Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2015eko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4469

EBAZPENA, 2015eko urriaren 14koa, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, ondoren zehaztutako proiektuak eragindako finka okupatu aurretiko akta jasotzeko deialdia egiteko dena: «Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2, 132 kV-ko (mota: zirkuitu bikoitza) aireko linea elektrikoaren 57. euskarria aldatzea», Bergara udalerrian. Erref.: 20/24062-AT-H-2014-60.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2015eko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresari Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2, 132 kV-ko (mota: zirkuitu bikoitza) aireko linea elektrikoaren 57. euskarria aldatzeko, Bergara udalerrian, eta, aldi berean, horren onura publikoa deklaratu zen.

Deklarazio honek, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeko 56. artikuluan (2013-12-27ko BOE) xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak urgentziaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.

Gipuzkoako lurralde-ordezkariak erabaki du, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan xedatutakoa betetzearren, dei egitea eraginpeko ondasun eta eskubideen titular eta jabeei eta batzar lekutzat jartzea Bergarako udaletxea, hain justu ere aipatu ondasunak okupatu aurretiko akta jasotzeko, eta bidezko bada behin betiko okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, lur-sailera bertara joan daiteke.

Eragina jasango duten ondasunetan edozein eratako eskubideak edo interesak dituzten pertsona titularrak, eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsona guztiak ere joan daitezke bilerara, bai zuzenean, eurak joanda, bai zeharka, euren ordez dagokion baimenarekin besteren bat bidalita; era batera zein bestera, titulartasuna egiaztatzeko agiriak eraman beharko dituzte, bai eta kontribuzioko azken ordainagiria ere. Hala nahi izanez gero, peritu edo notario batek lagunduta ere joan daitezke.

Okupazioa egin aurreko akta 2015eko azaroaren 30ean egingo da; dena dela, titularrei jakinaraziko zaie, horretarako zitazio-zedula bidalita, akta zein lekutan, zein egunetan eta zein ordutan egingo den. Horrez gain, egin beharreko gainerako argitalpenak ere egingo dira, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluari jarraituz.

Desjabetzeko espedientean, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k onuradun izaera hartuko du.

Era berean, argitaratutako zerrenda horretan agian agertzen ez direla-eta, eskubide erreal zein interes ekonomikoen titularrek eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsonek egoki iritzitako alegazio guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, eragina jasango duten ondasun eta eskubideen zerrenda horretan egon litezkeen okerrak zuzentzearren, eta horretarako bakarrik. Alegazio horiek idatziz aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan (Easo kalea 10, Donostia, 20006), eta hori egiteko epea ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko egunean amaituko da. Hori guztiori halaxe da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Araudiaren 56.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Donostia, 2015eko urriaren 14a.

Lurralde-ordezkaria,

JAVIER URRUTIA GUTIERREZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala