Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2015eko abenduaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5334

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 2016. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia egin eta diru-laguntza horiek arautzen dira, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta erakunde pribatuek aktiboki parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei –diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko– laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2 m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta hartara, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo erakunde pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako diru-laguntzak arautzen dira. Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, diru-laguntzetarako deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehiakortasun- eta objektibotasun-irizpideen arabera. 2015eko deialdiko baldintzei eutsi zaie, nahiz eta aldaketa batzuk sartu diren.

Azkenik, deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, enpresa eta erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira, eta diru-laguntzetarako deia egiten da, 2016. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

Diru-laguntzak erakundeei beren lehen pausoetan laguntzea du xede, enpresaren barruan berdintasuna sustatuko duen kultura bat txertatzen laguntzeko beren lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hastean, plan eta programa horiek diseinatzean beharko dituzten baliabide materialez, ekonomikoez eta giza baliabideez hornituz; helburua ez da, beraz, aurreragoko diagnostikoak edo planak finantzatzea, edo geroko ezarpenean edo kudeaketan laguntzea.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.

1.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Ondorio horietarako, lehiaketa izango da diru-laguntzak emateko prozedura, non aurkezten diren eskaerak alderatzen diren, 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta diru-laguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.

2.– Emakunderen aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko bideratuko den diru-zuzkidura. Zenbatekoa ehun mila (100.000) eurokoa izango da. Hori dela eta, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), ebazpen honek arautzen duen deialdiko diru-laguntzak ebazteko, derrigorrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

1.– Betekizun hauek konplitzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak:

a) Enpresa eta erakunde pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo erakundeek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.

b) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako herri-administraziorena ez izatea.

c) Erakundearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da; bestela, lantokiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

d) EAEko lantokietan gutxienez 10 langile eta gehienez 250 izan behar dituzte.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006eko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

g) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten erakundeek, zehapenean jartzen den aldian, ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik ez dute izango, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.

h) Laguntzen deialdi honetan, erakunde hauek ere ez dute parte hartzerik izango: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

i) Aurreko urteetan eta xede berarekin beste administrazio publiko batetik diru-laguntzaren bat jaso duten erakundeek ere ezin izango dituzte laguntza horiek eskuratu.

j) Deialditik kanpo geratuko dira, halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea izatea (otsailaren 11ko 11/2014 Dekretua) edo antzekoren bat aitortu zaien erakundeak.

k) Azkenik, kanpo geratuko dira, halaber, berdintasunaren aldeko beren ibilbidean aurretik planak edo diagnostikoak egin dituzten erakundeak.

2.– Betebehar hauek hartzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak:

a) Enpresei eta erakundeei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana.

b) Zuzendaritzaren konpromisoa erakustea, adierazteko aurrera jarraituko duela diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko hasitako lan-prozesuarekin, harik eta enpresa edo erakundea emakumeen eta gizonen berdintasunerako Lankidetza Erakunde bihurtu arte, 11/2014 Dekretuan eta ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

c) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea –erakundeko langileen artean–, ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

d) Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea: «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren.

e) Aurreikuspenen arabera laguntzak izango duen barne eta kanpo eraginari buruzko txosten bat aurkeztea. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: diru-laguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, ahal bada sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko den erakundearen alderdi estrategiko bat; planaren garapenak eragingo dien erakundeen kopurua, eta abar.

f) 2016. urterako lan-proposamena aurkeztea, homologatutako aholkularitza-enpresak egindakoa eta sinatua, non honako hauek jasoko diren:

– Erakunde eskatzailearen aurkezpena.

– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.

– Erakunde eskatzaileak berdintasunaren arloan daukan jardunbidea.

– Erakundearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.

– Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan prestatzeko saioen programa (20 ordu gutxienez).

– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

– Kronograma.

– Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua, kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da diru-laguntza. Aholkularitza-enpresek honako hauek egiten lagundu beharko die enpresei edo erakundeei 2016. urtean zehar:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, erakundeak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta erakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Gutxienez 20 ordu ematea lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren eduki orokorren xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, e.a.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

2.– Laguntza teknikoa 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte eman dezaten kontratatuko dira aholkularitza-enpresa homologatuak.

3.– Diruz lagun daitekeen zenbatekotik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) kenduko da, irabazi-asmorik gabeko erakundeei izan ezik. Hau da, onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei, baldin eta zerga berreskuratzeko aukera ez badute. Horretarako, entitateek egiaztatu beharko dute.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bertara joanda aurkeztu ahal izango dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali (Manuel Iradier kalea 36, 01005, Vitoria-Gasteiz). Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu beharko dira.

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin, kontsultatu eta eskatzeko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete. Horrela, eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.eus-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/2016/enpresak/y22-izapide/eu

Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Izapidetzeari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/2016/enpresak/y22-izapide/eu

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide bat erabili arren –aurrez aurrekoa edo elektronikoa–, ez da zertan bide hori erabili behar prozeduraren hurrengo izapideetan, edozein unetan alda baitaiteke.

5.– Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, erakundeak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko erakundeak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundearen egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela erakundea, edo Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia, ebazpen honetan aipatu berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko.

– Administrazio publikoak dituen dokumentuak kontsultatu ahal izateko baimen berariazkoa, baldin eta honako bi artikulu hauetan hartutako eskubidea baliatu nahi bada: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan eta Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– Dinamizatzailearen izendapena.

– Zuzendaritzaren konpromisoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeari buruzkoa.

– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, erakunde emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– Barneko lantaldearen osaera eta lantaldea osatzeko irizpideak. Zehaztuko da erakundean sindikatu-ordezkaritza dagoen ala ez eta prozesuan parte hartzeko bideak.

b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.

c) Aholkularitza-enpresa homologatuak laguntza teknikoari buruz egindako proposamena, 3.2 artikuluko f) atalean zehaztutakoari jarraikiz.

d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena.

e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: TC1 eta TC2 ereduak, eskabidearen aurreko hilekoak.

f) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena ematen denean ere ez da bete beharko. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: http://www.emakunde.euskadi.eus/u72-20010/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

g) Estatutuak eta eratze-agiria.

h) Esleipen-irizpideetan oinarrituta, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

3.– Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetua bidaltzea onartuko da, helbide honetan:http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

4.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko. Horretarako, noiz aurkeztu zen eta zein prozeduretan aurkeztu zen aipatu beharko da, II. eranskinean horretarako dagoen atalean, eta, bestalde, kontsulta egiteko baimena eman badu.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraikiz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

a) Presidentea:

Ana Alberdi Zubia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

b) Bokalak:

Raquel Raposo Acevedo andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Ane Miren Fernández Gómez andrea, Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikaria.

Rafael Junguitu Uribe jauna Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna. Bera izango da Hautaketa Batzordearen idazkaria.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.

– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.

– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.

– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.

B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.

– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.

– Lan-taldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

– Lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.

– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.

– Jarduera sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.

– Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.

D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 10.000 eurokoa, gehienez ere.

2.– Ehuneko laurogeiko muga aplikatuko zaie (gehienez, 10.000 euro) irabazi-asmorik gabeko erakundeei, alegia: onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo diru-laguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko kopurura egokitzeko.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta diru-laguntza nori eman zaion, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei. Hala ere, emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren araberakoa (diruz lagunduko diren enpresa zein erakundeak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

13. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresa edo erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13 eta 14 artikuluetan ezarritakoa (BOE, 276. zk., 2003ko azaroaren 18koa), eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, diru-laguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 15. artikuluan ezarritakoa betez.

e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (Webgunean, Intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako e-postetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoa eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantziazioa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 18.4. artikuluan ezartzen duen moduan.

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro –plantillan egindakoak–, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea aitorpena eskatzeko konpromisoa hartu behar dute, diru-laguntza esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hiru urteren barruan.

j) Justifikatu behar dute ekintzak burutzeko diru-laguntzen erabilera.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak –Emakundek estali ez dituenak ere bai– justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza, jardueraren guztizkora iritsi arte; horretarako, 2016ko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita diru-laguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Berdintasunerako plana, zeina ebaluatuko baita diru-laguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

c) 2017rako ekintza-plana.

d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.

e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez). Diruz lagundu daitekeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 31. artikuluan ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.

g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

h) Laguntzaren barne eta kanpo eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

i) Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da:zuzenekoak (erakundekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta berdintasun-plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).

2.– Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki izenpetua bidaltzea onartuko da, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.– Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta diru-laguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta behar izanez gero, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, bereziki 13. artikuluan ezarritakoak, jasotako dirua eta honek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuliko zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenaren arabera, betiere, hargatik eragotzi gabe, bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira 38/2003 Legearen, azaroaren 17koaren, 36 eta 37 artikuluetan hartutako egintza eta egoerak.

Deialdian jasotako betebeharrak –konpromisoak betetzeko helburuzkoak– partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzultzeko betekizuna, 38/2003 Legearen, azaroaren 17koaren, 37.2 artikuluari jarraikiz.

17. artikulua.– Itzulketa prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean –Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak– sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta dago. Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte pertsona interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Emakunde Emakumearen Euskal Erakundera (Manuel Iradier kalea 36 zk., 01005 Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 4a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana