonaldiak egitea; batetik, I+G+B zentro eta erakundeetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzeko, eta, bestetik, ikertzaile-taldeen lehiakortasuna eta gaitasunak hobetzeko.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik dagoen; edo, bestela, goi-mailako lortura eta elkartrukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.

2. artikulua.– Egin beharreko proiektuak.

1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak deialdi honetan adierazitako helburuari egokitu behar zaizkio.

2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo gizakietatiko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean– Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroa.

1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izanik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.

2.– Destinoko zentroek, betiere, zera eskatzen dute: emandako mugikortasun-aldi osoan zehar izangaiak bizileku finkoa aldatua izatea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpo egon beharko dute destinoko zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 120.000 euro bideratuko dira.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak honako hauek dira: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, duten agente-kategoria edozein delarik ere, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, 2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk., Teknologiaren Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena.

Edozelan ere, honako hau hartuko da erakunde onuraduntzat: hura zeinetan integratzen diren ikertzaileak, betiere entitate hori nortasun juridiko propiokoa delarik.

Erakunde onuradunek honako honetarako soilik erabiliko dituzte laguntzak: eskabidean eta deialdiaren ebazpenean, izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako.

2.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeretakoren batean dauden erakundeak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak, eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

a) 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra bitartean egon beharko du egonaldiaren hasiera-egunak.

b) Egonaldiak, gutxienez, bi hilabetekoak izango dira eta, gehienez ere, seikoak. 6.3.d) artikulua aplika daitekeenean, iraupen txikiagoko egonaldietako eskabideak onartuko dira, salbuespenez.

c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, egoki arrazoitutako idazki batez eskatu ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak juzgatuko du halako atzerapenaren aukera, eta justifikaturik dagoenean baimendu egin ahal izango du. Destinoko zentroan, betiere, 2016ko abenduaren 31 igaro baino lehen hasi beharko da.

d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

e) Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.

2.– Egonaldietan, kanpoan izateak, aldaketak eta etenak.

a) Zentro hartzailean, egonaldiak etenik gabe gauzatu beharko dira. Proiektutik datozen zioen ondoriozko kanpoan egoteak talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta erakunde onuradunak Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuaz.

b) Justifikatutako motiboak direla, aldi baterako etena baimendu ahal izango da, gehienez ere bi hilabeterako, eta, betiere, egonaldiaren guztizko denbora ez bada gutxienez ezarritakoaren azpitikoa.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna jaso beharko du. Epealdi-etena berreskuraezina izango da betiere.

c) Egonaldiak baliatzeko epeetan nahiz diru-laguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimena.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna jaso beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak izan beharko dute eskabideek. Proposamen egokia egitearren, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, egoki irizten dien txostenak eskatu ahal izango ditu. Aldaketek ez dute funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiaren izariari, proiektuari edo zentro hartzaileari dagokienez, salbu eta hartarako kausak behar bezala egiaztatuak direnean.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Egiaztatutako lan-loturari dagokionez zerbitzu aktiboan izatea. Hautagaiak erakunde eskatzailearekiko duen lan-loturak egonaldia amaitu arte iraun beharko du.

b) Doktorea izatea.

c) Erakundearen lanpostu-zerrendan kontratu mugagabea izatea, bi urteko antzinatasunaz. Irakasle atxikien lotura duten ikertzaileen eskaerak onartuko dira, betiere irakasle agregatu edo titular gisa egiaztatuta badaude eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean.

d) Aurreko deialdien babespean programa honetatik zein antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik laguntzarik jaso ez izana, 2013ko urtarriletik hara eta metatutako sei hilabetetik gorako epe batez. Egindako egonaldien epealdi metatua 6 hilabetetik beherakoa bada, laguntza eskatu ahal izango da, baina 6 hilabetera arte geratzen diren hilabeteetarako bakarrik.

Zelan eta aurreko deialdietan aurreikusten baitzen iraupen maximo handiagoa, 2016ko deialdi honetan –salbuespen gisa– hilabete 1etik 2ra bitarteko egonaldiak eskatu ahal izango dira, hain justu ere honako baldintza hauek betetzen badira: egungo laguntza zein zentrorako eskatzen den, hangoxean egindako lehengo egonaldietan hasitako ikerketa-proiektuak osotu edo amaitzeko helburua badu eskatutako egonaldiak, hori egiaztatzen bada, eta deialdi honetan aipatu 6 hilabeteko epealdi maximoa amaitu ez bazen harako egonaldietan.

Eskabideak aurkezteko epea amitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak eta horri halako bat esleitzen bazaio, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Beharrezkoa bada, epealdi horren zenbaketak zera ekarriko du: esleitutako aldi hori murriztea edo hautagaia izateko aukera galtzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzeko deialdiaren gaineko ebazpen bidez.

f) Eskabidea egiterakoan beteta izan beharko dira baldintza guztiak, eta izan beharko dira egonaldia hasten den egunean.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

a) Hileko, 1.500 eurotik 2.400 eurora bitartekoa izango da laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura; betiere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, kontuan izanik honako datu hau: herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPG biztanle bakoitzeko, $), Nazioarteko Diru Funtsarena.

b) Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriak guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza hartuko da erreferentziatzat. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Bidaian norberaren garraiobideak erabiliz gero, justifikatutako kilometroak kilometroko 0,29 eurotan ordainduko dira.

Joan-etorriak egiteko, bisatua izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

c) Deialdi honen bitartez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten erakunde onuradunek bidaian laguntzeko aseguru bat izango dute, egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izan daiteke, halako direla frogatuz gero, betiere ordenamendu juridikoan onartutako edozien probaren bidez.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Formulario batez osotu beharko dira eskabideak; eta hura bidez telematikoz eskuratu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2015/ikermugikortasuna/y22-izapide/es. Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik ezean, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta hartu beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua) esteka honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/ikermugikortasuna/y22-izapide/eu

Aplikaziora sartzeko bi era daude: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMT - Pertsona fisikoaren ziurtagiria) edo erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Aplikazioan sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdiaren organo kudeatzaileari) nortasun-datuak egiazta ditzan, eskudun administrazioan, hain zuzen ere bitarteko elektronikoen bidez edo eskura diren beste bitarteko batzuen bitartez.

2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta 8. artikuluan zehaztutako dokumentu erantsiak aplikaziora sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriaz; eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Nolanahi ere, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. idatzi-zatian agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Bertan, honako betebehar hauek bete direla egiaztatuko da:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Hautagaia ez dagoela sartuta itzultze- edo zehatze-prozedura batean, eta, hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean dituela.

c) Hautagaiak ez duela zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuetako batean sartuta ez egotea.

e) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta hautagaiak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

4.– Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

Eskatzaileak, nolanahi ere, baimen hori espresuki uka dezake, eta, hala egiten badu, eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu halakoak egiaztatzeko nahitaezko agiri eguneratuak.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Beherago zehaztutako agiriak jaso beharko dira eskabidean; eta agiriok aplikazio telematikoan sartu beharko dira:

a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta erakunde onuradunari dakarzkion onurak ere jaso beharko ditu. Gehienez hiru orri.

b) Hautagaiaren curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinetan azken sei urteetako merezimenduak jasotzen diren.

c) Zerbitzu-orria edo enpresa-ziurtagiria, zeinetan honako hauek jasotzen baitira: antzinatasuna, eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko kontratu-harremana.

d) Ikerketa-jardueraren aldi baterako etena justifikatzen duten egiaztagiriak, 11.2.b artikuluan jasotako kasuen arabera.

e) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinetan jasoko baita ikertzaile-talde hartzailearen –azken sei urteetako– arduradunaren curriculum vitaea.

f) Laguntza jasoz gero, ikertzaile-taldeko arduradunaren konpromisoa, bere taldean hautagaia –eskatutako epealdian zehar– onartzeko dena. Egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du dokumentuak.

g) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa; erakunde eskatzaileko organo eskudunak eman beharko du lizentzia hori. Egingo den egonaldiaren helburua eta datak jasoko ditu dokumentuak.

h) Hautagaiaren ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioak dokumentu horren txantiloi bat du.

i) Ikertzaile-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioak dokumentu horren txantiloi bat du.

j) Hautagaiak lehenago egindako egonaldien ondorioz erakunde onuradunari datozkion onurak. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.

k) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek beteta izan beharko dituzte zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 egun naturaleko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak honelaxe jakinaraziko dira: 13. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako prozedurarekin bat etorriaz.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Honako hauek osatutako batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak: Zientzia Politikarako zuzendaria (lehendakaria izango da), Unibertsitateen zuzendaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat. Teknikari hori Zientzia Politikarako zuzendariak hautatuko du, eta batzordeko idazkaria izango da.

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke honako hauei: hautagaiak diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, eskabideak balioesteari dagokionez, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, betiere kontuan izanik destinoko zentroa eta proposatutako egutegia. 10 puntu.

Helburuen garrantzia, berritasuna eta definizio maila balioetsiko dira, bai eta lortu nahi diren emaitzak ere. Era berean, proposatutako helburuak gauzatzeko, talde hartzaileak eta hautagaiak duten gaitasuna balioetsiko da, bai eta metodologiaren, lan-egitasmoaren eta aurreikusitako kronogramaren egokitasuna ere.

b) Azken sei urteetan hautagaiak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak. 20 puntu.

Puntu honetan, kontuan hartuko da hautagaietakoren baten kasuan etenen bat gertatu den ikerketa-lanean, egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna, amatasuna, aitatasuna, edoskitzealdiko arriskua, adopzioa edo harrera.

c) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak. 15 puntu.

b) eta c) idatzi-zatietan honako hauek balioetsiko dira: argitalpenen kalitatea eta ibilbide zientifikoa, ikerketa-proiektu eta -jardueretan izandako ardura, doktorego tesiak zuzentzea, patenteak, beste talde eta erakunde batzuekin egindako kolaborazioak, eta nazioartean muntako biltzarretan gonbidatu gisa egindako hitzaldiak.

d) Lehenagoko egonaldien ondorioz erakunde eskatzaileak izan dituen onurak. 5 puntu.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Lehiaketako prozeduraz ebatziko dira laguntza-eskabideak. Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean halako hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50a gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honetako 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, sexu ezberdineko ikertzaileen artean lortutako puntuazioan berdinketa egonez gero, emakumearen aldeko ebazpena emango da.

Sexu bereko ikertzaileen arteko berdinketak eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera hautsiko dira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzea eta dagozkien zenbatekoak zehaztea honelaxe egingo da: balorazio-batzordeak proposaturik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, betiere EHAAn deialdia argitarazten denetik harako sei hilabeteko epearen barruan.

2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan aipatu ebazpena argitaratuaz egingo da jakinarazpena (https://www.euskadi.net/).

3.– Aurreko zenbakian ezarritakoa bazter utzi gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan adierazitakoak, zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igaro badira, eta onuradunak berariaz uko egin ez badio laguntzari, onartu duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.

c) Laguntzaren helburua lortzeko, egonaldiari dagokion epealdia osorik betetzea.

d) Tokiz aldatzen den ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Ikertzailearengandik destinoko zentroan hasteari buruzko jakinarazpena jasotakoan eta organo emailetik laguntzaren % 75eko ordainketa aurreratua jasotakoan, erakunde onuradunak tokiz aldatu zen ikertzaileari helaraziko dio zenbateko hori. Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatutakoan, likidazio horren ondoriozko zenbatekoa erakunde onuradunari helaraziko dio.

e) Gauzatzen direnetik harako 15 eguneko gehieneko epearen barruan, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroan altak, jarduerak etetea, aldi baterako kanpoan izateak, uko egiteak eta gainontzeko gorabeherak; guztia ere, honako helburu hauekin, batetik, Zientzia Politikarako Zuzendaritza guzti horretaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.

f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar badira, honako erreferentzia berariazko hau egitea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Ikertzaileentzako Mugikortasun Programaren finantzaketa duela.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntzari dagokion ordainketa erakunde onuradunari egingo zaio.

2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

Haietarik lehena, emandako laguntzaren % 75ekoa, honelaxe egingo da: Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, erakunde onuradunak zentro hartzailean hasteari buruzko egiaztagiria aurkeztu ostean.

Bigarren zatia, 2017. urtean, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa, betiere hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean.

3.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen. Bada, lege haren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz: diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

16. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.

1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute jarduera –zeina finantzaketaren helburu baita– burutu dela; eta, hartarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, jarduera hura bukatzen denetik hilabeteko epearen barruan:

a) Egindako egonaldiaren gainean, ikertzaile-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinetan berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.

b) Egindako lana deskribatzen duen txostena, zeinetan honako hauek jasotzen baitira: argitalpenei, patenteei edo ikerketaren ondoriozko beste edozein emaitzari buruzko erreferentziak; guztiak ere, erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Bidaia-gastuei dagozkien fakturak edo jatorrizko agiriak edo konpultsatutako fotokopia baliokideak.

d) Erakunde onuradunak ikertzaileari egindako ordainketak egiaztatzeko agiria.

2.– Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

3.– Egoki iritziz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

4.– Erakunde onuradunak eskatu zaion dokumentazio guztia aurkeztuko du, aplikazio informatikoaren bitartez.

17. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren diru-laguntzekin.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), erakunde onuradunak ezin izango du laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, batetik, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortzen diren legezko korrituak eskatuko dira, baldin eta honakorik gertatzen bada:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok, hura emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak –diru-laguntzei buruzko arauak ezarritakoak– errespetatzen badira.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA) arautzen da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak gauzatu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago –2010eko azaroaren 5eko EHAA–). Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuen aurka egin, datuetan sartu eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hartarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala