Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2015eko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4471

EBAZPENA, 2015eko urriaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko 2015eko laguntzen deialdia argitaratzen duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onartu du 2015erako laguntzen deialdia egitea enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2015eko laguntzen deialdia argitaratzea, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan. Deialdia erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez onartu da 2015eko urriaren 22ko batzarrean, eta ebazpen honekin batera jaso da eranskin gisa.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 22an.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ENPLEGURAKO ORIENTAZIO-EKINTZAK ETA -ZERBITZUAK GAUZATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta dago zerbitzu horiek ematera.

Enplegurako orientazio-zerbitzutzat hartzen dira informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19. sexies artikuluaren lehen paragrafoan adierazten denaren arabera, enplegu publikora iritsi nahi duten langabeak lehendabizi inskribatu egin behar dira, eta elkarrizketa bat egin beharko dute. Bildutako datuen arabera, lan-munduan txertatzeko zer zerbitzu behar dituen aztertuko da. Horrekin eta langabearen lankidetzarekin, banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatu bat zehaztuko da, hala badagokio.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19. septies artikuluan xedatzen da zer ardura duten enplegu-zerbitzu publikoek: enplegu-ibilbide pertsonalizatuak egitea, horien jarraipena egitea eta ebaluatzea, eta, hala dagokionean, entitate laguntzaileetara bideratzea lan-eskatzaileentzako ekintzen garapena. Nolanahi ere, zehaztu egingo da zer ekintza egin behar duten enplegu-zerbitzu publikoek, eta ekintzetariko zein itundu daitekeen.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 23. artikuluaren 3. paragrafoan adierazten denaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuko dituzte enplegu-politika aktiboetara bideratutako baliabide ekonomikoak; horretarako, behar diren ekintza eta neurriak garatuko dituzte, 25. artikuluan xedatutako esparruei erantzun ahal izateko; ekintza eta neurrion kudeaketarako, berriz, bide hauek erabil daitezke: laguntza publikoak, administrazio-kontratuak, hitzarmenak, zuzeneko kudeaketa edo zuzenbidearen araberako beste edozein forma juridiko.

Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 25 artikuluan xedatzen denaren arabera, enplegu-politika aktiboetarako zerbitzu eta programek 4. bis 4 artikuluan ezarritako ardatzei erantzun beharko diete, eta garatu, berriz, autonomia-erkidegoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzuak garatuko dituzte, beren eskumenen esparruan. 4. bis 4 artikuluan bertan, 1. ardatz gisa jasotzen da orientazioa, egin beharreko ekintzok zehaztuta: informazio profesionala, motibazioa, aholkularitza, profil profesionala eta gaitasunak diagnostikatzea eta zehaztea, banakako ikaskuntza-ibilbidea diseinatzea eta kudeatzea, enplegu-bilaketa eta lan-bitartekaritza. Laburbilduta: pertsona onuradunei lan-munduan txertatzen laguntzeko ekintzak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da eskatzaile bakoitzarentzako banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea; horren barruan sar daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio-zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, lan-munduan txertatzea errazagoa izan dadin; horretaz gain, gaitasunen hobekuntza ere sartzen da barruan, eta ez dira kanpoan uzten enplegurako motibazioari dagozkion alderdiak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehentasuna izango du eskatzaileen enplegagarritasuna baloratzeko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko.

Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo entitate laguntzaileen bitartez.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen arabera, bizialdian zeharreko orientazioa da herritarrei laguntzeko prozesu etengabea, bizialdiko edozein unetan, hiritarren gaitasunak eta interesak zehatzeko, hezkuntzan, irakaskuntzan eta enpleguan erabakiak hartzeko, eta ikaskuntzako, laneratzeko edo gizarteratzeko, edo norberaren intereseko proiektuak definitu, planifikatu eta kudeatzeko. Lege horren II. kapituluan dago garatuta bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua, eta haren parte dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren orientazio- eta informazio-zerbitzuak.

Gaur egungo langabezia-tasaren ondorioz eta, beraz, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jaso ditzaketen pertsonak asko direnez, prozedura bat finkatu behar da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera lan egingo duten entitateen sare bat aukeratzeko eta ibilbide pertsonalizatu bakoitzaren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei.

Akordio honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko entitateen laguntza behar duten orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, entitate laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22ko batzarrean, 2015eko laguntzen deialdia onartu du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xede dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten entitateak izango dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.595.500 eurokoak dira, horietatik 1.797.750 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.797.750 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan edo Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.

3. artikulua.– Laguntzen xede diren jarduketak: enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, entitate laguntzaileekin batera gauzatzen direnak, betiere I. eranskinean xedatutako baldintzen arabera, han zehazten baitira lurraldeko jardun-eremu edo -azpieremuak eta orientazioko ordu-blokeen kopurua.

2.– Jarduera hauek sartzen dira orientazio-zerbitzuan:

a) Lan-merkatuari buruzko informazioa, enplegu-politika aktiboak, eta zorroko zerbitzu komun eta osagarrien eskaintza.

Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboari buruzko datuak edo inguruabarrak, erabiltzaileen lan-aukerak areagotzeko baliagarri izan daitezkeenak. Orientazioa banaka, taldean edo orokorrean, eta aurrez aurre zein telematikoki egin ahal izango da.

b) Enplegagarritasunaren balorazioa, eta profila egitea.

Erabiltzaileari zuzeneko arreta eskaintzea, honako hauek identifikatzeko: trebetasunak eta gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia-egoera, eta izan ditzakeen aukera profesionalak, eta jarduketa honen barruko berariazko protokoloaren arabera garrantzitsu iritzitako bestelako alderdiak. Informazio hori erabiltzailearen profila egiteko eta enplegagarritasunaren arabera sailkatzeko erabiliko da.

c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.

Erabiltzailearen profilaren, beharrizanen eta aurreikuspenen arabera, enplegura iristeko egokien irizten den ibilbidea sortuko zaio, eta modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horrez gainera, ekintza nagusi batzuk zehaztuko dira, baita ekintzok egiteko egutegia eta egiaztapena eta jarraipena egiteko elementuak ere. Ibilbidea egiteko, enplegurako akordio pertsonal bat izenpetu beharko da erabiltzailearen eta enplegu-zerbitzu publikoaren artean.

d) Laguntza pertsonalizatua, ibilbidea egiteko eta jarduera-konpromisoak betetzeko.

Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzailearen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileak hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo du, baldin eta haiek prestazioen hartzaile ere badira. Horrez gainera, erabiltzailea suspertzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazio eta laguntza emango du.

e) Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria, curriculuma osatu eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.

Erabiltzaileei emango zaien informazio eta aholkularitza banakakoa, taldekoa eta orokorra hartuko ditu barruan, haien gaitasunak eta lanbide-profilak identifikatzeko. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.

f) Enplegua aktiboki bilatzeko teknikak aholkatzea eta erabiltzea.

Atal honetan, informazioa emango da, eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera irakatsiko da. Azken horietan sartuko dira, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialen erabilera. Hala dagokionean, autoenpleguaren eta ekintzailetzaren arloko aholkularitza-zerbitzura bideratuko dira erabiltzaileak.

g) Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.

Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiei Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean datza. Horrez gainera, erabiltzaileen profilaren arabera, edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie erabiltzaileei, enpresa, entitate eta erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuta.

h) Enpresek kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.

Kualifikatua izango da enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza.

3.– Diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak hasteko epea hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpenaren jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta 8.6 artikuluan xedatutako baldintzetan. Egiteko epea, berriz, 12 hilabetekoa izango da deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Entitate onuradunek taldeko ekintzak eskaini behar dituzte, hilean bitan, gutxienez; haietara bertaratutakoen gutxieneko kopurua 4 pertsonarena da, eta, gutxienez, 3 ordu iraun behar dute. Ekintza horien helburua da: enplegua bilatzeko hainbat baliabideren eta gai zehatzen berri izatea, esaterako, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren berri.

5.– Diruz lagundutako ekintzak eta zerbitzuak egin beharko ditu enpresa edo entitate onuradunak; hau da, ezin izango da hirugarrenik kontratatu. Entitate onuraduna elkartea bada, edo enpresa- edo entitate-taldea bada, kideek egiten badituzte ekintzak, zati batean edo osorik, ez da kontrataziotzat hartuko.

6.– Orientazio-ekintza eta -zerbitzuak gauzatzeko, une oro bideratu beharko dira enpresek helburuak lortzera, harrera izan dutenak lan-merkatuan txertatzeko benetako helburua lortzera (lan-kontratua edo autonomoen jardueran hastea), deialdi honetako II. eranskinean xedatutako ehunekoak eta baldintzak beteta.

4. artikulua.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak.

1.– Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen erabiltzaileak:

a) Langabeak.

b) Langabezian egoteko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.

c) Eta, oro har, lan egiteko adina, enpleguko merkatu nazionalerako sarbidea eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.

2.– Ibilbide pertsonalizatua egin nahi dutenek parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa adierazi beharko dute, enplegu-akordio pertsonal bat izenpetuta

3.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen erabiltzaileek aldez aurretik egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altako edo etendurako administrazio-egoeran. Arretari begira, entitate onuradunek lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enpleguko lurralde-bulegoetatik bidalitako pertsonei.

5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren entitate laguntzaileak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren entitate laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren orientazio-ekintza eta -zerbitzuak, eta hartarako aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak behar bezala gauzatzeko behar den esperientzia eta baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea, artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoetan azaltzen den bezala.

2.– Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. puntuak adierazten diren enpresen edo entitateen elkarte eta taldeek, eskaera egiteko unean nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Elkarte eta talde horietako kideek, beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk, eskaeran adierazi beharko dute hori egiteko asmoa dutela, eta onuradun-izaera izango dute.

b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko; betiere, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan adierazten diren eskakizunak betez.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako lagunatzak eskuratzeko, entitateek behar duten aldez aurretiko esperientzia atal hauetako bati gutxienez lotu behar zaio:

a) Gutxienez bi urteko esperientzia 2008-2010eko epean langabeei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, jarduera hauetakoren bat eginda:

– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.

– Lan-munduan txertatzen laguntzeko prozesuak.

Jarduera horiek diru-laguntzen programa hauetakoren baten babesean eginak izan behar dute:

– Abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren I. kapitulua, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena.

– Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, oinarri arautzaileak ezartzen dituena Enpleguko Institutu Nazionalak laguntzak eman ahal izateko irabazi-asmorik gabeko entitateei, honako hauek egiaztatzeko ekintzak egin ditzaten: profesionaltasuna, informazio profesionala, orientazio profesionala eta enplegu-bilaketa aktiboa.

– Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, oinarri arautzaileak ezartzen dituena enplegu-orientazioko ekintzetarako eta autoenplegurako diru-laguntzak emateko.

– TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enpleguaren arloan programa esperimentalak abian jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.

Entitateei baldintza hori betetzat emango zaie baldin eta enplegu-zerbitzu publikoek kudeaturiko enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu badituzte, betiere Abenduren 16ko Enpleguari buruzko 23 artikuluan xedatutakoaren arabera eta lege horren beraren 4 bis 4 artikuluan zehaztutako 1. ardatzeko orientazioaren eremuaren barruan. Era berean, ekintza eta zerbitzuok garatu dituztela egiaztatu beharko dute, lege horren 7.2.c) artikuluaren arabera.

b) Gutxienez urtebeteko esperientzia 2011-2015eko epean langabeei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, honako arau hauek beteta:

– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio- ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 31ko Erabakiaren bitartez onartua (Argitalpena: EHAA, 2011ko apirilaren 27koa).

– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko Erabakiaren bitartez onartua (Argitalpena: EHAA, 2013ko martxoaren 27koa, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bitartez).

– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko Erabakiaren bitartez onartua (Argitalpena: EHAA, 2013ko martxoaren 27koa, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bitartez).

– Enplegu-orientaziorako beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzaturikoak.

4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

a) Jarduerak hasten diren unean, lokal- eta ekipamendu-azpiegitura egoki bat izatea diru-laguntzen xede diren jardun-eremu edo -azpieremuan, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak banaka edo taldeka eskaini ahal izateko. Gutxienez, honako baliabide hauek izan behar dituzte:

– Gainerako aretoetatik banatutako bulego bat, arreta pertsonalizatua emateko. Entitateak baino ezin izango du erabili bulego hori eta ezin izango da bertan bestelako jarduerarik egin. Bulegoak gutxienez 6 metro koadroko azalera izan behar du.

– Gainerako aretoetatik banatutako gela bat, taldekako arreta emateko, gutxienez 10 lagunekin jarduteko modukoa. Gela hori ezin da partekatu orientazioko gainerako entitateekin, eta lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak izan behar ditu. Gelak gutxienez 18 metro koadroko azalera izan behar du.

– Interneterako sarbide eraginkorra (gutxienez 5 megako banda zabala), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

– Jarduerari ekiteko unean, taula grafikoko periferiko bat izan behar dute sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri gisa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemari konektatuta, eta sistema horren ezaugarri teknikoak bete beharko dituzte. Ezaugarrien berri emango die Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berak.

– Lokala egokituta egon beharko da irisgarritasuna sustatzeko arloko arauei jarraikiz 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak.

b) Jarduerei ekitean, giza baliabide propioak izatea: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena. Giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua enplegurako orientazio-lanen arloan. Gainera, ofimatika, internet eta lan-merkatuari buruzko jakintza izan behar dute. Diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahiko dutelako konpromisoa hartuko dute entitateek, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileentzako arreta EAEko bi hizkuntza ofizialetan emateko.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatutakoaz gain, entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduan xedatutakoaren arabera, zerga-betebeharretatik salbuetsita egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-erakundeak, baita erakunde horietako baten edo gehiagoren partaidetza gehiengoduna duten elkarteak ere.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Orduko 34 euro izango da diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko. Jardueretako gastu zuzenak zein zeharkakoak estaltzeko dirua da, eta kontuan hartu behar dira muga hauek:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azken diru-laguntza baldintzatuta egongo da; lan-munduan txertatutakoen ehunekoa betetzearen araberakoa izango da (lan-kontratuak edo autonomoen jardueran hastea), deialdiko II. eranskinean adierazitako ehunekoari erreparatuko baitzaio.

Harrera izan duten pertsonak kontuan hartuta, lan-munduan txertatzeko (lan-kontratu bidez edo autonomo gisa) helburuen betetze-maila deialdiko II. eranskinean adierazitakoaren berdina edo handiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa % 100 izango da, ekintzetan eta zerbitzuetan emandako orduei dagokien neurrian, hau da, 34 euro orduko.

Harrera izan duten pertsonak kontuan hartuta, lan-munduan txertatzeko (lan-kontratu bidez edo autonomo gisa) helburuen betetze-maila deialdiko II. eranskinean adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez % 10eraino minorizatuko da, deialdiaren II. eranskinean adierazitako lanbideratze-emaitzari begira izan den desbideratzearen arabera. Minorizazio-ehuneko zehatza eragiketa honen emaitza izango da: 0,10 bider desbideratze-ehunekoa; formula honi jarraikiz:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Langileen gastu zuzenen % 140koa izango da diru-laguntzaren gehieneko kopurua.

Langileen gastu zuzenak dira: diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga izango da lanaldi osorako kontratatutako langile bat 1.500 orduko.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Orientazio-zerbitzuak lankidetzan eman nahi dituen entitate bakoitzak eskabidean adierazi beharko ditu lurraldeko jardun-eremu edo -eremuak, eta zenbat 750 orduko bloke egingo dituen eremu edo azpieremu bakoitzean (hemendik aurrera «ordu-blokeak»), kontuan izanik ezen, gutxienez, eremuko 750 orduko bloke bat adierazi behar dela; gehienez, berriz, I. eranskinean eremuka eskainitako bloke-kopurua.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.

Enpresen edo entitateen elkarte eta taldeak badira, kide bakoitzaren dokumentazioa aurkeztu behar dute, elkartearen edo taldearen sortze-agiriarekin batera.

b) Memoria bat, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera zehatz-mehatz biltzen duena. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.

c) Hau aurkeztu behar da 5.3 a) artikuluaren azken paragrafoak eskatzen duen esperientzia egiaztatzeko: enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun.

d) Memoria bat, gauzatu beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituena.

e) Eskatutako diru-laguntzari dagokionez, 5. artikuluko 4. paragrafoan xedatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:

– Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.

– Tokiari buruzko informazio hau sartu beharko da:

( Txosten bat, entitate eskatzaileak duen tokiaren ezaugarriak deskribatzen dituena, instalazioen planoekin batera, entitateak deialdi honetako jarduera egiteko haietan dituen espazioak eta horien neurriak zehaztuta.

( Ziurtagiri bat, teknikari eskudunak emana, lokal horiek egokiak direla eta irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dauden arauak betetzen direla adierazten duena. 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako entitateek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar eguneko epea izango dute, webgunean horien berri ematen den egunetik aurrera. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidezko ebazpen bat eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta jakitera ematea.

1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira; hurrengo artikuluan adierazitako ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira eskabideak. Horretarako, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Presidentea: Gotzone Sagardui Goikoetxea, Lan Aktibazioko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesús Mª Ordoñez Orzaiz, Lan Aktibazioko Zuzendaritzako Laneratzeko Arloko arduraduna.

– Kideak: Leire Ormazabal Larisgoitia eta Angel Altuna Urcelay, Laneratze Areako teknikariak.

3.– Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat egingo du, honako hauek adierazita: zer diru-laguntza emango dituen eta zein diren diru-laguntza horietarako proposatutako onuradunak, orientazioko zenbat ordu-bloke esleitu diren lurraldeko jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzeko, eta zer diru-laguntza proposatzen duen horretarako eta, azkenik, zein ukatuko diren eta zergatik. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, Lanbideren webgunean argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus

Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

4.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

Ebazpen-proposamenak ez die Administrazioarekiko eskubiderik sortzen proposatutako onuradunei.

5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus

7.– Ebazpenean honako hauek adieraziko dira: zein diren entitate onuradunak, orientazioko zenbat ordu-bloke esleitu diren, eta zenbateko diru-laguntza emango den, nola eta zer epetan ordainduko den eta nola justifikatuko den. Era berean, ukatu diren eskaeren zerrenda jasoko dute, horren arrazoia adierazita.

Gainera, espresuki aipatuko da EGIFekiko finantzazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.

8.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea, eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, argitara emango da deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; espresuki aipatuko da EGIFekiko finantzazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.

10.– Halaber, Europako Gizarte Funtsa arautzen duten erregelamendu erkideetatik eratorritako informazio- eta komunikazio-eskakizunak betetzearren, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioko Europako Gizarte Funtseko Administrazio Unitateak argitaratutako eragiketa-zerrendan sartuko dira entitate onuradunak.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Prozedura hau beteko da araututako eskakizunak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko:

1.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua diruz lagunduko den kopuruaren berdina edo hori baino txikiagoa bada, eskatu dituen orientazioko ordu-blokeen araberako diru-laguntza emango zaio entitate bakoitzari.

2.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua diruz lagunduko den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, eskabideak baloratu egingo dira, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Deialdiaren 5.3. artikuluan arautzen diren eskakizunekin lotuta, 2 puntu emango dira entitateek froga dezaketen ibilbide-urte bakoitzeko, aintzat hartuta zer lan egin duen entitateak azken 7 urteetan langabeen lanbide-orientazioaren esparruan, gutxienez eskatzen den bi urte horietaz aparte. Gehienez 10 puntu emango dira.

b) III. eranskinak adierazitako moduan, gehienez 10 puntu emango zaizkio zerbitzua eskainiko den instalazioen kokapenari, jardun-eremuaren barruan. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, jardun-eremu horretan punturik gehien lortzen duena baino ez da hartuko kontuan.

c) 4 puntu emango dira baldin eta itxaroteko esparru osagarri bat badago, enplegua bilatzeko tresna eta materialetara iristeko aukera ematen duena; horien artean, Interneterako sarbidea duen ordenagailu bat, gutxienez. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, b) atalean punturik gehien lortzen duen kokapena baino ez da hartuko kontuan.

d) Puntu bat (1) emango da talde-arretarako beste gela bat edukitzeagatik. Entitate batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, b) atalean punturik gehien lortzen duen kokapena baino ez da hartuko da kontuan.

3.– Eskabideak aurreko atalaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza banatzeko eta esleitzeko honako prozedura hau erabiliko da:

a) Entitate eskatzaile bakoitzari eman zaion puntuazioari dagokion ehunekoa kalkulatuko da, jardun-eremu edo -azpieremu berean parte hartzen duten entitate guztiek lortutako guztizko puntuazioaren arabera.

b) Jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzean banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopuruari aplikatuko zaio lortutako ehunekoa, zenbaki oso hurbilenaren arabera biribilduta. Entitate eskatzaile bakoitzari egokitu zaion bloke-kopurua esleituko zaio handienetik txikienerako hurrenkeran lortutako puntuazioaren arabera.

c) Behin aurreko banaketa egin ondoren, esleitu gabeko blokerik geratzen bada eremuren edo azpieremuren batean, banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopurutzat hartuko dira bloke horiek, eta honako hurrenkera honen arabera esleituko:

– Lehenik, b) atalaren arabera eremu edo azpieremu berean blokeren bat esleitu zaien entitateen artean, baldin eta eskaturiko bloke-kopuru guztiak eskuratu ez badituzte. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da berriro.

– Bigarrenik, orientazioko ordu-blokerik esleitu ez zaien entitateen artean. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da berriro.

d) Ordu-blokeen esleipenean berdinketarik badago guztizko puntuazioetan, lehentasun-hurrenkera honetan egingo da esleipena:

– Lehentasuna izango dute ordu-bloke gutxien esleitu zaizkien entitateek. Banaketa hori egiteko, aurreko banaketetan erabilitako prozedura bera erabiliko da.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.a). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.b). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.c). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, artikulu honen 2.d). atalean puntuazio handiena lortu duten entitateek izango dute lehentasuna.

– Puntu-berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango dute, hurrenkera honetan, udalaz gaindiko administrazio publikoek, toki-administrazioek, araututako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eta gainerako entitateek.

e) Azkenik, baldin eta eremuren batean ordu-blokerik sobera bada ordu-blokeak aurreko ataletan adierazitakoaren arabera esleitu ondoren, bloke horiei dagozkien orduak zati berdinetan banatuko dira eremu edo azpieremu horretan gutxienez bloke bat esleituta daukaten entitateen artean; baldin eta ez badute lortu eskaturiko guztizko bloke-kopurua, edo eskabidean onartu badute orientazio-ordu gehiago egitea aurreko atalean aurreikusitakoa gertatzen den kasurako.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehendabizi, 2015eko ekitaldian, ebazpena argitaratu ondoren, emandako diru-laguntzaren % 60 ordainduko da. Diru-laguntzaren zati hori jasotzeko, entitate onuradunak ziurtagiri bidez egiaztatu behar du kontratatutako pertsonen identitatea, eta Lanbidek ziurtatu beharko du pertsona horiek alta emanda daudela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean.

Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, entitateek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoari jarraituz; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra, eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu.

Edonola ere, ez da bermerik eratzeko eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.

– Bigarren ordainketan, 2016ko ekitaldian, gainerako % 50a ordainduko da, edoegindako ekintzak eta laneratze-helburuen lorpena justifikatu eta egiaztatu ondorengo zenbatekoa (ofizioz egiaztatuko da Gizarte Segurantzan altarik eman den). Horretarako, diruz lagundu behar diren ekintzak amaitu eta hurrengo bi hiletan, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Emandako diru-laguntzaz baliatuta egin den jardueraren azalpen-memoria zehatza.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzen duena benetakoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman mekanizatutako informazioa, egindako ekintzei eta pertsonei emandako arretari buruzkoa.

– Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langile orientatzaileen nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (TC1 eta TC2 ereduak) kopiak eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradun diren entitateen betebeharrak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa eta erabiltzaileen ebaluazioari eta asebetetzeari buruzko informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabilita.

b) 2026. urtera arte eskuragarri izatea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen eskura –Europako Gizarte Funtsekoak barnean izanik.

2.– Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan xedatutako betebehar aplikagarriak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

c) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

d) Laguntza horiek aditzera emateko erabilitako material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dutela aipatzea, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan; eta «Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.

e) Ordezkariek edo ahalordedunek datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea, deialdiko entitate onuradun guztiek onartu beharrekoa izango baita, hauekin bat: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege organiko hori garatzeko erregelamendua (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartua), eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ezin izango dira batu helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren entitateak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko die jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dutela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar diotela, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan xedatutako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:

1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik izanez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, 12 hileko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazi eta gehieneko bi hileko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

16. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori "Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak" izenekoa da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.

Halaber, interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala